Rockaren historian sartu 27 urterekin hilda

  • Jimi Hendrix, Janis Joplin, Jim Morrison eta Kurt Cobain: 27en kluba. Rockak martiriak behar zituen eta 27 urte baino ez zituztela segadun agurea bidean gurutzatu zitzaien. Oraindik bizi direnentz galdetzen dute askok; eta edozein ekoizleren hortzak izerditan hasten dira euren diskoen berrargitalpen eta edizio bereziez hitz egitean. 2009an argitaratzekoa den The 27s: the greatest myth of Rock & Roll liburuak mitoa puzten lagunduko du.
Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2008ko azaroaren 02a
Kurt Cobain
1994ko apirilaren 5ean Kurt Cobainen gorpuaren ondoan paper batean eskuz idatzitako hitzek laburbiltzen dute hoberen 27en klubaren espiritua: “Hobe da sutan kiskaltzea, zimeltzea baino”. Neil Youngen abesti batetik hartuak ziren; Morrisonek, Joplinek edo Hendrixek ere sinatzeko modukoak dira. Amets egin zuten betirako biziko zirela; biharamunean hiltzeko moduko bizitza izan zuten. 27 urteena da rockaren munduko Bermudetako Triangelua; gitarra ozenen kulturak sortu duen ipuin handiena beharbada; eta ez dago aipatutako lau pertsonaiekin bakarrik kontatu beharrik, hain ezagunak izan ez arren asko joan baitziren hilotzen auzora 28 bete gabe. Horien guztien gorazarrez idatzitako liburua osatu du Eric Segalstad kazetariak, Josh Hunterren ilustrazioek lagundurik.

Mitoa indartzeko egindako saiakera izango da, 27 urterekin zendutako artista ezagunen heriotzak kontatzeaz gain, hainbesteko sona lortu ez zuten hainbat musikari gogora ekarriko dituena. Eta noski, heriotza horien misterioaz baliatuz salmenta erraldoiak izaten saiatuko dira editoreak.

Erabat argitu gabeko arrazoiengatik hil baitziren klubeko gehienak. Suizidio itxura hartzen duten balizko hilketak dira batzuk; era misteriotsuan desagertutakoak bestetzuk. Eta horien inguruan hipotesi sinesgaitzenak egin izan dituzte, batzuetan heriotza ukatzeraino iritsiz. Ukatu ezin dena zera da: 27en klubeko kideen talentua euren adina baino askoz ere handiagoa zela.

27 urterekin hil, gorpu polita utzi

Albistearekin esnatzen da eguna: hilda aurkitu dute. 1970ean birritan errepikatu zen gertaera, oso tarte laburrean gainera. 27 urteen mitoa orduan sortu zela esan liteke. Jimi Hendrixen gorpua irailaren 18an aurkitu zuten Londresko Samarkand hoteleko gela batean. Aurreko gauean lo egiteko pilulak eta ardo gorria nahastuta koktel hilgarria eskaini zion bere buruari. Hazita doan ibaia legez botaka hasi zen, eta bere zuku gastrikoetan ito.

Handik 15 egunera azken aldiz ikusi zuten Janis Joplin bizirik Hollywoodeko Sunset Sound grabazio estudioan; urriak 3 zituen. Hurrengo egunean abesti bateko ahotsa grabatu behar zuen eta, agertzen ez zenez, bila joan zitzaizkion Landmark Motor hotelera. Lurrean zetzan heroina gaindosiak akabatua.

Urtea joan gabe esnatu zen berriz heriotza Parisen. 1971ko uztailak 3. The Doors taldearen kantuei ahotsa jarri zien Jim Morrison izan zen orduko biktima. Bainuontzian aurkitu zuten gorpua, baina autopsiarik egin ez ziotenez, asko dira heriotzaren inguruan eraiki diren teoriak: heroina azaltzen da, noski, lehenengo postuetan; baita hilketa ere; eta gezurrezko heriotza zela ere aipatu zuten No one here gets out alive izeneko biografian, nahiz eta Morrison hil zen gauaren inguruko testigantza berriek hipotesia apurka baztertu egin duten.

Klubeko laugarren kidea bi hamarkada beranduago egin zen bazkide. Nirvana taldeko abeslari eta gitarra jotzailea zen Kurt Cobain 1994ko apirilean, Seattleko bere etxean burutik bala bat pasa zitzaionean. Armari nork sakatu zion, bere buruaz beste egin zuenentz, horra mila aldiz errepikatu den galdera.

27 urterekin hil, negozioa egin dezaten

Erantzuna aurkitzea ezinezkoa da Cobainen kasuan. Hamaika dira kontrajarritako bertsioak, eta azkenerako zalantzan jartzen dena “ikerketa” horien guztien helburua da. Datu batzuk ematearren, hamalau urte baino ez dira igaro Nirvana taldeko abeslaria hil zenetik eta dagoeneko hogei biografia argitaratu dituzte. Azkena, aurten bertan publikatutako Charles Cross kazetariaren Cobain unseen, argigarria da benetan: ez heriotzaz datu berriak ematen dituelako, Crossek berak 2001ean beste biografia bat idatzi zuelako baizik. Gertakaria berriro lardaskatu, asko ez bada ere; beti egongo da norbait liburua erosteko prest.

Eta biografiak bakarrik balira... Cobainen heriotzarekin egin duten merchandisinga eskandaluzkoa da: Nick Broomfieldek Kurt & Courtney film dokumentala egin zuen, Gus Van Santek azken egunak fikzionatu zituen Last days pelikulan; 2002an Riverhead Books argitaletxeak abeslariaren eskuizkribu eta marrazki batzuk publikatu zituen Journals izeneko liburuan.

Bakarra balitz gaitzerdi: Jimi Hendrixek disko gehiago argitaratu ditu hil ondoren, bizi zenean baino. Guztira 24 dira Stratocasterraren jeinuak 1970etik argitaratu dituen lanak, estudiokoak eta zuzenekoak batuta. Bildumek beste kontaketa bat merezi dute: 27 dira dagoeneko. Sortuko dira berriak.

Iaz argitaratu zen azken konpilazioarekin hamalau dira Janis Joplinen “omenez” diskoetxeek atera dituzten bildumak. Kopuru bera Jim Morrisonen The Doors taldearen kolekzioek ere. A zer produzitzeko gaitasuna hildakoena.

27 urterekin hil, zahartzea okerragoa da

“Hobe da sutan kiskaltzea, zimeltzea baino”. Ironikoa da. Esaldia oso erabilgarria da musikaren industriako edozein buruk bere artistei esateko. Diskoetxe handientzat errentagarriagoak dira gazte hildako musikariak, ibilbide luzea dutenak baino. Negozio hobea da 27en klubekoen kantuak berrargitaratzeko eskubidea edukitzea rockaren dinosauroen disko berriak editatzea baino. Azken finean, nork erosi du Paul McCartneyren azkena? Ez dago haize berririk harengan, The Beatles taldearen zimurrak besterik ez. Errautsek ezin dute distirarik egin; odolak berriz, beti islatzen du argi printzaren bat.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-10-18 | ARGIA
Gatzaren Eguna, hirugarrenez Leintz Gatzagan

Igandean, hilak 21, hirugarrenez egingo da Gatzaren Eguna Debagoieneko Leintz Gatzaga herrian. Egitarau zabala osatu dute egun osorako: mendi ibilaldia, hitzaldia, azoka, kontzertua...


Nafarroa Oinez: 'Bizi' goiburuarekin, euskararen festara gonbitea

Igandean Altsasun izanen da Nafarroa Oinez festa handia. Lau kilometro eta erdiko ibilbidea eta lau gune izanen dira igandeko jai handi horretan: Bizi, Kanta, Txio eta Dantza.


2018-10-18 | ARGIA
Presoen auzia konpontzea, egiteke geratu diren lanen artean

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bukatutzat eman du Euskal Herrian zuen egitekoa. Brian Currin abokatuak asteazkenean emandako prentsaurrekoan adierazi du badirela gai batzuk konpontzeke geratu direnak, nabarmenduz "preso politikoen auzia".


Gutxiengoa dira immigrazioa arazotzat duten EAEko herritarrak

2015ean hasitako joerari jarraiki, immigrazioari buruzko iritzi eta jarrera positiboak sendotu egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean. Hala berretsi du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen 2018ko Barometroak.


Osasunbideari ere errieta, euskara egoki ez baloratzeagatiik

Osasunbideko deialdietan, lehiaketaldian 40 puntutik euskarak 4’29 puntu eman beharko lituzke eremu euskaldunean, eta 2’73 puntu eremu mistoan. Baina euskararik jakin gabe ere 39 puntu lortu daitezke, beste merezimendu batzuekin. Beraz, praktikan, ez da betetzen euskarari buruzko foru dekretu berriak dioena.


2018-10-17 | ESK sindikatua
Pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako 51.000 sinadura

Euskal Herriko Eskubde Sozialen Kartak pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako herri-ekimen legegilea butzatzeko beharrezkoak diren sinadurak entregatu ditu.


Bardean benetako bonbekin maniobra militarrak eginen dituzte asteazken honetatik aurrera

Urriaren 17tik 19ra eginen ditu Espainiako Armadak maniobrak, beste behin. Tiro Poligonoaren Aurkako Taldeak salatu du "Parke Naturalean gailentzen dela maniobra horiek egiteagatik Armadak ordaintzen duen kanona segurtasuna eta ingurumenaren gainetik".


2018-10-17 | ARGIA
Pinuen gaitzari aurre egiteko oxido kuprosoa erabiltzea oso toxikoa dela salatu dute

Pinuen gaitzari aurre egiteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek aurkeztu duten plana gogor kritikatu du Naturkon kolektiboak, besteak beste gaitzari aurre egiteko erakundeek proposatu duten oxido kuprosoa toxikoa baita: “Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?”.


2018-10-17 | I˝igo Igartua
Manifestazio nazionala deitu dute urriaren 27an Nafarroako gaztetxeen alde indarrak biltzeko

Maravillas, Errotxapea eta Lizarrako gaztetxeen aurkako prozesu judizialak irekita daude eta epe motzean kaleratuak izateko arriskuan daudela ohartarazi dute manifestazioa deitu dutenek.


2018-10-17 | ARGIA
Karlos Apeztegia kartzelaratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak Hernanin duen bulegoan egiten du lan Karlos Apeztegiak. Asteartean bertatik atera zenean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta asteazken goizean, espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude