argia.eus
INPRIMATU
Pasatuko zaio
  • Hedoi Etxarte ::Suzko lilia

    Susa

    95 orrialde

    prezioa ::11,40€

Igor Estankona 2011ko urriaren 05a
Hedoi Etxarteren iluminazioek –Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka– desorientaturik utzi naute. Ideia nagusirik ez dauka liburuak. Nik behintzat ez diot aurkitu. Poeta izatearen ageri-ageriko emozioak zipriztintzen du dena. Opera primek normalean izan ohi duten atrebentzia daukate suzko liliek, baina idazle hasiberriaren lotsarik eta frenorik ez da igartzen inondik. Zakarki idatzia dago, amore eman barik, kopiatu barik, akatsak bereak dira, bertuteak ere bai.

Hedoi Etxarteren poema bakoitzaren hasieran halako zirrara bat harrotzen da, zerbait interesgarria gorde dezakeela diotsun sentipen baten antzekoa, baina gero emozioa ez dator, ez da lana erremataturik geratzen, mahatsa ez da botilara iristen. Gerrikoa, Itsasontzia eta halako pieza batzuk kenduta, grinarik gabeko konposizioak dira gehienak. Liburuan ez dago erritmorik, ez dago persistentziarik, bilaketa eta bilaketa dago, etengabekoa. Hedoik liburu honekin konbentzio asko irauli dituela bistan da, baina arean gordinagoa espero nuen nik idazkera, kontuan harturik aberatsak direla gaiak eta motiboak. Iradokitzailea da Suzko lilia, ez ostera jenio bizikoa, edo behintzat zer edo zelango marka uzten duen obra horietakoa.

Poesiak giza esperientzian funtzio bat baldin badu, hori da bide berriak ibiltzearena, gauzak beste modu batera esatearena, hautua egitea hitz honen edo bestearen ametsaren artean. Hogeita bi urterekin inork ez ditu inoiz munduko poemarik ederrenak idatzi, nahiz eta beharrezkoa izan, era berean, atrebentzia horrekin idaztea. Suzko lilia lur birjina zapaltzen ari denaren argitasunarekin pentsatua dago. Horregatik diot “pasatuko zaio”: elgorria, liluramendua, idatziko ditu, edo entzungo dizkiogu, poema sendoagoak, aurkituko du bere ahotsa, sakonagoa, apurka-apurka. Zergatik dakigu hori? Bada, liburu onesta idatzi duelako Hedoi Etxartek, eta ardura diolako poesian bide berriak urratzea. Eta hori da, edozein kasutan, lehen pausoa: egia esatea norbere buruari, beldurrik ez izatea ezeri. Eta bihotza zabaltzen hasi garenez guztiok, nik esango dut, irakurle bezala, ez naizela identifikaturik sentitzen lirismo mota honekin, baina estimatzen dudala bere ausardia, eta ariketa interesgarria iruditu zaidala sano.

Materia badauka, forma falta zaio. Bibrazioa badauka, oraindik ahotsik ez. Sonoritatea badauka, baina ez da musika. Poesia badago, poetika falta da.