«Kazetariei ez zaizue Aralarrek egiten duen politika interesatzen»

  • Elgeta, 1979. Geografian lizentziatua. Elgetako alkatea eta Aralarreko zuzendaritzako kidea da: “Batasunaren sorrera ekarri zuen prozesuan parte hartu nuen eta desenkantatu nintzen. Aralarren hasi nintzen ez nengoelako abangoardia militarra onartzeko prest. Aralar ezker abertzalearen aukera bat da, Batasuna edo beste edozein aukera legez”, izan dira elkarrizketaren hasierako hitzak.
Oxel Erostarbe
Junkal Amores
Herrigintzak eta politikagintzak esangura berbera dute Oxel Erostarberentzat: “Politika berria egiteko oinarriak ipintzeko garaia da. Herri honek aurrera egingo badu, ezkerraren bidea landu behar dugu, eskumaren bidetik atzera goaz. Belaunaldi berriak harriak ipini behar ditu bidean elkarlanean aritzeko. Gazteriarekin aritzeko formula aurkitu behar dugu, horretan ez dugu oraindik asmatu, hori da belaunaldi honen zeregin garrantzitsuetako bat. Politika beste modu batez egiteko nahia sustatu behar dugu, herri hau independentea izan daitekeela pentsatzen duen jendearen gogoa piztu”.


Aralarrek lau zinegotzi ditu Elgetako Udalean, EAJ-EAk hiru eta EAE-ANVk bi. Nola moldatzen zarete?


Elkarlanean dihardugu, harreman onak ditugu. Herritarrei emandako hitza betetzen ari gara. Programan hitz eman genuen moduan, Udaletxearen atea zabaldu diegu herritarrei eta kontu-ikuskapena gardentasunez egin dugu. Gobernu batzordeak kendu ditugu, Udal batzordeek erabakitzen dute orain. Batzordetan edozein herritarrek parte hartu dezake. Bertan erabakitzen da herriaren kudeaketa, gero Udalbatzak berresten duena. Elgetan batzordeak ez dira informagarriak erabakigarriak baizik, herritarrek parte-hartze zuzena dute udal erabakietan.


Esate baterako?


Haurtzaindegian, adibidez. Aditu bi, irakasle bi, zinegotziak eta bertako arduradunak ari dira proiektuan elkarlanean. Etxegintza edota hirigintza oro har, herritarrekin batera egin nahi dugu. Herriko proiektuetan beren iritzia emateaz gain herritarren nahiak ere kontuan hartzea dugu helburu. Ez da erraza, noski, baina herritarrekin gauza zehatzen gainean lan egin behar dugu. Foro bereziak sortu eta formula bereziak topatzen ari gara horretarako. Parte-hartzearen gainean asko hitz egiten da orain, bada, Elgetan herritarrek lagundu dute hori gauzatzen.


Elgeta Debagoiena Mankomunitateko kide da. Zer da Debagoiena eskualdea Gipuzkoan?


Debagoiena ahaztua da Gipuzkoan. Eskualdera ailegatzeko ez dago behar bezalako garraiorik. Bailaran azpiegitura handiak egiten ari dira [AHT eta Gasteiz eta A-8 lotzen dituen autobidea] baina hauek ez dira bertan geratzen. Gurea da trenik ez duen eskualde bakarra Gipuzkoan, herritarrek garraio publikoa erabili gura badute ere, ez dute aukerarik. Gipuzkoako Foru Aldundiak autobusa erabiltzea nahi badu eskualdearen egoeraz jabetu behar du eta apustu garbia egin. Debagoienean jendea ohitu da autoa erabiltzen, autoarena kultura sortu da, besteak beste, ez dugulako garraio publikoa izan. Egoera ez da gauetik goizera aldatuko, baina komeniko litzateke jendea garraio publikora ohitzen joatea eta horretarako dirua inbertitu behar da.


Zer iritzi duzu Markel Olanok gidatzen duen Foru Aldundiaren politikaz?


Aldundiak eta Batzar Nagusiak asko erabakitzen dute eguneroko bizitzan, baina jendea, oro har, ez da jabetzen berauetan hartzen diren erabakiez. Gipuzkoar gehienek ez dakite geure parlamentua dugula. Jendea ez da Gipuzkoako Batzar Nagusien eskemaren arabera bizi. Zentzu horretan, Markel Olanok gipuzkoarrak aurrera begira ipini behar ditu, Gipuzkoa aurrera lema erabili zuen kanpainan, baina erabaki gehiago hartu behar ditu herritarren alde eta batez ere gaizkien bizi diren herritarren alde.


AHTren kasua hizpide. Aralar instituzioetan ari da eta aldi berean proiektuaren aurka dago. Ez da jardun erraza, antza.


AHT ez da Aralarren tren eredua, ezta Debagoieneko herritarren gehiengoarentzat ere, eta AHTren bidegurutzea bertan dago. Euskal Herriak trena behar duela? Bai. Guretzat tren horrek oraingo trenbidean izan beharko luke oinarria. Alegia, beste tren mota bat behar da. Ez, beharbada, herriz herri geratuko dena, baina bai gutxienez bailaraz bailara geratuko litzatekeena. Euskal Herriak beste tren eredu bat behar du, baina tren hori ez da AHT. AHTk hiriburuak lotuko ditu eta eskualdeak ahaztuko, gure kasuan txikituko ditu eta gainera ez ditu kamioiak errepideetatik aterako.


Aralar instituzioetan ari da eta instituzioek baietza eman dute.


Bai. Baina Aralarrek AHT Gelditu! Elkarlana ekimenean ere parte hartzen du.


Aralar NaBaiko indar funtsezkoa da, baina EAEn ez da errotu, Bizkaian eta Araban bereziki. Zer diozu?


Aralar bakarra dago, eta EAEn ere bakarra da. Eta Euskal Herria bere osotasunean hartuta, Iparraldean elkarlanean ari gara ABrekin. ABren sentsibilitate politikoa Hegoaldean Aralar da, bakarra ezker abertzalean. Nik ez nuke bereizketarik egingo Nafarroaren eta EAEren artean, nahiz bi lurraldeetan gizarte egoera ezberdinak izan. NaBai azken urteetan abertzaleok sortu dugun formula onena da, hain da ona ezen PSOEk eta PPren sukurtsal UPNk indarrak batu behar izan dituztela gu geldiarazteko. NaBai Nafarroa aurrera eroateko sortu zen, eta Aralarrek bere alderdi interesak albo batera laga zituen horretarako. Abertzaleok Euskal Herrian zerbait egiteko modu bakarra.


Alta, Aralarrek EAEn ez du tiradizorik.


Gurea sendotzen ari den proiektua da. Berau aurkeztu genuenetik herrietan eta eskualdeetan errotzea lortu dugu, baita erakundeetan ere: hiru batzarkide dauzkagu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Donostian zinegotzi bat. Gipuzkoako herri askotan zinegotziak dauzkagu. Aralar errotzen doan ezker abertzaleko sentsibilitatea da. Gure erronka, ezker abertzaleko askoren erronka dena, sendotzen jarraitzea da, ezker abertzaleak etorkizunean indarra edukitzeko modu bakarra baita.


Hedabideetan hirukoa eta Aralar ageri ohi dira. Hirukoaren akolitoa ematen du Aralarrek.


Bada ez da horrela. Aralarrek ematen duena baino garrantzizkoagoa da. Adibidez, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuretan hirukoak ez zuen sekula EHAKren emendakin bat onartu aldaketa eragiteko, ezta EHAK-k ere alderantziz. Aldiz, orain gutxi, Aralarrek Amnistiaren Aldeko Mugimenduen inguruan proposamena aurkeztu zuen eta hirukoak eta EHAK-k alde bozkatu dute. Hori da guk ordezkatzen dugun ezker abertzalea, halako akordioak lortzen dituena. Beste adibide bat: hirukoak, EHAK-k eta Aralarrek Kontsulta Legearen alde bozkatu zuten. EHAK-k ganbara utzi orduko kontra zegoela esan zuen. Hala ere, lege hori elkarlanean defendatzen ari gara, Legebiltzarreko aktan horrela idatzita dago. Baina hori aktak irakurriz ikusten da eta kazetariek ez dituzue holakoak prentsan azaltzen. Halaber, Aralarrek proposamen bat egin du krisi ekonomikoaren gainean eta kazetariek betiko gai bakarraz idazten duzue. Ekitaldian EITBko kazetariak zeuden, baina ez zizkioten ezta hamabost segundoko gloria eskaini ere. Kazetariei ez zaizue Aralarrek egiten duen politika interesatzen, orokorrean ari naiz. Hauteskundeak datoz eta egingo duguna eginda ere, ez gara larregi hedabideetan agertuko.


Hirukoak Herri Galdeketa iragarri zuen, zuen babesarekin, baina azkenik ezer ez da egin.


Gure iritziz subiranotasun bidean aurrera egiteko elkarlana da modu bakarra. Gero ikusi behar da legeen alde gauden edo bide hori egiten dugunok ea horretan sinesten dugun. Elkarlana denona da, hau da, EHAK-k Kontsulta Legearen alde bozkatu zuen, baina gero esaten zuen ez zirela alde, ez zeudela estrategia honen alde. Euskal Herriarentzat hori oso kaltegarria da, kaltegarria den moduan EA desobedientzia zibilaren alde ateratzea ezer ez egiteko edo EBk kontsulta debaluatzea. EAJk proposamenak egitea inorekin kontatu gabe ere kaltegarria den legez.


Gernika eta Gasteiz lotuko zituen giza katea iragarri zuen EAJk.


Eta giza katea egitea ez litzateke gutxi izango. Gutxi iruditzen zaizu Iñigo Urkulluk esatea Gernika eta Gasteiz lotu behar ditugula?


Gutxi edo asko den ez dakit, baina ez da egin.


Baina ez da egin, besteak beste, Aralarrek ekimen alderdikoirik onartzen ez duelako.


Baten batek, agian, gizartea mugiarazteko gaitasunik ez duzuela ulertu du.


Elkarlanean ari garen alderdiok herria mobilizatzeko gaitasuna badugu, egunero ikusten da hori. Aralarrek ez du izango, baina EAJk ez duela esatea, askotxo esatea da. EHAK-ko legebiltzarkideek Herri Kontsultaren aldeko botoa eman zuten eta berehala hau ez da bidea esan zuten. Zein da EHAK-k ordezkatzen duen ezker abertzaleak euskal gizarteari proposatzen dion subiranotasunerako bidea? Abertzaleon erronka elkarlana sustatzea da eta Euskal Herriko gazteak eta kanpotik datozen jendeak Euskal Herria aitortuko duen bidean jartzea. Eta hori guztia ez dute ulertzen gerra estrategiaren bidez. Beraz, edo abertzaleok estrategia berriak asmatzen ditugu, ezker abertzaleak bereziki, edo agian Patxi Lopez lehendakari izango da, edo bidean ipiniko dugu behinik-behin.


Patxi Lopez lehendakaria, beraz?


Ez dakit bera izango den edo Ibarretxe. Dena den, bata nahiz bestea izan, Aralarren sostengua ez dute ezeren truk lortuko.

Datozen hauteskundeetan nola aurkeztuko da Aralar?


Aralarrek bere proiektua azalduko die herritarrei, ezkerraren eta abertzaletasunaren ikuspuntutik. Jendea egiten ari garen lana ondo baloratzen ari da eta emaitza duinak izango ditugu.

Ez zarete EBrekin koalizioan aurkeztuko beraz.


Printzipioz ez. Elkarlanean aritzeko ezkerrekoa eta aurrerakoia den programa onartu behar du EBk, Euskal Herriaren eskubideak sendoago aitortu behar ditu. Javier Madrazoren EBk egin duen aukera Estatuaren eskema aldera hurbiltzen da eta gurekin koalizioan joateko beste bide batetik joan behar da.


Azkenik, legez kanpoko ezker abertzaleak ez badu parte hartzeko aukerarik, zilegia al da parte-hartzea?


EAEko azken hauteskundeetan Aukera guztiak hautagaitza aurkeztu zenean EHAK aurkeztu zen. Erantzunak balio du, ezta?

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude