Zertan utziko dute hauteskundeek bide soberanista?

Ikurriña
Ikurriña
Ikerketa soziologiko gehienek azpimarratzen dute azken 30 urteetan ez dagoela aldaketa handirik Euskal Herriko mapa politikoan, batez ere abertzale eta ez abertzaleen artean. Errealitate horren ispilatze instituzionala hankaz gora geratuko da igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta jakina da bizitzako edozein esparrutan errealitatea desitxuratzen denean, horrek biziki oztopatzen duela konponbide egokien bideratzea. Ez gorde arazoak, azaleratu, hausnartu, eztabaidatu, askatasunez hitz egin, komunikazioa jorratu... horiek dira gatazken ebazpenerako doktrinen oinarrizko arauak guraso eta nerabeen artean, lantegian, eskolan, nazioartean... Gurean ez, PP-PSOEren logikan, legez kanporatzeak terroristen lagunak isolatuko ditu, kontraesanak sortuko dizkie eta azkenean lehertuko dira.
 
Errealitatea da ETAk Lazkaoko PSEko Herriko Etxeari eraso egin diola, eta euskal gizartean ia inork ez duela irudikatzen D3Mko zerrenden ilegalizazioak zertan laguntzen duen atentatu hori saihesten. ETAk ez du ilegalizazioen beharrik izan bere erasoetarako, baina legez kanporatzeak are legitimazio handiagoa ematen dio estrategia armatuarekin bat egiten duen sektore politikoari. Ez dakigu, halaber, sektore politiko horren indarra zein den ezker abertzalearen barruan, baina badakigu handia izan ohi dela, eta legez kanporatzeek indartu egiten dutela.
 
ENAM-en baitan izan bide da eztabaidarik estrategia soberanistaren inguruan, eta denak adierazten du datozen urteetara begira indarrez jorratuko dela apustu hori. Ezaguna da bide hori eta borroka armatuarena ez direla bateragarriak epe ertain eta luzera begira, baina esperientziak diosku, epe motzean apustu horrek, bidea partekatu beharko duela ETAren jardunarekin, seguruenik isilean, nahiz eta hemen isileko bideena ia ezinezkoa den.
 
Senak dio, legez kanpoko ezker abertzaleari eremu horretan libre jokatzen uztea ilegalizazio politikak baino eraginkorragoak direla gatazka bortitzaren amaierari begira. Mundu mailako esperientzien metaketa zabalak dio eskubideen zapalkuntzak –eta hori da hemengo legez kanporatzea– nekez ekar dezakeela konponbide justurik. Inposa dezake boterearen behin-behineko garaipenik bai, hori da Iraken, Afganistanen, Palestinan, Mendebaldeko Saharan... edo nazioarteko beste hainbat gatazkek erakusten dutena. Aipatutako arazo bakoitza bere ezpalekoa da, baina denen oinarria da etorkizuna eskubideen zanpaketatik marraztu nahi dela. Zanpaketa versus askatasuna. Ideien zanpaketatik baino ideien askatasunetik samurrago egingo da konponbiderantz. Denborak esango du.
 
Azken sei urteetako hauteskunde emaitzek erakutsi dute legez kanpoko ezker abertzaleak eutsi egin diola bere esparru politikoari; ez EHren garaiko emaitzekin, baina erresistentziaren ikuspegia garaipen ikur duenarentzat nahikoa berean gotortzeko. Bide soberanistarik egingo bada, hauteskunde dinamikatik at landu beharko da, baina hauen eraginpean, eta jakinik azkenean hauteskundeetan neurtu beharko dela bere benetako indarra. Edozein eratan, eta hauteskundeek errealitate instituzionala desitxuratuko badute ere, balizko proiektu soberanistaren indarrei buruzko pista garrantzitsuak eskainiko dituzte.

Azkenak
Gazako sarraskia arbuiatzen ez duten unibertsitate israeldarrekin harremanak eten ditu NUPek

Gazako krimenak baztertzen ez dituen unibertsitate israeldarrekin harremanak eten eginen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aho batez hartu du erabakia, akordio bidez, eta ez du hartu emanik izanen. Harreman komertzialak eta akademikoak... [+]


Irati Mogollon
"Aurreikuspen onenetan, gazteen kopurua bikoiztuko dute nagusiek eta kasurik okerrenean boskoiztu. Zaintzari buruz hausnartu behar dugu"

Irati Mogollon soziologoak (Lezo, 1991) hausnarketa saioa bideratu du asteazkenean Laudioko Lezeaga Aretoan. Zaintzaren antolakuntzari buruz hausnartu eta etorkizunera begira jartzea proposatu du, bai jendarte moduan zein banaka.


2024-05-23 | Gedar
Palestinaren okupazioak eta Espainiako Estatuko finantza-sektoreak duten lotura seinalatu du ikerketa batek

Ikerketa batek Espainiako Estatuko banketxeen eta enpresen 'greenwashing' praktikak azaleratu ditu. Estatu sionistak lur okupatuetan eginiko eguzki-energia parkeen finantziazioan murgilduta dago estatuko finantza-sistema; BBVA eta Kutxabank ere tartean dira.


Palestinako Estatua errekonozituko dutela iragarri dute Espainiako Estatuak, Norvegiak eta Irlandak

Maiatzaren 28an hartuko dute neurria ofizialki. 1967 aurretiko mugak aitortu dizkiote Palestinari, eta bi estatuen konponbidearen alde lerratu dira. Israelek esan du erabakiak terrorismoa saritzen duela.


Zaldibian hasi zen dena

Gipuzkoako Zaldibia herrian hasi zen dena, bai. Herriko ikastetxe bakarrean ‘Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan’ egitasmoa jarri zuten abian, gero herri osora hedatuko zena. Tarte txikian beste hemeretzi herritara zabaldu da proiektua. Neurri handi... [+]


Eguneraketa berriak daude