Historiaren talaia

  • Nafarroako gotorlekurik ederrenetakoa du Artaxoak; ia kilometro bateko harresiak, bederatzi dorre eta eliza gotiko ikusgarria, inguruan dauden mahastiak eta lur zabalak patxadaz ikusteko toki ezin aproposagoa: Zerkoa. Baina ez da hori herriak duen arreta-gune bakarra: Historiaurretik karlisten garaietara eramanen gaituen bidaia ezin interesgarriagoa egiten ahal dugu.
Artaxoa
Artaxoara ailegatuta ezinbestean gora zuzendu behar da begirada. Muinoaren gainean, inguru osoaren zaindari, herria famatu egin duen gotorlekua, Zerkoa, ikusten da nonahitik begiratuta. Harresi dotorea eta elizaren dorre garaia, bide guztiek horra eramanen gaituzte.

Herriko karrika nagusietan –Eugenio Mendioroz, San Pedro eta Kale Nagusian– aspaldiko etxe zaharrak eta eraikin berriak ikusten dira, nahas-mahasean. Etxe zahar askok arkua dute etxeko atarian, eta horietako batzuetan zenbaki eta hizki batzuk agertzen dira markatuta: gerrate karlistetan erabiltzen ziren marka horiek, eta etxe bakoitzean zaldiak gordetzeko zenbat ukuilu zegoen adierazten zuten.

Karlismoarekin harreman estua izan du beti herriak, zoritxarrez ezaguna da “Artaxoako 40ak” izeneko errekete taldea izan zela 1936an Donostian sartzen lehena. Dena den, herritar aurrerakoi asko ere izan dira, eta horren aztarnak gure garaietara iritsi dira: Corralizas Elkartea sortu zuten 1865. urtean, Elizari kendutako ondasunei beste erabilera bat emateko. Elkarteak gaur arte iraun du, nolabaiteko udal paralelo gisa, herriarentzat gauza asko eginez.

Baina, aspaldiko kontuetan galdu aurretik, segi dezagun herritik gora, Zerkoraino. Horretarako, herriko beste elizatik pasa behar dugu, San Pedrotik, harresietatik kanpo bizi zirenek erabiltzen zutena.

Remahuako atetik pasatuta –garai batean hiru ate zituen gotorlekuak, gaur bi baizik ez– Zerkora ailegatuko gara. XI. mendean hasi ziren gotorlekua eraikitzen, eta 1109. urtean amaitu. Harresiak, berriz, XIII. mendekoak dira. Garai batean hamalau dorre ziren, gaur egun bederatzi baino ez daude zutik. Baina ez da bakarrik harresia, ezta dorreak ere. Gotorlekuaren erdi-erdian XIII. mendeko San Saturnino eliza gotikoa dago, portiko, arrosa-leiho eta ezkila –alderantziz jotzen duten bakarrak omen dira– ikusgarriak dituena.

Azken urteotan Nafarroako Gobernuak berritze lanei ekin die. Hori dela-eta gaur egun ez da posible elizaren barnealdea bisitatzea. Gauzak ongi, aurtengo udaberrirako bukatu nahi dituzte eraberritze lanak.

Zerkotik behera

Lainorik gabeko egunetan, Zerkotik Artaxoa osoa eta Nafarroako Erdialdearen lautada zabala ikusten dira. Talaia ezin hobea da, iraganean defentsarako, gaur egun paisaiarekin gozatzeko. Harresien kanpoko aldera ere jotzen ahal dugu, inguratu eta hainbat lekutatik egiaztatu gotorlekuaren dotorezia.

Hortik behera, 300 bat metrora, beste eraikin aipagarri bat ikusten da. Zerkotik ateratzen den errepide batetik ailegatu gara Jerusalemgo Amaren basilika handiraino. Ermitan izen bereko Amabirjina dago, nonbait artaxoar batek Gurutzadetatik ekarria. Fraidetxea, baina, ia hutsik dago, bi fraide baino ez dira bizi bertan.

Basilikaren ondo-ondoan, herriko hilerria. Bertara sartuta, arretaz begiratuta, izen ezagun bat aurkituko dugu: Victor Erice. Baina ez dugu inor behar baino lehenago hil nahi, ez: zinemagile ezagunaren aita da. Artaxoarrak zituen gurasoak, hor daude aita-ama, bata bestearen ondoan lurperatuta. Noizean behin agertzen omen da Erice Artaxoako hilerrira.

Bilatu arren, ez dugu aurkituko herriko semerik ospetsuenaren hilobia. Jose Maria Jimeno Jurio ez dago hilerrian lurperatuta. Baina herrikideek kale bat eskaini diote, Artaxoako inguru berrian dagoena. Ikerlariak lan itzela egin zuen Artaxoaren eta Nafarroa osoaren euskal izaera Historian arakatzen, eta bere herriari oso lotuta egon zen beti.

Herritik kanpo ere bada zer ikusi. Basilikatik pista bihurria abiatzen da; Artaxoako dolmenetaraino doan bidea da. Ongi markatutako lau bat kilometro daude, Portillo de Eneriz delakora ailegatu arte. Ederki kontserbatutako dolmena dago bertan, eta pixka bat harago, mendian sartuta, beste bat, Minako Dolmena.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude