Zinemaren etorkizuna

Aretoak erasora

  • Egokitu ala hil. Teknologia berriek eragindako axioma musikak barneratua du jada eta zinema konturatzen hasi da pirateriari eta zinema-aretoen gainbeherari aurre egitea dagokiola. Soinuak lehenengo iraultza ekarri zuen zeluloidearen mundura, koloreak bigarrena, eta teknologia digitalak hirugarren iraultzari eman dio hasiera.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2008ko azaroaren 16a
Zinemaren etorkizuna
“Epe laburrean, zinemaren merkatua polarizatu egingo da, edo produkzio oso handiak –generoko filmak, casting ezagunarekin, baliabide askorekin– edo txiki, erradikal eta sakonak; erdi mailako ekoizpenak telebistara zokoratuko dituzte –AEBetan gertatzen ari den moduan–. Bigarren epe batean, handiak ere desagertuko direla uste dut eta beste medio batzuetara zuzenduko direla; are gehiago, zinema-aretoek hiri handietatik at funtzionatzeri utziko diote. Azkenik, epe luzean aretoak desagertu eta zinema museoetara eta telebistara baino ez da bideratuko. Zergatik ez? Pintore handien artelanak lehenik elizetan zeuden, ondoren jauregietan eta egun museoetan eta dirudunen etxe pribatuetan. Gizartea eboluzionatzen doa”. Zinemaren etorkizuna hitzokin laburbildu zigun Jaime Rosales zuzendari kataluniarrak, duela gutxi ARGIArako egindako elkarrizketan. Bera izan da, hain zuzen, Tiro bat buruan film luzea Interneteko areto birtual batean estreinatu duen lehen zuzendaria Espainiako Estatuan.

Ez dakigu muturreko bide hori hartuko ote duen zinemak, baina bai orain artekoaren oso bestelako norabideari ekingo diola. Datorkigun panoramari erreparatu aurretik, dena den, begirada azkarra egungo egoerari: home cinema bezalako aparailuei esker, etxeetako pantaila erraldoiek eta soinu sistema bikainek zinema-aretoak egongelara eraman dituzte; kaleko salmentak eta filmak Internetetik jaisteko aukerak ere bidea eman diote horri eta ondorioz aretoak husten joan dira pixkana –azken bost urteetan Hego Euskal Herrian 2 milioi ikusle inguru galdu dituzte–. Pelikulen kontsumo kolektibotik kontsumo indibidualera igarotze horretan, gizartearen taxu berria ere nabari dela uste du Ines Intxausti zinema kritikariak: “Gizakiak bere kobara bueltatu nahi du eta etxe barruan egiten du gaur egungo bizimodua, intimitatean; areto handiaren magia galdu egin da guztiz. Cinema Paradiso ikusi dugunontzat, hori da zinema: esperientzia kolektiboa, jai-giroan; lehen herri osoa zihoan zinema-aretora, eta orain herrikideekin batera ez dugu ezer egin nahi”.

Zeluloidearen desagertzea

Eta egoera horren aurrean, zein da teknologia berriek datozen urteetan ekarriko duten panorama? Ondorioetako bat argi dute aditu denek: zeluloidea desagertu egingo da eta filmen digitalizazioak hartuko dio lekukoa. Euskal Herrian Julio Medem izan zen hi-definition sistema digitalean errodatzen lehena; Lucía y el sexo pelikulan erabili zuen. Zer esan nahi du horrek? Bada bobina bera, euskarri fisikoa, desagertu egiten dela eta filmak artxibo digital bihurtzen direla. Formatu digitalarekin, banaketa zeharo aldatuko da: pelikulen kopiak egitea –laborategi fotokimikoko prozesua– zen orain arte zinemaren prozesu garestienetakoa, baina orain satelite edo zuntz-optiko bidez “garraiatuko” dira pelikulak. Kostuak izugarri merkatuko dira eta kalitatea ere hobea izango da, ez direlako kopia fotokimikoak egingo, denborarekin hondatzen direnak; orijinalaren klonak iritsiko dira aretoetara.

Halaber, zinema industriaren ametsetako bat bete ahal izango du formatu berriak: filmak mundu guztian batera estreinatu ahal izango dira. Satelite edo zuntz-optikoari esker, munduan zehar barreiatutako 50.000 aretok baino gehiagok aldi berean estreinatu ahal izango dute pelikula bera. Aukera hori baliatuz, pentsatzekoa da geroz eta ohikoagoa izango dela kirol ekitaldien, kontzertuen eta oro har gertakari garrantzitsuen zuzenekoak proiektatzea aretoetako pantaila erraldoietan.

Antonio Carballo zinema kritikariak galdera egin dio bere buruari: “Imajinatzen zein botere izan dezakeen banaketa sarearen jabetza lortzen duenak? Operadore bakar batek, edo gutxi batzuek, modak, ohiturak eta estetikak ezartzeko giltza izango dute”. Carballoren aurreikuspenen arabera, publizitatea ere ez da geratuko kontrol-zirkuitu honetatik kanpo: product placement delakoa –modu ez zuzenean publizitatea sartzea filmetan– izugarri igoko da, eta iragarleek uneoro erabaki ahal izango dute zein aretotan eskaini nahi dituzten euren produktuak, zinema emanaldiaren eta saldutako sarreren arabera. “Banaketaren kontrola duenak izango du produktuaren kontrola, eta hortaz, merkatuarena”.

Ines Intxaustiren ustez, teknologia diruaren alde jarriko da eta zinemak esku beretan jarraituko du: “Beste era batzuetan salduko dute, baina aretora nahiz gure etxeetara iristeko, major berek kudeatuko dute. Inork ez du negarrik egin zeluloidea desagertuko delako. Alderantziz, berri ona da, Japoniatik film bat ekartzeko dagoeneko ez da itsasontziz egin behar; film luzeak 30 kilo pisatzen ditu zeluloidean eta digitalean 100 film eraman ditzakezu poltsikoan”. IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidentea da Joxe Portela eta iritzi berekoa da, ekoizleen ikuspegitik: “Ona izango da digitalizazioa, inbertsio handia egin beharko da hasieran, baina banaketa optimizatuko du eta kostuak merkatuko ditu”.

Zinema-aretoen desafioa bizirauteko

Denak, ordea, ez dira hain baikorrak, kaltetu nabarmenak utziko baititu aldaketa honek guztiak: aretoen jabeak. Izan ere, zinema inoiz baino gehiago kontsumitzen du ikusleak, baina ez aretoetan. Azken urteetan, zinema-areto askok ateak itxi dituzte, baina pantaila kopurua antzekoa da, negozio eredua delako aldatu dena: hots, areto handiak ixten joan dira, baina multisalak irekitzen.
Hemendik aurrera, ostera, prozesua kontrakoa izango dela aurreikusten du Carballok: multizineak areto bakar bihurtuko dituzte, pantailaren handitasuna eta ikusgarritasuna arma garrantzitsuenetakoa izango baita plasma pantailadun telebistarekin lehiatzeko. Dagoeneko, esaterako, 200 Imax pantaila baino gehiago daude munduan –batez beste 22 metro zabaleran eta 16 altueran, munduko handienak– eta horietako bat Euskal Herrian daukagu, Barakaldon. Definizio altuko irudiaren eta soinuaren kalitatea inoiz ez bezalakoa izatea eta salaren ezaugarriak hobetzea dira aretoen apustu berriak. Hainbat aretok eserleku mugikorrak ditu, usaimena ere erabili izan dute gutxi batzuek, interakzioa eta errealitate birtuala bultzatu nahi da, eta 3 dimentsioko pelikulak eta ekoizpenak ohiko izango omen dira etorkizunean, sistema digitalak ahalbidetzen duen grabazio estereoskopikoari esker. 2009an, mundu osoan 5.900 areto 3D formaturako prestatuta egongo direla aurreikusten da.

Gainera, arestian aipatu moduan, euren burua birmoldatu eta balioanitz bilakatu beharko dira aretoak: filmez gain, dantza eta antzerki emanaldiak eta kirol ekitaldiak –munduko azken futbol txapelketak ikusle ugari bildu zituen aretoetan– proiektatzera bideratuko dira. Baita 3D formatuan ere: U2 musika taldearen kontzertu-dokumentalak harrera ona izan berri du aretoetan.

Hainbat lekutan, bideojokotan aritzeko ere erabiltzen dituzte, pantaila erraldoiaren aurrean denak batera jokatuz. Eta Italiako herrixka batean, eztei-bideoa pantaila handian ikusteko ezkonberriei aretoa 300 eurogatik alokatzeak arrakasta handia izan du. Alegia, komunikazio zentro gisa ulertu beharko ditugula aretoak hemendik aurrera, dituzten aukera guztiak aprobetxatuko dituztenak, eta ez soilik pelikulak eskaintzera zuzendutako sala gisa.

Digitalizazioak aretoentzako zein abantaila eta desabantaila izan ditzakeen aztertzen ari dira jabeak. Euskal Herrian ohiko diren Cinebox, Golem edo Sade biltzen dituen Espainiako Zinema-Aretoen Jabeen Federazioko komunikazio arduraduna da Borja de Benito. Berak azaldu digunez, merkatu estudio sakona egiten ari dira, kontsumitzailea aztertzeko, zinema-aretora joatera bultzatzen duten faktoreak ezagutzeko: zer baloratzen duen zineman sartzean, zer falta zaion aretoari nahiago izateko home cinema ikusiz etxean gelditzea. Ikerketaren emaitzak abendu-urtarrila aldera jasoko dituzte. “Behin oinarri hori edukita, desberdintasuna eskaintzeko fronte guztietatik eraso egitea da asmoa, ikusleak eskatzen digunera egokitzea. Egun jada, sala berri bat irekitzen den bakoitzean azken berrikuntzak sartzen ditu, elementu bereizleak eskainiz publikoa zinemara erakartzeko”, argitu du De Benitok. Sarrera prezioa jaisteak ez al lukeen lagunduko galdetu diogu, baina salneurria liberalizatua dagoela eta areto bakoitzak egokien ikusten duena ezartzen duela erantzun du.

Hala ere, eta ikerketaren ondorioen zain, De Benitok dio ez dutela aretoak desagertzeko arriskurik ikusten: “Egia da aisiaren kontsumoan aldaketa bizi dugula eta lehia handiagoa dela, baina zinemak eskaintzen du beste aparailuek eta teknologia berriek eskaini ezin dezaketena: zinemara joatearen ekintza soziala, lagunekin bildu, pelikula ikusi eta afaltzera joateko plana”.

Eduki interesgarriak, zinematik DVDra

Hainbat adituren ustez, 1970eko hamarkadan zinemak bizitu zuen ideia krisia –abentura generoari eta zientzia fikzioari esker gainditua– errepikatzen da egun. Teknologiak eta kostuen merkatzeak edozeinen esku utzi du zinema egiteko aukera; baina gauza bat da baliabideak eskura izatea eta bestea talentua edukitzea. Koldo Almandoz zuzendariaren hitzetan, lehia handiagoa den heinean produktu txar gehiago dago eta saturazio horren erruz, zaila da produktu interesgarrietara heltzea: “Galbahea pasako duen sistema behar dugu gaur egun, aldizkari edo webgune espezializaturen bat, zer ikusi asmatzen lagunduko diguna. Jaialditako programatzaileek esaten digute eromena dela: 1.200 film labur bidaltzen dizkiete eta ezinezkoa da denak ikustea, aukeraketa modu egokian egitea”.

Maila oneko edukiek zinema-aretoa utzi eta telebista pantailara egin dute salto, askoren aburuz. Román Gubern zinema ikerlari kataluniarraren esanetan, AEBetako studio-system tradizioa telebistara aldatu da eta telesail estatubatuarrak dira ikus-entzunezko kultura modernoaren eredu: “Baina Sex and the city telesaileko neskek pantaila handira jauzi egin eta grazia guztia galtzen dute, berdin The Simpsons-ekin. Telebista mundu mailako egongela erraldoi bihurtu da, aretoetako zinema baino askoz errentagarri eta eraginkorragoa”.

Almandozen iritziz ere, krisialdia gehiago dago erakusteko moduan, produktuan baino: “Ikus-entzunezko kulturan bizi gara bete-betean eta zineman ideia krisia dago, baina inoiz baino telesail hobeak eta ausartagoak egiten ari dira. Nik pila bat disfrutatzen dut telesailekin”. Eta zergatik bideratu dira indarrak telebistara? Almandozen arabera, telesaila gaur egungo bizimoduari egokituago dagoen formatua da: “Istorioek badute lehen zinemak sortzen zuen lilura hori sortzeko aukera. The Sopranos bezalako telesail batek, aparteko ekintzarik gabe, giro berezian sartzen zaitu, garai bateko The Godfather filmaren antzera. Zineman berriz, denetarik dagoen arren, lehen harritzen zintuena gaur egun mainstream edo komertzial bihurtu da. Epaimahaian pelikula asko ikustea egokitu zait duela gutxi eta badago errepikatzen den estilo bat, ‘apurtzailea izango naiz teknika apurtzaileekin’, baina jada zaharkituta geratu dena: Lars Von Trier-en filmen kopia pila bat dago egun, eta ez dute ekarpen berririk egiten”.

Kontuak kontu, inork ez dauka etorkizuna irakurriko duen bola magikorik. Hollywoodeko guruetako bik aurkako iragarpena egin dute: George Lucasek dio hemendik hogei urtera inork ez duela aurrekontu handiko pelikularik egingo eta James Cameronek berriz, ekoizpen erraldoiak eta 3Da direla bidea –kasualitatez 200 milioi dolarreko filma prestatzen ari da, 3 dimentsiotan–. Joxe Portela ekoizleak ere, aurrekontu puztuagoak nahi ditu euskarazko zinemarentzat, pantaila handian ikusgarritasuna bilatzen duelako ikusleak, zerbait desberdina. Baina zuzendari frankotiratzaileen apustu apurtzaile eta interesgarrietarako zirrikituak beti izango ditu zinemak. Agian, Jaime Rosalesek dioen moduan, museoetan bukatuko du zinemak, baina bide berrietara egokitzea beste aukerarik ez du. Koldo Almandozen ustez, aldaketa baikorra da: “Joera daukagu negar egiteko, baina beste motatako enpresek ere egokitu behar izaten dute egoera berrietara; onerako izango da, jendeak ipurdia mugitu beharko du”.
Pirateria, erronka nagusia
Paradoxikoki, teknologia lagungarria izango da teknologiak berak zinema industriari sortu dion buruhauste handienaren aurkako borrokan: pirateria. Filmen kopia fisikoak desagertu egingo direnez, pelikula aretoan bertan ilegalki grabatzea izango da pirateriari geratuko zaion bide bakarrenetakoa, eta mundu osora banaketa askoz azkarrago egingo denez, lehenago ikusteko behintzat ez ditu jaitsiko filmak jendeak.

Kontuak kontu, pirateria izango da zinemaren etorkizuneko etsai eta erronka handienetakoa. Nicolas Sarkozyk Europar Batasunean aurkezturiko proposamena –Internetetik ilegalki artxiboak jaisten dituztenei abisua bidaltzea eta hirugarren oharrarekin Internet moztea– erdizka baino ez dute onartu: abisuak bidaltzea bai, baina Internet moztea ez. Hainbat herrialdetan isun bakan batzuk izan badira ere, pirateriaren aurka neurri nahikoa ez dela hartzen kexu da industria. Joxe Portela zinema ekoizleak dio askotan ezjakintasuna dela pirateriaren arrazoia, euro bakarraren truke pelikulak kalitate onean jaisteko aukera ematen baitute hainbat webgunek, modu legalean.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Zinema

Zinema kanaletik interesatuko zaizu...
"Film sendagaitzak"

Bilboko kaleetara zinea, antzerkia eta hamaika kultur jarduera eraman ditu Zinegoak jaialdiak. Horietako bat Asier Altunaren azken laburmetraia izan da: Han izanik hona naiz. Joseba Sarrionandiaren liburuaren izenburu bereko ipuin bat oinarri hartuta osatu du zuzendari bergararrak 5 minutuko lana. 12 zuzendarik abiatutako Gure oroitzapenak film kolektiboaren piezetako bat da. Filma bere osotasunean Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta labur bakoitzak bere ibilbidea hartu du ordutik... [+]


2019-03-17 | Mikel Asurmendi
Pierre Prouvèze
"Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko"

Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.


Woody eta Juanmi

Woody Allen Donostiara etortzekoa omen da filma errodatzera. Berri on-ona dela esan du alkateak. Gure artean, baina, aspaldi izandakoa da. Orain berrogeita piku urte ikastetxe batean irakasle nengoela, jada gure artean zegoen artista: Allenen obrak irakurtzen genituen eta antzezten gazteekin, filmak ere ikusten genituen eta zine forum apalak antolatzen. Ez ginen bakarrak izango.

Woody Allen Donostiara etortzekoa omen da filma errodatzera. Berri on-ona dela esan du alkateak.
Juan Miguel... [+]

2019-03-05 | Arrosa Sarea
Emakumeek historian zehar egindako borrokei buruzko hiru film

Martxoaren 8ko greba feministarako motorrak berotzen goazen honetan, zinema eta telesail mundura begira jarri gara, Pikarako Maria Castejonen eskutik.


2019-02-27 | Gaizka Izagirre
"Gorakada Euskal Herrian errodatutako proiektu kopuruetan". Eta zer?

Zinea.eus atariak eman zuen albistea: “Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu berri duenez, azken lau urteetako joera gorakorrari eutsi zion iaz ere Bizkaian egindako errodaje kopuruak. Hala erakutsi dute zabaldutako datuek: orotara, 128 grabaketa egin dira 2018an”.


Afrikar emakume gerrariak Oscar sarietan

Dahomey erresuma (Egungo Benin), 1724. Emakumez osatutako ejertzitoak Alladaren aurkako gerran parte hartu zuen.


2019-02-22 | dantzan.eus
Dantza filmaren arrakasta zinemetan: 10 aste, 40.000 ikusle, kritikak eta erreakzioak

Fenomeno berezia gertatzen ari da Dantza filmarekin zineetan. Hamar aste daramatza Telmo Esnalen pelikulak zinematan: hamar aste, 56 herri eta 40.000 ikusle. Irailaren 24an aurre-estreinatu zen Donostiako Zinemaldiko sekzio ofizialean eta abenduaren 21etik Hego Euskal Herriko aretoetan da Dantza pelikula. Ikusleen aldetik erantzun ezin hobea izaten ari da; hilabete hauetan oihartzun zabala izan du pelikulak, bai aretoetan, bai komunikabideetan, baita sare... [+]


Zer egin Hitlerrekin meme digitalen garaian

Antzezpena apartekoa zen, uste dut mundu guztia egon zela ados: 2004an Der Untergang (Hondoratzea) filmean Adolf Hitlerren larruan sartu zenean, Bruno Ganzek goia jo zuen. Baita polemika eragin ere, pelikulak lider naziaren azken egunak erakusten baitzituen Berlingo bunker batetik ia atera gabe, zaharkitua, bere onetik aterea, amildua, lider sendo gisa agertu nahi eta ezin, sortu gura izan zuen inperioa pikutara joaten ari zelako bere azken maniobra militar inpotenteak gorabehera. Hitler... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude