argia.eus
INPRIMATU
Landare kontuak
Jakoba Errekondo 2009ko apirilaren 07a
Phillyrea latifolia
Inoiz etorria izango da haziren bat Seychelleetatik Zumaiami-ra urez, gazi-gazi. Flyscharen historia liburuan milioika urtetako beratarren genealogia irakurritakoan, zirrara-zotinek malkoren bat dantzatuko zioten. Izar berriak, beste zeru bat ezagutuko zuen paisaia liluragarriko artadi urdinen gainean. Arte ederren koadrilako landare txikerragoez geroxeago jabetuko zen. Horietako batzuk, itsasoaren burrundaren barealdi apurretan, orroka entzungo zituen. Orro latza, Urola errioko paradisua betirako galtzera doazen espezieena. Azken zori txar horri iskin eginda, baina haren usaina aditzen, ezagutuko zuen gartxu hostozabala, Phillyrea latifolia. Seychelletakoak eta zumaiamitarrak, entzuterik izan gabekoari bezala begiratu ondoren egingo zituzten elkarren ezagutzak.

Gartxuak, azken milioika urtetako glaziazioen arteko klima lehor eta beroko aldietan, bere asabak Mediterraneotik abiatuta Ebro ibaiaren arro emankorrean barrena igo eta Kantauri aldeko kabi gozo hau nola topatu zuten azalduko zion. Bere historia, flyscharen orri dotoreetan egundo inprimatu gabe, ibai handiaren mausarretan dabilela. Klima aldaketa dela-eta, Mediterraneotik etorri zireneko garai haren tankera hartzen diola datorrenari. Itsasoak goragoko lurrak bustiko dituela, baina berozalea eta lehorzalea izanik, datozen mendeetarako aurrikusten duten mauka paregaberako antolatzen ari direla ere esango zion gartxuak. Hemen den aldaketa hau medio, hotza gustuko duten landareak ihesari eman diotela eta hauek utzitako lurrak bereganatzeko ezkutuko trikimailu ugariz osatutako estrategia abian dutela. Ostera Ebron barrena datozen landare berriei aurrea hartu nahia azaldu dio, gartxua bera bezalakorik ez baita etorriko: beherakoa eta ahoko legarrak sendatzen dizkie ontzi koxkor batzuetan itsasoan barrena ibiltzen diren bi hankadun horiei, baita ontzi horiei berriak balira bezala eutsiko dioten bernizak ere eman egurretik. Kuliskak, mokoa basan, baietz dio...