Iñaki Goirizelaia

«Ez da erraza irakasle elebidunak topatzea»

  • Gorbatak gehiegi estutzen dionean abarkak jantzi eta zortzikoa dantzatzen omen du.
Uxue Alberdi Estibaritz
2009ko martxoaren 08a
Iñaki Goirizelaia
Dani Blanco

Bizitza osoa EHUri lotuta. Nolatan?


Uste dut unibertsitaterik gabe ez dagoela etorkizunik eta, horretaz gain, bizimodu bat ere izan da. Unibertsitatetik kanpo ahalegin txiki batzuk egin ditut, baina munduan egiteko dauden gauza guztien artean, ederrena jakintza sortzea eta transmititzea da. Horretan oso ondo sentitzen naiz.
 

Errektoretzarako hauteskundeetan Marisol Esteban izan zenuen lehiakide. Zer ikasi zenuen harengandik?


Beti ikasten da. Hark beste unibertsitate eredu bat dauka buruan, eta hortik ere ikasten da. Marisolek ere bozka asko lortu zituen hauteskundeetan, eta horrek esan nahi du unibertsitate honetan badagoela multzo bat berarekin bat egiten duena, eta hortik ezinbestean ikasi behar dut etorkizunean unibertsitate hobea izango badugu.
 

Unibertsitateko hauteskundeak irabazi zenituela jakin zenuenean, Juan Ignacio Perezi, zure aurretik errektore zenari eskaini zenion garaipena. Zergatik?


Iñako, Juan Inazio Perez, oso errektore ona izan dela uste dut, eta lau urte gogor bizi izan ditu. Gauza batzuetan asmatuko zuen eta besteetan ez, baina azken urtean injustizia asko jasan behar izan ditu, eta batzuetan, gainera, oso modu txarrean plazaratu dira. Tentsio asko, sufrimendu asko, momentu gogor asko pasa ditugu azken urtean eta nire garaipena nolabaiteko errekonozimendua zen harentzat. Hark egindako lana eta ekarpena baloratu nahi nituen.
 

Zeintzuk izan dira aipatu dituzun injustizia horiek?


Ezetzaren injustizia. Ia-ia bankarrotan zegoen unibertsitate bat hartu, 30 milioi euroko defizita zuen unibertsitate bat hartu eta, lau urtez lanean aritu ondoren, ezetza entzun beharra. Unibertsitatea bide egokian ipintzea lortu ostean, finantza arazoa konpondu eta bide berriak martxan jarri ostean oniritzia jasotzea zatekeen zuzenena. Egindako lanaren aitorpena. Ezetz esatea, ezetz eta ezetz eta berriro ezetz esatea ez da zuzena. Unibertsitatean eztabaidarako aukera izan behar genuke, gutxienez. Oso ondo irudituko litzaidake proiektu ezberdinen arteko eztabaida egotea eta Iñako galtzaile ateratzea, baina injustiziarik handiena unibertsitatearen etorkizuna ezetzaren eskuetan uztea da.
 


Juan Ignacio Perezek ez zuen berriz aukeratua izatea lortu. Zerk egin zuen huts?


Ez dut uste gauza bakarraren ondorio izan zenik. Iñakok proiektu asko ipini zituen martxan lau urte horietan, eta proiektu bakoitzak kaltetuen zerrenda txiki bat izan zuen. Osagarriekin haserretu ziren batzuk; konponketa lanekin beste batzuk... Lan eskaintza publikoa egin zuen langileen artean, azken 18 urteetan egin ez zena, eta gehienek begi onez ikusi zuten arren, gutxi batzuk kaltetuta sentitu ziren... Asmo berri bakoitzarekin lorturiko emaitzak oso onak izan dira, baina proiektu berriek beti sortzen dituzte aurkako iritziak, sektore desberdinetan, kasu bakoitzean. Multzo horiek zaku berean bilduz gero, asko dira, eta bozkatzeko aukera bakarra dagoenean jendeak errazago egiten du ezetzaren aldeko hautua.
 

Aztertu dituzue eginiko akatsak? Zer aldatuko duzue?


Komunikazio arazoa eduki dugu ikasleekin, irakasleekin, langileekin... Hori hobetu behar dugu, ez gara gai izan egindako lanak ondo azaltzeko, eta erronka polita dugu hor. Ondo entzun behar dugu, eta erantzuten asmatu.
 

Hizkuntza Politikaren ingurukoak erabakigarriak izan dira azken hauteskundeetan. Euskararen Plan Gidaria oinordetzan hartuko duzu. Zertan da plan hori? Zer asmori erantzuten dio?


EAEko ikasleen %50ek selektibitatea euskaraz egiten du. Horien artean %45 inguru matrikulatzen dira unibertsitatean euskaraz. Eta guk zer eskaintzen dugu? Lehen zikloko karreretan enborreko ikasgaien %75 eskaintzen da euskaraz, eta bigarren zikloko karreretan, gutxiago. Irakasleen artean elebidunak %35 dira. Argi dago desoreka dagoela. Baina ezin dugu ahaztu orain dela hamar urte desoreka askoz ere handiagoa zela. Pausoak eman ditugu, baina gehiago eman behar dira. Plan Gidariak esaten duena da, etorkizunari begira, graduak euskaraz eta espainolez eman beharko direla, eta graduondoko edo masterretan espainolaren eta euskararen presentzia parekidea izan beharko dela. Horrekin lotuta, beste hizkuntza batzuk ere sartu behar dira. Gu hasi gara dagoeneko ingelesa sartzen, eta ingelesak ere presentzia izan behar du graduetan eta, batez ere, masterretan. Gainera, irakasle elebidunen kopurua %43ra igo behar litzateke, Plan Gidariaren arabera. Hori dena lau urtetan lortzekoa zen, baina ia urte bat galdu dugu jada, plan gidaria onartu zenetik urte osoa hauteskundeetan igaro baitugu. Berriro martxa hartu beharra dago.
 


Nolako hizkuntza politika garatuko duzue Bolognako markoan? Zein arazo eta zein aukera eskaintzen ditu marko horrek?


Batek ez du bestearekin zerikusirik. Hizkuntza politikak ez dauka zerikusirik Europako unibertsitateen goi mailako espazio horrekin. Gure hizkuntza politika Plan Gidarian oinarritzen da, eta ez dauka zerikusirik Bolognarekin.
 

Bolognako markoak ez dio eragiten hizkuntza gutxituen trataerari?


Nik ez dut horrela ikusten, badakit kritika horiek entzuten direla, baina ez nago ados. Gure esku dago. Asmatzen ez badugu gure errua izango da, ondo jokatu ez dugun seinale; ez da Bolognaren errua izango. Plan Gidaria gure eskuetan dago: graduak euskaraz eta espainolez ematea gure eskuetan dago; graduondokoetan hizkuntzen presentzia parekidea izatea gure esku dago. Huts egiten badugu gure ardura izango da, unibertsitatearena eta Eusko Jaurlaritzarena, baina ez dauka zerikusirik kanpotik datorren Bologna horrekin.
 

Eta zergatik zabaldu da beldur hori?


Suposatzen dut oso erraza dela hori esatea eta, gainera, erakargarria zenbait esparrutan. Baina Plan Gidarian gradu guztiak euskaraz eta erdaraz eman behar direla esaten dugunean, bete egin behar dugu. Beste gauza bat da esandakoa lortzea, ez baita beti erraza. Esparru batzuetan zaila da profesional euskaldunak topatzea, medikuntzan edo ingeniaritzan, adibidez. Ez da erraza irakasle elebidunak aurkitzea. Medikuntzan oso konplikatua da. Baina berriro diot: guk egin behar dugu hori; gu ahalegindu behar gara hori lortzen. Ingeniaritza eskolak emateko irakasle euskaldunik lortzen ez badugu ez da izango Bolognaren errua; izango da guk ez dugula topatu, ez dagoelako edo ez dugulako behar besteko ahaleginik egin. Gure hizkuntza politika aspaldi hasi zen, Juan Inazio Perezek egin zuen normalizazio plana, eta dagoeneko hamabi urte pasa dira. Kontsentsu handia dago unibertsitatean, eta apurka-apurka joan gara pausoak ematen. Batzuentzat gutxi eman ditugu, beste batzuentzat asko...
 

Zer eskaintzen du on Bolognak?


Irakaskuntza metodologia berria dakar, eta oso inportantea iruditzen zait hori. Orain arte, irakasleen jarrera magistrala zen erabat, “ni naiz dakiena, zuek entzun, eta zorterik baduzue ikasiko duzue zerbait. Gero azterketetan nik egingo dizuet froga, eta erabakiko dut ikasi duzuen ala ez”. Hori da orain arte egin duguna. Metodologia berri honekin ikaslea benetako subjektu aktibo bihurtzen da: bera da ikasi behar duena, eta irakasleak ikasten irakatsi behar dio. Dena aldatuko da: klase magistralak mantenduko dira, baina ez dira %100 izango. Beste eskola mota batzuk agertuko dira: mintegiak, lanak, proiektuak, talde-lanak... Ikaslearentzat abantailak dakartza. Hori, alde positibo bat. Beste bat: homologazioa. Eta ez uniformazioa. Denok ez gara berdinak izango, titulu guztiak ez dira berdinak izango, baina bai homologatuak. Hori oso interesgarria da mugikortasuna bideratzen duelako. Bolognak mugikortasuna errazten du, ikasleena eta irakasleena. Eta titulazio-mapa ere hor dago: orain arte Madrildik agindutako katalogoaren arabera jokatu behar izan dugu. Baina orain katalogo hori desagertu egingo da, eta unibertsitate bakoitzak autonomia izango du nahi dituen tituluak proposatzeko. Guk diseinatuko dugu gure titulazio-mapa. Asmatuko dugu ala ez, baina gurea izango da, ez kanpotik esandakoa. Bolognarekin Francoren garaitik datorren tituluen egiturarekin amaituko dugu, eta aurrerapauso nabarmena da hori.
 

Zein alde negatibo ditu?


Badago arrisku txiki bat: bereziki masterretan enpresek izan dezaketen eragina. Merkantilizazioa aipatzen da behin eta berriro, baina hor ere gure kartak mugitzen jakin behar dugu. Guk nahi badugu bakarrik jarriko ditugu graduondokoak martxan. Presioak egongo direla kanpotik? Agian bai, baina presio horiek aztertu, ebaluatu eta erabakiak hartu beharko ditugu. Erakundeen nahiz enpresen presioak direnak direla ere, gure gobernu kontseiluak izango du azken hitza. Arrisku hori aukera bihurtu nahi nuke. Eta ez dut uste honek euskararekin zerikusirik duenik. Demagun kanpoko enpresa bat prest dagoela dirutza jartzeko graduondoko bat sortzeko, eta master hori alemanez eman nahi dutela. Gure planteamendua masterretan euskararen presentzia parekidea izan behar dela da, beraz, esan beharko diegu: “Alemanez egin nahi duzu? Ados, baina nola bermatuko dugu hau eta hau?”.
 

Didaktika bide berriek talde txikiagoetan aritzea eskatuko lukete zenbait lizentziaturatan. Bideragarria al da?


Baietz uste dut. Horretan demografiak ere lagundu digu: ikasle asko galdu ditugu azken urteetan, ez baitira jaio. Oraingo egoera aldekoa da. Nik uste posible dela.
 

Orain arteko politika ez da “zero kostua” izan? Sailei ez zaie behin eta berriz esan Bolognako prozesurako aldaketak edo moldaketak ez diola kosturik ekarri behar unibertsitateari?


Ez dut uste zero kostua duen ezer existitzen denik. Munduan ez dago horrelakorik. Edozein aldaketak ekarriko du kosturen bat. Prozesu honen kostua titulazio-mapa berria zehaztutakoan jakingo dugu, titulazio-mapa horrek eskatzen duena ondo ebaluatu eta gero.
 

Noizko jarriko da martxan?


Dekretuetan data konkretua ipintzen du: 2010a. 2010/2011 ikasturtean ezingo dugu ikaslerik matrikulatu lehengo karrera zaharretan, egokitzapenek eginda behar dute ordurako. Hala ez balitz, ikasleak matrikulatu gabe geldituko lirateke. Titulazio berriak martxan ipintzeko ez daukagu inolako arazorik, izan daiteke 2011n, 2012an... Guk nahi dugun urtean, baina besteekin argi dago, 2010/2011 ikasturterako aldaketa eginda egon behar da, eta prozesu horretan gaude. Titulazio-mapa berria definitzen ari gara eta prozesu guztiak martxan daude. Bete-betean tokatuko zaigu: orain horixe da gure lana, ia %100 horretara gaude, gure lehentasuna da.
 

Daukagun unibertsitate ereduak ematen du biderik ikasle bakoitzaren dohainak, grinak eta talentuak garatzeko?


Ikasleek jakin egin behar dute unibertsitatea erabiltzen. EHUn 45.000 ikasle badaude, 45.000 modu desberdin daude unibertsitatean egoteko. Batzuk tituluaren bila datoz, eta berdin zaie nola; beste batzuk askoz ere gehiago inplikatzen dira eta edozein ekimenetan hartzen dute parte; beste batzuk arlo zientifikoan bakarrik inplikatzen dira; edo arlo kulturalean, edo politikan... Unibertsitateak aukerak ematen ditu, baina ikasleak jakin egin behar du aukera horiek erabiltzen.
 

Ezagutu dituzu Standfordeko unibertsitatea, Massachusetts-ekoa, Europako beste hainbat... Non dago EHU?


Ni Standforden eta Massachusettsen egon naiz, ranking-aren puntaren puntan. Alde handia dago, eta arrazoi asko daude hori hala izateko: Euskal Herriak ez dauka tradiziorik unibertsitate arloan. Harvard, esaterako, orain dela 400 urte sortu zen. Unibertsitate honek 30 urte dauzka, ez dago tradiziorik, eta gainera ez da behar beste inbertitu unibertsitate honetan. Ikerketan egin behar da inbertsioa, irakaskuntzan... Distantzia izugarria dago. Gainera, herri honetan akordio minimo bat lortzea oso konplikatua da, eta unibertsitatean berdin gertatzen da. Gauza asko falta zaizkigu oraindik, baina uste dut hemen dena daukagula irabazteko. Ez gara sekula Standforden mailara iritsiko, baina ranking-eko aurreneko 500 unibertsitateen artean sartzen bagara, ni pozik.
 

Aurreko errektoretza-taldeak ikasleekin gatazka dezente izan zituen: zenbait ikasleri espedienteak zabaldu zizkieten, ikasle-protestetara polizia bidali zuten... Une honetan badago ikasle mugimenduarekin gatazkarik? Nola bideratuko da?


Nik ez dakit zer gertatuko den, suposatzen dut laster jakingo dugula, baina niri gauzak hitz eginez konpontzea gustatuko litzaidake. Niri ez zait Ertzaintza Campusean ikustea gustatzen, baina ez zait gustatzen ikasleak gauzak apurtzen edo beste ikasle batzuen kontra erasoak egiten ikustea ere. Protesta egitea posible izan behar da, marko bat topatu behar dugu bakoitzak barruan daukana esateko aukera izan dezan, baina besteren eskubideak eraso gabe.
 

Zer puntutatik aurrera egiten du traba adierazpen askatasunak?


Argi daukat adierazpen askatasuna gauza bat dela, eta besteon segurtasun fisikoa beste gauza bat. Segurtasun fisikoa da garrantzitsuena.
 

Hori bermatzeko beharrezkoa da indar poliziala?


Ez. Baina beharrezkoa bada erabili egin behar da. Bakoitzak barruan daukana esan ahal izateko bideak jartzea gustatuko litzaidake, baina gobernu organoak hor daude, eta funtzionatu egin behar dute, hori ezin da oztopatu. Ikasleak klasean badaude ezin da sartu eta eraso, hori kontrolatu egin behar dugu. Nik protestak begi onez ikusten ditut, edozein motatako protestak, baina, betiere, gainerako pertsonak eta gobernu organoak errespetatuz. Ni errektorea naiz eta errektore gisa ezin dut begi onez ikusi, esaterako, ikasle batzuek klaustroa oztopatzea. Nire eginkizuna da gobernu organoek funtzionatzen dutela bermatzea.
 

Ikasleen %80 abstenitu zen azken hauteskundeetan. Zeri dagokio abstentzio tasa altu hori? Kezkatzekoa iruditzen zaizu?


Abstentzio tasa hori oso normala da unibertsitate guztietan, baina normala izateak ez du esan nahi kezkatzekoa ez denik. Nik parte-hartze benetakoa izatea nahi nuke, eta ahalegina egingo dugu: zentroetako ikasleen ordezkaritza bultzatu nahi dugu, campusetako ikasle ordezkaritzak, ikasle-kontseiluak... Eta komisio bat ipini nahi dugu martxan ikasleen eta errektore-ordeen artean, ikasleen gaiaz eztabaidatzeko.
 


Abstentzioak sala dezake ikasleak ez direla instituzio horren parte sentitzen.


Agian hori da. Standford-en eta M.I.T.-n (Massachusetts Institute of Technology) ez da halakorik gertatzen, eta pribatuak dira! Ikasleek izugarrizko dirutza ordaintzen dute eta, hala ere, unibertsitateko parte sentitzen dira, eta betirako, gainera. Hemen publikoa da, ez da ia ezer ordaintzen, parte-hartzea bultzatzen dugu eta ez dugu lortzen. Erreferentziazko unibertsitate horietan matrikula hemen baino 100 aldiz garestiagoa da, han ez dago gobernu organoetan parte hartzeko inolako aukerarik, ez dago titulazioei buruz hitz egiterik, ez dute bozkatzerik... eta parte sentitzen dira. Ez dago ulertzerik.
 

“Eztabaida politikoak ez nau inoiz motibatu” irakurri dizut. Baina aurretik hitz egin dugun guztia ez al da politika?


Politika unibertsitarioa. Nik esaten dudana da alderdi politikoen arteko eztabaidak ez nauela motibatzen, baina politika unibertsitarioak bai, eta eztabaidatzeak ere bai. Asko gustatzen zait eztabaidatzea, eta oso gustura sentitzen naiz kalakan, baina nahiago dut unibertsitateari buruz jardun, edo dantzari buruz, edo liburu bati buruz, idazle bati buruz... Hori gustatzen zait, baina ez dakit nongo presidenteak zer esan duen eta krisia nola konponduko duen... Horrek ez nau motibatzen.
Nortasun Agiria
1958an jaio zen mungiarra. Ingeniaritza telematikoan katedraduna. Karrera amaitu bezain pronto unibertsitatean sartu zen, eta bertan eman du bizitza profesional osoa. 1993an, minbiziaren ondorioz, lana utzi behar izan zuen bi urtez. Behin gaixotasuna gaindituta, betiko lantokira itzuli zen. Juan Ignazio Perezek, EHUko errektore ohiak, Ikasketen Antolamendurako errektore-orde eta Bizkaiko Campuseko errektore-orde izendatu zuen. Perezek errektore izaten jarraitzeko hauteskundeetan ezezkoa jaso ostean, kargurako aurkeztu zen iaz, Marisol Esteban aurkariarekin batera. EHUko errektore da 2009ko urtarrilaren 9tik. Mungiako dantza taldeko zuzendari ere bada.
AZKEN HITZA
Euskaraz
“Materiala sortu behar dugu euskaraz. Oso inportantea da eskolak euskaraz ematea, baina hori bezain garrantzitsua da arlo bakoitzerako euskara teknikoa sortzea. Hor apustu gogorra egin behar dugu. Laguntzak badaude. Argi dagoena da, irakasle batek ez badu materiala euskaraz sortu nahi, guk ezin dugula ezer egin. Hemen badago guztiok defendatzen dugun gauza bat: bakoitzaren autonomia. Eskolak euskaraz ematen dituen irakasle batek ez baditu testuak eta irakaskuntza-materiala euskaraz sortu nahi, ez du egingo. Baina hori ez da gertatzen, normalean oso jarrera baikorra izaten dute”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-20 | ARGIA
"Kazetaritza ez da delitua" aldarrikatu du ARGIAk Donostiako epaitegi aurrean

ARGIAko lantaldeak Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin du asteazken goizean.


2019-03-20 | Guaixe .eus
Altsasuko gazteen gurasoak Bruselara joango dira auziaren berri ematera

Altsasuko Auzia nazioartekotzeko bidean, Altsasu Gurasoak taldeko eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideak, atzera ere, Bruselarako bidea hartuko dute asteazken honetan eta ostiralera arte han izanen dira.


2019-03-20 | ARGIA
Uber enpresa Bilbon: VTC-ekin ezin lan egin, janari-banatzaile prekarioekin bai

Eusko Jaurlaritzak VTC ibilgailuen sektoreari galga jarri dien arren, Uber enpresak kudeatutako etxez etxeko janari-aplikazioak ez du inolako eragozpenik aurkitu Bilbon.


2019-03-20 | ARGIA
50 lagun itsasotik erreskatatu dituen barkua konfiskatzeko agindu du Italiako Gobernuak

Mare Jonio barkua konfiskatzeko agindu du Italiako Gobernuak, itsasontzi horrek astelehen honetan 50 lagun erreskatatu ondoren. Italiako bandera dauka barkuak eta Mediterranea Saving Humans proiektuko partaidea da.


2019-03-20 | Usurbilgo Noaua
Atez ateko bilketak 10 urte bete ditu Usurbilen

Ohitura aldaketa txiki batek hondakinen kudeaketa eredua irauli zuen duela 10 urte. 2009ko martxoaren 16an albiste genuen Usurbil, ez herri mailan baita udalerritik kanpo ere. Aitzindari bilakatu zen udalerri hau Euskal Herrian, hondakinak lehengai bihurtu eta herritarrak "teknologia" aurreratuenean bilakatu zituen atez ateko bilketa sistemari esker. Atez atekoak 10 urte bete ditu joan den larunbatean.


2019-03-20 | ARGIA
Galizian eukaliptoak ezabatuz ospatuko dute Basoen Mundu Eguna

Larunbatean, martxoak 23, Basoen Munduko Eguna dela eta, aldarrikapen giroan ospatzeko kanpaina antolatu dute Galizian: bertako mendi eta ibarretan monolabore bilakatua diren eta azken aldian sekulako suteak eragin dituzten eukaliptoak erauziko dituzte egun eta ordu berean, baso iraunkorrez ordezkatzea aldarrikatuz.


2019-03-20 | ARGIA
Jaka horiei Eliseo Zelaietan manifestatzea debekatu nahi die Frantziako Gobernuak

Parisko beste gune ezagun batzuetan manifestatzea ere debekatuko du, poliziak istiluak sor daitezkeen susmorik edukiko balu.


Banku etikoak hiru bider errentagarriagoak dira ohiko bankuak baino Lehman Brothers erori zenetik

Europako parlamentuan aurkeztu duten txosten batek erakusten ditu finantza etikoen azken hamar urteetako hazkunde datuak.


2019-03-20 | Aritz Dez
Korrika, emeki-emeki

Azken egun hauetan, milaka ikusten dira Korrikaren aldeko antolatzen diren ekitaldiak, iragarkiak, albisteak eta bakoitzaren herrira heltzeko irrikak. Aurten ikus izan dezakegu bereziki, Korrikaren ibilbideak nola islatzen duen euskarak hamarkada gutxi horietan egindako bidea.


2019-03-18 | Iigo Igartua
Garai-Etxaniz eta Etxegarai-Oses bikoteak Emakume Master Cupeko txapeldun

Leire Garai eta Leire Etxanizek nagusitasun osoz irabazi dute lehen mailako txapela (22-5). Promozio mailakoa, Uxue Oses eta Madalen Etxegaraik osaturiko bikoteak eraman du (18-15), partidaren bigarren zatian markagailua irauli eta gero.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude