argia.eus
INPRIMATU
Udaberria
Iñaki Zubeldia 2013ko maiatzaren 02a
Iñaki Zubeldia
Dani Blanco
Nork ez du maite udaberria? Udaberria urtero pinpirin ageri zaigun neskatila da. Gure ingurunea apaintzen duen soineko berri koloretsua. Milaka abestitan ernetzen den sinfonia alaia. Lurra zomorro kontaezinez biziberritzen duen mago jostalaria. Loretan eta hostotan lehertzen den eztanda zerutiarra.
 
Udaberriak pizten dio itxaropena hotzaren atzaparretan hiltzeko beldurrez negua pasatu duen agureari. Udaberriak ernaltzen dio bizipoza birloben zaratak eta txilioak amesten dituen birramonari. Udaberriak jartzen dio odola borborka maitemintze atarian dagoen gazteari. Udaberriak bihurtzen ditu nekaezin haurren gihar, hauspo eta eztarriak.
 
Udaberria emazte gazte bat da, bere argitasuna eta beroa doan eskaintzen diguna, bere edertasuna nonahi barreiatzen duena, bere emankortasuna milioika espezieren ume jaio berritan gauzatzen duena. Eskuzabala da, eguzkiaren printzak hain modu oparoan eskaintzen dizkigulako. Bihotz onekoa, neguko izotzen ondoren epeltasuna oparitzen digulako. Aberatsa, baratzeak eta soroak barazki eta uzta berriz hornitzen dituelako. Sentsuala, gure gorputzak pixkana-pixkana biluzten dituelako.
 
Eta, horrez gain, udaberria itxaropenaren gordeleku amaiezina da. Udaberriak esnatzen gaitu, pizten, alaitzen eta baikorrago bihurtzen. Udaberriak mailegatzen digu kukuaren kantu alaia, ordainetan ezer eskatu gabe. Halaber, gure belarrien gozagarri hedatzen ditu txorien txorrotxio alaiak eta arkume eta antxumeen beee hunkigarriak. Gure harridurarako begien aurrean jartzen dizkigu tximeleta koloretsuen eta saguzar urdurien akrobazia eta biribilketak, eta matxinsaltoen jauzi olinpikoak, inurri estraperlisten garraio etengabeak, kakalardo adardunen arraseko hegaldiak, eta gau ilunetan, ipurtargien argi epela eta hontzaren ulu zirraragarria.
 
Eta guk zer eskainiko diogu udaberriari? Aro berri bat non denok elkarren senideago izango garen eta krisiak gizatiarrago eta solidarioago egingo gaituen..? Eszenatoki berri bat non, denok zatiketak alde batera utziz, elkarbizitza lasaiago eta zoriontsuago bat elkarri opa izango diogun? Komunikazio giro jatorrago bat non gure euskara gaixoa, haur argal eta eria denez, suspertzeko eta gaztelaniaren parean jartzeko ahaleginak egingo ditugun?
 
Beldur naiz, beti bezala, ez ote garen gure zitalkerietan eta setakerietan eroriko. Hala ere, zilegi bekit udaberriarekin eta gure onberatasunarekin amets egitea. Ailedi izan egia amets hau!