Ikerketa, garapen eta berrikuntza sozialak (Javier Echeverria)


2009ko martxoaren 29an
Javier Echeverria
Javier EcheverriaJavier Echeverria
XX. mendeko azken hamarkadetan, zientzia akademikoa I+G+b (ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza) sistemen barruan txertatu da. Horrek egitura aldaketa garrantzitsuak eragin ditu unibertsitate eta ikerketa zentro publiko nahiz pribatuetan. Eredu linealari jarraiki, ikerketa zientifikoaren gainetik garapen teknologikoen eta berrikuntzen sorrera lehenestea da aldaketa nagusietakoa. Gure ustez, eredu horri gizartearen G-a erantsi behar zaio eta, horrenbestez, emaitza I+G+b+G litzateke eta, egokiago, GIGB, kasu horretan gizartea aurrerapen zientifiko-teknologikoen eta berrikuntzen jatorri eta hartzaile nagusi bihurtzen baita.

Egungo zientzialariek aurrekoek bezala ikertzen jarraitzen dute, baina ezagutza bilatzeak helburu izateari utzi dio eta bitarteko bilakatu da. Ikertzaileak kontratatzen dituzten enpresen eta erakundeen menpe daude hertsiki, behatzeko, neurtzeko, esperimentatzeko eta kalkulatzeko behar diren baliabide ekonomikoak eta ekipamenduak ematen dizkietelako; eta, gehienetan, oso garestiak izan ohi dira. Drucker-en hitzetan, ikerlariak ezagutzaren langile bihurtu dira, eta ezagutzaren negoziotan edo ezagutzaren ekonomian aritzen diren enpresentzat lan egiten dute. Enpresa teknozientifiko horiek, publikoak zein pribatuak, egungo I+G+b sistemen oinarrizko osagaiak dira eta helburu zehatzak dituzte. Ekoizten duten ezagutza zientifikoak ez du soilik enpirikoki egiaztatuta egon behar; horrez gain, erabilgarria izan behar du eta, ahal izanez gero, baita errentagarria ere. Ezagutza zientifikoa beste helburu batzuk lortzeko bitarteko bihurtu da. Zientziaren ethosari (Merton) beste balio sistema bat gailendu zaio, maiz balio ekonomiko eta enpresarialetan oinarritzen dena, baina baita politiko eta militarretan ere. Beste ezer baino lehen, ikerketa aplikatua sustatzen da, ondasun epistemikoez gain, bestelako ondasunak ere sor ditzakeelako, finantzazioaren zati bat oinarrizko ikerketan erabiltzeari utzi gabe. Herrialde garatuenetan, I+G-n egiten den inbertsio pribatua inbertsio publikoaren bikoitza izan ohi da. Enpresa teknozientifiko nagusiek burtsan kotizatzen dute eta emaitza ekonomikoak nahiz politikoak epe laburrean lortu nahi dituzte.

Euskal Herriari dagokionez, aldaketa hau azken 30 urteotan gertatu da, erritmo bizian, gainera. Lehenago zeuden Fakultate eta Eskoletatik abiatuta (Sarriko, Industrialak, Magisteritza), 70eko hamarkadaren amaieran EAEn Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zen eta, egun, autonomia erkidegoko oinarrizko ikerketaren ia %90 bertan egiten da. Gero Mondragon Unibertsitatea sortu zen, argi eta garbi ikerketa aplikatura bideratua eta talde industrialari hertsiki lotuta. Nafarroako Foru Erkidegoak Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortu zuen 1988an eta hasieratik ingeniaritzak garrantzi handia izan zuen bertan, baina Nafarroako Gobernuak lehenago zegoen Unibertsitate pribatua gogor sustatzen jarraitu zuen. Ipar Euskal Herrian, Baionako Politeknikoak gero eta garapen handiagoa lortu du. Hala ere, ekimenik zabalena eta eraginkorrena Eusko Jaurlaritzak, Industria Sailaren ekimenez, Teknologia Zentroen sarea sortzea izan zen. Laburbilduz: aldaketa muturrekoa eta azkarra izan da. I+G+b erakunde garrantzitsuak sortu dira, baita geroz eta enpresa pribatu gehiago ere, eta horietako asko Parke Teknologikoetan bildu dira. Euskal gizartea, landatarra, merkataria eta industriala izatetik, teknozientifikoa ere izatera iragan da.

Informazio eta komunikazio teknologiak aldaketa horren abangoardia izan dira, ia erakunde, elkarte eta enpresa guztietan zabaldu baitira, baita gizartean ere. Espainian eta Europan bezala, Euskal Herrian ere gainditu gabeko erronka gizarte eta giza zientziak dira. Orain arte, teknozientziek garapen teknologikoa, ekonomikoa eta enpresariala lehenetsi dute. I+G+b sistemek gizarteaz arduratzen hasi eta GIGB bilakatu behar dute. Horrek gizarte zientziei buruzko ikerketa sustatzea eskatzen du, baina baita ikerketa hori garapen eta berrikuntza sozialera bideratzea ere. Etorkizuna garapen eta berrikuntza sozialak dira, hau da, teknozientzia sozialak.

Javier Echeverria Ikerbasqueko ikertzailea da, EHUko Soziologia II saileko kidea eta zientziaren filosofian aditua

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikerketa eta Garapena
2022-12-26 | ARGIA
Zuhaitz zaharrek uste zena baino bi aldiz karbono gehiago gordetzen dute, ikerketa batek erakutsi duenez

Oxfordeko unibertsitateko irkerlari talde batek puntako teknologiak erabili ditu zuhaitz zaharrek metatutako karbonoa kalkulatzeko eta orain argitaratu berri duten txostenean erakutsi dute, eraitsitako baso zahar hektarea bakoitzeko alferrik galtzen (eta atmosferara isurtzen)... [+]


Alzheimerra ikertzeko zentroa sortuko dute EHUk eta CITA fundazioak

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta CITA-Alzheimer fundazioak garatutako proiektuak gaixoen bizi kalitatea hobetzea eta etorkizunean prebentziorako metodoak bilatzea du helburu.


2020-05-24 | Estitxu Eizagirre
Ugo Mayor Martinez
"PCR test masiboak egingo balira, ez legoke jende guztia eduki beharrik konfinatuta"

Apirila hasieran jakin genuen berak koordinatutako ikerlari taldeak COVID-19 atzemateko PCR proba bat garatu zuela, eskas ziren test komertzialik behar ez duena. Munduko Osasun Erakundeak test masiboak egitea gomendatzen du koronabirusaren hedapena saihesteko eta hala egin dute... [+]


2020-04-10 | ARGIA
Euskal ikerlari talde batek Covid-19a atzemateko test berria sortu du

EHUko hainbat sailetako zientzialari sare batek, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin batera, Covid-19 atzemateko 'RT-PCR' test bat garatu du, 15 euro balioko duena eta emaitzak lau ordutan... [+]


Estrategia

Euskal Herrian dauden administrazio publiko guztiek, eta nabariki Eusko Jaurlaritzak, euren estrategia industrialean digitalizazioa erabiltzen dute ardatz gisa. Honen oinarrian dagoen ikerketa ere digitalizazio ahalik eta aurreratuena egitera zuzenduta dago.

Euskalgintzak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude