Intsumisioa kapitalismoari

  • Desobedientziak ere taxu ekonomikoa hartu du krisi garaiotan. Denek batera zergak ordaintzeari utziko bagenio? Bankuetatik dirua atera eta hipotekak zintzo ordaintzeari uko eginez gero? Boikot ekonomikoa aldarrikatzen du elkarte batek baino gehiagok, sistema kapitalista bortitzaren une ahulenean.
Crisi talde katalaneko kideak, bankuei boikota aldarrikatuz
Crisi talde katalaneko kideak, bankuei boikota aldarrikatuzBegi Klinikoa / ALR
Enric Duran katalanak 492.000 euroko iruzurra egin die 39 banketxeri –tartean CAN, Banco Guipuzcoano eta BBVA–, kapitalismo espekulatiboaren aurrean intsumiso agertzeko eta banketxe sistema salatzeko asmoz. Engainua 68 kreditu ekintzen bidez lortu du, abal eta bermerik gabe. “Horrek erakusten du banketxeek familien zorpetzea bultzatzen dutela, prebentzio eta kontrolen gainetik”, dio Duranek. 2006an hasi zen ekintza prestatzen eta 2008ko irailean eman zuen iruzurraren berri, publikoki. Noski, laguntzaile eta aholkulari asko izan ditu atzean. Izan ere, Crisi kolektibo katalanaren partaide da Duran, eta protesta horrek helburu handiagoa du gibelean: herritarren artean desobedientzia sustatzea egungo sistema ekonomikoarekiko.
 
Hori lortzeko kolektiboak proposatzen dituen ekintzak eta alternatibak azaldu aurretik, jakin nahiko duzu Enric Duranen bidea jarraitzeak ondoriorik al duen: bada bai, batez ere iruzurra publiko egin zuelako –bestela kartzela saihestu ahalko zuela dio berak–. Martxo bukaeratik, fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdian dago, Probintzia Auzitegian helegitea aurkeztu ostean erantzunaren zain. Bitartean, Crisik libre utzi dezaten eskatzen du eta hainbat ekintza antolatu ditu dagoeneko: Sant Jordi egunean, esaterako, Duranen Abolim la Banca (Bankuak abolitu ditzagun) liburuaren irakurraldi publikoa egin zuten eta hainbat banketxe okupatu dituzte, horien kontrako boikota deituz. Azken finean, desobedientzia oinarri duten ekintzak aldarrikatzen dituzte, indarkeria erabili gabe.
 
Aro berri bat jaio da?

“2009ko irailaren 17an, trantsizio hilabete batzuen ondoren, kapitalismorik gabe bizitzen hasiko gara”. Hori dio Crisi kolektiboak, Espainiako Estatu guztian banatutako Podem! aldizkarian –Enric Duranek eginiko iruzurraren dirua argitalpen horretara, eta epaileak eskua sartu ez dezan zehaztu gabeko hainbat gizarte proiektutara bideratu da–. Alegia, irailaren 17an ekingo diotela bankuen aurkako intsumisioari. Inplikazio maila desberdinak proposatzen dituzte, eta dagoeneko 740 kidek baino gehiagok eman du izena. Beste herrialde batzuetan ere, antzeko ekimenak daude martxan.
 
Teoria ezaguna zaigu: dirua esku gutxiren kontrolpean dago eta euren interesen arabera mugitzen da ekonomia; kapitalismoak ahalbidetzen du bankuek dirua ezerezetik sortzea eta esklabo bihurtzen gaitu. Hala dio Crisik: “Maileguak, kreditu txartelak eta kontu korronteak mantenduz, sistema kapitalistaren bihotza diren banketxeen konplize gara. Bankutik dirua ateratzea edozein pertsonak egin dezakeen ekintza da, dirua beste era batera kudeatzeko antolatzen bada”.
 
Kolektiboaren webgunean (www.17-s.info) aurki daiteke zein pauso eman, bakoitzaren inplikazio nahiaren arabera. Adibidez, kontu korronteak itxiz dirua bankuetatik ateratzea eta banku etikoetan sartzea aholkatzen dute. Hipotekak ordaintzeari uztea ere proposatzen da, jakinik ezin zaitezkeela kartzelara joan: “Gehienez etxea enbargatuko dizute –diosku elkarteko kide Anaïs Franquesak–, baina milaka lagunek banketxe konkretu batean zorrak ez dituztela ordainduko erabakitzen badute, etxe guztiak enbargatuko dituzte? Ba al du zentzurik zordun zerrenda bat egiteak, zerrendan denak bagaude? Dagoeneko, jende asko dago etxea ordaindu ezinik, horiek guztiak elkartuko balira, enbargo ugari saihestuko lirateke”. Askoren artean eraikina okupatzea edo etxe kooperatibak sortzea ere ematen du irtenbidetzat, “kooperatibetako partaidetzak enbargaezinak direlako”. Aholkularitza ekonomiko-juridikoa eskaintzen duen enpresa bati galdetu diogu, eta eurek ez dute hain argi ikusten: “Legeari berdin zaio elkarte baten izenean bazoaz, ondorioak norbanakoarentzat dira eta hipoteka sinatzean kontratua egiten duzunez, kontratua betetzen ez baduzu bankuaren esku dago zein neurri hartu. Hipotekaren kontratuan jarri ohi du adostutako kuota ordaintzen ez baduzu, berme hori ez baduzu ematen, bankuaren alde erresolbitzen dela kontratua. Normalena litzateke kalera bota eta etxea enkantean ateratzea. Alokairua ordaintzen ez baduzu ere kalera, eta okupa bezala baldin bazaude, salaketa dagoen bezain pronto polizia joan eta bota egingo zaitu”.
 
Crisik egiten duen beste planteamenduetako bat: itzuliko ez dituzun kredituak eskatzea, diru hori proiektu zehatzetara bideratzeko. Franquesak badaki hemen arriskua handiagoa dela, baina kartzela saihestea erraza dela gogoratu du: “Enric Duranek publikoki onartu du iruzurra egin duela, eta horregatik kartzelaratu dute, baina bestela, ordaindu ditzakeenak baino kreditu gehiago eskatu dituen pertsonatzat hartuko lukete eta zordunen zerrendara pasako litzateke, milaka pertsonen antzera. Bankuak epaitegietara joko luke eta legeak dioenaren arabera enbargatuko lirateke ondasunak”. Elkartearen arabera, diru eta ondasun kopuru bat enbargaezina dela dio legeak, eta beraz ez zara kale gorrian geratuko. Azken finean, zordun etikoaren apologia egiten dute –asko dira webguneko zordunen foroan parte hartzen duten internautak–: etikoa da aukeratzea zeini ordaindu eta zeini ez, irizpide egokienak erabiliz gero. Lagunei eta enpresa txikiei bai, adibidez, baina multinazionalei eta Estatuari (zergak) ez. Ekimen hauetako parte-hartzaile guztien artean solidaritatea eskaintzen eta eskatzen du Crisik, kasu bakoitzean gertatzen dena gertatzen dela guztiek izan dezaten jatekoa eta lo egiteko lekua.
 
Eta deialdia jende andanak babestuko balu, zer gertatuko litzateke? “Denek egingo balute, bankuen kolapsoak sistema kapitalistaren kolapsoa eragingo lukeela egia da, baina ez al da hori gertatzen ari? Bankuetatik dirua berreskuratzeko arazoak dituenik bada, eta asko eta asko zorretan itota daude. Bankuei soilik diru likidoaren %2-5 artean izatera behartzen zaien sistema batean, argi dago egunen batean ez dela izango denek ateratzeko adina dirurik, benetako diru nahikorik ez dagoelako. Horren adibide dira Argentinako Corralitoa edo duela gutxi Caja Castilla La Manchan gertaturikoa”, dio Franquesak.
Eta ondoren zer? Betiko zordun izango garela kontuan hartuta, bizimodu alternatiboak beharko baititugu, jabegorik eta banku-konturik gabe –enbargatu egingo dizkigutelako–. Auzotan eta komunitatetan antolatzea proposatzen du elkarteak, banku etikoen bidez, elkarren artean trukea eta laguntza sustatuz eta, batez ere, trantsizio bezala kooperatiben eredua erabiliz. Elikaduran, etxebizitzan, hezkuntzan, osasunean, lanean… kooperatiba bultzatu behar dela diote, horizontalak direlako eta etekinak banatu egiten direlako.
 
Euskal Herrian ere topatu dugu dirua ahalik eta gutxien erabiltzearen eta trukearen aldeko apustua egiteaz gain bankuan dirurik ez duenik: Pablo Sastre idazlea. “Ondorioak? Ez batere txarrak. Bankuak ez dira elkarbizitzarako tokiak: argi gehiegikoak, hautsik batere gabeak; zenbat eta gutxiago zapaldu, orduan eta hobeto. Bi hilean behin joan beharra daukat argia ordaintzera, eta urtean behin beste zergaren bat. Gainerantzean ondo. Handia da injustizia ekonomikoa gure gizartean, eta hala izanik, obedientzia ekonomikoa gaitzetsi beharko litzateke, eta desobedientzia ederretsi, eta poztu, ni behintzat hala pozten naiz, inork holakorik egiten duenean, keinu sinpleenetatik ekintza ikusgarrienetara”.
 
Supermerkatuetako Robin Hood-ak

Hala izendatu dute Frantziako hedabideek Langabe eta Prekarioak Borrokan Mugimendua. Izan ere, Crisi elkarte katalana ez da kapitalismoaren arauei muzin egiten dien talde bakarra. Robin Hood hauek zalaparta handia sortu zuten iazko Gabonetan, preseski merkeak ez diren saltoki handietatik jatekoa eramateagatik. Ekintzarik sonatuena, urteko azken egunean Parisko Monoprix katearen saltoki batean burutu zutena: erosketetarako hamahiru orga elikagaiz bete zituzten (arroza, olioa, esnea, tomateak… baina baita ere foie-grasa, izokin ketua edota xanpain botilak) eta kutxan 50 kide elkartu ziren, ordaintzeko inongo asmorik gabe. Azkenean, istilurik ez eragiteko ordu erdira alde egiten utzi zieten eta 5.000 euroko “erosketa” doan eraman zuten, langabe eta behartsuen artean banatzeko zela argudiatuta.
 
Hurbilago, Lucio Urtubia igeltsero eta anarkista nafarra ezagun egin da, 2007an bere bizitzari buruz kaleratutako Lucio dokumentalaren harira –autobiografia ere publikatu zuen iaz, Txalapartarekin–. Euskal Herriko gaztetxeetan hitzaldiak eman ditu, City Bank-eko bidaia-txeke faltsuak nola merkaturatu zituen kontatuz, “erregimena desegonkortzeko asmoz”, eta lortutako dirua bestelako ekintza iraultzaileetara bideratzeko. Urtubiak dioenez (Argia, 2103. zenbakia), “guk bezala lapurtzea ekintza iraultzaile bat da. Hori da egin behar dena. Bankuak bandidu batzuk dira eta! %30eko eta %40ko benefizioak egiten dituzte! Zer ohorea horiei lapurtzea!”. Kuban, iraultza garaian, dolar faltsuak tonaka ekoiztea ere izan zuen helburu, gero billete faltsu horiek mundutik zabaldu eta dolarraren debaluazioa lortzeko. Ondo ateraz gero, dudarik gabe benetako astindua izango litzateke gure sistema ekonomikoarentzat. Asmoa Ernesto Guevara Che-ri proposatzera iritsi zen, baina honek handik egun batzuetara ezetz esan zion, mezu bidez: arkakuso batek elefanteari egin diezaiokeen minarekin konparatu zuen plana.

Desobedientzia TAOri, isunei, bidesariei

Eta gainontzekook eredu horiek jarraituko bagenitu? Ezarritako ekonomia-ordena errespetatzeari utziko bagenio? Egia esan, bada protesta moduan autopistako ordainsarietan dirurik eman gabe igarotzen denik –errepidea gure zergekin nahikoa ordaindua dagoela arrazoituz– edota autoa aparkatzeko TAO guneak jartzearen aurka egoteagatik marra urdindunetan autoa utzi arren ordaintzen ez duenik. Galdetu bestela Sopelako biztanleei. 2005ean, 9.000 laguneko herri horretan isun andana jarri zuen udaltzaingoak, TAOren kontrako mobilizazioek iraun zuten sei hilabeteetan. Sistema errentagarri egiteko, behar ez zen lekuetan ere Udalak TAO ezarri zuela salatu zuten herritarrek, manifestazioen eta kartelen bitartez. Azkenean, lortu zuten Udalak kentzea ordaindutako aparkalekuak.
 
Kontuak kontu, aholkularitza ekonomiko-juridikoan garbi dute: denak du bere ondorioa. Administrazioa tartean bada (Ogasunaren zergak, udal-tasak, auto-isunak, TAO…), protokolo zehatza daukate, eta pribatuetan ere (bankuekin loturiko eragiketak, errepideetako ordainsariak…) prozedura berdina litzateke. Isun edo diru kopuru bat gainditzean erreklamazioa egingo dizute eta ordaintzeko epea gainditzean, epailearen aurrera eramango zaituzte. Aurretik salaketa jartzea da auzitegietara iristeko premisa. Azken xedea? Ordainaraztea; eta horretarako bide desberdinak ditu administrazioak, dela nominaren bidez, bankuetako kontu-korronteekin jokatuz, ondasunak enbargatuz… Ogasunari ihes egitea zaila da, gaur egungo sistemaren baitan ia edozein eragiketa artxibatuta geratzen baita, eta deklaratu gabeko zer edo zer antzemanez gero, errekarguarekin kobratuko dizute ondoren. Auto-isunak ez ordainduz gero berriz, ohikoa da diru hori administrazioak zuzenean lan-nominatik kentzea edo ordaindu arte kontua blokeatzea.
 
Are gehiago, diru kopuruaren arabera kartzelan ere buka daitekeela diote aholkulariek, nahiz eta frogatu ez duzula soldatarik eta ondasunik –zure izenean behintzat–. Gainera, etorkizunean, lanen bat edo ondasunen bat duzun momentuan, dirua hortik kenduko dizute. Horretxegatik Crisi kolektiboaren soluzioa: bizimodua sistematik at egitea, lehen aipaturiko alternatibak jarraituz eta banketxeek kontrolatutako diru zirkulaziotik urruti.
 
Bideragarria ote?

Zein puntutaraino gaude prest gauzak aldatzeko? Eta askoren ekintzak batuz gero ere, egoerari buelta eman ahal zaio? Beharrezkoa dela dio Enric Duranek, krisi sistemikoa arrazoituta: sistema kapitalistak krisira bultzatu ditu ekonomia, energia, ekologia, elikadura… eta Lurra mugatua denez, horrela jarraituz gero erritmo honek kolapsora eramango gaitu.
 
Lucio Urtubiak uste du oro har pasiboa dela gizartea, eta hala kontatu zuen bere esperientzia Argian: “Apenas izaten genuen zer janik eta zer jantzirik. Baina horri esker asko ikasi nuen, pobrezia izan zen niri begiak zabaldu zizkidana, eta aurrez egituratua zegoen guztiari errespetua galtzera eraman ninduena, elizari, jabetza pribatuari eta estatuari; autoritateari. Pobreak borroka egin behar du, hori bere betebehar bat da, eta zoritxarrez, gaur holakorik ere ez da ikusten. Abandonora erori da jendea, bere burua ere abandonatzeraino, lo hartu du jendeak, ez dakit zergatik, oparotasunagatik agian. Eta borrokatzea dagokigu, bestela gu ere konplizeak gara, eta errudunak”. Pobreari badagokio borroka, garai onak dira hauek. Dagoeneko denek dakigu aurtengo topikorik hedatuena: krisia eta aukera sinonimoak dira txineraz.
Thoreau, desobedientziaren aitzindaria
Garaiko esklabotzaren kontra protestatzeko eta AEBek Mexikoren aurka hasi zuten guda salatzeko, 1846an udal-zergak ordaintzeari uko egin zion Henry David Thoreau Massachusetts-eko bizilagunak. Ondasunik ez zuelako eta berak ere hala nahi zuelako –kritikak indar gehiago izan zezan–, gaua herriko kartzelan pasa zuen, eta hurrengo egunean lagun batek ordaindu zion zerga. Thoreau ez zen zerga ordaintzeari muzin egiten lehenengoa izan, AEBetan kuakeroek egina zuten jada, baina protesta erlijiosoa zen horiena eta Thoreauk lehenengoz erlijiotik at zegoen dimentsioa eman zion ekintzari, kutsu politikoa. Gainera, idazle ona zen eta bere erretorika eta diskurtso sutsuari esker salaketa zabaltzea lortu zuen. Herrikideei eskainitako hitzaldi batean azaldu zituen ekintzaren arrazoiak; testua egunkari batek publikatu zuen gero, eta bertan jaso ziren desobedientzia zibilaren oinarriak.
 
Esklabotzari buruz artikulu eta saiakera asko idatzi zituen, baina desobedientzia zibilaren inguruan soilik hogei orrialdeko eskuizkribu hori utzi zuen. Horregatik bitxia da zenbaterainoko jokoa eman duen gizon handi baten episodio txiki horrek. Izan ere, berak piztutako metxatik desobedientzia zibilari buruzko teoria landuagoak jaio ziren: Martin Luther Kingek testua irakurri zuen Bostongo fakultatean ikasle zenean, eta testu horren eragina aitortu zuen gerora. Mahatma Gandhik ere Thoreauren ideiak bereganatu zituen.
 
Bereziki AEBetan, famatua da Thoreau. Bi urte pasa zituen laku ondoan berak eraikitako etxe batean bizitzen. Naturarekiko harremana, ekologia edota askatasun pertsonala bezalako kontzeptuen aitzindaria dela esan daiteke.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-09 | Enbata
Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude