argia.eus
INPRIMATU
Hego haizea baino zaharragoak
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 06a
Animalia baten eta landare baten arteko aldea? Animaliok mugitu egiten gara. Animaliak gosea, hotza, logalea... sentitzen duelarik, mugitu eta behar hori asetzeko toki egokia bilatu dezake. Landareak ez: lehortea, izotza, haizetea, sua datorkiola ere hantxe iraun behar. Etengabeko pairatze horretara egokitu eta irautetik bizitzerako koskari adaburuzut ekin diete beti. Beti, hego haizea baino zaharragoak baitira landareak!
 
Landareen jokabidea ulertze aldera, berezko izaera hau aditzea beharrezkoa da. Edozein egoerari aurre egiteko ezin konta ahala trikimailu garatu dute. Bizimolde honek ardatz bat du, bizidun guztiona: bere espezieak, eta espeziearen barruan bere endak, eta endaren barruan bere erlijiokoak, eta erlijioan bere kulturakoak, eta kulturan bere odolak ahal besteko indarrarekin iraun dezala. Landareentzat ere, bere odolekoak ez beste guztiak arerio. Honela, naturan kaosa da oinarri, milaka segada txikiz osatutako guda erraldoia. Beharrezkoak dituzten eguzki, ur, elikagai eta abarren xerkan.
 
Bizitzeak dakar ugaltzea: beste landareei gaina hartuz luberriak kolonizatzea. Bera bezalako berriak sortzeko katramila guztiak erabiliz: adar edo hosto pusketak, sustraiak, erraboila, patatak, haziak... Eta sail berriak bereganatzeko puska hauek hedatu egin behar: haizea, ura eta animaliak gara eraginkorrenak. Haizeak ehunka kilometrora eraman dezake hegal egokiz diseinatutako hazi bat. Koko ale batek itsaso, hondartza guztiak ezagutu ditzake. Animaliok, ileetara itsatsita edo fruitua jan eta hazia ondo simaurtuta zabalduz, laguntzen diegu.
 
Batzuen laguntzailea eta beste batzuen arerioa da gizakia, naturako etengabeko kaos orekatzailearen eraisle. Inbaditzaileen kontu hau zuriketa soila da, ustel. Cortaderia selloana panpa-lezka luberri zalea gelditzeko, urbanizatzea eta txikizioa aldatu beste aukerarik ez da. Baccharis halimifolia itsaso zalea da, baina urak azpian hartzen ez dituen lurrak behar dituenez, ibaien arroetan matarrasan botatzen diren pinudien kudeaketa aldatu behar da, gorritutako sailetako lur onena urak garraiatu eta madura bazterretan pilatzen baitu. Sasi-akaziaz, Robinia pseudoacacia, zer esan... Basoen kudeaketa kontu soila da eta, neure iritziz, etorkizun onenetakoa duen zuretako bat ematen du. Adibidez, neure etxeko zurajearen parte handiena sasi-akaziazkoa da. Kopeta behar da guk sortutako belaze, pinudi, harizti eta pagadi kolonia izugarriei ez ikusiarena egin eta beste erlijio batzuetako landareen koloniatxoei begira errieta egiteko. Zazpi azaleko kopeta.