Etxauri

Iruñerriko txikiena euskalduntzen aitzindari

  • Hizkuntzaren ordezkatze prozesua berehala gertatu zen Etxauribar bailaran XIX. mende hasieratik aurrera. Eskualdeko euskalduntzean Etxauri udalerria da aitzindaria. 2001ean udalerriko haurren erdia baino gehiago euskalduna zen.
Saioa Labaka
2009ko martxoaren 22a
Etxauri
Etxauribar eskualdean azkar galdu zen euskara XIX. mende hasieratik. Gauzak aldatu dira: Etxaurin, 1986an %5,7 ziren euskaldunak, eta 2001ean %14,9. Batik bat haur eta gazteek berreskuratu dute euskara. Argazkian: euskarazko jolas tailera Etxaurin.Josu Astrain
Nafarroa erdialdean dago Etxauri, Iruñerriko eskualdean. Etxauribar izeneko bailara historikoan kokatua dago, Etxarri, Bidaurreta, Ziritza, Belaskoain, Ubani, Arraitza eta Zabaltza herriekin batera. Arga ibaiak zeharkatzen du bailara osoa ipar-hego norabidean. 870 biztanle bizi dira bailara osoan, eta Etxauri da udalerririk jendetsuena; 567 pertsona bizi dira han. Nafarroako hiriburutik 15 kilometrora dago, eta hango biztanle gehienak Iruñerriko beste herrietara eta Iruñera joaten dira lan egitera. Etxauri, bailarako udalerri nagusia bada ere, ez da inguruko merkataritza eta zerbitzu gunea, denda bakarra eta bizpahiru taberna baitaude bertan.

Miquel Gros i Lladós soziolinguista katalanak 2007an Recuperación del euskera en Navarra liburua plazaratu zuen, eta han Nafarroako udalerrietan euskarak 1986-2001 urte bitartean izan duen bilakaera aztertu zuen. Grosen arabera, XIX. mende hasiera arte, Iruñerria euskalduna izan zen, oro har. Handik aurrera etorri ziren aldaketak eskualdera, eta Etxauribar bailaran hizkuntzaren ordezkatze prozesua laster batean gertatu zela dio.

Etxauriko euskaldunen kopurua 1986tik 2001era bitartean ia hirukoiztu egin dela azaltzen du Grosek bere ikerketan, eta berezitasun hori azpimarratu egiten du. Egileari bitxia iruditzen zaio, Iruñerri osoan biztanle gutxien duen ingurua izaki, euskalduntze prozesuan aurrendaria izatea. Era berean, nabarmentzekoa iruditzen zaio udalerriak euskararekin izan duen kontzientziazio maila altu hori ere. Soziolinguistaren arabera, 1986an %5,7 ziren euskaldunak, eta 2001ean, berriz, %14,9.
Soziolinguistika Klusterrak eta Aztikerrek elkarlanean egindako euskararen datu estatistikoen biltegi bat da Euskararen Datu-Basea, eta han topa daitezkeen azken datuen arabera, 2001ean, haurren hizkuntza gaitasunari dagokionez, %54,5 dira euskaldunak, %14,5 ia euskaldunak eta %30,9 erdaldunak. Etxauriko 2-14 urte bitarteko haurretatik erdiek baino gehiagok euskaraz jakitea, berreskuratze ikusgarriaren adierazlea dela esan daiteke.

Etxaurin ez dago eskolarik eta hango haur gehienak D eredua eskaintzen duen Iruñeko Sanduzelai ikastetxe publikora joaten dira autobusez. Badira bi urte Orkoiengo San Migel ikastetxeak D eredua eskaintzen duela Haur Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan, eta bertara ere hasi dira joaten haurrak. Egun, Etxauriko haurren %95ek ikasten dute D ereduan. Oro har, Etxauriko gurasoek euskararen aldeko jarrera positiboa daukate; eta gero eta guraso gehiago dira euskaldun berriak. Datozen urteetan guraso bihurtuko den belaunaldia D ereduan ikasitakoa izango da hein batean, eta aurreikus daiteke honek guztiak haur euskaldun gehiago ekartzea. Euskararen aldeko kontzientziazioa gero eta handiagoa da herrian. Hala, euskararen aldeko katea luzatzen ari da, nolabait. Euskararen Datu-Baseko informazioaren arabera, 2001ean Etxauriko helduen %8,1 ziren euskaldunak eta %16,3 ia euskaldunak. 25-64 adin tarte horren hizkuntza gaitasunaren bilakaera ere positiboa da urtez urte. Etxauriko adinekoen taldea da, aldiz, 2001ean euskaldunik ez zuen talde bakarra.

Eremu mistotik euskaldunerantz

1986ko Euskararen Legearen arabera, Etxauri Nafarroako eremu mistoan dago. Eremu honetan euskara ez da ofiziala; baina, era berean, Administrazioan eta Hezkuntzan zenbait erabilera ofizial aurreikusita daude. Herritarrek, Administrazioari zuzentzeko garaian, euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea dute, baina Administrazioa ez dago behartuta euskaraz jakitera, eta, hortaz, euskaraz erantzutera ere ez. Hezkuntzari dagokionez, berriz, derrigorrezko eskolatzean euskarazko adarrak sortzeko aukera egon badago, eskari nahikoa badagoela frogatuz gero.

Miquel Gros i Lladós soziolinguistak Nafarroako udalerrien euskararen egoera aztertzeaz gain, 1986ko Euskararen Legeak ezarritako eremuen banaketa ere aztertu zuen liburuan. Nafarroako Gobernuak hiru hizkuntz eremuen banaketa nola egin zuen azaltzean, laburki eta orokorki bada ere, hauxe zioen: euskararen ezagutza %10 baino gehiagokoa zuten udalak eremu euskaldunean sartu zituela, %5 baino gehiagokoak eremu mistoan eta %5 baino gutxiagokoak erdaldunean. 1986ko mapa linguistikoa berrikusi eta aldatu beharra dago, Grosen iritziz. 2001eko galdeketaren datuak ikusirik, eremu euskalduna hegoalderantz mugitu beharko litzatekeela ondorioztatzen du, eta kasu honetan Etxaurin euskarak ofiziala izan beharko lukeela ere gaineratzen du. Esan bezala, Etxaurin %14,9 ziren euskaldunak orain zortzi urte.

Euskara sustatzeko ekintzak

Etxaurik, Orkoiengo, Oltza Zendeako eta Bidaurretako udalekin batera, Euskara Zerbitzua dauka, eta Orkoienen zentralizaturik dago. Euskara Zerbitzuak euskara sustatu eta normalizatzeko programak diseinatzen eta garatzen ditu; bai udal administrazioetan, baita osatzen duten udalek barne hartzen dituzten udalerrietan ere. Programa horietako gehienak Nafarroako Euskara Zerbitzuaren Sarearen barnean dauden gainerako Euskara Zerbitzuekin batera egiten dira. Sentsibilizazio kanpainak egiten dira: haurren eta helduen matrikulazioetarako, transmisioaren inguruko kanpainak, Administrazioan euskararen erabilera sustatzeko kanpainak eta abar.

Etxauriko Udalaren politikak euskararen aldeko hautua egin izan du azken urteetan. Ahalegin berezia egiten da haurrentzat eta gazteentzat zuzenduriko jarduerak eta egitasmo kulturalak euskaraz izan daitezen. Esaterako, Etxauriko 3-12 urte bitarteko haurrek euskaraz eskaintzen den ludotekara joateko aukera dute; D ereduan ikasten duten haurrei zuzendua dago. Iruñerrian euskara hutsez eskaintzen den ludoteka bakarra da hau. Astean hiru egunez eta arratsaldez dago irekita, eta larunbatetan ere zabalik egoten da. Ludotekak haurrak jolastu ahal izateko eta ongi pasatzeko guneak izaten dira, eta euren trebetasunak, ahalmenak eta nortasuna garatzeko ere baliagarriak dira. Egitasmoaren xedeak euskara ikasgeletako lau horma artetik nolabait ateratzea eta jolasen bidez hizkuntza komunikazio-tresna ere badela ikusaraztea dira.

Berezia da Etxauriko kasua; izan ere, gisa honetako jarduerek bertan izaten baitute harrerarik eta erantzunik onena, inguruko udalerriekin erkatuz gero.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude