argia.eus
INPRIMATU
1980ko hamarkadako ondareari gitarra gogorrekin erreparatuz
  • Disturbio ::Muy Toxico

    Baga Biga

    iraupena ::40´19´´

    prezioa ::9,95€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Evaristo eta koadrila begi txarrez ikusi eta harrika egiten zietenetik asko aldatu da Agurain, eta horren erakusle da herrian duten musika talde harrobia. Asko punkean murgilduta daude, baina badira ildo horretatik bereizten direnak ere. Disturbio taldekoak, esaterako, sustraiak 1980ko hamarkadako eztandan dituzten arren –badira halako arrastoa duten kantu itsaskor eta zuzenak–, hirugarren diskoan punk-rock eta hard-rock gitarreroenekin ausartu dira, eta besteak beste Kuraia, Rose Tattoo edota The Cult gogora ekarri dizkigute. Hala ere, tarteka metal gogorrenarekin eta rapeatuekin ere aritu dira, aurreiritziak alde batera uzten dituztela erakutsiz. Diskoa ondo borobildu dute, eta horretan zeresana izango dute seguruenik taldearen esperientziak eta Carlos Creator zakur zaharraren esku-hartzeak.
«Rock-and-rolla inperfekzioaren espresioa da, gauza asko ondo ez dauden erakuslea»

Zer demontre gertatzen ari da Agurainen?


Ez dakigu, baina elur bola baten antzekoa da, gero eta talde gehiago dago. Ondokoak zarata egin badezake, norberak ere taldea sortzea erabakitzen du.

Abesteko eran El Drogasen eta Señor No taldeko Xabiren antzekotasunak hartzen dizkizuet. Esan dezakegu rock urbanoa eta gitarra bizien punk-rocka zuen lehentasunen artean daudela?


Bai. 1980ko hamarkadako punk eta rock urbanoarekin hazi gara, sasoi hark arrasto handia utzi zuen gugan. Punk sustrai horri hard-rock gitarreroa batu diogu, hori baita gaur egun gehien entzuten duguna.

“Ez dago ezer perfektua, ez zu ezta ni. Rock-and-rolla dago nire zainetan”. Guztia perfektua balitz, rock-and-rollik egongo litzateke?


Guztia perfektua balitz mundua kaka zaharra litzateke eta ez litzateke rock-and-rollik egongo. Rock-and-rolla inperfekzioaren espresioa da, gauza asko ondo ez dauden erakuslea. Eta presioa askatzeko gailua ere bada.

Zer irudikatzen du azaleko kamioiak, parean jartzen zaizuenari aurre egingo diozuela?


Hala egiten dugu, baina azalak merkantzia arriskutsuen kamioia irudikatzen du: barruan toxikotasun handiko hamahiru kantu eta bideoklip bat daramatzagu. Gure ibilbidean oztopo asko izan ditugu, baina beti egin dugu aurrera.

Euskarazko kantu bakarra oso txukuna da. Ildo horretatik jarraitzeko asmorik baduzue?


Naturaltasun falta izango genuke, hizkuntza menderatzen ez dugulako. Bestalde, gure asmoa da kanpoan ere jotzea eta euskara muga bat da. Hala ere, helburu dugu lan bakoitzean gutxienez kantu bat egitea, ezin dugulako ahaztu nongoak garen.

“Multinazionalek ez dute atea jotzen, inork ez dit esango zer abestu”. Ezinbestekoa da?


Halakoek ez dute gure atea jo, baina etorriko balira onartu dezakegu baldin eta zer abestu behar dugun esaten ez badigute. Beti egin dugu nahi duguna eta ez gara aldatuko.