Mitxel Sarasketa

«Batzuetan faltan botatzen dut kartzela»

  • Dolarearen parekoa omen da kartzela, baina zorionez, dolareak ez ditu
    sartzen dizkioten pieza guztiak xehatzen.
Sustrai Colina
2009ko martxoaren 15a
Mitxel Sarasketa
Dani Blanco

Eibarren eta eibartarren izaerak bereziak direla entzun izan dut beti.


Lehen bai, gaur uniformetasun handiagoa dago. Nire txikitako Eibar garapen industrial ikaragarriko herria zen. “Eibar la ciudad del dólar” esaten zuen Alfredo Amestoy telebistako aurkezle ezagunak, eta egia zen. Garai hartan langile batek Eibarren Euskal Herriko enpresa edo industrietan baino askoz diru gehiago irabazten zuen, bikoitza ere bai zenbaitetan. Langile tradizioa eta boom industriala batu ziren eta horrek sekulako hazkundea ekarri zuen. Pentsa, orduan 50.000 pertsona zeuden Eibarren erroldatuta, eta gaur egungo zifra 30.000ren inguruan ibiliko da. Eibar beti izan da industria gune euskaldun bat. Tailerretako lexikoa beti erabili izan da euskaraz Eibarren. Agian, tailerrak herrigunean zeudelako, gaur egungo bebarru eta beheko pisuetan. Horiek hala, berezko historia eta tradizioa duen herri batean, jendea kalean patrikan dirua duela badabil, normala eibartarrei harrokeria leporatzea.
 

Zuen belaunaldira tailerrak heldu ziren, euskara ez, ordea.


Gurasoak euskaldunak ziren, euskaldun peto-petoak, baina hala ere ez ziguten euskararik pasa. Etxean aitaren familiak agintzen zuen gehienbat eta amamak haurrei euskaraz erakusteari atzerapena irizten zion, berak erdaraz ez jakin arren. Garai hartan, ez gure koadrilan, ez Eibarko kalean, ez zuen inork euskaraz egiten, nahiz eta batzuek ondo baino hobeto jakin. Pentsa, lagun bati guraso kabroiak zeuzkala esaten genion, etxean euskaraz mintzatzera derrigortzen zutelako. Gerora, ordea, gertutasunagatik, eta euskalduntzeko edo berreuskalduntzeko mugimendua pare-parean egokitu zitzaigulako, nahiko erraz ikasi genuen.
 
Kaleko langile giro hark piztu zizun kontzientzia politikoa?
Etxean, ama nazionalista zen, EAJren tradiziokoa. Aitak gudarien bandoan egin zuen gerra, hala mobilizatu zutelako. Beste bandoan tokatu izan balitzaio auskalo zer egingo zuen. Etxean ez geneukan giro politikorik, baina bai galtzailearen ikuspegi politikoa. Kalean, ordea, giro konkretu bat arnasten zen. Eibar beti izan da kontzientzia eta militantzia politiko handiko herria. Guk batetik eta bestetik jaso genuen Euskal Herriaren ideia mitiko bat egiteko beste, langileen grebak eta protestak geure begiz ikusten genituen, ikurrina azaltzeak sortzen zuen aztoramendua sumatzen genuen... Hizkuntzaren kontzientziarik ez geneukan, baina bestelakotik osatzen ginen.
 

Kontzientzia politiko horri bide emateko sartu zinen ETAn?


Garai hartan bide politikoak koadrilatan markatzen ziren. Nahikoa zen koadrilako bat mugimendu komunistan sartzea koadrila guztia komunista izateko. Gure lagun taldea gehienbat abertzalea zen, nahiz eta tartean guardia zibilen semeak edo kanpotik etorritako jendea egon. Sasoi haietan, sozialistek oso modu abstraktuan egiten zuten lan, EAJren militantzia ezkutukoa zen, eta kaleko saltsan, ETA, ezkerreko asanblistak eta komunistak baino ez ziren ibiltzen. Guk oso modu naturalean hartu genuen erabaki hori. Pentsa, gure koadrilatik ETAko bi komando atera ziren. Dena den, denboraren talaiatik begiratuta, ohartzen naiz orduan ez zuela inork ezer esaten ETAn sartzeari buruz, erabaki arrunt samarra zela. Gaur egun, aldiz, asko entzuten da gazteak helburu politiko batzuk lortzeko engainatzen dituztela, sekta moduko bat dela, denak manipulatuta daudela... Erabaki hori ezin liteke ulertu barrutik sentitzen ez baduzu. Gure garaian ere, ez pentsa ETAko militante izatea bizitzaren arrakasta bilatzea zenik. Ikuspegi askotatik da ulertezina gazte batek bere bizitza hipotekatzea nekez lortuko duen helburu baten alde. Gure garaian idealismoarekin gauza asko justifikatzen ziren, egun ordea, ematen du idealismoa ez dagoela modan. Horregatik, garbi dudana da, zuk zure bizitzan hartzen dituzun erabakiak barru-barrutik hartu behar dituzula, eta hortik soilik direla ulergarri. Zuk gogo edo nahi hori sentitzen ez baduzu nekez ulertuko duzu erabaki hori. Erabaki horiek markatzen dute bizitza, eta ni gustura nago orain arte izan dudanarekin.
 

Nola gogoratzen duzu 1978ko abenduaren 14a, atxilotu zintuzten eguna?


Harrigarri samarra izan zen. ETAko kide liberatua nintzen, Oreretako etxe batean geunden, jaiki berritan, gosalduz Diario Vasco irakurtzen. Atea jo, ireki, eta kaleko arropaz jantzitako polizia sartu zen pasillotik metraileta eta guzti. Arraroa egin zitzaidan, ez nuen halako eszenarik espero, pelikula bat iruditu zitzaidan, beldurrik ere ez nuen pasa. Berehala konturatzen zara, ordea. Zure burua kokatzen saiatzen zara, nondik nora heldu diren zuregana igartzen. Jakina, etxean Joxe Miguel Azurmendi eta biok atxilotu gintuzten, baina une hartan taldeko beste lau kide beste etxe batean zeuden. Beste etxe hartara joaten baziren barrabaskeria gerta zitekeela neukan buruan. Geunden etxetik mendira eraman ninduten, kolpeka hartu, handik komisariara...
 

Orduko kalabozoak ere ez ziren hotelak izango...


Etengabeko tentsioan egon nintzen. Gurekin batera hainbat jende erori zen, eta ez da erraza hori eramaten. Gerora pentsatu izan dut behar baino gauza gehiago kontatu nituela, baina era berean, gauza asko kolkorako gorde nituela. Hor ikusten duzu tortura zer den, nola jokatzen duten zurekin, nola desegiten zaituzten. Memento batean argazki bilduma bat eman zidaten eta ezagutzen ez nuen argazki bakoitzeko kokotekoak eta muturrekoak ematen zizkidaten. Heldu zen une bat desiratzen nengoena baten bat ezagutzeko. Orduantxe erakutsi zidaten etengabe atxilotzen zuten Eibarko delinkuente xelebre baten argazkia, eta nik herrikide eta adinkidea nuenez, ezagutzen nuela esan nuen. Bi aldiz kolpe gehiago jo zidaten. Torturaren bidez zeu ez izatera eramaten zaituzte, menpekotasunak sortzen dizkizute, dakizuna esateko gogoa piztu. Ulergaitza da zure larruan bizi izan ez baduzu. Horregatik da oso gaitza torturari buruz hitz egitea. Torturaren sentimendua ez dago pertsonaren arrazonamendu logikoaren barruan. Itzela da kontatu nahi duzuna ezin kontatu ahal izatea, eta ezin horretan, pasatakoak birbizitzea. Nire kasuan, dena den, atera zidaten informazioak izorratzen nau gehien. Oso gogorra da beste norbait inplikatzea, errudun sentsazio asegaitza uzten dizu. Kartzelan “hau agian saihestu nezakeen” pentsatzen zuen jende asko ikusi dut.
 

Askok esaten dute komisariatik kartzelara heltzea askapen sentsazioa dela.


Topikoa izango da, baina egia galanta. Ni egun bakarrean egon naiz kartzelan egotearekin pozik: lehenengoan. Pentsa jendeak nolako marroiak jaten dituen komisariatik irteteagatik. Pentsa torturatu guztiek torturatzen dituzten momentuan heriotza desio dutela. Hori atzean utzi eta kartzelara iristea arnas handia da. Berriro ere, pertsona sentitzen hasteko besteko arnasa.
 

Zer da denbora presoarentzat?


Zigorraren neurria. Zuk zer erabakirik ez daukazun bizimodu oso arautuan egotea da kartzela. Leihotik begira jartzen zara eta, zure bizitza bailiran, hodeiak pasatzen ikusten dituzu. Hori da zure denboraren neurria. Askotan iristen zara “zulo honetatik irten barik hilko naiz” pentsatzera, baina hogei urteko kartzelaldian ere denboraren pertzepzioa aldatu egiten zaizu. Gertatzen dena da, kartzelan jendea oso erraz obsesionatzen dela. Ideia bat daukazu ganbaran bueltaka, eta garatu edo bideratu ezin duzunean, zoratu egiten zaitu. Obsesioak obsesio, kartzelan ere ez dituzu bizipenak aurrez bizitzen, tokatzen zaizkizunean baizik.
 

Nola bizi izan duzu zuk sakabanaketa?


Oso kuriosoa da, oso egoera gogorrak pasa ditut, nireak eta bi egin dizkidate, baina ez daukat kartzelaldiaren akordu gogor zehatzik. Sakabanaketarekin berdin. Hasieran, modu kolektiboan eta jende multzo zabaletan egiten genuen dena, eta sakabanaketaren ondorioz bizitza berrantolatu behar izan genuen. Irakurketa, ikasketa eta beste gauzatxo batzuekin nire bizimodua zentratzen asmatu nuen. Hogei urtean 54 aldiz aldatu naute espetxez, eta hamasei kartzelatan izan naiz. Garbi dagoena da kartzelan egoteko ez dugula denok berdin balio. Ameriketako indioak kartzelaratu eta berehala hiltzen ziren, gutako batzuek hamabost eguneko isolamendurik ezin zuten inolaz ere jasan. Nik gauza horiek ondo eraman izan ditut beti, eta alde horretatik, sakabanaketak ez dit gehiegi erasan. Kolektiboari dagokionez, ordea, ikusi genuen egoera gogorretan hartutako muturreko erabakiek epe luzera arazoak sortzen zituztela. Ez ziren arazo politiko edo ideologikoak, pertsonaren izateari lotutakoak baizik. Horregatik erabaki genuen preso bakarrak ezezkoa ematen bazuen, kartzela horretan ez zela borrokaldirik egingo. Funtsean, sakabanaketa presoen kolektiboa txikitu eta desegiteko saiakera nabarmena izan zen, baina kostuak kostu, indartzeko balio izan digula uste dut.
 


Nola bizi da negoziazio aro bat kartzelan?


Zauden kartzelaldiaren puntuaren arabera, baina oro har gauzak zelan doazen jakin barik eta iritzi desberdinen artean. Beti daude, batetik optimistak, Gabonetarako denak kalean egongo garela esaten dutenak, eta bestetik, beltza baino ezkorragoak direnak. Gogoan dut Aljerreko negoziazioak hautsi zirenean batzuk oso pozik zeudela eta beste batzuk etsiak jota. Garbi dagoena da, kartzelan itxaropenak edukitzea oso txarra dela, zapuzten direnean frustrazio handia sentitzen duzulako. Jendeak, kanpotik, kartzela gauza linealtzat jo dezake, baina tartean pertsonak daude, eta pertsonek egun onak eta txarrak izaten dituzte. Kontua da, kartzelan egun txarra duzunean ere ez duzula inora joaterik, eta aurrera egin behar duzula.
 

Zuri 1998ko abenduaren 21ean heldu zitzaizun inora joateko eguna. Sarrionandiaren hitzetan, alta, “preso egon denaren gogoa gartzelara itzultzen da beti”.


Neurri batean egia da. Kartzelara itzultzen naiz lagunen senideak ikusten ditudanean, nirekin barruan egondako jendea oraindik barruan dagoela pentsatzen dudanean, espetxe zigorrak etengabe luzatzen ari direla irakurtzen dudanean... Baina bestelako joera ere badago. Preso zaudenean, ateratzean hau eta hura egingo diezula agintzen diezu preso-lagunei, baina irtetean, beste mundu batean lurreratzen zara.
 

Konponbidean lurra hartuko al du inoiz herri honek?


Konponbidea negoziaketaren bidez planteatzen da, baina nik ez dut halakorik ikusten. Gaur egungo parametro politikoetan ez dut uste Estatuarekin nahi duguna lortzeko bidea negoziatzerik dagoenik. Beste gauza bat da indar politikoek zenbateraino asmatzen duten Euskal Herria aurrera ateratzeko estrategian. Ni berez ez nago autonomiaren aurka. Independentzia eta autodeterminaziorako bidean beharrezko pausoa bada oso ondo, baina espainolak izateko bada ez nau asetzen. Gero bi kontu oso ezberdin dira egoera politikoaren garapena eta gizartearen garapena. Nik beti esan dut zentzu batean kartzelan egoteko zortea izan dudala. Kartzelan oso modu nabarmenean ikusten dira botere harremanak. Oso nabarmen ikusten da agintearekin ondo portatzen dena saritzen eta disidenteak zigortzen direla. Horixe bera egiten dute kalean. Nazkatuta nago kontsumo eta espektakulura bideratutako kultur eredu honekin, nazkatuta bizi-eredu indibidualista eta pasibo honekin, eta hola jartzen naizenean, faltan botatzen dut kartzela.
Nortasun Agiria
1954ko urriaren 26an jaio zen Eibarren. Hogei urteko kartzelaldia bete zuen lehen euskal preso politikoa izan zen. Preso zegoela lizentziatu zen kazetaritzan eta euskal filologian, eta espetxetik hainbat liburu itzuli zituen, tartean Bobby Sands, egun bat nire bizitzan edo Joseba Sarrionandiarekin batera itzulitako Hamahiru ate. Gaur egun, Algortan bizi da, eta itzultzailea izateaz gain, presoen aldeko mugimenduan bere esperientzia ekartzen du.
Nor libreago?
“Sartu berritan, soldaduskako giroaren antza hartu nion kartzelari, baina alde batetik kartzela nahiago dut. Libreagoa da presoa soldadua baino”.
Literatur zale
“Kartzelara sartu aurretik irakur zalea nintzen, eta kartzelan zaletasun horri bide eman nion. Irakurtzeko oso leku egokia da kartzela, eta ni sartu nintzen garaian asko irakurtzen zen. Gaur egun, telebistak daude kartzela guztietan eta askoz gutxiago irakurtzen da”.
AZKEN HITZA
Bizi
“Askotan entzuten dut presoak usteltzen ari direla, eta ez zait gustatzen. Gezurra da. Egoera gogor eta berezian izan arren, presoak bizi dira, borroka egiten dute... Ez dira usteltzen ari”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Sakabanaketa

Sakabanaketa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-08-29 | ARGIA
Presoen gerturatzeak egongo direla dio Marlaskak, baina zehaztapenik eman gabe

Euskal presoen gerturatzeak “jakina egongo direla”, adierazi du Espainiako Barne ministroak, “baina legediaren, objektibotasunaren eta bakarkako irizpideen arabera”. Gaiari buruzko zehaztasunik ez du eman Fernando Grande-Marlaskak, Espainiako Kongresuan egin duen agerraldian.


Foro Sozialak kezka azaldu du espetxe politikan aldaketarik eman ez delako

Foro Sozialeko koordinatzaile Agus Hernanek dio “oso arduratuta” daudela ez dutelako aldaketarik sumatzen espetxe politikan.


2018-07-20 | Mikel Asurmendi
Presoen aldeko bizikleta martxa Mont-de-Marsango espetxetik abiatu da

Mont-de-Marsanetik abiatua da goizean euskal preso politikoen urrunketa salatzeko bizikleta martxa. Parte-hartzaileek Zaballako espetxeraino eginen dute bide astelehenera bitartean.


Marlaskak dio ez duela gerturatze eskaerarik jaso euskal preso politikoen aldetik

Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne Ministroak adierazi du “kasuz kasu” aztertuko dela euskal preso politikoen gerturatzea Euskal Herriko kartzeletara, baina oraindik ez dela elkartu lanketa batzordea gerturatze horiek aztertzeko.


Orain Presoak dinamika
"Salbuespen legedia alde batera utzi behar du Espainiako Estatuak"

Sara Majarenas (1980, Donostia) eta Felix Arrietarekin (1982, Donostia) bildu gara. Sarek bultza duen Orain Presoak dinamikan parte hartzen ari dira. Lehena preso ohia eta indarkeria matxistaren biktima, orain bi hilabete askatu dute; bigarrena, Deustuko unibertsitateko irakaslea da. Lau aldarrikapen zehatzen inguruan babesa bilatzen ari dira eta urriaren 20rako manifestazioa deitu dute Bilbon. Espainiako Estatutik aldaketaketor litezkeela sumatzen den egunetan mintzatu gara beraiekin.


Grande Marlaska tortura salaketen inguruan: "Egia bakarra egia judiziala da"

Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak, zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako tortura salaketen gainean egindako txostena. Eta gaineratu du ez dagoela ebazpen judizialik 4.000 edo 5.000 tortura kasuak eman direla esaten duenik.


2018-07-02 | ARGIA
Hegoaldeko sindikatu guztiak presoak hurbiltzearen alde azaldu dira

Eusko Legebiltzarrean ekainaren 13an eta Nafarroako Parlamentuan ekainaren 29an erdietsitako akordioen ondoren, Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek espetxe politikaren aldaketa eta presoen hurbilketa eskatu dute.


2018-04-06 | ARGIA
Beste bi euskal preso gerturatu ditu Frantziako Estatuak

Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia euskal preso politikoak Lannemezango espetxera lekualdatu dituzte, Etxeratek jakinarazi duenez. Agirregabiria Fresnesen zegoen preso, 930 kilometrora, eta Garitagoitia Poissyko espetxean, 950 kilometrora.


2018-04-05 | Hala Bedi
Dispertsioak eragindako urteko hirugarren istripua salatu du Etxeratek hiriburuetan

Dispertsio politikak Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoaren senideen istripua eragin zuen Aste Santuan. Elkarretaratzeak egin ditu Etxerat Elkarteak hiriburuetan.


2018-03-28 | Axier Lopez
Beste "motxiladun haur" bat jaio da espetxean

Irati Etxebarria Zapirain jaio da Aranjuezeko kartzelan. Guraso biak preso ditu haur jaio-berriak eta momentuz amarekin dago etxetik 500 kilometrotara, Sare ekimenak jakitera eman duenez.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude