Hiru bidaia euskarara

  • Korrika 16k omenaldi ekitaldian dokumental hunkigarria eskaini zuen. Aljeriako Ramik, Baionako Mixelek, Gasteizko Jesus Marik eta Galiziako Tereixak euskararekin izandako harremana kontatzen dute. Ondorengo orrietan Mixele Aguerre elkarrizketatu dugu, eta baita Enrike Díaz de Durana eta Jose Perez ere, euskara ikasteko ahaleginean ari direnak azken biak.
Korrika 15
Korrika 15eko argazkia.
Hala dio Korrika 16ren leloak: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira! Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta transmititu dutenei eskerrak eman nahi dizkie aurtengo Korrikak. Batetik, eskerrak eman egindako ekarpenagatik, eta bestetik, hona etorri eta euskara ikasi duten horien konpromisoa agerian jarri nahi izan dute oraindik ikasi ez dutenak anima daitezen. Bestalde, Korrikak ez ditu ahaztu nahi izan txikitan euskara galdu zutenak, ondoren ikasi eta euren seme-alabei erakutsi dietenak.

Haurra zela euskara galdu zuenetakoa da Baionako Mixele Aguerre. Gero hasi zen poliki-poliki berreskuratzen eta orain AEK-ko langile eta eskolako irakasle da. Korrikak, Orio Produkzioak ekoiztetxearekin batera, prestatu duen dokumentaleko protagonistetako bat da Mixele Aguerre. Bidaia intimoak dokumental horretan lau lagunek euskararekin izan duten esperientzia kontatzen dute. Aljeriako ber-berea den Rami da bideoko beste protagonista. Goizuetar baten bidez Paristik Goizuetan lur hartu zuena. Bertan bizi da, euskaraz. Tereixa Galiziatik etorri zen Bilbora. Ikastoletan irakasleak behar zituztela eta euskara ikasten hasi zen. Orain Asti Leku ikastolako irakaslea da. Jesus Mari ermuarrak ere bere lekukotasuna azaldu du bideoan. Ermutik Gasteiza joan zen bizitzera eta euskara galdu. Urteak pasa ahala berreskuratu du.

Lau horiexek aurten Korrika 16k protagonista egin dituenak, Bidaia intimoak bideo dokumentalaren bidez.

Laster iritsiko zaie laurei korrika egiteko garaia. Tuteratik abiatu eta Gasteiza iritsiko da Korrika, martxoaren 26an hasi eta apirilaren 5ean bukatzeko.
Mixele Agerre: "Beti ukan dut gogoa besteei euskara irakasteko"

Nolako harrera ukan du Bidaia intimoak filmak?


Filma pasatu eta gero nik entzun dudana izan da anitzek nire egoera bizi izan dutela: txikitan euskara genekien, gero eskolan frantsesez egin eta euskara galdu. Garai horretan familietan ez zuten kasu eman lanjer horretan. Beraz, filman ikusten ahal da berreskuratzen ahal dela euskara.

Noiz piztu zitzaizun euskara berreskuratzearen nahia?


Hiru urterekin eskola publikora joan nintzen –nire garaian ez zen elebidun–. Amatxik eta euskara bazekiten, eta nire aitak nahi zuen euskaraz ikas nezan, horregatik, eskola egin eta Kanboko kolegioan, astean oren bat ematen genuen euskaraz. Bertan, hilabeteen euskarazko izenak, urtaroak, eta antzeko gauzak ikusten genituen, baina ez genuen komunikatzen ikasten. Hala ere, talde on bat egin genuen hor, eta horrela, euskal mundua ezagutu genuen. Lagun bat egin nuen, berarekin segitu nuen beti euskaraz, baita Baionako lizeo garaian ere. Berarekin poliki-poliki euskaraz komunikatzen trebatzen nintzen, naturalki, lagun hori beti han baitzen, euskaraz mintzatzeko. Une horietan gogoa etorri zitzaidan euskara sakonago bizitzeko. Gerora, euskara irakasle bilakatu naiz, beti ukan baitut kuriositatea eta gogoa euskara besteei ere irakasteko.

Lanean ez ezik, eguneroko bizitzan ere euskaraz ari zara.


Ene amatxik bazekien, eta haren etxera joaten ginelarik beti egiten genuen euskaraz. Beti atxiki dut euskararen ulermena, nahiz eta banituen zailtasun batzuk hitz egiteko. Ene amarekin segitu dut frantsesez, gaur arraroa egiten zait ene amarekin euskaraz egitea, ez da naturala. Aldiz, nire haurrekin ez zait naturala egiten frantsesez egitea, euskaraz ari naiz. Lanean osoki euskaraz ari naiz, eta lagun askorekin ere bai. Baditut lagun batzuk nire egoera berdinean izanikoak, euskara konprenitzen dutenak baina hizkuntza berreskuratu ez dutenak. Gure artean euskaraz eta frantsesez erdi-erdi aritzen gara, baina egia da batzuetan batengatik frantsesera aldatzen garela.


“Euskaraz bizi nahi dugunon herrira”-k zer diotsu?


Euskaraz entzuten duzularik ezagutzen ez duzun tokian zerbait pizten da, zerbait sortzen zaizu, eta hori magikoa da. Bizipen hori irekitzen ahal da ez bakarrik hemengo jendeei, baizik eta kanpoko jendeei ere bai, euskara ezagutu behar da sentipen horiek bizitzeko. Denek bizi ahal dute esperientzia hori euskara jakinez gero, denei irekia da. Euskaraz ikasten baduzu, euskaraz egiten baduzu euskarak itzultzen dizu zerbait, gauza hori, bizitzen eta arnasten duzun gauza hori. Ongi etorri hori bizi nahi duten guziei, nahi baduzu.

Euskara berreskuratzearen bide horretan baduzu anekdotarik?


Kolegioan nintzelarik talde bikain horretan, trukea egin genuen Leitzako ikasle batzuekin. Hara iritsi ginenean, ikustea mundu hori, guk hemen ezagutzen ez genuena, hau da, karrikan jendeak, gazteak, zaharrak, denbora guztian euskaraz... ni harriturik nintzen! Hartan ez nuen halakorik ezagutzen, eta anitz markatu ninduen, biziki oroitzen naiz. Pentsatu genuen guk ere berdin egin beharko genukeela, eta horrela ere euskaraz egitera animatu ginen. Izan ere, euskara berreskuratzea ez da aski, praktikatu ere egin behar da.
Jose Pérez Maroto: "Euskara helduaroan ikastea oso zaila dela gezur handia da"

Ia 30 urterekin hasi zinen euskaltegi honetan. Ordurako bazenekien euskaraz zerbait?


Eskola publikoan ibilitakoa naiz, A ereduan. Astean hiru orduz ikasten genuen euskara, eta ez zen nahikoa. Gero, 16 urterekin, lanean hasi nintzen. Euskaltegian hasi nintzen orain dela hamabi urte, HABEn, baina ez zitzaidan gustatzen nola ematen ziren eskolak, ariketak eta ariketak egitea zen. Ez zegoen beste ekintza motarik. Eta ez nuen lehenengo ikasturtea amaitu, baina ez arrazoi horregatik.


Berriro saiatzen ari zara hala ere. Zergatik euskara ikasi?


Lehenengo eta behin, gustatu egiten zaidalako euskara. Eta gero, ez dakit, neure burua aberasteko, janzteko. Koadrilako lagunak ikastolara joan dira eta euskaraz egiten dute; askotan egoten naiz haiekin, guztiak euskaraz hitz egiten, eta ni zer? Orain behintzat dakidana erabiltzen dut beraiekin nagoenean, lehen ez nuen ezer ulertzen. Nire bizitzan une inportante bat egon zen alde horretatik: lagun batekin joan nintzen mendira, frantses batekin egin genuen topo eta nire laguna harekin hasi zen ingelesez, baina nik ez nekien, eta pentsatu nuen: “Gaztea naiz, zergatik ez dut ikasi hizkuntza bat?”. Lehenengo, noski, nire herriko hizkuntza da ikasi behar dudana, eta gero besteak, ingelesa edo dena delakoa.

Bitxia da zure lagun taldean euskaraz aritzea denak. Eskualde honetan, ikastolan ibilia izanagatik ere, euskara gutxi erabiltzen da.


Bai baina... Nire lagun batek bereziki, ahal duela, euskaraz baino ez du hitz egiten edozein egoeratan. Primeran iruditzen zait.

Hasierako urratsetan zaude, baina euskalduntze prozesua azkenera arte eramateko determinazioa igartzen dizut...


Bai, bai, bai. Lehenengo ikasturtea amaitu eta gero errepikatu egin genuen batzuek. Nik esan nuen: berriz egingo dut ikasturte guztia, ondo ikasteko. Euskaraz ikasi nahi dut, erabaki tinkoa daukat hartuta.

Oraindik kostatzen zaizu euskaraz jardutea, baina ikasi duzun hori erabiltzen duzu?


Lagunekin bai. Eta erosketak egitean gauza batzuk euskaraz eskatzen ditut. Hara, dendari euskaldun gutxi dago Leioan, zaila da hemen edonon lehenengo hitza euskaraz egitea, nik agurtu beti euskaraz, gero askotan erdarara aldatzen gara, ama hizkuntzara. Gainera lotsatu egiten naiz, iruditzen zait nire euskara beste jendeari txarra irudituko zaiola. Lagunekin ez, haiek zuzendu egiten naute eta gustura, baina ezezagunen artean...

Eta ondo ikasitakoan? Nola ikusten duzu zure burua etorkizunean?


Badakit inguru erdalduna dela hau, eta pentsatzen dut horretara datorrela zure galdera. Nire etorkizuna euskaldun modura? Uste dut gero eta gehiago egingo dudala, eta gero eta hobeto. Lagunak euskaldunak dira, lankide batzuk ere bai... Uste dut nire bizitzaren zati handi bat euskaraz egin ahal izango dudala.

Euskara helduaroan ikastea zailegia dela diote batzuek...


Ez zait hala iruditzen. Hiztegia erraza da, beste gauza batzuk ez hainbeste.... Nire oztopo handiena aditza da, esaterako. Baina euskara helduaroan ikastea oso zaila dela gezur handia da.
Enrike Díaz de Durana: "Pazientzia handia behar du nirekin euskaraz hitz egin nahi duenak"
Barakaldokoa naiz eta / daukat paro obrero / horregatik euskaltegira / noa ni egunero… Enrike Díaz de Duranaren kasuak badu hari bat, euskaltegira eraman zuena. “Zumarragako ospitalean ari nintzen lanean garai hartan, 1999 inguruan. Oftalmologoa naiz, lanbidez. Kontsultan lanean eta ez nuen inorekin harremanetan sartzeko arazorik, baina gaixoarekin nuen komunikazioa ez zen nik nahi bezain erraza. Adibidez esango dizut: agurtzerakoan, bai sartzerakoan eta bai irteterakoan, gaixoek erizain euskaldunari esaten zioten agur, ez niri. Oso egoera xelebrea iruditzen zitzaidan. Ni gasteiztarra naiz eta euskara ez zegoen nire bizitzan, baina Zumarragan bizi nuen egoerak euskaltegira zuzendu ninduen”.

Goizean goiz hasi behar dut / motibazio bila / euskara ez da ingelesa / baina ez dago hila… Zumarragako lan egoera ez ezik, besterik ere erabili zuen gasteiztarrak euskara ikasten hasteko. “Oposizioak ere izatekoak ziren eta jakina zen euskara baloratuko zutela. Eta, orduantxe, euskaltegira. Ordu arte, beti lanean, ez nuen astirik euskarari bi ordu eskaintzeko. Arratsaldeko hiruretan bukatzen nuen lana Zumarragan. Bada, mokadua egin, edo mokadua egin gabe askotan, autoa hartu eta Bilbora joaten nintzen, han bizi bainintzen, eta Juan Mateo Zabala euskaltegira joaten nintzen. Ordu laurden bat berandu, beti”.

Egun askotan pentsatzen dut / hau dela inutila… “Alde batetik, ondo euskaltegian, baina gelan denbora asko galtzen genuela iruditzen zitzaidan. Etxean ikasten ohituta nago, eta ez eskolan hainbeste ariketa egiten. Ikasturte bat egin nuen. Zumarragatik Bilbora egunero, autoan, ziztuan… oso handia zen arriskua”.

Lau gauzak izen bat dute eta / gauza batek lau izen… “Ez naiz baldarra hizkuntzak ikasten, arazorik ez dut inoiz izan frantsesa ikasten, ezta ingelesa ikasten ere. Aldiz, oso zaila iruditu zait euskara. Alderantziz hitz egin beharra! Hitzen bukaeran egotea giltza, esaldiak atzekoz aurrera antolatu beharra… zaila. Uste dut zaila dela lan egin eta euskara ikastea, oso zaila”.

Kokoteraino nago / klaseak aditzen / pegatak ipintzen / ta dirua biltzen / nola sartu nintzen / ez dut konprenitzen / lan on bat bilatzeko / ez badu serbitzen. “Gaur egun euskara ulertzeko gai naiz. Lagunarteko elkarrizketa bat, adibidez, ulertuko dut euskaldun berrien artekoa baldin bada, edo ETBkoa bezalakoa baldin bada. Gaur egun… Galdakaoko ospitalean lan egin dut duela sei hilabete arte eta Gasteizko Txagorritxun ari naiz orain. Han, euskaldunak ziren gaixoetako asko –Gernika, Markina, Durango eta bestekoak–, baina medikuarekin gaztelaniaz egiteko ohitura barneratua dute. Dena dela, euskaraz agurtzen nindutenean era berean agurtzen nituen nik, baina euskaraz segitzen bazuten, ezin izaten nien ulertu. Bermeokoak eta! Nik ezin ulertu! Gasteizko Txagorritxun, berriz, ez dut ia euskararik entzuten… Euskarazko harremanik ez dut lanean. Horraino heldu naiz… Gaur gaurkoz ez dut gehiago saiatzeko asmorik, hamaika eginkizun ditut. Dakidana erabiltzen saiatzen naiz, baina kosta egiten zait, asko: lotsa ematen dit, okerra besterik ez dut egiten hitz egiterakoan, jabetzen naiz horretaz eta ez dut batere ondo eramaten. Denbora behar izaten dut esaldiak osatzen, pazientzia handia behar du nirekin euskaraz hitz egin nahi duenak: nekagarria naiz!”.

Enrike Díaz de Durana Santa Coloma, ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude