Ruper Ordorika: «Kanta ez da musika soila, ez poesia soila... eta badu guztietarik»
Gipuzkoako Oñatin jaioa, 1980ko hamarkada hasieratik ari da kantari, lehen argitalpena
Hautsi da anphora izan zuelarik. Aurten hamalaugarrena argitaratu du,
Hamar t’erdietan. Urteotan musikari asko pasa dira berak zuzenean emandako kontzertuetatik. Musika eta literatura uztartzen zituzten ikuskizun batzuetan ere parte hartu du. Joseba Tapia eta Bixente Martinezekin herri musika zaharra lantzen du Hiru Truku taldean.
Hain kanta diferenteak entzuten ditugu...
Bada nik beti kanta bakarra entzuten dut. Esan nahi dizut, ez dudala uste ezberdintasun handirik dagoeneik, ezberdintasun formalak bai baina ekimena bera... modu bakarra ikusten dut munduan zehar. Kanta niretzako oso gauza primitiboa da, munduko herri guztiek egiten dute, gizaki guztiek. Gehiago esango dizut, ahotsarekin eta hitzarekin lotua dagoen heinean gizakiaren ezaugarri bat da, primijenioa.
Munduan kanta bakarra dagoela esaten dut, nork bere aldaerak egiten dituela bere gorabeheren arabera. Formalki ezberdintasun handiak egongo dira batzuetan, kanta genero bat baita bere horretan: kanta ez da musika soila, ez da literatura soila, ez da poesia... eta badu guztietarik. Hain da primitiboa ezen oso zaila baita zehazten, horregatik. Zer da ahotsa?
Ziurrenik kantak zeuk ere diferente sentituko eta egingo zenituen kantari hasi zinenean eta gaur egun...
Hemen beste alor batean sartzen gara: kantagintzara emana dagoenaren alorrean. Baina gizaki orok kantatzen du, ondo zein gaizki, munduan zehar. Beste batzuk dira “kantu ontzaile” Etxahunek esango zukeen moduan, hor langintzaz ari gara, ofizioaz, eta hor ikasi egiten da. Hor ezin dut esan kantak egiteko modua aldatu ez denik, nire kasuan edo besterenean. Baina funtsean, kantuaren arketipoari begira, ez da aldatzen. Zure jarrera aldatzen da, zure teknika, zure errejistroak, zure gaiak, zure sonoritatea...
Baina kanta berez nik esango nuke ez ote dagoen oso lotua beharrarekin. Joxanton Artzek bere denboretan esaten zuen, Mikel Laboaren hitzaurre batean edo, Mikelek kantatzen zuela txoriek bezala behar zuelako, ezaugarri bat zeukalako kantatzea. Horretan ez da aldatzen, ezaugarri hori daukana. Beste batzuek egiten dute besteekin egoteko, afari baten ostean edo edozein erritualetan.
“Kanta ontzaile” horrek kanta bat egiten duenean, zer lortu nahi du?
Ezin daiteke esan modu orokorrean. Seguru badirela milaka arrazoi. Gure ofiziotik begiratuta, zenbaitek dirua irabaztearren egingo du, beste batzuek bere eginkizuna hori delako, lan hori hartu duelako. Baina askotan galdetzen diot nire buruari, gure alorrera begiratuz, zergatik kantatuko ote zuten Aita Donostiak Hazparnen edo bestetan elkarrizketatzen zituen agure haiek? Zergatik kantatzen zituzten kanta haiek? Nondik nora? Zein behar dago?
Horiek nahi zutena bera da nik nahi dudana. Baina ez da erraz zehazten, ni gainera aipatu dugun “kantu ontzaileetakoa” naizelako, eta hor jada sartzen dira beste faktore asko: badaukazu entzulearekiko harreman horren berri... Horrek denak informazioa helarazten dio zure kantari. Gero, bazaude mando zaharra bezala, joerak hartuta.
Baina funtsean hori da, nik nahi nuke nire baitatik atera, nik asko lotzen dut nire kantatzea behar batekin, zentzu fisikoan, ordenatu beharra, sortzaile guztietan dagoen gauzak moldatu behar hori. Gauza bitxia, zeren eta batzuetan egin ditut batere ordenamendurik gabeko kantuak. Baina joera horretan dago sormenaren gatazka guztia. Ekialdeko erlisioneetan esaten den bezala, mugak moldatzen du espazioa. Ia-ia joango ginateke Oteizarengana. Limitazio horiek... Eman dezagun errima bat, edo neurria, edo bertsomolde bat, muga horrek, gaindi ezinezko limite horrek ematen dizu bidea forma bat emateko. Entzuleak hitzarmena onartuz gero, horrek ematen dio balioa kantuari.
Entzulearekiko hitzarmena aipatzen duzu kantaren osagai bezala.
Hori da niretzako beste gai zentral bat: ez dela kantarik entzulerik ez bada. Argi dago nornahik egin dezakeela kanta, bakarrik, bere kasa, baina benetan osatzen da, ontzen da, norbaitek entzuten duenean. Kantaren behar horretan sartzen da komunikazio behar bat. Konpartitze beharra.
Zer nolako garrantzia dauka horretan doinuak, melodiak?
Kanta ez da, lehen esan dut, ez da musika eta ez poesia. Kantak eman dezagun hiru osagai dituela: bata da hitza, bestea doinua eta hirugarrena da nik “oihartzuna” deitzen diodana. Oihartzun hori lortzen denean, orduan kantak zeozer lortu du, ontzea lortu du.
Denok dauzkagu gogoan hitzak sekula gogoan edukiko ez genituzkeenak melodia batekin emanak izan ez balira. Eta alderantziz, denok dauzkagu melodiak gogoan edukiko ez genituzkeenak berekin daramatzaten hitzak ez baleuzkate. Hor sortzen da zerbait. Batzuetan narrazio sinple batean irringarri edo absurdoak liratekeen berbak doinu batekin guztiz bestela hartzen dira, kantak badu magia hori. Oso gauza primitiboa da.
Zeri deitzen diozu oihartzuna?
Oihartzuna da entzulearen ulermenarekin elkartzea... ez ulermen logizista batekin, “kantu hau honetaz da” eta abar, baizik eta sentimenduekin. Orduan ontzen da. Hau gauza oso eztabaidagarria da. Estetika kontu hau hasieratik eztabaidatu da, baina nik badut uste horrela dela.
Doinu bati zer eskatzen diozu? Burura asko etorriko zaizkizu, batzuk gordeko dituzu, besteak
baztertu...
Ezin nezake esan hori. Niretzako prozedura erabat intuitiboa da. Ez daukat araudirik. Hasteko, testu on batek ez du beti egiten kanta on bat. Kantak behar ditu poesia batek ez dituen euskarriak, nolabait esateko. Alderantziz, doinu on batek niri ez dit derrigorrez zerbait komunikatzen kanta bilakatu denean. Agian niretzako inportanteagoa da kantariaren abotsa bera, fisikoki; beste batentzako izango da afinazioa, edo zernahi.
Esango nuke agian sasoi batean gehiago kezkatzen nintzela niretzako muga batetik aurrera negatibo izan daitekeen kontsiderazio batekin: originaltasunarekin. Badut uste egile batzuek errefusatzen dituztela ateratzen zaizkien zenbait gauza, iruditzen zaielako ez direla behar bezain original. Baina originaltasunaren ideiarekin kontu handiz ibili behar da. Norbera sartzen ahal delako ofizioak ematen dizkion tresnekin tranpetan: “sekuentzia hau aldatuko dut iruditzen zaidalako baduela antzik ez dakit zerekin”. Hori zilegi da, baina ez dut uste interesgarria denik. Kantuak egiteko beti melodiatik abiatzen naiz...
... ez letratik?
Ez, baina beti egin izan dut poema bat edo beste musikatu, gero eta gutxiagotan. Poema bat irakurriz gero benetan gustatzen zaidana, oso-oso zailtasun gutxi izaten ditut hori musikaz emateko. Nire modura. Ez dakit zergatik. Baina behar du izan gauza berezi bat, buruan gelditzen zaidana. Zaletasun handia dut poesia irakurtzeko eta asko maite ditudan poemak badira sekula burutik pasatu ez zaidana musikatzerik. Aldiz, beste batzuk irakurri orduko pentsatzen dut “hau kantuan eman beharko nuke” eta askotan ez direnez sortuak izan kantatuak izateko, niri aukera ematen didate libreago izateko.
Askotan mugak libertatea ematen dizu, muga da testua bere horretan eman behar dela eta horri jarraiki batzuetan iristen zara kantu molde ortodoxoetatik alde egitera. Baina azken urte luzeetan egin ditudan kanta gehienak musikatik abiatuta egin ditut.
“Oihartzuna” aipatutakoan, entzulearengan sortzen duena aipatu duzu. Baina doinuak badu beste oihartzun bat kantaren barruan bertan, armonia, soinua edo hotsa deitzen dugun hori, beste instrumentuek ematen dioten kolorea, kantariaren ahotsa...
... tonua bera ere bai: kanta bera oso tonu ezberdin batean jende askok ez luke ezagutu ere egingo. Gauza bitxia da, zeren eta zu kantuaz ari zara kanta oso gauza fisikoa balitz bezala, baina kantak libertate guztia ematen dizu. Jendeak kontuan eduki ditzake alde tekniko horiek, armoniak, tesiturak eta beste, eta modu berean entzuten duzu ez dakit... Etxahunen kanta bat eta flipatu egiten duzu, nola liteke hau hain zehatz esan izana, bere denboran eduki zuen oihartzun hura... Nire kasuan hau da oso gai intuitiboa. Horretaz asko hitz egin genezake.
Ni hasieratik ibili naiz taldeekin eta oso inportanteak iruditzen zaizkit alde tinbrikoa eta hori guztia. Baina hori niretzako jada ez da kanta, hor beste erreferente batzuk daude, guztiz inportanteak direnak baina erabat belaunaldi bati lotuak eta abar.
Erreferentzia horiek definitzerik bai?
Zaila da oso... Dena hartu behar da kontuan. “A capella” kantatu behar duenak jendearen aurrean beste ornamentazio bat erabiliko du, edo instrumentu batekin jotzen duenak. Mundu tradizionalean oso bistakoa da hori: soinujoleak modu batez kantatu behar du daukan tresna ahotsarekin gainditzeko, entzun dadin. Oso mediotik kantatzen dute, oso ozenki. Gitarrarekin kantatzen duenak nonbait kokatzen du bere ahotsa entzun dadin. “A capella” kantatzen duenak askoz gehiago ornamentatu behar du ahotsa, bukaeretan eta abar, amaiera goxo bat eduki dezan, goxoa edo garratza, baina instrumentuak ez baitio emango errejistro hori.
Gaur egungo kantaerak, oro har... begira zer nolako jeneralizazioa, baina esan dezagun horrela... gaur egungoak eta mikroa azaldu aurreko kantakerak ez daukate zerikusirik. Konbo elektriko batekin kantatzen baduzu, bateria, baxu, gitarra eta abar, gehienetan kantatzeko beste jarrera bat beharko duzu. Bestela ez du funtzionatzen. Tresna guztiek begiratu behar diote kantuari.
Baina kantua bera besterik da. Kantaren egitura... Hartzen ahal duzu lieder aleman bat eta zure gitarrarekin eta armoniekin emanda, beste alor batera ekarri duzu. Hartu blues klasiko bat, askoz arinago kantatu eta hor daukazu Elvis, horri deitzen zaio rocka, eta kantu bera da. Kanta bera, tempo batekin eman edo bestearekin, bluesa da edo rocka. Kanta bat maiorrean eman eta ondoren minorrean, eta beste kanta da.
Kantagile batzuen ilusioa, ziur aski mikroa hedatu aurrekoena baina gehiagorena ere bai, izango da bere abestiak besteren ahotan entzutea, ostatuan edo afaritan. Ez da hori zure kasua, ezta zure belaunaldikoena ere. Ala oker nago?
Arrazoi duzula uste dut. Lehen mundua... Oroitzen naiz, kanta zaharrekiko nire zaletasuna dela eta, zinta batzuk entzuten ari nintzela Bizkaiko mugetakoak, Orozkokoak eta erdal mugetakoak. Hor baziren adin handiko pertsonak “Ez dok amairu” erromantzea kantatzen zutenak goitik behera. Euskaldun puru-puruak. Gerta zitekeen horietakoren batzuk euskaldun petoak izan eta aldiz auzokoa erdalduna izatea, baina ez kanpotik etorria, bertako erdaldundua baizik. Testuinguru horretan bati galdetu zioten “eta zergatik ahaztu ziren kanta zaharrak”, eta adineko gizon honek: “Radixoarekin”.
Horrekin nola noan? Mikrofonoa baino lehenagoko jende horiek ez zeukaten kantak errepikatzeko beste biderik, bat-batean ikasi behar ziren. Zuk entzuten ahal dituzu doinu militarrak Zuberoako pastoraletan, eta horren esplikazioa erreza da: gaztea lehenbizikoz Eskiulatik irteten zen soldaduskara joateko, eta han hiru urtez entzuten zituen doinuak horiexek ziren. Guztiz beste harremanetan oinarritutako gizarte batean, kantuak eta musikak orohar ikaragarrizko balioa zeukan, liturgikoa ere bai esango nuke. Musika zenean, ospakizuna zen. Baten bat hila zelako, baten bat sortua zelako, herriko festetan... Hori oraintsu arte.
Grabatzen ahal denetik musikaren muina erabat aldatu da. Orain ikusi dezakezu flamenkoaren alorrean “Canto de las Minas” jaialdi famatua Miguel Poveda bezalako katalan batek irabazten duela. Aurki japoniar batek. Poveda andaluzen semea da, eta Sabadellen edo beste edonon sortua izanagatik, aitak etxean flamenkozko diskoak jartzen dituelako, berak umetatik harrapatu ditu maisuen zera horiek etxean. Ijitoa, andaluza eta hori guztia izan gabe, “cante”aren ezaugarriak barruan daramatza.
Hau guztia musikaren edo kantaren funtzioekin dago lotuta.
Bai. Baina musikaren papera entzulearen aldetik ere aldatu da. Gure mutiko denboretan tabernetan kantatu egiten zen. Orain ez. Aldiz, orain ez dago isiltasunik, musika nonnahi dago, kafea hartzera sartu eta musika, taxian sartu, musika, autobusa hartu, musika... Jendeak mp3an dauzka bizi osoan entzungo ez lituzkeen kantak. Musika ez da jadanik ospakizunetarako derrigor, izaten ahal da aurretik pasa zaizula auto bat bolumena ozen ipinita. Kantaren funtzio soziala aldatu da.
Jendea ez da sentitzen egile, hori hasteko. Oso jende gutxik hartuko luke, nahiz eta bost kalimotxo edan, tabernan kantatzeko ausardia. Hasteko, ezin lezake, zeren eta bafleak ziurrenik a tope egongo dira musika jarrita. Kantuan aritzeko nolabaiteko isiltasuna behar da. Bestetik, ohitura galdu delako. Orain dela hogeita hamar urte ezinezkoa zen ondo afaldu eta ez kantatzea. Eta hori ez zegoelarik kantari profesionalik. Edozer baina kantatu, “Hara nun diran” edo “Tengo una vaca lechera”.
Zuk kantak egiten dituzu, kantatzeaz gain. Zein bide egiten du zure abesti batek zure eskuetatik joan ondoren?
Nik sinesten dut artisautza eginkizun horretan, funtzionalitate batean. Kantuak ondu zerbait konformatzeko, zerbait egituratzeko, nire barrutik ateratzeko. Kuestioa da hortik aurrera teknika bide batean sartzen zarela. Eta honek denbora asko ematen du.
Teknika menderatu beharra dago. Kanta sortze beretik, grabatu behar duzunean, zer medio dituzun... Izugarri markatzen du geroko dena. Hasierako arnas hori, kanta ontzera bultzatu zaituena, galdu ez dadin bidean. Saiatzen naiz lehenbiziko arnasa asko errespetatzen. Gero horri emango genioke beste orrazketa bat, eta hor sartzen da langintza, ofizioa, egin nahi duzunari buruzko aburuak, zure esperientzia, ezaguerak, erreferentziak... Baina lehenbizikoa saiatzen naiz ahal bezain libre atera dadin. Gero, hori nola harrapatu estudioan? Honetaz luze mintza zaitezke musikariekin, batzuek modu traumatikoagoan bizitzen dute grabaketa, beste batzuek alaiki egiten dute. Niretzako grabatzea eta produzitzea mundu bat da bere horretan: zer lortu nahi den, zein simulakro bide egin behar den. Azkenean teknika bati buruz ari gara, giro bat erreproduzitzea eta abar. Gero sartzen gara disketxeetan...
Lehen kantaren arrakasta beste batzuen ahotan entzutea zen, eta orain ez, antza. Kanta bat egindakoan noiz ohartzen zara “joño, kanta hau bai borobila egin diat, entzulearen zirrara hori lortu diat” igoal espero ez zenuenean?
Ez da gai hutsala. Gerta liteke zuk egitea kanta bat zutaz kanpo jendeak nekez errepikatu ahal izango duena, edo zure errejistroa oso berezia delako, edo gaia oso berezia delako edo bihurria delako melodia... Jendeak behar ditu errimak, errefrauak, kantaren ezaugarri kanoniko horiek, jendeak gogoan gordetzeko behar dituen gakoak. Batzuetan jendeak gogoan hartzen ditu pentsa ezinezko kantak, beren barruan halako oihartzuna utzi dielako. Buelta emaiozu: jendeak kanta ditzake arbuiagarri zaizkionak, buruan gelditu zaizkiolako. Hori ere gertatzen da.
Galdetzen duzunari buruz ez daukat irizpide bat, baina bai segurantza hori: zenbait kasutan badakit kantua hor dagoela, neure alorrera ekarri dudanean, nire kontsideratzen dudanean. Segurantza badut baina ezin nezake esan zergatik. Bitxia da baina gure eginkizunetan dago. Lehengo arotzak bezala, bazekien noiz zegoen aulki egin berria ondo egina, une hartan eta ez beste bi ordu gehiagoz atalen bat gehiago landuta. Edo pintore batek noiz kontsideratzen duen bere margoa bukatutzat, orain eta ez bihar, nahiz eta hodeia horrela geratu, harentzako horrela da. Beste eginkizun askotan, artistikoak ez direnetan ere, horrela da. Noiz pentsatzen duzu zuk artikulu bat hor dagoela?
Gaur publikoak ez du eskatzen duela hogeita hamar urteko gauza bera...
Bueno, formalki erabat aldatu da, erabat, nahiz eta kantuak hor dirauen. Jendeak kanta on bat entzuten duenean, edo ontzat daukana, ez dio horri begiratzen. Baina kuestioa ez da hori, kuestioa da jendeak ez duela entzun nahi hori, jendeak nahikoa lan badauka egunean eguneko kantuekin eta hiperrinformazio horrekin. Bada belaunaldi bat oraindik oroiminez gogoratzen dituena garai bateko zenbait kantari edo zenbait kanta. Euskal munduan oso hurbiletik ikus daiteke, gutxi garelako.
Baina eguneroko bizitza beste leku batetik doa, eta hori kontsumitzaileetan oso argi ikusten da. Euskaldun gazte askok ez dituzte beren buruak behartuta ikusten euskal gauzak kontsumitzeko. Euskaraz ari dira-edo, baina kontsumitzaile bezala ez dira hor kokatzen. Jarraitzen dituzte gauzak, edo nirea, edo zurea, baina horrela daude gauzak, eta ezin dugu hitz egin duela hogeita hamar urte bezala.
Sasoi hartan hemengo jende askok euskaraz ateratzen ziren disko guztiak erosten zituela esango nuke, hori ezagutu izan dugu. Alde horretatik, normala topatzen dut kantua garaian garaiko ispilu izatea. Gure kasuan, gure txikitasunean aniztasun izugarri baten ispilua, non jende gutxi kontsideratzen den egile eta jende asko eta asko kontsumitzaile.
Hori ere berria da.
Bai, berria da: lehen baziren kontsumitzaileak baina ez zen produkturik. Kanta ez zen kontsideratzen produktu bat, transmisio modu bat kontsideratzen zen... eta maitatzen zen, maitatzen zen bezala horretan ziharduena guztiz modu aprofesional batean edo antzera. Hori aldatu da alor guztietan. Jendeak baditu ohitura batzuk, behar batzuk, ase beharreko minimo batzuk, ezin direnak kantatzearen poderioz berdindu. Jendearentzako gaur kanta polit bat ematea ez da aski, behar duzu parafernalia oso bat, ebidenteak diren gauzengatik...
Baina kantuak hor dirau. Gizakiak beti menderatu du teknika musika egin ahal izateko. Gitarra elektrikoa azaldu zenean munduaren bukaera zela zirudien, eta dagoeneko gitarra elektrikoa tresna folk bat da, bakarrik entxufatu egin behar dela. Pentsa, entxufatzea, zer atzerapena... Dena oso arin baitoa. Esaten dutenez munduan dantzatzen den musikaren %80 makinekin egina da, eta hortik sortuko da beste ezaugarri batzuk dituen musika, ez daukat dudarik.
Aldaketa handien atarian gaude, beraz, zure ustetan.
Zibernetika sartu zenetik dauden aldaketak izugarriak dira, eta oraindik ezin pentsatuzkoak. Oraindik ari gara makinekin ezintasun horretan, haurrak bezala programatzen kantuak, konpasak... Hortik sortuko da estetika berri bat. Zineak antzerkia jan zuen bezala. Horren hastapenetan gaude, ez dugu ikusten ahal, sortzaile bezala, baina kantak egiteko nahiak hor dirau. Eta nagusituko da, horrela izan da mendeetan zehar, nahiz eta aldaketa tekniko izugarriak gertatu.
Behin batek honetaz galdetu zidan ekonomiaren eta musikaren arteko harremanez egon ziren jardunaldi batzuen haritik. Harremanik nola ez da, bada, egongo. Baina nik ekonomiari baino garrantzia handiagoa ematen diot teknologiaren aldaketari. Rock-and-rollaren iraultza ezinezkoa da gitarra elektrikoa gabe: igo eta gitarra entxufatu lehenik, gero bateria, gero mikroak... horrek ikaragarrizko aldaketa ekarri zuen. Gaua eta eguna. Horrekin batera, grabatzearena. Horrela sortu zen star systema, eta beste. Orain berriz hori dena ezabatzen ari dela dirudi, eta dena berfundatu beharra dagoela.
Kantuak iraungo duela esateak eman lezake bolondresaren itxaropena dela. Baina ni erabat seguru naiz, ez dut zalantzarik. Pasatzen dena da ez dugula imajinatzen ahal nola gauzatuko den. Edo honek ekarriko ote duen hastapenetara itzultzeko nahi bat, jendeak batere teknologiarik gabe aritzearena, leku txikietan jotzea komunikazio handiagoa egon dadin... Ala kontrakoa, zeren eta orain ematen du beste bide bat nahiago dela, ugaltzen ari dira 40.000 lagunentzako festibalak berriro, duela hogeita hamar urte bezala, hamabost talde musika jotzen eten gabe, eta non pelikula musikaz haratago doan. Baina klubak ere hor daude.
Dena dela, hori da alde soziologikoa. Sortzaile bezala, iruditzen zait jendeak entzuten dituenean gu hunkitzen gintuzten kantak haiek ere modu berean hunkitzen dituztela. Arazoa da ez direla horraino ailegatzen.