Liburuaren egileek denbora luzea eman dute lana egin ahal izateko, Iparragirre Fresnesen espetxeratuta dagoelako. Hala ere, emaitzarekin oso pozik daude biak.
Nondik dator liburua egiteko ideia?
2006an Marixol eta biok elkarri gutunak bidaltzen hasi ginen eta
Malberen gainean idazteko aukera aztertzen hasi ginen. Leintz ibarrean arrasto handia utzi zuen gizona zen eta berari buruz gehiago jakitea interesgarria izango zela pentsatu genuen.
Marixol Iparragirre espetxean izanda, lan zaila izan duzue…
Bai, egia da. Marixolen komunikazioa oso mugatua da. Elkarri idatzi eta erantzuna jaso artean denbora luzea eman dugu. Horrez gain, Marixol eta ni ez gara idazleak; Mikel Albisuri eskerrak eman beharrean gaude, asko lagundu digu-eta. Horrekin lotuta, esanguratsua da preso dauden herritarrek historiari halako ekarpena egin izana.
Malberen zein irudi egin duzue?
Pertsona bitxi eta xelebrea zen, baina ideia oso argiak zituena. Industriari bizkarra eman zion. Bere figura duintzeko ahalegina egin dugu.
Malberen aldarrikapenak eta lorpenak ezagutzera emateaz gain, kontatu ez diguten historiaren zati bat jaso dugu.
Zein ekarpen egin dizue liburuak?
Asko ikasi dugu. Oso garrantzitsua izan da 1853an Aretxabaletako herri-lurrak zer baldintzatan saldu zituzten deskubritzea. Bestetik, uste dugu liburua baliagarria dela ondorengo belaunaldiek jakiteko gaur egun daukagun bizitzeko eredu zoroak ez daukala ez hankarik ez bururik.