ARGIA Sariak 2009

Garaikur berriak aurtengo sarituentzat

  • Argia Sarien 20. edizioa ospatu zen urtarrilaren 30ean. Ehundik gora lagun bildu ginen gizarte, politika eta kultura alorrekoak. Bilgunea Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxea izan zen, han ederki bazkaldu eta gero izan baitzen sari banaketa.
Onintza Irureta Azkune @oirureta
2009ko otsailaren 08a
Argia Sariak 2009
Argia Sariak 2009
Iaz baino denbora gehixeago itxaron behar izan zen Txitxardin Beltxan sarituak nor ziren jakiteko. Izan ere, Argia 90. urteurrena ospatzen ari da aurten. 1919. urtean hasi zen Zeruko Argia eta 1921ean Argia. Aspaldiko kontuak eta ez hain aspaldikoak, etxean egindako bideoak erakutsi zizkigun. Argiaren ibilbidean parte hartu duten –eta orain ere horretan ari diren– hainbatek azken urteotako gorabeherak errepasatu zituzten. Bideoaren ondoren, ohitura legez, Xabier Letona Argiako zuzendariaren hitzaldia –hurrengo orrian dituzue bere hitzak–.

Ondoren gonbidatuen belarriak tente-tente jarri ziren; saridunen merituak entzun ahala sariduna nor zen asmatu nahian ibili ziren. Erlo Telebistako Iban Bengoetxeak hain txiki izanda beraietaz gogoratzeagatik pozarren hartu zuen saria. Txikia txiki, “Yes, we can, re dio!” esanez bukatu zuen hitzalditxoa. Joseba Barandiaran Irrati alorreko sariduna berriz, harrituta zegoen saria jaso zuelako. Aurreko saridunak errepasatu omen zituen eta zalantzak zituen merezimendu nahikoa egin ote zuen. Prentsa saria Patxi Huarte Zaldi Eroarentzat izan zen. Ez omen zuen ondo bazkaldu, urduri baitzen saria jasotzeko. Argiari eskatu zion datorren urtean berriz gonbidatzeko. Publizitate saria Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo (Gipuzkoa) alkateak jaso zuen Margotu egunak atez ateko zabor bilketaren kanpainagatik. Udalak ez zuen alferrik irabazi Publizitate saria, alkateak ehundik gora lagun begira izatea baliatu zuen haien zabor bilketa sistema azaltzeko. Internet saria Piarres Beobide eta Julen Ruizek jaso zuten, Librezale lantaldearen izenean.
Bereziki hunkigarria izan zen Merezimenduzko saria. Duela gutxi arte kazetari lanean aritu den Mikel Atxagari eman zitzaion. Bere ordez esker oneko hitzak irakurri zituen Elixabete Garmendiak eta berak eman zion eskura Argia saria.

Saridunak aipatu ditugu baina ez sariak. Anton Mendizabal eskultoreak berritu egin ditu ikurrak, Argiak logoa aldatu duela aitzakia hartuta.
Argia Sariak 2009
Antton Mendizabal: "Sariarekin bat-bateko flasha lortu behar da"
Anton Mendizabalek artxiboan begiratu behar izan du jakiteko zenbat urtez egin duen Argia Saria. 1990ean sortu zuen saria eta 1991ko sarietan banatu ziren lehen aldiz. 18 urtean egurrezko eta arbelezko 110 sari egin ditu Oiartzunen bizi den donostiarrak.


Aurten sariaren diseinu berria egin duzu. Zer dela-eta?


Nik esana nuen, behin baino gehiagotan, halakoren batean aldatu beharko genukeela saria. Aurten Argiaren logoa aldatu duzuenez, ea diseinua aldatuko nukeen galdezka etorri zaizkit. Momentu ona zen aldatzeko, logoa aldatuta, bonbillak eguzki itxura hartuta...


Egurra ez duzu erabili oraingoan.


Eskultura lanetan, lehen egurra asko erabiltzen nuen eta orain berriz apenas. Probatu egin behar dira gauza berriak. Argiak logoa aldatu du eta nik material berriak hartu ditut: kristala, arbela, alabastroa eta kobrea.


Ondo egokitu al dira materialak?


Elkarrizketa moduko bat sortu behar da denen artean. Sariarekin bat-bateko flasha lortu behar da, segituan ulertu behar da, eta era berean, Argiarekin identifikatu. Ezin du izan enrebesatua eta esplikazio asko eman beharrekoa, zuzena, azkarra, ulerkorra behar du izan.


Gustura geratu al zara egindako lanarekin?


Oso gustura. Batzuetan asko kostatzen da, baina oraingoan ez. Irudia hor zegoen, baina nire lana zen saria aldatzea lehengoa nolabait mantenduz.
Eskarmentua, komikiak eta ekonomia

 

Merezimenduzko Saria Zeruko Argian kazetari ibilbidea hasi zuen Mikel Atxagak jaso du. Hedabidez hedabideko sariak berriz honakoak: Librezale taldea, Erlo Telebistako Gure saltsan saioa, Patxi Huarte, Zaldi Eroa komikigilea, Joseba Barandiaran ekonomia aditua eta Usurbilgo Udala hondakinak atez ate biltzeko kanpainarengatik.

 

Prentsa: Patxi Huarte, Zaldi Eroa

Egunero irribarrea eragiten digu Zaldi Eroak Berriako komikiarekin. EAEn hauteskundeak segituan eta krisi ekonomikoa gainean, gai faltarik ez duela esan diogu. Aitortu digu azkenaldian kosta egiten zaiola komikia egitea. Su-eten garaian lasaiago moldatzen zen, politikaz aritzeko. Eta ekonomia krisiaz aritzeko? Ekonomia gaiak nondik harrapatu kosta egiten zaio eta beharbada pertsonaia sortu beharko duela uste du. Lehen hiru urtetan hustu egin dela dio, politikaz, hizkuntzaz, ekologiaz zeuzkan iritziak bota ditu eta orain egunerokoa kontatzeari heldu behar; horretarako txipa aldatu behar.


Aldi berri honetan bultzada faltarik ez duela izango esan digu, jendeak saritzen baitu, esaten baitio gustura irakurtzen dituela eguneroko umore tantak. 

 

Telebista: Erlo Telebistako Gure saltsan saioa

Iazko urriaren 2an hasi zen emititzen Erlo Telebista Gure saltsan saioa. Honezkero bukatuak izango dira 15 saioak. Elkarlanaren emaitza da Gure saltsan, Zarauzko Udaleko Immigrazio teknikariak proposatu baitzion Erlo Telebistari etorkinekin lotutako saioren bat egitea. Halaxe, Euskal Herrira bizitzera etorritako zortzi lagun bilatu zituzten, euskaraz ondo egiten dutenak eta sukaldean ere moldatzen direnak. Iban Bengoetxea aurkezlea jarri da “sukaldariarekin” kamera aurrean eta platera prestatzen ari diren bitartean galdezka hasi zaio atzerritarrari: nondik etorri den, zer moduz moldatzen den, euskaraz nola ikasi duen... Bi marokoar, bi ekuatoriar, errumaniarra, argentinarra, mexikarra eta aljeriarra izan dituzte gonbidatu.


Grabazioak 2008ko udan egin zituzten Karlos Argiñanoren Aiala sukaldari eskolan. Saioa Zarautz, Getaria, Azpeitia eta Azkoitian ikusi da, Erlo Telebistak lau herri horiek harrapatzen dituelako. Alabaina beste tokiko telebistekin duten elkarlanari esker Goierri Telebistan, Goienan, Tolosaldeko 28 Kanalean, Urdaibai telebistan, Ttipi-Ttapan (itxi den artean) eta Xaloan ikusten ari dira.

 

Irratia: Joseba Barandiaran

Bilbon bizi den legazpiarra duela dozena bat urte hasi zen Euskadi Irratian ekonomiaz hizketan. Jaime Otamendik harrapatu zuen Legazpiko kaleetan eta irratian ekonomiaz beste tertuliakide batzuekin aritzeko gonbitea egin zion. Halaxe hasi zen Madrildik, han ikasten ari baitzen; eta orain Bilbotik ia egunero hitz egiten du. Duela hiru-lau hilabete hasi da maiztasun horrekin, ekonomia ahotan duela. Irratiko arduradunek zalantzak zituzten ea egunero ekonomiak minutu pasatxoko tartea betetzeko adina emango zuen. Barandiaranek garbi zuen, “begira futbolak zenbat minutu betetzen dituen. Ekonomiak beteko ez du bada, beste kontu bat da zenbat entzuleren arreta irabaziko genukeen”. Orain ez dute beldurrik, garai oso “egokia” suertatu zaie, krisi betean. Informazioa ulergarri eskaintzen duela eta konfiantza ematen duela esan diogu: “Ekonomiari, urrun eta ezezagun ospea kendu nahiko nioke, saiatzen naiz hitzek, kontzeptuek zer esan nahi duten azaltzen. Konfiantzari dagokionez, jendeak zalantza dauka: krisia hainbesterainokoa da ala hedabideek haizatu dute? Nik ez nuke nahi baikorregi agertu, ez naiz politikoa. Egia da hedabideek berri txarrak pilatu dituztela. Horrek jendearengan eragin dezakeela? Bai, baina ez dugu gezurrik esaten.


Barandiaranek finantza erakunde batean egiten du lan eta bertsozalea ere bada. Irratiz ekonomiaz komunikatzeko lanbideak laguntzen diola ez da zalantzarik, baina bertsotan ikasi izanak lagundu ote dion... ez omen da batere bertsolari ona, berak dioenez.

 
Internet: Librezale taldea

2003an egin zuten lehenengo bilera. Orain hogei bat lagun dabiltza. Helburua argi dute: teknologia berrietan euskararen erabilera bultzatzea. Taldekideak teknologia horien erabiltzaile soilak dira, badira filologoak, baita informatikariak ere, baina gehienak erabiltzaile arruntak dira. Teknologietan euskaraz bizitzeko oso garrantzitsua da programa informatikoak euskaratuta izatea eta talde horrek ahalegin berezia egiten du horretan: software librea euskaratzen du. Bi ardatz ditu beraz, taldeak; bata euskaraz aritzea eta bestea software librea erabiltzea. Marko Txopitea taldekideak software librearen aldeko apustua adibide baten bidez kontatu digu: erabiltzaile batek programa oso bat euskaratu zuen eta jabeari eskaini zion doan. Jabeak erantzun zion ez zuela nahi eta gainera, inola ere ez zabaltzeko euskarazko bertsioa. Erabiltzaileek egunero darabiltzaten programak euskaraz nahi dituzte, ahalik eta azkarren eta denen eskura. Horren adibide da Firefox 3aren euskaratze azkarra. Euskaratutako programak beraien webgunean eta programa sortzaileen zerbitzarian zintzilikatzen dituzte. Dena dela, Marko Txopiteak azpimarratu du taldean egiten duten lana zabaltzeko oso ondo etorriko zaiela Argia Saria.


Softwarea itzultzeaz gain, foroa ere badute sarean, erabiltzaileen artean edozein motatako aholkuak, zalantzak partekatzeko eta elkar laguntzeko.

 

Publizitatea: Margotu egunak kanpaina
Usurbilgo Udalak hondakinen atez ateko bilketaren berri izan eta herrian kudeaketa mota hori abian jartzea nahi zuen. Horretarako herritarren elkarlana beharrezkoa zen. Kanpaina koloretsua, bizia, alaia egin dute, Xabier Lekuona komunikazio arduradunak esan digunez, hondakina ez delako zabor, zikin ezkutatzekoa, uxatzekoa. Hiru ardatzetan bildu daiteke kanpainarekin lortu nahi dutena: herritarren artean hondakinez beldurrik gabe hitz egitea, herritarrek parte hartzea eta Usurbilgo ingurunea zein herritarren osasuna zainduko dituen kudeaketa dela nabarmentzea. Udala oso pozik dago orain arteko erantzunarekin. Bandoak egin dituzte, alkateak etxe bakoitzera idatzia bidali du, bilkurak egin dira herritarrekin... 5.900 biztanleko herrian 1.200 lagun hurbildu dira bileretara. Autokonpostajea egiteko gaitasuna 400 familiak dute eta bi hilabetean 340k baietza eman dute. Martxoan hasiko dute atez ateko bilketa, Usurbilgo Udalak herritarrengan konfiantza osoa du. 

 

Merezimenduzko Saria: Mikel Atxaga
70eko hamarkadan Zeruko Argian kazetari lanean hasi zen, eta Deian urte asko egin ondoren, duela urte gutxi hartu zuen erretiroa. Euskaraz aritzeko aukera eta etorria izan dituela dio berak, eta pozik dago horregatik. Ez zen garai ederretan hasi kazetari lanean, ez behinik behin euskaraz aritzeko. 1970 eta 1977 urteen artean Zeruko Argian aritu zen. Haiek urte gogorrak izango zirela esan diogu. Hara erantzuna: “Urte gogorrak eta itxaropentsuak. Franco xahartuta zegoen eta laster hilko zenaren esperantza bagenuen. Bai, beldurra, ikara pasatzen genuen batzuetan, baina gauzatxo batzuk egiten ari ginenaren irudipena genuen”. Anparo Arangoa torturatuaren argazkiak atera zituzten eta baita “telefonazo” gogorrak jaso ere. Astekariaren zenbaki hura asko zabaldu omen zen eta Zeruko Argia ezaguna egin zen euskaltzale ez zirenen artean ere. Azalean ikurriña jarri zuten beste batean eta ilegalizatuta zegoenez susto batzuk jaso zituzten. Epaitegietara buelta batzuk egin zituen Atxagak, gehienetan 25.000 pezetako isuna pagatzera joanda. Eta hala esan digu: “Zain egoten ginen isuna noiz jarriko”, “Nola?” harrituta esan diogu, “bai, diru biltzea egiten genuen isuna ordaintzeko eta ohikoena zen ordaindu behar genituen 25.000 pezeta horiek baino gehiago biltzea”.


Zeruko Argiatik Deiara egin zuen jauzi. Jarduna aldatu zitzaion han, batetik, astekaria utzi eta egunerokoan hasi zelako lanean, eta bestetik, ia dena gaztelaniaz argitaratzen zuen egunkarian euskaraz aritu zelako. Alegia, “eduki interesgarrienak gaztelaniaz ziren eta euskaraz bazterreko notiziak”.

Argia Sariak 2009
Xabier Letona zuzendariaren hitzak
Duela astebete kazetari eta idazle batekin egin nuen topo lantoki ondoko taberna batean eta hala esan zidan, gutxi gorabehera: “Prentsarenak egin duela hi, joan zaitezkete pentsatzen beste zerbaitetan”. Eta nik baietz, prentsa estu zebilela eta hori ez dela berria guretzat. Eta berak, “Baina Los Angeles Times eta El País desagertuko badituk, pentsa!, ni hasia nauk alternatibak bilatzen”.

Tira, anekdota oskola besterik ez da, alea da interesgarria... edo beldurgarria, nondik begiratzen den. Bai, Los Angeles Times, The New York Times, The Miami Herald, Le Monde, El País... batzuk ixtekotan eta besteak oso larri etorkizunarekin. Erraldoi horiek larri! Egia da, hotzean pentsatuta, hotzikara goitik behera sentitzen dut bizkarrezurrean.

Baina hotz-beroak biziarazten du barrena eta etorkizuna berotasun horretatik begiratzea besterik ez dagokigu. Berotik heldu behar, bestela jai. Txikiaren moldatze ahalmenetik, bestela jai. Txikia eta erreferentziala, horra hor aurrera egiteko guk bilatzen ditugun klabe garrantzitsuak.

Eta duela gutxi kazetaritzaz egiten zuen hausnarketan “gauza txikiak” irakurri diot Mariano Ferrer kazetari eredugarriari: “Ia dena egin daiteke pantailatik bertatik. Lehen informazioa bilatu egin behar zenuen eta jardun horretan ez zenituen historia handiak topatzen, baina istorioak ehuntzeko gauza txikiak topatzen zenituen. Gaur egun ez dago denborarik, ez gogorik, ez beharrik, eta kazetaria gizartetik isolatzen da”.

Gure jardunaz badugula zer pentsaturik alegia. 2008an hausnarketa interesgarria abiatu da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatuta. Ikusiko dugu zertan amaitzen den. Hiztun gutxiko komunitatea osatzen dugu, txikiak gara, eta gurekin batera bizi diren hizkuntza erraldoiak ezin ditugu denean imitatu. Handikeriatan galtzen gara sarri eta hori ere bada euskarazko kazetaritzan dugun arriskuetako bat.

Kazetariei ez ziela esango nola jardun behar zuten, zioen ETAren agiriak duela gutxi, lerro artean adierazpen askatasuna mila zatitan txikituz. Ulertu hori. Argiak bereziki helarazi nahi die elkartasuna EITBko langile eta zuzendaritzari, eta erasotuak izan ziren gainerako kazetariei. Eta zer eta poza adierazi behar gainera, beira zati artean inor bertan zerraldo geratu ez zelako, hori ere posible izan zen eta.

Elkartasuna luzatu nahi diogu Karmelo Landa gure kolaboratzaileari ere, 1997an bezala berriz ere preso, baina bere ideiengatik ez, hori ez, talde armatuko kide ei da orain. Ulertu hori ere. Arantza Urkaregik ere fin erantzun izan du guk artikulua eskatutako bakoitzean. Eta Egin-eko administrazio kontseilukoa izateagatik katez lotu zuten Jesus Mari Zalakain edo kazetari izateagatik Teresa Toda. Ulertu hauena ere.

Ez, ezin diegu guru buruei gatazka bortitzaren zurrunbiloan joaten utzi. Informazioa eta analisia da Argiak gure orrietan eta sarean eskaini dezakeena, elkartasuna eta salaketa bozgorailu honetatik. Eta nahi sendo bat, ametsaren eremuan jausten utzi behar ez dena, errealitatearen interpretazioan gaudenok, kazetariok, bereziki defenditu eta bultzatu behar duguna: konpondu dezagun konpondu beharrekoa elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik. Gainerakoak ez du zuloa ondo itxiko.

90 urte, asko dira, duda barik. Eta asko dira hainbeste zorte izan ez dutenak. Ttipi-Ttapa telebistak ez du hainbeste iraun, ez da erraza ohiko telebista egitea. Esan ziguten, “argi ibili telebista kontuekin, oso garestia da”. Behin baino gehiagotan ikusi dute amildegia ertzetik, baina Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza politikaren bultzada erabakigarria izan da. Zorionez badute zertan jardun, animo eta besarkada bat haientzat ere.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: ARGIA Sariak

ARGIA Sariak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude