Etorkizunaren orena amateurren esku

  • Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan sakonki errotuta dago antzerti tradizioa. Euskaraz sortu eta zabaltzen diren antzezlan eta lan modu ezohikoak eta interesgarriak sortu dira azken urteotan. Oholtza gainera salto egin berri duten zenbait lanen haritik Ipar Euskal Herriko antzertiaren zertzeladak bildu ditugu.
Iparraldeko antzerkia
Oier Guillan
Hego Euskal Herrian antzertiaren munduan publikoak begiko dituen profesional asko dago, baina sarritan entzungo diozu zaleari euskarazko ekoizpenak gutxitan duela asetzen. Entretenimenduaren arloan tarteka bada kalitate oneko proiekturik, baina euskarazko antzezlanak gero eta gehiago dira erdaratik ekarritako lan ezagunen itzulpen hutsak, mundu ikuskera propiorik gabekoak.

Ipar Euskal Herrian proiektu interesgarriak sortu izanagatik egoera ez da samurra. Teatroak antzeko egoera, kezka eta gatazkak bizi ditu nonahi, sarritan aipatzen da amaigabeko krisian dagoela. Horri euskararen egoera gehitzen badiogu, argi-itzalak areagotu egiten dira. Baina askok antzerki talde amateurren eremuan ikusi du euskaraz sortutako teatroaren habia eta etorkizuna, eta Iparraldean sentipen hori are nabarmenagoa da.

Amateurtasuna, oinarri jarraia

Ipar Euskal Herriko antzerkilariekin hitz egiten hasi eta batzuek zein besteek taldeen zerrenda osatzen laguntzen dute segituan. Ezintasunez joan dira amiltzen erreportaje honetako karaktereak, hamabi hilabetean Iparraldean hamabost kreazio berri zenbatu dituela aipatu baitigu elkarrizketatu batek. Bidenabar, bizirik jarraitzen dute maskaraden eta pastoralen emanaldi tradizionalek.

Menane Oxandabaratz Mari bi sos taldeko lau kideetako bat da: “Martxoaren 8a emazteen eguna kari orain dozena bat urte hasi ginen biltzen. Kreazioa eta produkzioa guk egiten dugu, xumeki ari den talde bat gira”. Mari bi sos taldekoak oholtza gainean ibiltzeaz gain tabernetan ere aritzen dira, helburua “jendearen bila joaitea” baita. Orain arte Lapurdi eta Nafarroa Beherean eskaini dute dozena pasatxo emanaldi Ama-alabak azken lanarekin; “hemen egiten dugu hegoaldean ez delako galderik, ez da hautu bat”. Oxandabaratzek aipatzen duenez laurek dute antzerkia gaztetik aski barneratuta: “Antzerkia da guretzat manera bat, bertsolaritzak ere baduena, mezu batzuk edo gure tripako min edo haserre batzuk pasatzeko, umorearen bidez, non jendeak hartzen duen gero bakoitzak bere gogoetak segitzeko”.

Mattin Irigoien Kitzikazan/k taldearekin dabil lanean azkenaldian. Pasa den udaberrian Loreak mendian, ondarkinak lurpean, bideak gainean antzezlana eman dute, Euskal Herri osoko hainbat bertsolarirekin batera, Ipar eta Hegoaldean. “Orain sukalde lanetan ari gara libertimendu bat prestatzen, non uztartzen diren antzerkia, dantza eta bertsoa”, dio. Aterkia oinarri duen dantza hartu dute lanerako: “Dantza inprobisazio batzuetatik abiatu gara, tresna hori eskuan edo gabe. Gero testua jinen da, mugimendu guztien lotura bat nonbait”. Proiektua inauteriei loturik egongo da, emanaldi bakar bat, puntuala eta iragankorra.

Irigoienek Iparraldean antzerki mota ezberdinak badirela aipatu du: “Bada antzerki komertziala, ez dena euskaraz hainbeste garatzen, ofizialago edo kontsumitzaileago. Bada ere azken pastoralen gisa, Erdi Aro kutsukoa, ez dena agian hainbeste antzerki bizia. Badira herri ttipietan ateratzen direnak, gazte talde batek izan dezakeen euskal gauza baten egiteko nahikeriagatik. Azkenik, hor bagara batzuk epe luzerako antzerkiak egiten, belaunaldi berriak sartzen dira beti gaurko arazoez gaurko jendeari eta gaurko hizkuntzan mintzatu nahirik”. Antzerki mota ezberdinak ugariak diren arren ororen oinarrian arazo bera ikusten du: “Ulertu behar da giroa hemen hizkuntza galera izugarriarena dela, eta gaur taula gainean euskaraz mundu bat sortzea mundua bera sortzea dela. Nehork gutxik egiten ditu bi orduz euskaraz solas, jadanik hori besta izugarria da. Denbora berean gure publikoa urritzen ari da”.

Amateurtasuna baizik ez duela ezagutu ere gaineratu du Irigoienek, “eta ez dut uste gaurko giroan beste biderik badenik, nahi bada gogoan dena erran, nahi bada antzerki bat egin halako komertzializazioan sartzen ez dena. Zinez hor parte-hartze aktibo bat da, aktoreen aldetik baina baita publikoaren aldetik ere”. Zentzu horretan bada alderik profesionalekin: “Gaur Iparraldean egiten dira anitz ikusgarri lurralde antzoki deitu diren sare horien inguruan. Eraso azkarra da euskaraz pentsatu gauza guztiez plazaren desjabetzeko eta merkaturat bideratzeko profesionalen bidez eta frantsesez. Hori enetako kultura burges bat da, non jendea heldu den horrerat bere burua erakusteko, kontsumitzen du eta badoa etxera”.

Hiru Punttu

Antton Luku ere aski ezaguna da antzerti giroan, besteak beste Donibane Garaziko lizeoan sortu lantegiei eta Hiru Puntturen eskutik egindako ibilbideari esker. Lukuk gogoratu duenez, “Hiru Punttu sortu zen mementu batean non talde tradizional egituratuak isildu ziren. Mementu horretan bazen Xirrixti-Mirrixti, ni ari nintzan Hiruak Baten, eta baziren Bordaxuri eta Oztibarreko Antzerkia ere. Izan zen urte bat edo bi non ez baitzen izan antzerki lanik Iparraldean, eta hor pentsatzen nuen behar zela berriz lanari lotu. Mementu horretan banuen antzerki bat eman gabea, Tu quoque fili; lizeoko antzerkian ari nintzen hiru ikasleekin muntatu nuen, horiek dira hiru puntuak. Gero Fusch anaiak batu ziren”. Testuaren idazte eta taularatzean bazen gaurkotasuneko gaiekin zegoen hutsunea betetzeko grina ere. Tu quoque fili ondotik egin zuten Hotel du Fronton, bere esanetan Iparraldeak turismoarekin duen harreman hori oso gutxitan izan delako aipatua, nahiz eta begi bistakoa den.

Egun toberaren ildoko laugarren lana ari dira atontzen. “Nik uste orain egiten duguna karrusa dela, karrusa eta toberaren artean ez da euskalki diferentzia baizik. Ni komentzitua niz lehen ere badutela dimentsio soziala eta klaseen arteko borroka izigarri argia, karrusaren gibelean badela beti antzerki politikoa. Pentsatzen dut horiek berreskuratzen baldin badira hori dela gure benetako antzerkia”. Lurra, Beltzeria eta Escualdunac lanekin elementu ezberdinak baliatu ostean, “nonbait itxiko du oraingo lanak zikloa. Honek espazioarekin behar luke berriz lotu, esan nahi baita publikoa eta plazaren arteko gauza zer den orain”.

Amateurtasunaren garrantzia argi ikusten du Lukuk: “Ez dakit Hegoaldean beste egoera den, baina Iparraldean euskal antzerkiaren bizkarrezurra mantentzen duena da, amateurrak isiltzen badira ez da. Noizbehinka badira gauza batzuk profesionalek eginak, baina ezagutzen dut zer egoeratan muntatzen dituzten eta badakit ariko direla baina noizbehinka, ez molde jarraikian”.

Ibañeta, balizko erdibidea

Urrian eta azaroan taularatu dute Piarres Lartzabalek idatzitako Ibañeta antzezlana Nafarroa Beherean, Haize Berri elkarteak eta Artedrama laborategiak aurkeztuta. Orain ia berrogei urte izan zen Biarritzen eta Baionan antzezlan hau oholtza gainean ikusteko aukera eta zeresan handia eman zuen, edukiengatik baino, estetikagatik. Egungo bertsioa beste estetika batekin heldu zaigu, neurri handi batean Ander Lipusen zuzendaritzari eta antzertiaren ikuspegiari zor zaiona, era berean orduko testua egungo egoera politikotik ere irakurri daitekeela agerian utziz.

Azken urteotan bultzatu izan dira lehenago ere sortze prozesuan mugak gainditu dituzten proiektuak: Euskararen Kultur Erakundeak Théâtre du Rivage taldearekin elkarlanean bultzatutako Batekmila proiektuan, mugaz bi aldeetako aktore zein dantzariek hartu zuten parte. Ibañetaren sormen proposamenak aintzat hartzeko moduko bidea utzi du agerian, arlo profesionalaren eta amateurraren arteko banaketa gainditzen duena. Izatez Oztibarreko antzerkian, Kitzikazan/k-en eta Hiru Punttun lanean dabiltzan hamabost jokalari elkartuta osatu zuten pertsonaien zerrenda, eta antzerkiaren arlo amateurrean zein profesionalean eskarmentua duen Ander Lipusek hartu zuen bere gain zuzendaritza, Deja Bu taldeko kide bi laguntzaile hartuta.

Haize Berri orain hogeita hamar bat urte sortutako kultur elkartea da. Maixan Merkapide koordinatzaileak aipatzen duenez, bere lehen misioa euskarazko bizi kulturala dinamizatzea eta ezagutaraztea izan da, antzertiaz gain beste arteak ere baliatuz. “Azken urteetan sail nagusi bat izan da bereziki baserri gunerat hurbilaraztea arte garaikidea. Orain bada hiru urte norabide berezia hartu dugula, nahiz Nafarroa Beherearen erdian, sentitzen genuelako euskaraz bizitzeko guneak arruntzen ari zirela, eta denbora berean beste eskaintza bat etortzen zela kanpoan ekoiztua, ahal ekonomiko handiarekin”. Ibañetaren proiektua antzerki idazketa tailer batean abiatu zen, klasiko bihurtu diren lanak gaurko publikoari ezagutarazteko xedearekin. Ander Lipusengana jo zuten gero, profesional elkarlana gauzatzeko bertako amateurrekin. “Nafarroa Beherean, bere garaian antzerki emanaldiak muntatzen ziren baserrietako sabaietan eta hirurehun bat jende joaten ziren ikustera. Kultura hori oraindik bada eta horrek laguntzen digu horrelako proiektuak aurrera eramaten”, dio Merkapidek.

Kristiane Etxaluz aktoreak Ibañetaren bi bertsioak barrutik bizi ahal izan ditu. Lehenengoan sentipen asko bildu ziren: “Taldea ez zen biziki konforme nahi genituen gauza berriak egiteko, eta publikoak ere ez zuen ontsa hartu. Alta uste dut lan ona egin genuela gure amateur mailatik”. Bertsio batetik besterako bidean Etxaluzek gogoeta egiteko aukera izan du: “Orduan ez bezala orain argi dut herrikoi antzerkia zer den, ez baitu ikustekorik amateur eta profesionalen arteko kontradikzioekin. Profesionalak merkatu batean kokatzen dira eta amateurrak aldiz komunitate batean. Nik uste dut herrikoi antzerki batek ez duela ikustekorik kalitatearekin, komunitate batekin baizik”. Ibañetaren bigarren muntaia ezberdina izan da; “Lipusekin abenturarat joanik ere ez genekien norat joaiten ginen, baina nik konfiantza banuen”.

Berrogei urtean Ipar Euskal Herriko giro kulturala asko aldatu dela azaldu du Etxaluzek. “Lehen joaten zirenak antzerkirat euskara erabiltzen zuten egunero. Euskararen lekua egun arrunt ezberdina da, baina aurrerapauso handiak eman nahi dira, izan dadin hizkuntza eta kultura bat bere ezaugarriekin baina gaurkoak, ez bakarrik tradizionalak”. Balizko ikusleriarengana iristeko modua ere arrunt aldatu dela dio: “Bide militantea da. Orain komunitatea Haize Berrik berak ukitzen duen jendea da, lehen elizara joaten zena zen moduan. Jendea euskaldun kutsua galduz frantsestu da eta orduan aukera hori lotu da disfrutatzeko prest den militantziari”.

Profesionaletik bide berriak urratzeko moduak

Profesionalki lan egiten duten taldeen artean ez da oso arrunta tarteka bada ere ekoizpenak euskaraz soilik sortzea eta zabaltzea. Zalearen oroimenean egoki gorderik egongo da agian Théâtre des Chimères eta Pok taldeek taularatutako Kaukasiar klerazko borobila, gerora programatzeko zailtasunak izanik ere ekarpen oso interesgarria egin ziona 2005. urtean euskarazko ekoizpenen panoramari.

Manex eta Ximun Fusch anaiak Le Petit Théâtre de Painen dabiltza lanean. Euren ibilbidearen hastapena euskarazko teatro amateurrarekin dago lotua. Beren taldearen izenean euskara hutsean egin diren lehen antzezlanak izan dira aurten aurkeztutako Aulki hutsa, Juglarea, puta eta eroa eta Tartean. Manex Fuschek kontatu digunez, “gure aspaldiko asmo bat zen Le Petit Théâtreko taldean giren zenbaitzuen artean euskaraz zerbait egitea. Beti ere luzatu da minorian girelako euskaldunak taldean eta badirelako ere baldintza ekonomikoak enpresa horren baitan. Nik nire baitan sentitu izan dudana da: azkenean!”. Estreinako esperientzia honen burutzeko ez dira edonolakoak aukeratu dituzten testuak, izan ere, gogoetarako bidea ematen dutenak dira guztiak: Aulki hutsan Joseba Sarrionandia, Juglarean Dario Fo eta Tarteanen Michel Azama –Miren Artetxek eta Iñaki Etxelekuk moldatua–.

Fuschek aipatu duenez, Le Petit Théâtreren ohiko jardunean testuak badu garrantzirik, baina neurrian “hitzak leku aski handia izan du, baina baita fisikoak ere. Lipusek esaten duen bezala gure arnasaren azken oihartzun hori hitza da, baina aurretik etortzen da beste guztia”.

Badirudi sarritan Iparraldeko euskal antzerki taldeak ez direla Hegoaldean programatzen beldurra zaiolako haien euskara ez ulertzeari. Le Petit Théâtrek sortu dituen lan hauen kasuan euskararen aldetik ezohiko proposamena egin dute. “Aulki hutsan eramaten dudan euskara aski nahasia da. Sarrik berak erabiltzen ditu hainbat euskalki hiztegi gisa bere literaturan. Gainera nik ere neureganatu dut, horrek ematen dio euskara pixka bat bastarta, halakoa nonbait ez da euskara garbia eta nik hala nahi dut. Uste dut antzerkiaren funtsa ez dela purismoa; garai batean Europan lekuz leku ibiltzen ziren antzerkilariek ikasi behar zuten denetarik pixka bat”, dio Manex Fuschek.

Juglarea… antzezlanean hiru obra txiki biltzen dira berez, eta bakoitzean euskalki ezberdin bat erabiltzen da: behe nafarrera, Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugan erabiltzen dena, eta zuberera. “Ximunek nonbait nire kontrako bidea hartu du, ez da nahasia eta emaiten duen lekuaren arabera harreman ezberdina lortzen du publikoarekin. Jendeak ez du baitezpada guttiesten batarena edo bestearena, manera ezberdinean hartzen du, mugak gainditzeko beste molde bat da”. Tartean lanean ordea, Iparraldeko batua erabiltzen da, eta Fuschen aburuz, “antzerkian ondo defendatu daiteke euskalki bat, horri esker beren lekua eduki dezake plazan”.
Antzerti egutegian barrena
Hiru Punttuk lan berria aurkeztuko du abenduaren 6an eta ostera zenbait astez herriz herri eskainiko dute; Kitzikazan/k taldekoek otsaila aldera emango dute inauteriei loturik libertimendua; Ibañeta oraingoz geldirik dago baina udaberrirako espero dute beste emanaldi sorta bat eskaintzea; Mari bi sos taldekoek gertuena azaroaren 22an, LABek Luhuson antolatu duen jaialdian; Juglarea, puta eta eroa berriz abenduan Donostian ikusi ahal izango da zenbait egunez.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude