Ongi Etorri klubera


2009ko martxoaren 29an
Aingeru Epaltza
Josu Santesteban
Boto bakoitzaren garrantzia apalesten dutenek izan zuten zer ikasia: Araban, papertxo bakarrak eman zion PSEri azken diputatua, EAri bere bigarrena kenduta. Dena den, hori huskeria da hauteskundeetara etxeko lanak eginda eta norbere ahalmenen mugak jakinda aurkeztu beharraz azken bozketek utzi diguten oroigarriaren aldean. EAren apustu bakartiak bera hondora eraman ez ezik Erkidegoaren etorkizun hurbila ere bihurrarazi du. Egizue alderdi horrek eta EAJk ateratako botoen baturaren proiekzioa.
 
Martxoaren 1eko itzulipurdia ez zaio soil-soilik Alderdien Legeari egozten ahal, ezta Arabaren gehiegizko ordezkapenari ere, bertze bi herrialdeen aldean. Kalkulagailuak suelto ibili dira herri honetako puska abertzalean. “Nagusi gara beti. Iruzurra egin digute!”. Konstituzionalisten garaipena herren dabil, bai, legitimotasunez. Hala ere, merezi du matrakarekin tematzeak? Legeriaren bultzadarik gabe ere, noizbait gertatzekoa zen. Indarrez aspaldidanik ez dira elkarrengandik urruti bi bloke zorionekoak. Abertzaletasunak, bere lorpen historiko guztiengatik ere, funtsezko arazo bat utzi du zuzendu gabe. Urtez urte goiti joan da bortizkeria politikoaren aferaren konponketa bertzeen esku utzi behar zela uste dutenen kopurua. Amets soberanisten eta musika bertsuko planen zurrunbiloan harrapatua, ez da hori ikusi nahi izan. Berandu heldu dira negarrak.
 
Iruñetik ordubete dut Donostiara edo Gasteiza. Berrogei minutu gehiago Bilbora. Garraiobideak franko hobetu dira Euskal Herrian. Galaxia ezberdinetakoak ematen dugu, alabaina. Mendebaldeko abertzaleek ez dute maiz Nafarroako ispiluan beren buruari so egiteko lana hartzen. Begiratuko ziren halako zulo batzuetan erortzetik. Bertzeak bertze, ez genuke auzo lotsarik pasatuko, EAJko burukideak ikustean boto gehien lortu dituen alderdiak gobernuan egoteko duen ez dakit zer eskubideren aldarrian. Bertzela geundeke Foru Komunitatean, 2007an UPN oposiziora igorri bagenu, alderdirik bozkatuena izanagatik ere. Bertze ikaskizun bat mapa politikoaren atomizazioari dagokio. Boto emaileak elkarbiltzeko ahalegina saritu ohi du; zigortu, berriz, ñabardurak hanpatzen dabilena.
 
EAJk Basagoitiri egin dion eskaintzak dena hankaz goratzen ez badu, EAEko erakunde nagusietatik kanpora egonen dira abertzaleak hurrengo lau urtean. Zartakoa hartuko dugu euskarari bertzelako etorkizuna desio diogun guztiok, Erkidegoko, Nafarroako nahiz Iparraldeko. Latza izanik ere, latzagoa izanen da laztasun horretan ikasbiderik ez badugu. Hogeita hamar urtean diru laguntzez ongixko horniturik ibili den euskal kultura aterpe deserosoagora etortzea ez da tragedia erabatekoa izanen, gure lorpenen eta gure mugen gaineko gogoeta piztuz gero. Abertzaletasun politikoak ariketa bera egin behar luke, listoia garaien ezarri dutenengandik hasita.
 
Nafarroan, akordioa bilatu genuen duela bi urte espainiar sozialistekin. Euskaltzaletasun baztertua erakundeetara eramateko bidea zen; bertzelako Nafarroa bat eratzeko apustua, funtsean, atxikipen desberdineko jendeen artean hitzarmena eginda. Ez zen aitzina atera. Auskalo noiz izanen dugun berriz halako egokierarik. Ez bederen, EAEn gauza bera gertatzea ezinezkoa den artean. Horretaz hausnarketa egiteko aukera emanen dute agian hurrengo urteek.
 
Hego Euskal Herriko Mendebaldea eta Ekialdea baturik amestu dugu, euskaltzaletasunaren aterbean. Espainoltasunak hurbilduko gaitu elkarrengana. Hiru hamarkadatan metatu ditugun huts, akats eta hanka-sartzeek (ere) ekarri gaituzte hona.
 
Anai-arrebak, ongi etorri klubera.

ASTEKARIA
2009ko martxoaren 29a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude