1981eko irailean argitaratzen hasi zen fotonobelaren aurkezpena.
1981eko irailaren 13ko aleak berrikuntza harrigarri baten berri eman zuen: aldizkariak, hurrengo zenbakitik aurrera, Azkenean zu ere bueltatuko zara izenburuko fotonobela eskainiko zuen astero-astero. Eta lanaren kredituak ere eman zituzten: aktore nagusiak Maite Sagarzazu eta Eneko Olasagasti izan ziren; argazkiak Luis Otaegik egin zituen; eta gidoigile, zuzendari eta errealizazio lanetan Mikel Antza, Josu Landa eta Iñaki Uria aritu ziren.
Fotonobelak Ane eta Xabierren gorabeherak kontatu zizkien irakurleei. Anek, etxetik alde egitea erabaki eta auto-stop egiten ari dela, Xabierrekin egingo du topo. Hauxe, Xabierren burutazioa Ane bide bazterrean ikusten duenean: “Joño, neska bat auto-stop egiten: roilo polita izan daiteke. Bainan ez, beste edozeinentzat igual, bainan nik ez dut horrelakoekin liatzeko gogorik”.
Argazkidun sugetzarra 1982ko maiatzean bukatu zen eta, nola ez, amaiera ederra izan zuen: “Musu baten bidez sinatu zuten beren maitasuna, eta begirada leunen bidez erabaki zuten ezkonduko zirela, behin ere berriro ez separatzeko”.
Atal bitxiaren arrakastak-edo bultzatuta, hurrengo zenbakian beste fotonobela bat iragarri zuten: “Datorren astean, argazkinobela berria, hobea eta motzagoa: Esnatzearen burruka luzea”.
Borroka ez zen hain luzea izan eta 1982ko irailetik aurrera ez zen fotonobelarik argitaratu astekarian. Baina, nork daki, azkenean, fotonobela ere bueltatuko al da?