“Zeure bloga idazten hasi behar al duzu? –dio artikuluaren hasierak– Hona lagun baten aholkua: ez egin. Eta honezkero bloga baldin badaukazu, kendu entxufea”.
Orain Twitter, Facebook eta antzekoen garaia bizi dugu, sare sozialen aroa, Interneteko azken zurrunbilo eroa; eta, Boutinek dioenez, blogek berrikuntzaren treneko txartela galdu dute. Zergatik?
Lehen geltokia: dirua
“Blogosfera, behinola norbere adierazpenen eta pentsamendu argien oasi fresko izandakoa, ordaindutako gauzen tsunami batek ito du”. Blogetan espezializatutako Technorati bilatzailearen Top 100ean geroz eta gutxiago dira blog pertsonalak; ezin dute lehiatu, egunean 30 artikulu idazten dituzten blogari profesionalen aurrean.
Bigarren geltokia: multimedia
Blogen arrakasta zor zaio testuak publikatzea erraztu izanari, ordenagailuko pantailan borragoma erabiltzen zuenak ere bere gunea erraz sortzeraino. Baina orain, banda zabalera handiagoekin, multimedia edukiak sareratzea edonoren esku dago; eta argazkiak, bideoak eta audioa hobeto egokitzen dira, Boutinen esanetan, Flickr, YouTube edo Facebook-era. Oroitzen kanta? Bideoak hil zuen blog izarra.
Hirugarren geltokia: testuak, fite!
2007ko maiatzean Twitter genuen hizpide astekari honetan. Urtebete zeraman martxan eta askok mikroblog bat zer zen deskubritu genuen: gehienez 140 karaktereko mezuz idatzita itxurazko zerbait egin ote zitekeen galdetzen genion geure buruari. Bada, bi urte beranduago, baietz erantzun dezakegu: testu bidezko komunikazioa azkartu du. Ohiko blogetan baino lasterrago dabil informazioa mikroblogetan. Euskal Herrian ere komunitate aktiboa sortu da, Txioka.net bisitatuta ikus daitekeenez. “Eta Twitterreko mezuak momentuan bilatu daitezke, Google-ek indexatu ditzan itxaron gabe” gehitu digu Boutinek.
Azken geltokia ote?
Wiredeko artikulua hasi bezala bukatzen da: “Hil ezazu zure bloga” dio; 2004a pasa zela; ea Facebooken elkar ikusiko dugun.
Eta pentsatzen duzu sareko guruei horrelako boutadeak botatzea gustatzen zaiela, alajaina. Internet erabiltzen hasi zinenetik entzun duzu: e-posta kalitu behar zuen Messenger-ak; eta e-posta erabiltzen jarraitzen duzu –lehen baino gehiago–. Blogek prentsa akabatu behar zuten; eta prentsan ari zara lanean.
Bai, beharbada zahartu egin zara. Blogak ez dira Interneteko azken moda. Baina, nahi bezain labur idatz dezakezu blogean ere –ikusi, bestela, Slashdot.org bezalako webgune erreferentzialak–; multimedia edukiak erraz txertatu ditzakezu; eta kapitalaren lurrinak ez ditu blogari guztiak limurtu. Ez gaitezen erremintekin itsutu; ea zerbait interesgarria sareratzen dugun. n