argia.eus
INPRIMATU
5
Jakoba Errekondo 2009ko martxoaren 11
Gingko biloba
Hernaniko Goiz-eguzki parkean aparteko babesa duen zuhaitz bat bizi da, ginkgo bat, Ginkgo biloba. Azken karlistadaren amaian (1875 aldera) Hernaniko Udalak inguru horretako zuhaitzak su-egurretarako moztea agindu omen zuen. Gerora landatutakoa izango da, beraz, ginkgo hau. 1875 eta 1896 artean Donostian paisajista lanetan aritu zen Pierre Ducasse baionesak jarria ez bada, haren eraginez behintzat bai. Besteak beste Aieteko parkea, Gipuzkoa enparantza eta Gladys-enea parkea, Hernaniko honen bikia dirudien ginkgoa duena, berak sortu zituen. Hurrengo gerratean, 1936-1939koan, burdinazko bost eskailera maila baldar iltzatu zizkioten gerritik gora, tala gisa, zaintza lanetara gainera igotzea errazteko. Hor ditu oraindik, ia-ia jan baditu ere. Bi kana eskasekoa, 200 ontzakoa, 4,5 metroko gerri-buelta ederra du eta adaburuak hogei metrotik gora du luze-zabal.

Emea da ale hau eta urtero ez bada ere fruitu ugari ematen du. Nabarmena da uzta, heltzen denean koxkorrak kaka-usain ikaragarria baitu. Kirats hori dela-eta, ia ginkgo arra besterik ez da ikusten oraintxe kale eta parketan.