Anaia betaurrekodunari jarriak

Aitor Sarriegi
Nagore Legarreta
I

Sarri susmoa izaten dugu
pentsatzera iritsita
kontrol betean bizi garela,
kutxa batean itxita.
Askotan entzun dugu guztiok
Anaia Handiaren zita.
Gaurko anaia handiak berriz
tontakeriak utzita
Orwell-en hura hazi egin du
betaurrekoak jantzita.
 
II

Baina anaia, nor da anaia
inoiz handi izan zena?
Betaurrekoen atzean datza
bere zelatari sena.
Gure lagunen, gure mezuen
kontrolatzaile zuzena,
gure agenda, gure argazki,
bideo eta gauzena...
Betaurrekoen itxura du ta
Google da bere izena.
 
III

Lehen bilatzaile soil bat zen bera,
azkarra eta mardula...
Nahi genuena ematen zigun,
azkarragorik sekula!
Lagun onentzat hartu genuen
ustekabeko pit-bull-a.
Ohartzerako ikusi dugu
sofan eseri zaigula...
Okerrena da etxe barrura
geuk gonbidatu dugula.
 
IV

Bilatzailetik ondoren Gmail
web-posta denen eredu:
Dokumentuak, Egutegia,
gero Youtube-ri heldu.
Talk-ez hitz egin eta Picasa-n
argazkietan gaude gu
eta gainera dena dohainik
zuhur / behartsuon zeru!
Eman, zerbitzu asko eman du
hartu, zer hartu ote du?
 
V

Monopolio kontu hau ez da
lehenengo aldiz aurkeztu:
Jende ugarik jarri du dena
Bill Gates handiaren esku.
Betaurrekodun haren ihesi
sarean ginen babestu.
Hau esan eta nahiz ta ez egon
hura babesteko prestu:
hark aurpegi bat zuen atzean
honek hori ere ez du.
 
VI

Sare handira konektatuta
sentitzen gara askeak:
ez digu axola gure datuak
inoren esku uzteak.
Behar berriek sortzen dituzte
gehiengoaren eskeak.
Merezi al du gure bizitza
gorde asmotan hasteak,
lortu nahi badu lortuko badu
batek ez bada besteak?
 
Doinua: Gure aurreko guraso zaharrak.

ASTEKARIA
2009ko martxoaren 15a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude