«Barruan dudana bertzeri komunikatzea da nire lana»

  • Gazte izanagatik ere beteranoa da ETB1en pantailan. Kameraren aitzinean jarri eta komunikazioa du helburu. Psikologia eta Irakasle ikasketak egina, dikzio fina eta nafar hizkera batua ditu informazioaren transmisioan lagun.
Estitxu Fernandez
Dani Blanco

[Irri egin du aitzin galdera egin orduko eta nahitaez egin behar, bada, galdera] Zergatik hainbeste irri irratiko lanean?


Niri ere erran izan didate, ez irratiko lanagatik preseski, baina telebistakoagatik, beti nagoela irri eta hau eta hura. Saiatzen naiz irudi atsegina ematen, eta atsegina aunitz lotzen dut irriarekin, umore puntuarekin. Euskadi Irratiari irriaren zera hori leporatu izan zaio baina irratia komunikazioa eta entretenimendua da eta batzuetan ahantzi egiten dugu hori.
 

Elkarrizketa honen garaian, abantailarik baduzu ariketaren bi aldeak ezagutzen dituzulako, elkarrizketatuarena ez ezik, elkarrizketagilearena?


Elkarrizketatua izanak ez du laguntzen elkarrizketa egiten, ezta alderantziz ere. Nik erranen nuke errazago dela galdera egitea erantzutea baino. Bertzerik da galdera egokia egitea. Galdetzea arrunt erraza da, jendeak ausardia handia du galdetzeko. Aise galdetzen du edozeri buruz. Zailena galdera egokia egitea da…
 

Nola asmatu galdera egokia egiten?


Aditu eta aditu eta aditu egin behar da. Aditzean dago gakoa. Ez da elkarrizketatuaren kontua, bakarrik; bizitzarekiko jarrera da. Ongi solastatzearen giltza, ongi galdetzearena, aditzea da. Iduri du hizkuntza izugarri ongi menderatu behar duzula, dohain komunikatibo handia behar duzula, eta hori ez dago gaizki, baina komunikazioaren gakoa isiltasunean dago, aditzean. Gure lanean inori bortz minutu, edo ordubetea, ematea erabaki baduzu, berarekin egon behar duzu, berari begira, berari arreta emanez… Orduan ateratzen dira elkarrizketa onenak.
 

Esan ohi da, esaten direnak baino hagitz interesgarriagoak direla esaten ez direnak…


Baliteke, elkarrizketaren kasuan.
 

Bestalde, dena ez dago galdetzerik, ezta kontatzerik ere.


Galdetzen ausartak gara, galdera aunitz egiten dira, denetik. Konplizitatea lortzea da zailena, autentikotasuna. Batzuetan horraino heltzen zara, inoren barren-barreneraino. Hesi aunitz kendu behar dira horretarako, eta lanean ez da aise.
 

Aurkezle eta programa gidari zara irrati-telebistetan. Zu, esatari, gidoilariak lanean ari zaizkizula?


Nire kasuan, orain arteko lanik gehienetan, erraten dudana neronek idazten dut, neronek mamitzen. Nirea da gidoia. Baina nahiago dut inoren gidoia hartu eta gero neronek moldatu. Ez dut laneko bakardadea ongi eramaten. Nahiago dut taldean lan egin. Telebistan, adibidez, kamera aitzinean jartzerakoan bakarrik sentitu naiz maiz. Nik erraten dudana nire ardura bertze inorena ez dela sentiarazi didate, edo sentitu dut. Eta sentitzen dut oraindik. Eta ez dela ona iruditzen zait. Batzuetan arrunt bakarrik sentitu izan naiz, gauzak ahal den txukunen erran nahi dituzu, ardura handi hori duzu, eta bakarrik! Nahiago dut bertze norbait eduki ondoan. Harekin komunikazioa izanez gero, primeran, horixe da ideala, batak bertzeari ekarpena egitea. Ez dut uste sortzailea naizenik, edo ez zait nik bakarrik sortzea gustatzen, kamera aitzineko lana gustatzen zait, bertzeekin elkarlanean egin dudana neureganatu eta transmititzea, komunikatzea.
 

Nola ikasten da komunikatzen?


Arestian erran dut horretan da gakoa, aditzean, momentuak bizitzean. Eta, orduan, bizi dituzunean, transmititzen dituzu ongien. Zenbait aurkezlek gehiago begiratzen diote beren buruari, elkarrizketatua erraten ari denari edo transmititzen ari direnari baino. Hori antikomunikazioa da.
 

Aurkezleen parodiak ikusi izan ditugu. Zurerik ez.


Bai, Anjel Alkainek eta Wazemank-ekoek egin zuten behin, baina ez zuten sobera ongi egin, nonbait, edo ez dut jokorik ematen, ez zuten errepikatu. “Bortz”, “erran”, eta irri, eta gozo…
 

Psikologia ikasketak egina, aspaldi ari zara telebistan –oraintxe, esatari ari zara ETB1eko albistegietako kirol tartean–, Euskadi Irratiko Tartaria saioa ere gidatzen duzu, jai eta ekitaldiak aurkezten… Nola aurkeztu ohi duzu zeure burua?


Telebista aurkezle naizela erran ohi dut lehenik. Beharbada horixe delako gehien gustatzen zaidana, nahiz eta irratian aunitz gozatzen ari naizen. Baina nik aurkezletzat daukat neure burua, Psikologia ikasia banaiz ere. Beti gustatu izan zait giza harremanen arloa eta hor barne da komunikazioa, eta psikologia. Ez dakit Psikologia ikasi izanak komunikatzen laguntzen duen, baina gibelera begira jarri eta egin dudan guztiak badu lotura: komunikazioa. Psikologia hertsiki loturik dago komunikazioarekin eta berdin irrati-telebistetan egiten dudan lana ere. Batzuek harriduraz hartzen dute: “Psikologia ikasi eta telebistan?”. Nire ustez, hagitz lotuak daude biak. Bertsotan aritzen nintzenean ere, komunikazioa zen helburua, aurreko haren bihotzera ailegatzea. Hori psikologia da, ez bertzerik.
 

Berdin dituzu irrati, telebista eta prentsako egitekoak?


Bai, barruan dudana bertzeri komunikatzea da beti, bertzeri ailegaraztea. Batzuetan, idatziz –pentsatzeko astia, hausnarketarako espazioa edukiz–, bertzeetan ahoz, irrati-telebistetan, denbora gutiagorekin. Diote –irratian bakarrik jardun dutenek, iruditzen zait–, irratiak xarma handiagoa duela telebistak baino, zailagoa dela, aunitzez zailagoa! Ez nago ados, eta erranak erran, ni telebista zalea naiz, erratea politikoki zuzena ez bada ere: niri batez ere telebista gustatzen zait, eta telebistan, aurkeztea, zuzeneko lana. Grabatutakoa ez horrenbertze. “Bortz, lau, hiru, bi, bat…” eta sartu! Iruditzen zait hobekien horixe egiten dudala, ahotsaren bidez transmititzen dut bai, baina baita nire izate guztiarekin ere. Hori bai, aurkeztea gustatzen zait baina ez edozein preziotan, alde horretatik irratiak askatasun handiagoa ematen dizu saioa zure erara moldatzeko, eta horri balio handia ematen diot.
 

Aurkeztea duzu gustuko. Zer aurkeztuko zenuke, aukera izatera?


Oraintxe, elkarrizketa saioa. Enpatia eta asertibitatea aldarrikatzen ari naiz lau haizetara, eta ea gai naizen jakin nahiko nuke. Uste dut giza harremanetan enpatia eta asertibitate handiagoak beharko genituzkeela, eta saioa egin nahiko nuke arlo profesionalean. Irratian egiten ditut elkarrizketak, baina aunitzetan gonbidatuak ez daude gure ondoan, bertze non edo nongo estudioan daude… Hurbiltasuna nahiko nuke. Bertzalde, elkarrizketak egin bai, egiten ditut, baina korrika bezala; alegia, elkarrizketatuarekin hitz egin, agurtu eta programarekin segitu behar dut. Telebistak bertzelako askatasuna ematen duela uste dut, gonbidatua goxatzekoa, erran nahi dut: aitzinetik, bitartean eta ondotik harekin izateko astia duzu. Gustura eginen nuke. Horixe daukat orain barruan, elkarrizketak. Duela urte batzuk bertzerik erranen nizukeen, magazina edo halakoren bat. Gaur egun, jendeak erraten duena aunitz interesatzen zait. Elkarrizketa saioa eginen nuke, baina telebistan zer lan egin ez dago gure esku…
 

Irrati-telebista esatariak euskara batu estandarrenean ari direnean deigarri da Lesakako euskararen zantzuak entzutea zuri. Ipar-sartaldeko euskalkiaren hotsa, Koldo Zuazoren arabera.


Ez da Lesakako euskara, ez hangoa bezain itxia!
 

“Lesakako euskara batua”, eman dezagun.


Inork ez dit kritika egin zuzenean. Jakina, festa giroan edo afalondoan zernahi erraten du jendeak. Baina, bertzela, zuzeneko kritikarik ez dut jaso. Hala ere, badakit bere garaian erran izan zutela: “Hara, nafarra etorri da eta hura nafarreraz. Gu bizkaitarrak eta gipuzkeraz egin behar!”. Baina nirea euskara batua da, nik erabiltzen ditudan formak hiztegian daude, forma batuak dira. Azken boladan nafar ahots aunitz entzuten da telebistan, baita irratian ere, aberastasuna da hori EITBrentzat. Bertze euskalkiak ere gehiago entzun beharko lirateke. Iparraldeko euskalkiak dira gutien entzuten direnak. Bizkaieraren inguruan ere lanean ari direla uste dut. Nafarrak baino, bizkaitarrak aunitzez gehiago izan dira, eta dira, telebistan, baina haien bizkaierarik guti entzuten da. Ez berba ez ederto ez bapez
 

Zu telebistan ikusten ohitu gara, nahiz eta ikuslea ez den jabetzen zuk duzun lanaren behin-behinekotasunaz, dela telebistan dela irratian…


Hasieratik gara kontziente, jakitun, gure lanak ezaugarri hori duela. Gainera, krisia dela eta, kontuak ez dira inon gozoak. Lesakan berean, langabezian da nire inguruko jende aunitz; umeak dituzte, hipoteka, eta gainerakoak… Nire kasuan, telebistan hasi nintzen baina badakit hau ere noizbait bukatuko dela. Hainbat lan egin ditut. Orain dela hamar urte hasi nintzen eta gauza aunitz egin ditut, eta gustatzen zait. Ez nuke balioko beti lan bera egin beharra izanen banu, ez nintzateke gustura egonen, ito eginen nintzateke: beti, goizean zortzietatik ordu bietara eta lauretatik seietara lan berbera egiten…
 

Bertatik Bertara, Sorginen Laratza… telebistan. Tartaria, irratian. “Batzuk joan, besteak etorri” da irrati eta telebistaren legea.


Audientziak agintzen duela diote. Gauzak hasi eta bukatu egiten dira, kontziente izan behar gara horretaz.
 

Lesakan sortua zara, Donostian bizi zarena, Bilbon lanean…


Bai, baina Lesakan da nire tokia, han ditut sustraiak, han lagunak eta familia, nire giroa han da.

EAE, batean, Nafarroa, bestean. Ezberdinak dira giroak?
Bai. Lesaka noiznahi ager liteke pintada mordoarekin, azken boladan Francoren aldeko mezuekin… Guardia zibilak ere beti ikusiko dituzu han, Berako kuartelekoak. Eta oraindik orain Marlaska epailearen aitzinean izan ziren dozena erdi gazte, Lesakakoak, txosnengatik! aunitzek ez du jakinen baina. Hori Nafarroa da? Hori Lesaka da, inguru jakin konkretu bat…
 

Euskara Nafarroan?


Hizkuntzaren egoera ez da bera Nafarroan eta EAEn. Egoera politikoa ez da berdina han eta hemen. Egia da aunitz lortu dela, borroka aunitz egin dela, gauza batzuk irabazi direla, jendea hagitz kontzientziatua dagoela, ikastolen mugimendua indartsua dela, umeak euskaraz ikasten ari direla, baina bertzelako kontuak ere badira, EAEn ere badiren hein berean. Euskararen egoera da niri gehien eragiten didana, baina Nafarroako egoerak ere egin gaitu garena. Oroitzen naiz, Donostiara ikasketak egitera joan nintzelarik eta ezin nuela sinetsi nire ondoan zeuden gipuzkoarrek, donostiarrek, gazteleraz egitea. Bertzela ohiturik nengoen ni. Ttiki-ttikitandik, euskararen aldeko etengabeko borrokan hazi nintzen. Lesakan, ikastola, batetik, eta eskola publikoa ginen, bertzetik. Bi mundu arrunt diferente ginen. Ikastolan, errate batera, zorriak baino pobreago ginen, gurasoak beti borrokan guk euskara ongi ikas genezan, manifestazioz manifestazio ibiltzen ginen… Hirira etorri, Donostiara, hemezortzi urtetan, eta gazteak gazteleraz solastatzen! Hura kolpea! “Nora etorri naiz?”.
 

Telebista aurkezle lanak egiten hasi zinen telebista itzali da aurten, Ttipi-ttapa.


Nafarroa! Euskararen egoera Nafarroan, Nafarroako euskarazko hedabideen egoera eta Gobernuaren laguntza gero eta urriagoak, miseriak. Eta Euskalerria Irratia, eta bertze. Eta Ttipi-ttapa telebista mutu da. Sekulako pena: euskaraz aritzen zen, Bortziri-Baztango berri ematen zuen. Xaloa telebista hor da oraindik… Ttipi-ttapan hasi nintzen telebistan, han egin nituen lehenbiziko lanak, eta pena.
 

Non da Estitxu Fernandez bertsolaria?


Tira, nik behin ere ez nuen erran bertsolari nintzenik. Kantatzen nuen, aunitzetan kantatu nuen, urte aunitzez. Nafarroako zortzi txapelketatan hartu dut parte, oker ez banago. Zortzi urte jarraian, eta bortz final hunkigarri! Hori aunitz da. Baina ez nuen erraten bertsolari nintzela, ez nintzelako bertsolari sentitzen. Bertsolari bati baino gehiagori aditu diot hori. Irudi du ez baduzu maila jakin bat lortzen ez zarela bertsolari. Futbolean ere aritzen nintzen, baina inoiz ez dut erran futbolaria nintzenik. Bertsotan aritu nintzen, bai.

Erabat utzia duzu?
Ez, urtero ateratzen naiz Bortzirietako txapelketan. Taldeka egiten dugu, eta ederra da. Eta enkarguz ere aritzen naiz bertsoak egiten, idazten.
Nortasun agiria
Estitxu Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1975). Telebista aurkezletzat du bere burua, Psikologia eta Irakasle ikasketak egin zituen arren. Ttipi-ttapa telebistan hasi zen eta ETB1eko Bertatik Bertara aurkezten zuela ezagutu genuen. Beste zenbait saioren artean, Sorginen Laratzan ere parte hartu zuen. Gaur egun ETB1eko albistegietako kirol tartea aurkezten du. Euskadi Irratian ere ari da, Tartaria irratsaioa gidatzen. Hainbat sari banaketa, aurkezpen eta ekitaldi zuzendu ohi ditu. Giza harremanak eta komunikazioa ditu beti helburu. Psikologoa esatariarekin bat eginik bizi da Estitxu Fernandezen baitan.
Pertsona publikoa
“Ez dakit pertsona publikoa izateak pentsatzen dudana libreki erraten uzten didan, edo mugak jartzen dizkidan. Behin baino gehiagotan pentsatu dut horretaz eta oraindik ez daukat erantzun zuzena. Nire iritzia ematen saiatzen naiz, baina gai aunitzi buruz solastatzeko edo idazteko guztiz libre naizen ez dakit”.
“Bortz” eta “zero”
“ETBn hasi nintzelarik behin baino gehiagotan jo nuen hiztegira, erabiltzen nituen formak hiztegian agertzen zirela frogatzera... ‘Erran, bertze, aunitz…’ aberasgarri dira eta, gainera, denek ulertzen dituzte! Hala ere, galdera egiten didate oraindik: ‘Zergatik esaten duzu bortz?’. Ba ez dakite, bada, zer den bortz eta zer zero!”.
Barne mundua
“Ohituegi gaude kanpora begiratzen. Horretara bultzatzen gaitu oraingo mundu honek. Aldiz, meditazio puntu bat derrigorra da, barnera begiratu, zer gustatzen zaigun, zer ez, zerk egiten digun min aztertu, eta geure buruak onartu eta maitatu”.
AZKEN HITZA
Enpatia eta asertibitatea
“Uste dut bertzeren lekuan paratzen ikasten ari naizela. Solasaldi batean komunikazioa izan dadin nahi baduzu, derrigorra da adi egotea, eta enpatia izatea. Sekula ez duzu lortuko bertzek bezala sentitzea, baina haren larruan paratzeko ahalegina egin beharra duzu. Arrunt inportantea da hori. Bertzalde, denekin bat egin bai, baina zeure burua, zeure iritzia ukatu gabe. Asertibitatea, alegia. Dohain psikologiko inportanteak iruditzen zaizkit biak”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude