«Maputxe ororen plataforma izan nahi dugu»

  • 2003an, herri maputxe ororentzako hedabidea amets zutenek Azkintuwe (Behatokia) bihilabetekaria sortu zuten. Zuzendaria Pedro Cayuqueo (Puerto Saavedra, Txile, 1976) da, kazetaria, abokatua eta ekintzailea. Hedabide maputxeen erronkez aritu gara berarekin.
Pedro Cayuqueo
Dani Blanco

Pedro Cayuqueok ibilbide luzea dauka hedabide zein borroka maputxeetan. Urteak eman ditu herri maputxeak pairatzen duen jazarpenari aurre egiten, arma preziatuena hitza duela. Sareko egunkaria du Azkintuwek eta Andeetako maldetatik itsasoraino paperezko 29 zenbakiko 100.000 ale banatu dituen aldizkariaren zuzendaria da Cayuqueo. Bertan kaleratzen diren hainbat artikulu mundu osoko agerkariek erabiltzen dituzte. Maputxeek nazioarteko oihartzuna duen hedabidea daukate antza. “Gutariko batzuk kontrainformazio munduan murgilduak ginen. Aktibismoari lotutako aldizkariak egiten genituen, geu ere ekintzaile politikoak ginelako. 2003an, baina, ohiko kazetaritzak ezarritako arauak beteko zituen aldizkaria sortzea erabaki genuen, artean egiten genuenarekin, aktibismo mediatikoarekin, gizartearen eta beste hedabideen arreta erakartzea oso zaila baitzen”, azaldu du Cayuqueok. “Ez ginen gutxi kazetaritza ikasketak geneuzkanok; gero eta tresna gehiagorekin ari ginen. Egiten genuena aldatzea zen helburu: gure iritzia azaldu ez ezik, ikerketa kazetaritza bultzatuko zuen aldizkaria sortu nahi genuen. Egitasmoak harrera ona izan zuen; gero eta eragin handiagoa dugu”.


Azkintuwe prentsa idatzi maputxea ulertzeko bide berria da. Aldizkariak ez du loturarik ez talde politikoekin, ezta erakundeekin ere.
Pinocheten diktadura garaian, talde politiko maputxeek hainbat buletin kaleratu zuten, zenbaki bat edo bi besterik ez zutenak.

Geroago, 90eko hamarkadan, Lur Guztien Kontseiluak Aukin (Ahotsa) berripapera argitaratu zuen. Taldeak zituen eztabaiden berri ematen zuten. Militanteen artean banatzen bazen ere, ez zen herri maputxearen hedabide orokorra izatera ailegatu. 2000. urtea baino lehen, sarean ez zegoen gauza handirik. 1999an, Resistencia Mapuche sareko orrialdea egin genuen eta hurrengo urtean Mapuexpress jaio zen. Harrezkero, itzelezko hazkundea izan da; blogak eta mota guztietako ekimenak ugaldu dira Andeetako alde bietan, nork bere lekutik, bere ikuspuntutik.

Hedabide independentea gara. Aurreko esperientzia guztiei begiratuz zaila da ulertzea, haiek guztiak talde politikoek sortuak izan baitziren. Gure ustetan, berriz, funtsezkoa da independenteak izatea, denok tokia izateko. Talde zehatz batekoak izanez gero, ez zen izango gurekin lan egin nahiko zukeenik.

Hogei bat pertsona zarete aldizkariko langileak: erredaktoreak, argazkilariak, irudigileak eta Amerikan zehar diren berriemaileak. Gehienek musu-truk egiten duzue lan. Azkintuwek arazoak ditu ekonomikoki bere buruari eusteko. Independentea izateak dakartzan arazoak...



Oso nekosoa da Txilen prentsa idatzia egitea, apostolutza egitea baino zerbait gehiago da: hil ala biziko beharra dugu. Txileko talde ekonomiko handiek, gure lurra ustiatzen duten transnazionalei eta Gobernuari lotuak direnek, hedabide guztiak kontrolatzen dituzte, hala nola El Mercurio eta La Tercera holdingak. Berdin gertatzen da Argentinan. Beharrezkoa da, beraz, txanponaren beste aldea azaltzea, bai maputxeei zein maputxea ez den gizarteari. Maputxeen artean %20 baino ez dira ekintzaileak, beste %80k hedabide handien bidez izaten du gertatzen denaren berri, eta horrela, ez da zaila beraien anaia-arrebak “terroristatzat” jotzea. Badago geuri begira informatzeko beharra. Jendeak jakin dezala borroka egitea, gure burua antolatzea, ez direla “txerri komunistaren” kapritxoak herri eskaerak baizik eta aurrerantzean, beraiek ere jasoko dituztela honen guztiaren etekinak. Garai berri batean gaude: aktibismoan hasi ginen, gero nazioarteko salaketa bultzatzeko. Orain, herri maputxe ororentzako plataforma informatiboa izan nahi dugu. Horrek orain arte egin ez den lana egitea eskatzen du: giza arloa, kirolak, kontu xumeak –turismoa edota gastronomia, besteak beste– dira benetako hedabidea izateko derrigorrez jorratu behar ditugun gaiak, nahiz eta gure jarrera politikoak ez ezkutatu, azken batean politikan ere sartuak garelako. Bizirik dagoen, kontraesanak dituen eta etorkizunerako egitasmoak dituen herriaren komunikazio tresna izan nahi dugu. Gero eta hedabide gehiago edukitzea lagungarria da herria eraikitzeko.


Hizkuntzaz, mapudungunaz, berba egiterakoan herri irratiak eta prentsa idatzia bereizten dituzu.


Oso zaila izan da mapudunguna prentsa idatzian sartzea. Hasteko, ez dugu gramatika bakarra, idazteko eta, batez ere, irakurtzeko premiazkoa dena. Azkintuwen erabili baino, hizkuntza berpizteko eta normalizatzeko balio duen espazioa eman nahi izan diogu. Hau da, mapudunguna normalizatzeko beharraren gaineko eztabaida eragin nahi dugu. Duela hiru urte, Hizkuntzen Nazioarteko Eguna zela eta, mapudungun hutsez egindako zenbaki berezia kaleratu genuen. Hura inprimatzea, harrera ikustea sinestezina izan zen. Hori egiteak hizkuntza aintzat hartzeko balio izan zuen. Mapudungunaren afera ikusaraztea oso inportantea da.


Irratian errazagoa al da mapudunguna erabiltzea?


Gurea ahozko kultura izanik, tokian tokiko dialektoak badira ere, entzuleak berdin ulertuko du Andeetan zein itsasertzean. Garrantzitsua da irratiak azken hogei urteotan eman duen jauzia. 90eko hamarkadan herri irratiek frekuentzia gutxiko tresneria zeukaten, eta jeneralean, lehenengo sei edo zazpi hilabete pasatakoan desagertu egiten ziren. Geroxeago, Argentinako eta Txileko irratietan, irratsaio maputxeak agertu ziren. Gaur egun, irrati komertzial maputxeak badira eta irrati argentinarrarekiko zein txiletarrarekiko menpekotasuna murrizten ari da.

Maputxeez informazio gehiago:
Garabide Elkartearen eskutik
Mondragon Unibertsitatean du hazia Garabide Elkarteak. Euskara eta euskal esperientzia ditu ardatz eta herri indigenei ekarpena egitea da asmoa. Kooperazio sozioekonomikotik harago herrien nortasunaren eremuan laguntzeko xedea du. Iaz bezalaxe aurten ere, dozenatik gora maputxe, aimara, guarani eta maia gonbidatu dituzte Euskal Herrira. Aukera hori baliatuz elkarrizketatu dugu Pedro Cayuqueo. Datozen asteotan Boliviako Leonel Cerruto eta Ekuadorko Maria Juana Farinango kitxuen elkarrizketak irakurri ahal izango dituzue.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude