Baliabide naturalak upelera

  • Sagardogintzak bilakaera handia izan du azken urteotan. Sagardoa egiteko prozesuan tresneria modernoa erabiltzen dute. Azken aurrerapausoa ekoizpen moduetan eman da: dagoeneko badira Euskal Herrian sagardoa ekoizpen ekologikoaren bidez egiten duten sagardogileak.

2009ko urtarrilaren 18an
Alex Larretxi
Ingurumena errespetatzea eta lurraren emankortasunari eustea dira ekoizpen ekologikoaren ardatzak. Ekoizpen prozesuan ez da erabiltzen pozoi edo produktu toxikorik. Hortaz, prozesu ekologikoaren bidez egindako produktua –kasu honetan sagardoa– osasuntsuagoa da.
 
Sagardo ekologikoa egiteko produktu kimikoak, sintetikoak eta erasotzaileak alde batera uzten dituzten prozesuak jarraitzen dituzte ekoizleek; horien ordez, bertako baliabide natural iraunkorrez aprobetxatzen dira eta biodibertsitatea sustatzen eta errespetatzen duten praktikak erabiltzen dituzte, lurzorua eta paisaia zainduz.
 
Sagardo ekologikoaren eta sagardo naturalaren artean ez dago alderik, sagardoa egiteko prozesuari dagokionez. Lehengaia tratatzeko moduan daude diferentziak, sagarrean edo sagarrondoan, alegia. Sagarrak zaintzeko produktu naturalak bakarrik erabil daitezke, ingurumenari eta lurrari ahalik eta kalte gutxien eragiten dietenak, hain zuzen.
 
Araudia

Nekazaritza ekologikoaren araudietan jasota daude baimendutako produktuak. Izan ere, nekazaritza ekologikoaren araudia aplikatzen da sagardogintza ekologikoan ere; zehazki, 1991ko ekainaren 24ko Kontseilu Europarrean adostutako 2092/91 araudia. Eusko Jaurlaritzak ere jasoa du araudi hori 229/1996 dekretuan; horren bitartez Nekazal Ekoizpen Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortu zen. 2006an, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintza Ekologikoaren Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.
 
Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen du ekoizpenaren kalitatea. Berak gainbegiratzen du ekoizpen prozesua eta sagardo ekologikoa identifikatzen duen zigilua ematen du.
 
Egileen iritzia

Sagardo ekologikoari buruz hitz egiteko, dena den, egileei beraiei galdetzea da onena. Hala egin dugu eta modu ekologikoan ekoizten duten bi sagardogileri elkarrizketa egin diegu. Hona jasotakoa:
«Produktu ekologikoena zigilurik kontrolatuena da elikagaigintzan»

Aspaldi hasi zen Koldo Lopez tolosarra sagardoa ekoizten, Arabako Ozaeta herrian duen lursailean. Ama zena herri horretakoa zuen eta bere abizena ipini zion izen gisa sagardoari: Borobia. Duela sei urte inguru hasi ziren merkatuan saltzen. 10.000 bat botila sagardo egiten dituzte urtean.

Nolatan hasi zinen sagardo ekologikoa egiten?


Bokazioz egiten dut sagardo ekologikoa. Aldez aurretik askotan probatu nuen sagardo ekologikoa. Horrez gain, lurrarentzat ona delakoan hasi ginen. Izan ere, lurra errespetatzen da prozesu ekologikoaren bitartez eginez gero.
 

Zer nolako zaporea du sagardo ekologikoak?


Sagardo naturalarekin alderatuz gero diferentziarik ez duzu nabarituko zaporeari dagokionez. Baina azoketan batzuek esaten digute sagardo naturala hainbatetan ez duela ondo onartzen sabelak. Sagardo ekologikoa sagardo sanoa da, osasungarria, eta horixe da duen gehigarria. Beste kontu bat da gustukoa izatea edo ez izatea.
 

Zein sagar barietate erabiltzen duzue sagardoa egiteko?


Gipuzkoako Foru Aldundiak duen mintegitik ekarritako barietate batzuk erabiltzen ditugu. Horiei, hemen Barrundian geratzen diren sagar barietateak nahasten dizkiegu. Hemengo baserritar bakan batzuek gorde dituzte urteetan bertako barietateak euren lursailetan. Horien ahaleginari esker oraindik gure artean ditugu zenbait sagar barietate. Hala ere, barietate horien karakterizazio lanak egin gabe daude oraindik.
 

Nolako sagar barietateak dira?


Hemen ondo iraun duten barietateak azidoak dira. Normalean, horrelako herri txikietan ondo kontserbatzen direnak azidoak izan ohi dira. Batetik klimagatik eta bestetik sagardoa martxoan edukitzeko sagar berantiarrak izan behar direlako. Moko eta Gezaminaren antzekoak dira aurkitu direnak, sagardotarako oso premiazkoak. Gure inguruan oso arriskutsuak dira izotzaldi berantiarrak, maiatz aldean egiten dituenak. Hemengo barietateek iraungo zutela bagenekien, baina Gipuzkoatik ekarritakoekin ez genuen oso argi.
 

Nola kontrolatzen da sagardo ekologikoa?


Sagarra jotzen hasitakoan Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaileari abisatzen zaio, sagarraren lagin bat aztertzera eraman dezan. Nire sagastiko sagar horietako batzuk analizatu egiten dituzte laborategian, pozoi arrastoren bat duten jakiteko. Gero, behin muztioa egindakoan, bigarren aldiz etortzen da ikuskatzailea eta muztio lagin bat eramaten du, laborategian azter dezaten. Orain arte ez dut sekula arazorik izan.
 

Teknikarien baimena jasotakoan sagardoa botilaratzen hasten zarete?


Dena ondo badago etiketa egiteko baimena ematen dizute. Zenbat salduko duzun galdetzen dizute eta orduan datorren urtean saldu ez duzuna ere kontrolatu egiten dute, galdetu egiten dute. Produktu ekologikoena dagoen zigilurik kontrolatuena da, elikagaigintzaren alorrean. Guri interesatzen zaigu hori horrela izatea, iruzurrik ez zaigu interesatzen. Sekulako kaltea litzateke iruzurra.
 

Zer ez dago baimenduta ekologikoa egiteko?


Legeak baimentzen ditu hainbat produktu sagar gaitzei aurre egiteko, baina sintesi produktuak edo petroliotik eratorritakoak esate baterako ezin dira erabili. Baimenduta daudenen artean, esate baterako, landareetan jatorria duten hainbat olio erabil daitezke. Onddoen kontra kobrea erabil daiteke, baina urtean zehar kantitate txikitan. Egurrezko zein altzairuzko upeletan hartzitu daiteke sagar muztioa.
 

Ze asmo duzue etorkizunari begira?


Sagardoarekin dirua irabazteko asmorik ez dugu, etekin ekonomikoak oso urriak dira. Produktu ekologikoen merkatuan edaria ez da gehien saltzen dena. Sagardo normala baino pixka bat garestiagoa da, oso kontrol zorrotza pasatzen baitu ekologikoak, eta hori jendeak ez daki. Etorkizunera begira, beste modu batera antolatu nahiko genuke prozesua. Inguruko ekoizleok kooperatiba moduko batean elkartzen saiatu behar gara. Bide horretan ikusten dut gure sagarrondoen etorkizuna.
«Kalitate oneko sagarrekin eginiko sagardoa da ekologikoa»
Duela hamahiru urte Bizkaiko Lea Artibai bailarako hamalau bat baserritar elkartu eta Laneko kooperatiba sortu zuten, Gizaburuagan. Sagardoa da ekoizten duten produktuetako bat. Egiten dituzten litro guztietatik 2.000 litro pasatxo sagardo ekologikoa izaten da. Iaz saldu zuten lehen aldiz Laneko izeneko sagardo ekologikoa.
 

Zergatik sagardo ekologikoa?


Kooperatiba sortu genuen momentutik sentsibilizatuta egon gara nekazaritza ekologikoarekin. Gure kooperatiban batek jada bazuen sagasti ekologikoa. Sagardoa egiten zutenak baziren gure eskualdean, baina osasungintzan gero eta zorrotzago jarri ziren, inbertsio handiak egin beharra zegoen. Orduan, batu egin ginen. Hasieran ez genuen gure gustuko muztioa lortu. Iaz saldu genuen lehen aldiz. Aurtengoa bigarren aldia da.
 

Zaporean bada diferentziarik?


Zaporean baino gehiago kalitatean esango nuke nik. Kalitate oneko sagarrekin eginiko sagardoa da ekologikoa, sagar garratz eta mingotsekin egindakoa batez ere. Besteak beste bertako Bost Kantoi sagar barietatea erabiltzen dugu. Ziurtatuta duzu sagardo hori sanoa dela, ez duela produktu gehigarririk, ezta tratamendu kimikorik ere. Kooperatibako bazkideetako batek sagastia du. Eta hor dago sagardo ekologikoaren baliorik handiena. Lurra asko zaindu behar da, gainean egon behar da. Lurra tratatzeko beste modu batzuk erabili behar dira.
 

Non saltzen duzue sagardoa?


Bizkaia inguruan, eta zerbait Gipuzkoan eta Araban. Merkatu nahiko murritza du sagardo ekologikoak. Gehienbat azoketan, banatzaileen bidez, denda eta kontsumitzaile ekologikoen bitartez saltzen dugu. Merkatu tx

ASTEKARIA
2009ko urtarrilaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardo denboraldia
"Ez da sagardoa, zu zara" kanpaina jarri du abian Hernanik, eraso matxista eta arrazisten aurka

Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.


2023-01-11 | ARGIA
Abian da txotx denboraldia

“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.


2021-01-20 | Usurbilgo Noaua
Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]


Sagardo denboraldiaren irekiera

Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]


Eguneraketa berriak daude