«Artista baino lehen profesional ona izan behar da»

  • Musikari petoa da. Alabaina, pianoa jotzen duelarik, edo berdin akordeoia, denbora gerarazten du. Horra musika, Iñaki Salvadorrek poesia egina.
Iñaki Salvador
Dani Blanco

Zurekin hitz egin behar genuela eta, lehenengo-lehenengo, Mikel Laboa etorri zitzaigun gogora. Makina bat urte egin zenuen harekin…


Bai, hogeita bost urteko harremana! Mikeli buruz edozer gauza esanda ere, harekin osatu nuen unibertsoa, giza unibertsoa, datorkit burura. Giza unibertsoa esan dizut, oso zaila zelako Mikel artista eta Mikel pertsona bereiztea. Ez zegoen bereizketa egin beharrik ere, Mikelek bi alderdiok zeharo bat eginda bizi zituelako. Mikelekin lan egitea abentura zoragarria iruditu zitzaidan beti, beti eragingarria, askatasun handiena uzten zizulako. Aldi berean, jakina, zure eremua markatzen zizun, oso modu soilean eta errespetu handiz. Alegia, bera zen azken emaitzaren jabe, berak erabakitzen zuen halako kantu bati edo halako bat-bateko sorkuntza lan bati zein tankera eman azkenean. Oraindik zail egiten zait sinestea Mikel beste non edo nondik ari zaigula kantatzen. Ez dut sinesten.
 

Mikelen zein irudik iraungo du zure baitan?


Mikelek askotan hots egiten zuen telefonoz, esanez halako edo halako entzuten egon zela Marixolekin, andrearekin, eta bere musikariek zein ondo jotzen genuela aipatu zutela. Naturaltasun horixe, eskuzabaltasun horixe azpimarratuko nuke nik, bien aldetik jaso dugun hori… urtetan jaso dugun erregalorik inportanteena izan da. Zorte on ikaragarria. Nik baltsamo horren beharra dut: segi dezala telefonoak jotzen, Marixolek humanitate handi hori erregalatzen segi dezan nahi nuke.
 

Pianista zara, akordeoilaria, musikagilea, moldaketagilea… Zeure emanaldiak egiten dituzu batetik, beste zenbait musikarekin kolaborazioak bestetik. Noiz herri musikatik jotzen duzu, noiz jazz kontzertuak eta telebista eta zinemarako doinuak… Halako dispertsiorik! Zer on eta gaitz dakarzkizu barreiatze horrek?


Abantailarik edo onurarik handiena, aberastasun pertsonal eta artistikoa, musika egiteko hainbat era ezagutzen dituzulako, eta sakondu ere bai. Musika bera angelu ezberdin askotatik ikustea azpimarratuko nuke. Ikuspegi poliedriko eta diziplina anitzeko hori eskola handia da, “integrismo musikalaren” kontrako antidoto bikaina. Eskerrak horri irekiago naiz egunetik egunera, eta musika mota guztiak gozatzen ditut batere aurreiritzirik gabe. Hori gauza handia da. Jakina, zuk esaten duzun dispertsioak badu alde txarrik ere. Besteak beste, lan dispertsioa bera, ezin baituzu bi astean, adibidez, proiektu bakar batean sakon jardun lanean. Ondorioz, lanaldi etenean ibili behar dut: goizez irakasle naiz eta arratsaldez, musikagile eta piano-jole. Horrexegatik saiatzen naiz lanean koherentea izaten, nahiz eta batetik bestera ibili behar dudan. Inportanteena iparra ez galtzea da, eta patxada pixka bat, proiektu bakoitza azkeneraino eramateko. Horretan saiatzen naiz ni.
 

Zeure-zeure taldea zuzendu izan duzu, lider rolean. Besteren laguntzaile ere lan handia egina zara. Zertan aberasten zaituzte batak eta besteak?


Nire ustez, langilea langile hobea da aurretik inoiz enpresaburu izan bada. Eta alderantziz. Horretan ez daukat batere dudarik. Enpatia ariketa da: zezenak plazatik bertatik eta barreratik, bietatik ikusteak hazten laguntzen digu, bai musikari eta bai pertsona garen aldetik. Hori diotsut, biak egitea gustatzen zaidala esateko. Bietan gozatzen dut, dela gurdiari heldu eta tiraka, dela besteren gurdira gonbidatuta igo, “gastu guztiak ordainduta” eta menua bera ere bestek erabakita. Bietan gozatzen dut, eta bietan ikasten, asko. Rola aldatzen dudanero, askoz hobeto ulertzen dut parean daukadan interpretea.
 

Eta ikuskizunetarako musika? Zineman, antzerkian, telebistan, publizitatean… utzi duzu zure musikaren aztarna.


Lan horietan bestelakoa da dema: norbera izan behar duzu, inoren azalaren barruan sartuta. Horixe da kasu horietan desafioa. Aktoreak egiten duen lanaren antza dauka: agertokira azaldu edo kamera baten aurrean jarri eta arnasa hartu; beste inork arnasa hartuko lukeen bezala, baina norberaren biriketan, ez besterenetan.
 

Herri musika edo/eta jazza? Aita Donostiaren lana, Sarriegirena, Mikel Laboarena… interpretatu dituzu, oso modu pertsonalean, jazzetik asko duen estiloan.


Jazza, sortzez, herri musika da. Beharbada, inoizko musikarik herrikoiena. Besterik da haren eboluzioa: ziztu bizian garatu da, jendeak egin dion harrera ikaragarria izan da, eta kanpotik daukan itxurak musika areto hautatuenetara eraman du. Horraino iritsi da gaur egun jazza. Baina, esan dizut: jatorrian, eta musika zaila eta elitista den irudi distortsionatu xamarra daukan arren, kaleari lotuta egon izan da beti, bai gizarteko gertakariei eta bai ondo-ondoko errealitateari ere. Gure artean, nik esango nuke bertsolaria dugula herri adierazgarririk berezkoena. New Yorken, Kenny Garret kalean pasieran ikusteak Zarauzko malekoian Andoni Egaña ikustea bezala izan behar du, gutxi gorabehera.
 

Lan ezberdin asko egin dituzun arren, gaur egun Iñaki Salvador jazzaren sinonimo ote den nago…


Jazzaren sinonimo… Musikaren eta emozioaren sinonimo esango nuke nik. Lehenengoaz baliatzen naiz bigarrenera iristeko. Lortzen duzun egunetan zoriontasun artistikotik hurrago zaudela esango nuke. Lortzen ez duzunetan, aldiz, poz horren bila aritzeko arrazoi handiagoak dituzu.
 

Han-hemen irakurria dut –zuk esana da, inondik ere–, gure herrian jazz egitea suizidioa dela.


Jazz diskoak sortu, ekoitzi, entseguak egin, grabatu eta editatu nahi dituen asmo oneko jendearentzat, horretan inbertitu dugun dirua gutxi-asko atzera berreskuratu nahi dugunontzat… bai, batzuetan suizidio komertziala da, suizidio ekonomikoa. CD komertzialak nondik nora joko duen ez dakigun garaian bizi gara, eta musika mota guztiei eragiten die. Erantsi horri jazz musikaren berezitasunak, merkatuari dagokionez, eta panorama ez da batere lasaia, bertako musikarientzat batik bat.
 

Diotenez, jazz musikariak talde finkoa izatea luke amets, eta maiztasunez jotzea. Baina gutxi omen dira helburua iristen dutenak; gutxi, egin lezaketenak, eta egin lezaketenek ere ez omen dute egiten, beste liderren batentzako jotzen dutelako, edo irakaskuntzara bidea hartzen dutelako… Non kokatuko zenuke zeure burua?


Hiru iturrietatik edaten dut. Neure proiektuak aurrera ateratzea gauza handia da, pozgarria. Gainera, unean-unean nik egiten dakidana, nahi dudana, edo ahal dudana adierazteko aukera da. Baina ez nuke aldatuko honako edo harako lider batentzat jotzeagatik, beste egoera hark ikuspegi berriak dakarzkizulako, asko irakasten dizu, eta hazi egiten zara. Irakasle ere banaiz, bai, bokazio itzela dut, betidanik jardun dut irakasten eta, aldi berean, etengabe ikasteko bidea eskaintzen dit. Benetan, etengabeko birziklatzea da eskolak ematea, eta birziklatzea hil ala bizikoa da lanean ari den musikariarentzat.
 

Behin edo behin ukatu egin duzu artista kontsakratua zarena. Jaso dituzun sari hots handikoek, berriz, kontrakoa adierazten dute. Zeure gogoz egituratutako emanaldiak ere eskatu izan dizkizute Getxon eta Donostian. Eta ez omen zara kontsakratua!


Tira, kontsakratua zer den. Arlo profesionalean prestigio pittin bat izatea baldin bada kontsakratua izatea, eta kritikarien eta kultur programazioa egiten dutenen errekonozimendua izatea… bada, bai, kontsakratua naiz. Baina, egiatan, iruditzen zait “kontsakratu” hitzak zera esan nahi duela, halako egoera zorioneko batean zarela, egin behar zenuen guztia egina duzula, egiten duzun dena interesgarria dela… Eta nik ez dut bat egiten horrekin. Aldiz, uste dut nik miresten ditudan zenbait musikari estadio horretan daudela. Ni ez naiz horrenbesterako gai, eta ez daukat eguneroko helburuak bete beste asmorik, edo helburu handiagoak gauzatzeko presarik. Nik musika egin nahi dut, eta nirekin batera egin nahi duten musikariekin batera egin. Horixe besterik ez.
 

Getxo, Donostia, Gasteiz… Jazz jaialdi handiak udan Euskal Herrian. Zer da? Bertsolari jaialdietara joaten ginen lehen, eta jazz emanaldi handietara orain? Horren jazz zale ote gara euskaldunok?


Zuk aipatu dituzun jaialdiak uztailean egiten dira, eta ez da halabeharra, Euskal Herriko turismo eskaintzaren parte dira eta. Horrek ez du esan nahi lehen mailako kultur gertakariak ez direnik baina ez dugu inor engainatu behar, ezta geure burua ere: udako turismoa erakartzeko balio dute. Hori kontuan izanez gero, bistan da erantzuna. Ez dago urte osoan zehar izozkiak jaten duen jende askorik. Bada, berdin, askok eta askok jazza bizikletak bezala dela uste du: udakoa.
 

Jaialdi horietan erabiltzen dituzten irizpideez ere baduzu zer esana…


Ez dago egitarau idealik baina badira egitarau onak, eta txarrak. Ez naiz muturreraino joateko zalea. Beldur ematen didate bai jaialdi atzerakoiek, jazz historizista besterik programatzen ez dutenak, bai kontrako jaialdiek ere, hau da, esnobismo eta ezjakintasun eredu petoak direnek, abangoardia labela izatea beste asmorik ez dutenek.
 

Jazz-pianoa irakasten duzu Musikenen. Zer duzu inguruan, sortzaileak, ala teknika handiko musikariak, arimarik ez dutenak?


Nire iritziz, Musikenek profesional onak sortzeko lekua izan beharko luke, ez artistak nahitaez. Gero baino gero inportantzia handiagoa ematen diot jende ofiziodunari, horma ondo margotzen dutenei, menu goxo bat prestatzen dutenei, autoa erraz pintatzen dutenei, herri barruko autobusa profesionaltasunez eta umore onez gidatzen dutenei. Artista izan baino lehen ere bada aurreko atal bat bete beharrekoa, profesional ona izatea. Derrigorra da hori, arrazoi bakar batengatik besterik ez bada ere: profesional ona izan nahiak dakarren apaltasunak uste baino balio handiagoa dauka, artista izango zaren jakiterik ez dago eta. Horretan saiatzen naiz ni Musikenen, ikasleei horixe transmititzen. Hortik abiaturik, uste dut bide interesgarria egiteko moduan izango garela, emoziorik transmititzen ez duten musikari izan ez daitezen, eta ezta sortzaile “iluminatuak” ere, oinak lurrean edukitzeko erremintarik gabe.
 

Jazz giro horretan, zein ekarpen dagokio Zarauzko mintegiari? Zein da haren lekua udako turismo jaialdi jendetsuen artean?


Ekimen eta ikuskizun osagarriak direla esango nuke. Delako Etorri eta kontatu lelo horrek Euskadiko balio turistiko-kulturalak sustatzeko asmoa du eta, horretan, bai jazz jaialdiak eta bai Zarauzko mintegia beharrezkoak dira. Kultura dira denak ere, aisialdia, gozatzeko eta ikasteko lekuak, helburu bera dutenak. Besterik da zein urte eta zein herritan jaio ziren batzuk eta besteak.
 

Musikene. Oso asmo ederra iruditu zitzaizun sortu zutenean. Zertan da zentroa gaur egun, bere-bere egoitzarik gabe?


Egia da, ez dugu geure-geure egoitzarik, baina hiruzpalau urte barru izango dugu eta hori behin betiko urratsa izango da zentro erreferentziala izan dadin; Europa mailan, esango nuke, oker esateko beldurrik gabe. Musikeneko jazz departamentua, nik ezagutzen dudana, alegia, egitura gaztea da, hazi egin behar du oraindik, hazi eta heldu, eta ikasleak eta ikaslegaiak dira lekuko. Erreferentzia da gure inguruan eta gure mugetatik kanpo. Alegia, horrek esan nahi du zer edo zer ondo egiten ari garela, eta beste gauza asko hobeto egin behar ditugula: guretzat, egia esan, bai ondo egiten ditugunak eta bai hobeto egin behar ditugunak, biak dira orain arte bezala lanean segitzeko motibagarriak.
 

Finlandian UMO Jazz Orchestra dute. Frantzian, Jazz Orkestra Nazionala. Gurean, Pirineos Jazz Orchestra. Bertako kide izan zinen.


Kide ez ezik, sortzaileetakoa. Baina urteak dira bertan parte hartzen ez dudana. Sorreran zituen helburu estrategikoak aldatu egin zirela iruditu zitzaidan, eta ez nentorren bat. Dena den, PJO jazz orkestra bikaina da, oso proiektu ederrak gauzatu ditu, lagun asko ditut bertan, musikari bikainak, baina ez zait iruditzen hura denik herri honek izateko eskubidea duen orkestra, musika modernoaren orkestra publikoa. Egia esan, ez dakit nola ez daukagun oraindik, nolatan ez dugun sortu Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Euskadiko Gazte Orkestrarekin batera.
 

Ezagutzen zaituztenek esan didate ikasten eta ikasten ari zarela beti...


Ikastea, nire kasuan, ez da zer edo zer egitea, jarrera bat baizik: jakin-mina ez galtzea, musikari bezala hazten segitzeko gogoa. Lanean ari den musikari batek eduki behar duen jarreraz ari naiz, alegia, bere burua harritzeko gaitasuna, eta besteak ere harritzekoa.
 

Ikasi, eta “mundu honi aurre hartu eta biziraun”, behin edo behin esana duzunez.


Bizirautea dela eta, iruditzen zait horretan zailtasunik handienak dituztenak ez direla gure artean bizi, oro har. Hemen, izan ere, gehiago edo gutxiago, denok dugu ziurtaturik itxura antzean bizitzeko eskubidea. Tira, hori ere zehaztu egin beharko litzateke, kontuan hartuz oraindik ere gure kaleetan jendea hil egiten dutela ideia kontuengatik. Bizirautea diodanean, munduko ordena daukat gogoan. Esan nahi dut, ez ordena, estrategikoki pentsatutako desordena baizik, behin ere ezer eduki ez zutenen kontura asko daukatenek asmatu duten desordena, alegia. Kaos mundu bat, guztiz arduragabe jasotzen ari garena.
Nortasun agiria
Iñaki Salvador (Donostia, 1962). Pianista ezaguna da, akordeoilaria, musikagilea, moldaketagilea… Hainbat musikariren diskotan parte hartu du eta, besteak beste, Mikel Laboaren pianoa izan zen hogeitaka urtean. Piano, akordeoi, harmonia eta kontrapuntu eta fuga ikasketa klasikoak egin zituen lehenengo eta jazz aldera jo zuen gero. 80ko hamarkadatik hona atergabe jardun du ikasten eta lanean: bere taldeak osatu ditu, besteri lagundu dio, irakasle izan da, antzerki eta dantza ikuskizunetan parte hartu du, filmetan, jazz jaialdietan, makina bat disko egin du, sariak irabazi… Berarengan, jarrera jakin bat, munduan izateko modu bat da musika, inoren lana estimatzeko borondatea, ikasteko amorrazioa, lan ondo egina. Iñaki Salvador poeta miragarria da bere konposizioetan.
‘Rara avis’
Rara avis bat naiz, zoritxarrez. Rara avis bai, baina alde batetik besterik ez: txoratzen nauen zerbaitetan ateratzen dudalako bizimodua, eta horretarako prestatzeko modua izan dudalako. Jende larregi dago zorte on hori izan ez duena, eta lortu dugunok bezain buruargiak dira, edo argiagoak”.
Musikatik hara
“Zorionez, musikatik hara ere gauza asko dago. Mundu oso bat dago, musikarekin ikustekorik ez duena: etengabe elikatzen zaitu, musika tresna baten aurrean jartzera bultzatzen zaitu, sortzen segitzera, istorioak eta bihurrikeriak kontatzera… Eta gero, magia! norbaitek dirua pagatzen du entzuteagatik. Horixe mauka, mauka ikaragarria. Inbidiarik eragiteko asmorik gabe esanda”.
AZKEN HITZA
Jazza
“Lilurak eraman ninduen musika mota horretara. Musika ikasketa klasikoak egin ondoren, 80ko hamarkadan, oso giro eferbeszentea zegoen inguruan gertatu zitzaizkidan musikarien artean. Aldez, haiei zor diet jazzaren bidea hartu izana”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude