ARGIA.eus

2022ko abenduaren 09a
Lurralde antolaketa

Estatu erreformei adi

  • 1992an zabaldu zen Ipar Euskal Herriaren erakundetze bidea. Garapen Eskemaren bitartez Hitzarmen Berezia sinatu zen lehenik eta bi kontratu ondoren: Euskal Herri Lurralde kontratuak. Ekimena 2010 Urraspidetik 2020 Proiektura iragan da azken hamabost urteetan. Desmartxak bizi izan dituen bide-erakusle batzuk paratu ditugu jarraian.
Gaizka Iroz
Mikel Asurmendi @masurmendi
2009ko apirilaren 05a
Euskal Herri Lurralde kontratua da, gaur gaurkoz, Iparraldea egituratzen duen ekimen instituzionala. Ekimenak hamabost urte beteko du uztailean, eta Garapen Kontseiluak XV. Biltzar Nagusia burutuko du ekainean. Garapen Kontseiluaz beste, Hautetsien Kontseilua da ekimenaren funtsezko egitura. Bi kontseiluen ardura da Hitzarmen Berezia obratzea. Hitzarmen Berezia Euskal Herria 2020 desmartxaren bitartez gauzatzen da uneon, Pays izendapen juridikoan bermatua, gizarteko arlo ekonomiko, kultural eta politikoen ordezkariek kudeaturik.
 
Garapen Kontseiluko lehen bi lehendakariak Ramuntxo Camblong (1994-1997) eta Jean-Claude Iriart (1998-2000) izan ziren, euskal kultur eragileak biak. Lehen aldian euskal identitatea landu zen; bigarrenean (2000-2008) ekonomia berriz, Bernard Darretche buru zelarik. Hirugarrenean, Jean-Baptiste Etcheto presidente dela, erakundeak esparru soziala lantzea du xede berezia.
 
Botere publikoen erreforma

Ekimenak garai aldakorra bizi du, Frantziako Nicolas Sarkozy presidenteak Estatuko botere publikoen erreforma prozesua abiatu baitu. Lehen ministro ohiaren izena daraman Balladur batzordeak proposamena aurkeztu du jada. Uda aitzin, Frantziako Parlamentuak Balladur txostena aztertuko du eta, irailean bozkatuko du botere publikoak erreforma ditzakeen legea. Erreformek Erregioen nahiz Departamenduen kontseiluetan eragin dezakete: erregio kopurua gutxitu liteke batetik, eta bestetik, departamenduek indarra gal lezakete. Erreformak, halaber, herriak biltzen dituzten herri elkargoei indar gehiago ematea ekar lezake. Anartean, zenbait zerbitzuren zentralizatze prozesuak kezka sorrarazi du gizartean zein tokiko instituzioetan. Dagoeneko, Departamenduko URSSAF (Gizarte Segurantza), Baionako Merkataritza Ganbera, eta Ofizialeen eta Laborantza ganberak Bordelera eramaten ahalegindu baitira Estatuko estamentuetatik.
 
Bidean bide, iraganean bezalatsu, itzalak agertu dira orain ere. Estatuak tokiko instituzioen eskumenak gutxitu litzake, eta ondorioz Lurralde kontratuko hainbat bitarteko mugatu. Sintomak ez dira onak, eta eragile nagusiak ezagunak dira: botere publikoen erreforma eta krisi ekonomikoa. Gaitza zabaldu bitartean artatzeko moldeak bilatu behar dira. Alta bada, gaitza Estatuaren egituretatik ez ezik mundu mailako egituretatik heldu denez, Sarkozyk, krisi ekonomikoa baliatuz, errazago argudia litzake erreforma guztiak.
 
Ekimena aitzina badoa, ez doa?

Hamabost urteko ibilbidean “zenbat buru hainbat aburu” leloa plazaratu da ekimenaren inguruan. Zazpi arlotan aritutako eragileak anitz eta anitzak dira, hauetako asko abertzaleak.
 
Jean-Baptiste Etchetok hauxe dio ekimenaren egoeraz: “Arlo batzuetan pasiboak gara, behatzaileak. Egia da, guk ez dugu politika nazionalaren nondik norakoak zuzentzeko ahalmenik, ezta nahikaririk ere, baina instituzioetan aldaketa eman dadin saiatzen eta egokitzen gara, baita ekonomian ere. Balladur txostenak trabatu gaitzakeela pentsatu baino, baldintza berriak egokitzeko parada emanen digula pentsatu behar dugu. Lurralde hau aitzindaria da Frantziako beste kolektibitateen proiektuen aldean”. Caroline Phillips lehendakariordeak berriz, honela azaldu digu Edouard Balladurrek –iragan otsailean– euskal ordezkaritza batekin izandako bilkuraren berri: “Balladurrek ez zuen ezagutzen hautetsiak eta gizarte zibila lantzen ari garen ekimena, ezer gutxi zekien Euskal Herriari buruz. Halere nik ez dut Pays izendapena arriskuan ikusten”.
 
ESTIAko (Teknologia Industrial Aurreratuaren Goi-mailako Eskola) Jean-Roch Guiresse zuzendariak hauxe esan digu: “Nik ez nuke une hau loriostzat joko. Lurralde kontratua lantzeko moldea historikotzat jo daiteke, eta euskaldunok Estatuan aitzindariak izatea. Gainerakoan, gure lurraldearen maila ez da izugarria, ez da besteak baino efikazagoa edo beste kolektibitateekiko berezia”. Bere aburuz, eskolan Lurralde kontratuak lagundu die beren lana erakusten, baina ez die bitarteko berezirik ekarri. ESTIAk harremanak ditu Europako beste eskolekin, Bilboko Ingenieritza Eskolarekin, besteak beste. Zuzendariaren nahia Mondragon Unibertsitatearekin (HUHEZI) berezko unibertsitatea sortzea da. Alta, botereen erreformak ekarri nahi duen deszentralizazioak areago urrundu ditzake bi euskal esparruak. Abertzaleen “parte hartzen dugu, baina erabaki ez” leloaz hauxe dio: “Militante bazara ulergarria da ekimenarekin zapuztea. Lan asko egiten da eta emaitzak eskasak dira”.
 
Hamabost urte eta gero Balladur txostena

“Politikan ari direnek nahi dute iraun, eta irauteko aulkiak atxiki behar dituzte. Etorkizuna beraiekin eraikiko dela erakutsi behar dute. Ezarritako helburuak ez badira lortzen ere, helburu berri batzuk jartzen dituzte eta aitzina”; Patxi Nobliaren hitzak dira. Abertzaleen rola ersatz –edo suzedaneotzat– jotzen du. Egun, arrazoiak arrazoi, ekimenetik kanpo ari da. Laborantza Ganbarako Lagunak taldeko buru da: “Gauzak ez dira bi egunetan egiten, ados. Nik lehen eta bigarren kontratuak egin zirelarik parte hartu nuen. 2005era arte funtsezko bitartekoak ezarri ziren Garapen eta Antolamendu bidean. Baina azalarekin konformatu dira, proiektuak ez dira mamitzen”, gehitu du. Bi adibide eman dizkigu. Bat: benetako unibertsitatea gauzatzeko xedea zegoen, Euskal Herrikoa, autonomoa. Alabaina, izugarrizko dirutza xahutu dute erakinak egiteko, ederrak eta handiak, baina Unibertsitatea ez da bertakoa eta ez ditu beharrezko baliabideak. Baionako Unibertsitatea Pau edo Bordelekoen azpian dago, sukurtsala da funtsean. Bi: egun ekonomia ez da botere publikoan erabakitzen. Ados. Baina guk ideiak bultzatu ditugu enpresak altxatzeko. Une batez Antolamendu Eskeman behatoki bat muntatzeko xedea izan zen, baina ez da gauzatu. Hau da, mamira iritsi behar denean, proiektuak azalean geratzen dira”.
 
Balladur txostena hizpide, “Balladurrek ez du Euskal Herria ez departamendua aipatzen”, diosku Patxi Nobliak. Politikariak kantonamenduak desagertzearen eta departamenduak ahultzearen beldur dira. Erregio Kontseilua indartu eta herri elkargoen bidez herri txikiak desagerrarazi nahi dituzte. Politikarien ikuspuntu gero eta errotuagoa da hori, Europako eraikuntzaren norabidean doana. Datozen hiru urteetako etorkizuna honela ikusten du berriz: “Krisiak defizita sortzen badu, ezin badute boterea atxiki, orduan beharbada erreforma zertuko da. Baina egiturak oraingo Estatu ereduari eusten badio, botere lasaia izanen da. Modu batez edo bestez, guretzat ez da gauza handirik aldatuko, krisi ekonomikoak ‘kataklismoa’ ekarri ezean, ez behintzat”. Honela ebatzi du azkenik: “Balladour txostenak lau lerroko lege berri bat ekarriko du, deus ez aldatzeko beste lege bat”.
 
Pays izendapenarekin edo gabe aitzina

Jean-Baptiste Etchetok aldiz, honela ikusten du egoera: “Euskal ordezkariok Pays izendapen juridikoa gure ekimenaren ardatza dela erran diogu Balladurri. Kentzen badiguzue, Pays baino harago jartzen gaituen Lurralde kontratua kenduko duzue”. Balladurren arrapostua hauxe izan da: “Pays kendu nahi dugu desegokitasunak sortu dituelako. Baina zuek erakusten baduzue Euskal Herriak Lurralde kontratua behar duela, egitura juridiko berria sortuko da desmartxak aitzina segi dezan”.
 
Garapen Kontseiluko lehendakariak funtsezko etorkizuna iragartzen dio ekimenari, gizarte zibilak eragindako proiektua delako, eta Hautetsien Kontseiluaren bidez egituratua baita: “Beste kontseiluak ezagutzen ditut eta ez dira gurea bezain efikazak, ez dira gu bezain ondo entzunak hautetsien aldetik. Egia da, beste ekimen batzuetan herritarrek ordezkaritza zabalagoa dute. Horregatik guk ere harago joan nahi dugu, auzoetako gizarte zibilari arreta gehiago egin behar diogu, bereziki gazteriari. Gazteen parte-hartzea ez da nahiko genukeen bezain handia eta alde hori geureganatzea nahi nuke”.
 
Oreka da hain zuzen demokrazia parte-hartzailea eta demokrazia ordezkatuaren arteko dohaina, hautetsien eta herritarren arteko oreka eta erronka. Jean-Baptiste Etchetok, sindikalista den aldetik, orekari ikusten du bere burua, hori omen da bere zeregina. Bi urte barne, kargua berritzeko tenorea helduko zaio. Egitateek argituko ote dituzte itzalak?
Ipar Euskal Herriko antolaketa
Iparraldeko antolakuntza instituzionalaren bidean, argiak eta itzalak nabarmendu izan ditugu –Argian– iraganean. Lurralde Eskemak planifikatu eta finkatu zituen zazpi atalek indarrean segitzen dute gaur egun: 2010 Urraspidea 2020 Proiektua bilakatu da, sailak gaurkotuz eta egokituz. Hauek dira, handi-handika, lurraldearen antolaketarako atalak (www.lurraldea.net):
 
1.
Ipar Euskal Herriak kliman eta energia berrietan egokitzea bilatzen du munduko ekonomiari eta globalizazioari begira.
 
2.
Europako Ipar/ Hego harremanen erdian izaki, Atlantikoko arkuan kokatua, biharko garraio azpiegiturak lantzen ditu.
 
3.
Natura ondareaz gain, euskara eta euskal kultura ondasun publikoak diren aldetik, lurraldearen antolamenduaren muina izatea bilatzen du ekimenak.
 
4.
Demografiaren joera nagusiak kontuan hartuz, biztanleria zaharren eta belaunaldi berrien arteko harremanen artekaritza du ardatza. Biztanleria aktiboaren eraberritzea oso bizkorra da-eta.
 
5.
Ekonomiaren jarduerak anitzak dira. Laborantza eta turismo lurraldea denez gero, berezko industria sarea eraiki nahi du. Goi-mailako irakaskuntza eta ikerketa landu eta enpresekin uztartzeko gaitasuna sendotu nahi du planak.
 
6
. Biharko hiria lantzen ari da. Mugaz gaindiko metropolia zabalduz doa: Iparrean Baionaz harago joan da, eta Donostialderaino hegoaldean. Bideak saturatzen ari direnez, etxebizitza eta lurraren kontrola funtsezkoa da urbanizazio polizentrikoa eraikitzeko. Hirigintzak sorrarazten duen hondakinen kudeaketa arazoa berealdikoa da.
 
7.
Gizarte eta lurralde desberdintasunak tarteko, Iparraldeko bizitza bi gune nagusitan antolatua da: kostaldea eta barnealdea. Demografiak eta hirigintzak ekarri dituzte desoreka horiek. Arlo hau ere berebizikoa da lurraldearen antolaketan.
Pena litzateke Garapen Kontseilua soilik gure teknikari bihurtzea
2008a arte, ELBren izenean nintzen Garapen Kontseiluan. Geroztik, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) izenean. Gure lekua ezagutua da egitura horretan, baina hasieran gauza bitxi bat gertatu zen.
 
Jakin behar da Garapen Kontseiluak elkarte moduan funtzionatzen duela, baina administrazioa presente dela: Estatuaren ordezkari diren prefeta eta suprefeta, besteak beste. Beraz, EHLGk bere aurkezpena Garapen Kontseiluaren kide izateko egin zuelarik, eta bere zuzendaritza taldean sartzeko, interesgarria kausitu genuen ikustea zer postura izango zen, atakatzen eta kondenatu nahi gaituzten Estatuaren ordezkariengandik. Hori guztia jakinez Estatua oso atxikia dela garapen Kontseilu “baketsu” bat biziarazteari, eta Garapen Kontseiluko askori EHLG hor izatea oso egokia zaiela.
 
Ororen buru, Laborantza Ganbarak bere burua aurkeztean, prefetaren ordezkariak erreserbak aipatu zituen, besterik gabe. Zuzendaritza taldeak bozkatu zuen gehiengo handi batez EHLGren alde. Ikusten dugu hor Estatuaren kontraesana: egunero, dossier tikienetan ere, Laborantza Ganbara trabatu nahian dabilela, eta hor, nolabait berarekin mahai beraren inguruan onartzen –edo soportatzen– gaitu konfliktorik sortu gabe, zaindu nahi duen Garapen Kontseiluan.
 
Garapen Kontseiluak egiten duen lana interesgarria da eta gure ahalen arabera parte hartzen dugu, baina problema bat ikusten dut: Iparralderako instituzio baten gaia baztertzen du, bere arranguretarik izan behar lukeelarik. Egoera normala ez den kontestu batean –eta Iparraldearen egoera ez da normala, instituziorik ez dueno–, Garapen Kontseilua ezin da normaltasun osoz ari izan. Herritar anitzek –aniztasun handienean– eskatzen duten Koadro Juridikoaren gaia ezin baztertuzko gaia duela onartu behar du, Estatuen ordezkariek eskatzen badiote ere gai horrekin ez jostatzea!
 
Garapen Kontseiluaren historiako lehen zatia ilusio handiz bizi izan dugu anitzek: lan metodoak lantzea, sektore ezberdineko eta iritzi ezberdineko jendeak elkarrekin lan egitea, gai “debekaturik” ez izatea. Horiek guztiak elementu dinamiko eta interesgarriak ziren. Azken urte hauetan, eta orain, problematika batzuk gogoeta eta lan eremutik kanpo ezartzeak ilusioa kentzen du. Pena litzateke Euskal Herriko Garapen Kontseilua soilik gure teknikari bat bihurtzen balitz.
Jean-Baptiste Etcheto
«Lurralde honek Estatuaren egituran aurkitu behar du bere lekua»
Jean-Baptiste Etcheto (1955, Donibane Lohizune) Laneko Frantziar Konfederazio Demokratikoa (CFDT) sindikatuko kidea da. Garapen Kontseiluko lehendakaritza hartzean sindikatuko ordezkaritza utzi zuen. Urtebete egin du karguan.
 
Garapen Kontseilutik –Hautetsien Kontseiluarekin batera– Euskal Herri Lurralde kontratua 2020 lantzen du: “Gobernantzarako tresna jotzen dut kontratua. Ez dut egitura iraultzeko nahikaririk, Kontseiluan kolektiboki lan egitea dagokigu”.
 

Une hau historikoa omen da. Ados?


Une historikoa da Estatuko egituren lerroak mugitzen ari direlako, eta mugiarazten ari den –eta ari garen– neurrian gure desmartxan eraginen duelako. Eragina izanen du gure ibilbidean, gure inguruan ari diren erakundeak birkokatzen ari direlako. Mundua mugitzen ari da, mundu ekonomikoa partikularki, baina baita instituzioena ere. Horren lekuko da, tokian tokiko kolektibitateen erreformatzeko xedez, Gobernuak abiarazi duen erreforma.
 

Zein dira uneko parioak edo erronkak?


Badago berebiziko pario bat: uneko egoerari baikorki egokitzea. Hots, lerroak mugitzen ari direlako ez dugu oldartze bidean sartu behar, horrek ez gintuzke urrunago eramanen. Guztion borondateak batzeko garaia da. Edozein dela egoera berria ere, lurralde honek Estatuaren egituran aurkitu behar du bere lekua. Aitzina eramanen gaituzten lerroak hemen ditugu, guk mugitzen ahal ditugu lerroak, eskumenak finkatzen ahal ditugu. Egia da ez dugula guk erabakitzen, baina guk gobernatzeko baliabide hau lantzen segitu behar dugu, gizarte zibilak eta hautetsiek daramatena, Lurralde kontratuak lurralde honentzako proiektuak gauzatzen laguntzen diguna. Horixe da gure xedeak neurtzeko tresna.
 


Uste hau zabaldu da ordea: Lurralde kolektibitateen erreformak euskal erakunde bereziak ezaba litzake.


Konparazione, Euskal Kultur Erakundeaz edo Euskararen Erakunde Publikoaz ari bazara, hauek erakunde bereziak dira eta ez daude mehatxatuak. Aldiz, Pays bezalako egitura juridikoaz eztabaida zabaldu da, baina gaia ez dagokigu guri soilik. Egitura juridiko horren eskumenak kenduko balituzte, gure desmartxan eragingo luke, baina erreforma ez da bereziki Euskal Herriarendako egina izanen.
 

Edouard Balladurrekin mintzatu ondoren, zein ondorio atera duzue?


Guk hiru egoera aurreikusi ditugu: lehena, Pays izendapena kentzea. Estatutu juridikoa aldatzea arrisku handia litzateke gure desmartxarendako. Bigarrena, aurrekoaren ondorioz, Erreformak Erregioaren eta Departamenduaren eskumenetan eragiten badu, parlamentariek eta tokian tokiko hautetsiek erabaki beharko dute. Hirugarrena, guk ezin dugu ulertu Euskal Herriaren garapena antolaketa berezkorik gabe. Eskema Korsikakoaren antzekoa da: instituzionala. Guk esperimentatze bidean segitzeko nahia adierazi diogu Balladurri.
 

Abertzaleak eragile biziak dira desmartxan. Alta, haietako batzuek kritika hau egin ohi dute: “Parte hartzen ahal dugu, baina ezin dugu erabaki”.


Abertzaleak biziki garrantzizkoak eta dinamikoak dira, berezko historia dute. Nik arreta handiz entzuten diet. Laborantza Ganbarak, konparazione, bere rola eta espresio lekua ditu ekimenean. Garapen Kontseiluan ez balego okerrago litzateke denontzat. Baina departamendu baten instituzioak hobetuko lituzke ditugun bitartekoak? Nik edukinontzia baino, edukia hobesten dut. Botila batean edo bestean izateak baino, edukiak du munta. Edukiaren alde ari naiz, ditudan bitartekoekin. Ez naiz haatik abertzaleekin gatazkan ari, estrategia kontua da beste ezer baino.
 

Zure aburuz, Ipar Euskal Herria irits liteke erakunde berezi bat izatera, Garapen Kontseiluaren bitartez?


Ordezkari sindikala izan naizen aldetik eta ikuspuntu afektibo batetik ez da nire kezka. Batera plataformaren desmartxari lotua da CFDT sindikatua, eta bere aldarrikapenak sostengatu ditut. Orain beste erakunde publiko batean ari naiz, Hautetsien Kontseiluarekin elkarlanean. Egun sinbolo afixatuez harago joan behar dugu, Euskal Departamendua izango bagenu ez luke ezer aldatuko gure desmartxan. 2020 Lurralde kontratuak, edozein dela ere bere mekanismoa, Euskal Herriaren beharrak eta xedeak betetzera eramaten gaitu, emeki-emeki bada ere. Ondo da errebindikatzea, baina pragmatikoki zer egin dezakegu uneon? Nire aburuz: obratzea. Eta gu horixe egiten ari gara, proiektuak egikaritzen eta obratzen ari gara.
Garapen Kontseilu berriak urtebete
Hamar lagunek osatutako talde batek dinamizatzen ditu Garapen Kontseilu berria eta Hautetsien Kontseilua. Garapen Kontseiluan Philippe Arretz zuzendariordearen ondoan Beatrice Ardoin ari da. Bi kontseiluen loturako teknikari burua Battita Boloquy izaki. Jean-Baptiste Etchetoren ondokoa Caroline Phillips da, lehendakariordea; Pierre Mendiburu diruzaina izaki. Lan talde honen berezitasuna, sindikalgintzan aritutako lehendakaria eta lehendakariordea –MEDEFeko (enpresen eta nagusien ordezkaritza) ordezkaria– elkarlanean aritzea da; diruzaina euskal enpresako kide kualifikatua delarik. Eztabaida eta kontsentsua sustatzea, ekimena birfinkatzea, barnealdera hedatzea eta eragileen arteko oreka zein kide berriak engaiatzea bilatzen ditu taldeak.

Azkenak
“Ukrainako gerra gelditu behar da, nahiz eta lurraldea galdu”

Esta gerra no termina en Ucrania (Gerra hau ez da Ukrainan amaitzen / Katakrak) liburua idatzi berri du Raúl Sánchez Cedillok (Madril, 1969). Ukrainarren defentsarako eskubidea ulertuta ere, gerra gelditzea aldarrikatzen du, hori delako modu egokiena ukrainar... [+]


Hautsa finkatzen denean

Jendearen joan-etorria etengabea da Jordaniako Mafraq erdiguneko kale eta dendetan 11:00ak jo berri direnean. Trafikoaren zalapartak eta martxa motelak gauzak patxadaz eta arnas sakon batek akuilatuta hartzera behartzen gaitu. Zaatariko errefuxiatuen kanpalekutik hamabost... [+]


Aldirietako trena. Helmuga: Durango

Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu,... [+]


2022-12-11 | Jon Torner Zabala
Gazteak eta sare sozialak
Erakusleiho digitalean eta hari begira haztearen berezitasunak

Teknologia digitalaren garapenak aldaketa handiak eragin ditu harremanetarako moduetan eta gure nortasuna osatzeko prozesuan. Interneten zer kontsumitu eta sare sozialetan zein rol jokatzen dugun, horiek ere definitzen dute nor garen. Areago ingurune digital batean jaio diren... [+]


2022-12-11 | Nicolas Goñi
COP27-ak klima kudeatzeko eredu falta eta legedia ekonomikoen indarra agerian utzi ditu

Aurten Egipton iragan den COP27 gailurrak emaitza gazi-gozo bat eman du: klima aldaketaren aurrean estatu zaurgarrienen galerak eta kalteak konpentsatzeko funts baten sorrera. Garaipen historikoa izanik ere, funts hori oraindik mekanismo ahula da, eta zehaztu gabeko osagai asko... [+]



Irakurrienak
ASTEKARIA
2009ko apirilaren 05a
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude