argia.eus
INPRIMATU
Inflaziotik deflaziora eta estanflaziora
Daniel Udalaitz 2009ko urtarrilaren 18a
Artikuluaren tituluak bezala, koadro honen izenburuak ere helburu bikoitza du. Lehenik, egungo egoeraren zati bat esaldi bakarrean laburtzeko saioa da. Hilabete gutxitan inflazioa %5etik urte honetarako aurreikusten den %1,5era jaitsi da. Espainiako Gobernuko Ekonomiako ministroak berak dioenez, 2009ko uztailean %1ean egon liteke. Baina bada inflazioa are gehiago, zero azpitik, jaitsiko dela dioenik ere. Orduan, deflazio egoeran egongo ginateke, Japonia egon den eta dagoen moduan, eta inork ez du horrelakorik nahi. Bigarrenik, ulertzen hain errazak ez diren bi termino horiek argitu nahi ditugu.
 
Zer da inflazioa eta zer deflazioa? Inflazioa prezioen maila orokorraren igoera da. Kontsumoko Prezioen Indizearen bidez, KPI, neurtzen da, elikagaiak, aisia eta kultura, garraioa, ostalaritza eta beste hainbat talderen prezioetan oinarrituta. Energia eta landu gabeko elikagaiak sektore ezegonkorrak dira, nazioarteko merkatu fluktuatzaileen eta prezioetan gorabehera handiak eragiten dituzten baldintza meteorologikoen menpe baitaude. KPIren eboluzioari bi sektore horien eragina kentzean lortzen den inflazioari azpiko inflazio deritzo. Deflazioa, aldiz, ekonomia baten ondasun eta zerbitzuen prezio mailaren gainbehera orokorra da. Eskaera gabeziak eragiten du. Keynes-en arabera, deflazioa inflazioa baino larriagoa da “langabezia eragitea errentaduna zapuztea baino okerragoa” delako. Deflazioak sorgin-gurpila eragiten du: merkatariek produktuak saldu behar dituzte kostu finkoak bederen berdintzeko eta, ondorioz, prezioek behera egiten dute. Prezioen jaitsiera orokorraren eraginez, eskaera are gehiago jaisten da, bihar dena merkeago izango bada, kontsumitzaileek erosteak ez duela merezi uste dutelako da. Inflazioan alderantziz gertatzen da.
 
Azkenik, egungo krisialdi ekonomikoak “estanflazio”ra eraman gaitzakeela dioenik ere bada. Zer da estanflazioa? Ingelesezko stagflation hitzaren moldaketa, inflazio eta geldialdi hitzen konbinazioa da. Konbinazio oso arriskutsua: ekonomiaren hazkunde baxua eta inflazio iraunkorra.