«Ez dugu kultura bakarreko estatua nahi»

  • Oruron jaio zen, meatzarien eta inauterien hirian. Boliviako herrien eskubide politikoen eta kulturalen alde lan egiten duen Cochabambako Kawsay Fundazioko partaidea da. Boliviarrek beraien burua aintzat hartzeko emandako aurrerapausoez egin dugu berba.
Leonel Cerruto
Iñigo Azkona

Ketxueraz Sumaj Kawsay esapideak –edo hobeto esan kontzeptuak– arbasoen jakindurian oinarritutako mundua ulertzeko sistema islatzen du: ondo bizitzen jakitea, gizakion eta lurraren arteko oreka helburu duen bizimodua eratzea, ketxuek denon mesederako zabaldu gura dutena.

Zertan datza Kawsay Fundazioak egiten duen beharra?


Batez ere, indigenen eskubideak jorratzen ditugu eta tartean hezkuntza –goi hezkuntza bereziki– dago. Urteak dira unibertsitate indigena bultzatzen gabiltzala. Unibertsitatea baino, nahiago dugu pluribertsitatea esatea, unibertsitatea pentsamendu bakarrarekin, kultura bakarreko nazio-estatuarekin lotuta baitago. Gure ustez, nazio askoko estatuak egia asko dauzka, jakinduria asko. Guk kulturen zein egien arteko elkarrizketa proposatzen dugu, hau da, kultura bakoitzaren ekarpenak nabarmentzen dituen hezkuntza sistema sortzea, gaur arte gauza oro homogeneizatu duena alboratuz. Ildo beretik, gure kulturek sistema juridiko ezberdin asko izan dituzten bezala, ezin dugu sistema juridiko bakarra onartu. Kultura bakarrean hezi direnentzat hori ulertzea zaila da.

Zein da Boliviako hezkuntzan ketxuak duen tokia?


Estatuak hezkuntza elebiduna bultzatu nahi izan du baina, azken batean, lehentasuna gaztelaniari eman dio. Esperientziak ez ditu espero genituen fruituak eman. Ezin izan dugu gure kulturak mugatzen dituen ikasgelako hezkuntza klasikoa baztertu; gure kulturak ministerioek ezarritako curriculum teknikoetara makurtu dira. Horrela ezinezkoa da eskoletan hizkuntza egoki garatzea.
Bestalde, elebiko esperientzia hori oinarrizko hezkuntzako 4. mailatik harago ez doa. Erritmo horri jarraituz gero, ez gara sekula unibertsitatera helduko. Helburua gure hezkuntza sistema indigena izatea da, gure hizkuntzan garatuko dena. Momentuz, horixe da Evo Morales presidenteak hartu duen jarrera, unibertsitate indigena sortzeko eskaera bere egin du. Dekretuz hiru unibertsitate indigena aurreikusi dira: ketxua, guarania eta aimara.


Zenbat ketxua hiztun dago Bolivian? Zein da bertako hizkuntzen egoera?


Kontinentean hemeretzi milioi hiztun daude bospasei estatutan banatuta –Bolivia, Kolonbia, Peru, Argentina, Txile eta Ekuador– eta hainbat dialektotan sakabanatuta. Bolivian ketxuak alfabeto bakarra baduen arren, ez du lortu eremu publikoan eta komunitateetan erabilpena eta presentzia indartzea. Udaletan, epaitegietan, administrazioan... ez dago ketxuaz egiten duenik.

Hedabideei dagokienez, gure hizkuntzak zabaltzen dituzten tokian tokiko irratiak badira. Irrati komertzialetan, ordea, murriztu egin dira gaztelaniaz ez diren saioak. Telebistan, estatuko kanalean, goizez, aimaraz emititzen den ordu erdiko albistegia baino ez dago. Gero eta nabariagoa da gure hedabideak edukitzeko beharra.

Kawsay Fundazioak komunikatzaile indigenak trebatu ditu, batez ere dokumental ekoizpenari aparteko garrantzia emanez. Beraz, bada eremu guztietan hedabide indigenak eratuko dituen belaunaldi berria. Horrek guztiak indartuko ditu gure hizkuntzak.


Prozesu honetan zein izan daiteke konstituzio berriaren eragina?


Honakoa mugimendu indigenak bultzatutako prozesua da. Konstituzioa onartuta ez badago ere, erreferenduma lehenengo urratsa izan da. Konstituzioa bera aurrerapausoa da: Boliviak izan dituen hemezortzi konstituzioetatik egungoa da indigenon parte hartzea izan duen lehenengoa. Ondokoa da, besteak beste, nahi duguna: Boliviako 36 kulturak ordezkatuak izatea. Autonomiaren kontua ere hor daukagu eta ez naiz oligarkia zaharrak eskatzen duen barrutietako autonomiaz ari, konstituzioak aurreikusten dituen autonomia indigenez baizik. Hiru autonomia mota egongo dira: tokian tokikoa, barrutikoa eta indigena. Gure autonomiaren bidez, gobernatzeko, aberastasuna banatzeko eta baliabide naturalak ustiatzeko bestelako moduak badirela jakinarazi nahi dugu.

Ez dugu kultura bakarreko estatua nahi, ez dago horrelako gizarterik. Aniztasun kulturala errespetatzea nahi dugu, hor dagoelako herri berria eraikitzeko indarra. Bestalde, konstituzioak Hezkuntza Kontseilu Ketxua sortzea ahalbidetuko du. Gainera, aurreikusita dago hizkuntza indigenen institutuak eratzea. Akademikoki interesgarria da.

Ketxuok eta euskaldunok elkarrengandik ikasterik ba al dugu?


Guretzat interesgarria izan da oso Euskal Herrira egindako bisitaldia. Hezkuntza sistemaren bidez, hedabideen bidez euskaldunek hizkuntza indartzeko egindako ahalegina ezagutzea interesgarria da. Beste esperientzien berri izatea funtsezkoa da. Geuk ere ekarpena egin nahi genuke: garai modernoetako aldaketekin gure kulturak uztartzea dugu erronka. Ez da egia iragan idilikora bueltatu nahi dugunik. Teknologia berrietara zabalik gaituzue, gure izaera, bizitza-logika, pentsaera kontuan hartuta teknologia horiek zelan erabili dugu eztabaidagai. Euskal Herriko modernitatea ikusiz, pentsaera bakarraren agintepean, logika horren erritmoan erortzen ez ote garen pentsatzen dut askotan. Gauzak egiteko zein errealitateari begiratzeko modu ezberdinak badirela erakutsi nahi dugu; hau da, gurea ez da gure herriarentzako irtenbidea aurkitzeko prozesua, planeta ororentzakoa baizik. Industriak, “garapenkeria”k eragindako eguraldi aldaketak, esaterako, mundu mailan pairatzen ditugu, denok jasaten ditugu, ez herri bakarrak. Alde horretatik bada denoi dagokigun ardura: zergatik ez saiatu bizitza aukera berriak eraikitzen? Guk uste dugu gizarteentzako aukerak eratzeko, denontzako mundu justuagoa eraikitzeko, gizakion eta lurraren arteko oreka lortzeko, arbasoen jakinduria erabili ahal dugula. Gure kosmogoniak izaki guztien eskubideekiko begirunea aurreikusten du; gizakiok ez gara bakarrik bizi. Bestalde, etortzear diren belaunaldiak ere gogoan ditugu. Hizkuntzaz eta kulturaz hitz egiten dugunean lurraldeaz ere mintzatu behar gara.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude