Txarly Martinez de Bujanda

«Zenbat eta kartzela gehiago, orduan eta jende gehiago sartuko dute barruan»

  • Langraizeko kartzelako kapilaua da. Hamahiru hildako hiru urtean. “Kartzelara heldu oro, heldua da hobira”. Heriotza kartzela. Sartu-irtenean, berriz, Txarly, bertako apaiz adoretsua.
Miel Anjel Elustondo
2009ko urtarrilaren 18a
Txarly Mtz. de Bujanda
Dani Blanco

Presoak zaintzea ei da zure lana…


Pastoralak eta ebanjelizazioak pertsonak zaindu behar ditu. Pertsonak, berriz, alderdi asko ditu, eta denak zaindu behar dira. Alderdi espirituala –kartzelan oso inportantea izan litekeena–, eta, bestea, materiala –kartzelan oso inportantea dena–. Esaterako? Erlojuarentzako pila eramatea presoari, eskatu eta biharamunean izan dezan, edo handik astebetera, baina ez hilabete edo hilabete bira, bitartean erloju gabe ibil ez dadin kartzelako mandatariak pilarik ekartzen ez diolako. Edo presoari pakete bat helaraztea, amak niri bidali didana, semeari eskura jar diezaiodan, posta bidezko paketeak ez direlako onartzen. Kanariarretan bizi den familiak tapakiak bidali nahi dizkiola semeari, negua datorrela eta epel izan dadin? Niri bidaltzen dit fardela, postaz ez litzaiokeelako helduko. Alde material hori zaintzen dut, eguneroko gauza txikiak, barruan dagoenari esperantza pixka bat eman diezaioketenak. Beste aldea ere bai, jakina, tarte batean hizketan jardutea, eta barre egitea –ahal den neurrian, behintzat–, edo zigorra handitu berri dioten presoaren ondoan egotea, bihotz eman nahian.
 

Pila, pakete, fardel… Kartzelak ez dauka hori egingo duen inor?


Kartzelak bere psikologoa du, bere mandataria du, bere langileak… baina batzuetan ez dira heltzen, edo ez dute heldu nahi… Aurreko batean esan zidatena: “Txarly, halako libre utziko dute hilaren 23an. Etxera joateko autobus txartela behar du. Bi aukera ditugu: ala zuk erosi gaur, ala mandatariaren esku utzi eta auskalo noiz erosiko dion txartela”. Kasu horietan hobe dut neuk erosi, ez dago eta jakiterik noizko erosiko dion mandatariak, autobus geltokira joatea ez dagoelako bere bidean, edo batek jakin. Gauza asko dira, preso asko, eskari asko… Kartzelak egin beharko lukeela? Uste dut kartzelak askoz ere gauza gehiago egin beharko lituzkeela, baina ez ditu egiten GKEek egiten dituztelako, edo barrura sartzen diren beste pertsona askok. Besteok egiten ditugunez, kartzelak ihes egiten dio bere lanari.
 

Lan askori egiten dio ihes kartzelak.


Ahal duen guztiei. Kartzelatik kanpo zaudetenok uste dut oker zaudetela. Lehenengo, presoak ez dira uste bezain gaiztoak. Okerrak egin dituzte, denok bezala, baina kontua da badagoela lege bat haien okerrak delitu direla esaten duena, eta horrexegatik dira delitu, eta barruan daude, zigortuta. Kartzela barruko giroa, berriz, lasaia, atsegina da, barre egiten duzu, eta adarra jo ere bai presoei. Bestetik, funtzionarioei dagokienez, denetarik dago, kleroan bezala, kazetarien artean bezala… Funtzionario gehienek, dena den, ez dute presoaren kontrako ezer. Beren lana egiten dute, eta inork bizimodua ozpintzen ez badie, beraiek ere ez dira inor ozpintzen ibiliko. Diote: “Epaileak sartu zaitu, ez nik. Hemendik lehenbailehen irten zaitezen nahi dut. Nork bere tokia du hemen: zu preso, ni funtzionario”. Horri dagokionez, kartzela kanpotik irudikatzen dugun ez bezalakoa da.
 

Presoaren soslaiari buruz irakurri dudanez, konstante zenbait ageri dira: osasun egoera eskasa; drogari loturiko delituak; prekarietate ekonomikoa; ikasketarik eza; emakumeen artean, erdiak ama dira…


Erdiak baino gehiago… Aurten kalera irten diren pertsonen %75, gizon zein emakumezko, drogari lotutako delituengatik izan da kartzelan; edo lapurretagatik. Lapurreta, drogatuta egoteagatik, edo drogatzeko helburuarekin. Aberatsago izateko lapurtu duenik, Langraizen ez dago bat. Tira, beharbada, hiru. Gainerako denak, drogaz ipurtzuloraino zeudelako, edo droga behar zutelako lapurreta egiteagatik daude Langraizen. Gasolindegira joan, edo kutxara, eta 100 edo 200 euro lapurtutakoak dira, alegia. Edo mila euro balio duen poltsa lapurtu dutenak, 100ean saltzeko, horixe behar zuten-eta droga erosteko. Horrela da: drogaren kontua lotsagarria da! Gaur egun, merkeagoa da inor hiltzea txikizka lapurreta egitea baino. Eta ez daude maila berean. Badira pertsona bat hebain-hebain egin dutenak, ihesi joan direnak, harrapatu dituztenak, barrura sartu eta zortzi urteko zigorrarekin irteten direnak. Eta badira txikizka lapurreta egin dutenak, dosi batengatik, baina behin, bi, hiru aldiz harrapatu dituztelako, hamabost, hemezortzi, hogei urteko zigorra dutenak. Ez da logikoa. Pertsona horiek ez dira hiltzaile handiak, lapur handiak, kriminal handiak… Bizitzaren mila konturengatik drogan jausi dira, eta kartzelan amaitu dute. Asko, osasuna zeharo hondatuta, beste batzuek hantxe alferrik galduko dute osasuna, kartzela ez baita leku osasuntsua eta erraz da han zernahi kutsatzen: kartzelako giza taldea oso gaixorik dago, oso pilatuta, osasun neurri eskasak ditu… Gizartean, hepatitisa eta HIESA izan litezke gaitzak. Kartzelan, okerrago, tuberkulosia da gaur egun gaitz larriagoa. Gizartean ia erabat desagerturik dagoen gaixotasuna! Bada, kartzelan, frogak egin beharra dago, aldika.
 

Zer gertatzen da preso bat hiltzen denean?... Eta gero beste bat, eta handik hilabetera beste bat, eta beste bat gero, eta beste bat… Hiru urtean, hamahiru hil ziren Langraizen.


Bai…
 

Salhaketaren arabera, zenbait preso kartzelatik ospitalera eraman izan zituzten, kanpoan hil zirela ager zedin…


Bai.
 

Nola liteke?


Nola litekeen? Kartzelan dena da posible. Kartzelan bada mediku bat, eta behin edo behin esan izan du: “Gehiagotan ez gertatzea da harrigarria!”. Kalean, ehun milako lauk hiltzen du bere burua. Kartzela barruan, ehun milako hamazazpik. Zergatik hiltzen du bere burua preso dagoenak? Hamaika dira arrazoiak, eta ezberdinak. Presoak bere buruaz beste egitea trauma da, guztiontzat. Okerrena, funtzionarioentzat, sortzen den zalapartagatik besterik ez bada ere. Ez dakit hildakoaren kezkarik duten, baina gogoan hartzen dute, kartzelak jipoi handia hartzen du eta. Funtzionarioek, azkenekoz ikusi zutenek, kontaketa egiten ari eta hilik aurkitu zutenek, zuzendariordeek, zuzendariak… Denek eman behar dituzte azalpenak, gauzak ondo egin ote dituzten aztertu. Latza da egoera. Presoen artean, berriz, hildakoaren hurrekoei min handia egiten die, baina era berean, arduragabekeria handia dago. “Nahiko gaizki gaude lehendik! Ez gaude geure burua are gehiago zigortzeko moduan!”, dio askok. Batak bere burua hiltzen du, eta ez dago azalpenik. Gero, “ematen du…diote… irudi du… funtzionario batekin haserretu omen zen… Salto del Negrora eramango zutela mehatxu egin omen zioten… andregaiak utzi egingo zuela esan omen zion… omen, omen, omen…” Inork ez du ezer jakiten. Zalaparta bai, hori ziurra da.
 

Langraiz, heriotza kartzela. Hamahiru hildako hiru urtean.


Langraizen asko tenkatu zen soka. Presoak hainbeste estutu eta gero, salatari izan daitezen edo honetarako edo horretarako bihurritu… bada, gertatu zena gertatu zen: hildako zerrenda. Batzuek nahiago izan zuten paretik kendu, okerragorik gertatu baino lehen.
 

Hamahiru, hiru urtean. Asko dira.


Ez dakit asko diren. Bat bera asko da. Konbentzituta nago beste zenbait kartzelatan askoz gehiago hil izan direla, inork jakin gabe. Baina Langraizen, jakin egiten da. Hori da problema. Problema, zentzurik onenean. Hiltzen dira bi Topas-en (Salamanca, Espainia), eta berria laburretan ageriko da, eskuineko zutabean, inork leituko ez duen tartean. Batek baino gehiagok, berriz, zera esango du: “Bi gutxiago!”. Langraizen, hiltzen da bat, eta beti da elkarteren bat –Salhaketa, kasu– jakiten duena. Preso asko irteten dira egunero Langraizetik, baimenarekin, edo auzolandegietara edo beste, eta barruko berri jakiten da kanpoan. Prentsak horren albiste ematen du, hemen. Beste zenbait lekutan ez, baina hemen bai.
 

Kartzela berria ote da soluzioa?


Ez. Hori zozoenak ere badaki. Ez diot nik, funtzionario edo zuzendariorde batek baizik. “Langraizen daukagun kartzelak ez du ezertarako balio, gizartearen zabortegia da. Inork nahi ez dituenak bidaltzen dizkigute, eta guk haiek hartu eta zer edo zer on egin dezagun nahi dute. Gizarteak bere kontzientzia zuritu nahi du, ez besterik”. Horixe da funtzionarioen %90ek diotena. Kartzela berria dela eta, berriz, lekua desegokia da, hegoaldera begira dago, laiotza, iluna… Eraikin batek gutxien behar dituen ezaugarri guztiak, alegia. Baina kartzelarik onena eginda ere, lekurik onenean, eguteran, eta igerileku eta guzti, kontua da kartzelak ez duela ezer konpontzen, egoera okertu baizik. Pertsona bat osasun oneko sartuko da, eta porru eginda aterako. Litekeena, oso. Traiektua aldatu beharra dago. Kartzela asmakari bikaina izan zitekeen garai batean, lapurretagatik eskua mozten zizutenean, baina gainerakoan, gaur egun, bada garaia gauzak beste modura ikusteko, beste modu batera egiteko. Kartzela, bestalde, negozio biribila da eta, beraz, oso zaila da kartzela baten eraikitzea geratzea.

 

Kartzela, negozio.


Negozio biribila, eraikitzen duenarentzat. Milioika milioi dira jokoan. Preso bakoitzak hamar, hamabost milioi pezetako aurrekontua du. Mila preso badira, hamabost mila milioi. Horrela dira kontuak. Ez dago matematikan aditua izan beharrik. Hamabost mila milioi, eraikitzearen truke. Funtzionarioak eta gainerakoak, aparte. Behin aditu nuen, ospitale bat urtean mantentzeak eraikitzea beste balio zuela. Kartzela antzeko dabil. Funtzionarioak, zaindariak, gainerako jendea… Hotela da, 24 orduz, urteko 365 egunetan. Negozio biribila. Negozio biribilena, berriz, kartzelak pribatizatzea da.
 

Pribatizazioa?


Adin txikikoen kasuan, denak dira pribatu. Eusko Jaurlaritzak zentro bat du. Gainerakoak GKEen esku daude, hau da, esku pribatuetan.
 

Konponbideak…


Alkoholemia froga egin dizute. Positibo. “Harrapatu zaitugu. Non bizi zara?”. “Arana 9an”. “Utzi autoa bertan”. Zepoa jarri diote zure autoari, denek ikus dezaten. Bigarren aldiz harrapatu zaituztela, akordatuko zara. Eskuturrekoa jarri behar zaizula? Jarriko dizugu, lanera joan zaitezen, eta arratsaldeko 18:00etan etxean izan zaitezen biharamuneko 7:00ak arte, berriro lanera joateko. Eskuturrekoa zuzen eramanez gero, zeure lagunen artean ibili ahal izango zara, andrea ikusiko duzu, lan egingo duzu… Ez duzula eskuturrekoa zuzen eramaten, kartzelara lotara! Baina goizean beti lanera, ez dezazun zure lana gal. Bosgarren aldian, okerkerian zabiltzala, bada, zulora, barrura sartuko zaitugu… Baina bosgarrenean! Orain ez, orain lehenengoan zoaz barrura. Eta, gero, lana galdu duzunean, familia galdu duzunean, lagunak… Dena galdu duzunean, kalera, libre! Zertara, ordea? Irten eta ezkonberriaren ilusioa du preso egon denak. Baina kartzelatik irten orduko, zertara? Non bizi? Norekin? Zein dirurekin?… Azkenean, esan ere egiten dizute: “Nahiago dut barruan egon!” Ez lan, ez familia, ez lagun… Zer egin behar du?
 

Birgizarteratzea da gakoa, zure irudiko.


Kartzelak baditu birgizarteratzeko neurriak. Batzuetan, liluratu egiten naiz. Hamar urteko zigorra duen laguna, urte eta erdian, edo bian, kalean. Hamar urteko zigorra izanagatik ere –droga auziagatik, gehienetan–, gauza handia da. Nire ustez, horixe da erabakirik onena, barrukoak lehenbailehen ateratzea. Elkarte batera joango da, jantoki sozialera… baina, lana? Atzerritarrek, esaterako, oraintxe ez dute ez lanik ez paperik ez ezer lortzen. Hor dago koska.
 

Kartzela gehiago, ez.


Zenbat eta kartzela gehiago, orduan eta jende gehiago sartuko dute barruan. Pentsaezina da gizarte honetan, mila lagunentzako kartzela egin eta hutsik edukitzea. Problema ez da kartzelak egitea, jendea kalera ateratzea baizik. Jendea kartzelara ez sartzen hasi behar dugu, eta ateratzen. Jendea kartzelara ez sartzen hasten bagara, ez dugu izango orain dugun arazoa.
 

Kartzela eraisteko eskatzen hasi behar ote dugu, eraiki orduko?


Zaharra ez dute eraitsiko, eta berria egingo dute. Mikel Mintegi diputatuari barre egin diote Madrilen; barre. Ez dugu kartzela berria geraraziko, kontra bagaude ere, eta kontra egongo bagara ere. Eta zaharra ere ez dute eraitsiko, eta ez da zaharren egoitza izango, Langraizeko alkate PSEkoak esaten duen bezala… Ez dakit zer egingo duten, amentzako unitatea, hirugarren graduko kartzela irekia, Birgizarteratzeko Zentroa egingo duten edo zer… baina segituko du, nola edo hala, eta beraz, bi kartzela izango ditugu Langraizen. Hala ere, beste bat da arazoa: beste urte batzuetan, egunean hamar lagun sartzen ziren Espainiako Estatuko kartzeletan; urtean, lau mila. 2008an, hogei sartu ziren egunean; urtean, zortzi mila. Eta aurten ez dira gutxiago sartuko, ez dago modurik, legeak –azkena egindako lege aldaketak, alegia– zaildu egiten duelako jendea kalera irtetea, luzeago edukitzen dituelako barruan. Eta barruan gero eta jende gehiago dagoelarik, edozein momentutan leher liteke egoera.
 

Zu, “atera, atera, atera” ari zara. Agintariak, kontrara, “sartu, sartu, sartu”…


Lanean ari garen denok bat gatoz horretan: ez da sartu behar, atera baizik. Baina politika eta politikari guztiak kontrako norabidean doaz. Arrazoiak, zeinahi. Politikoki, drogatak kartzelara sartzeak botoak ematen ditu. Besterik da barruan daudenek saldutako kokaz ipurtzuloraino betetzen badira politikariak; hori besterik da.
Nortasun agiria
Jose Anjel Martinez de Bujanda Crespo Txarly (Santikurutze Kanpezu, Araba, 1958). Txikitan irten zen herritik, Gasteiza ikastera. Ez du bere burua kanpezuartzat. Bazter utzi zuen herria, bazter lagunak, bazter familia ez beste. Kanpezun dagoelarik, ez dago herrian. Bai, aldiz, Oionen. Bertan igaroak ditu bizitzako urterik onenak, 1984tik 1996ra. Arriagako Done Bikendi parrokiara etorri zen Oiondik eta kartzela pastoralari zegokion lana egokitu zitzaion. Langraizeko kartzelako kapilaua da 2005etik. Heriotza korridorerik gabeko kartzela hiltzailea.
Hamahiru hil
“Hamahiru preso, egoera tentsio handiko batean… Problema ez da hamahiru hil direna, jakin dela baizik. Beste zenbait lekutan, ez da ezer jakin. Bi lagunek hil dute bere burua aurten. Egoera tenkatzen denean dator okerrena. Horixe gertatu zen orduko garaietan”.
Politikariak
“Kartzela berriaren aferan Udalak ez du esku hartuko, PSEkoa da eta. Diputazioa dardaraka dago, datozen hauteskundeetan zer gertatuko. PSEri ez diola kontra egingo ematen du. EAn, Mikel Mintegi kartzelaren kontra badago ere, alderdiak ez du ezer egin nahi! “Bai, kontra gaude, baina orain ez da komeni bazterrak nahasten ibiltzea”, esaten diote. Ezker Batuak ez du ezer egingo… Eusko Jaurlaritzak? Martxoan hauteskundeak. Dardaraka denak. Inork ez du ezer egingo. Inork ez. Ezer ez”.
AZKEN HITZA
Protesta
“Kartzela berria dela-eta, uste dut ekologista batzuek protestara joko dutela, eta GKEren batek –gureak bezalakoak, besteak beste–, orro batzuk egingo dituela. Handik goiti, zortziehun ziega izango dituen kartzela izango dugu, laiotzean, batek jakin non, eta sarbidea, eta parkinga, eta…”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude