argia.eus
INPRIMATU
Biziaren sorrera hiru dimentsiotan
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko urriaren 26a
Zebra arrainen enbrioiak
Zelulaz zelula, ikerlari talde batek ornodun baten enbrioiaren garapena filmatu du lehen aldiz. Zebra-arrain (danio rerio) enbrioia aukeratu dute, hain zuzen, horretarako. EMBLko (Europako Biologia Molekularreko Laborategia) Philipp Keller, Annette Schmidt, Jochen Wittbrodt eta Ernst Stelzer-ek arrautza ernaltzen den unea eta ondoren gertatzen den prozesua filmatu dute.

Kellerrek eta haren lankideek animaliaren lehen 24 orduak filmatzea lortu zuten DSML (Digital Scanned Laser Light Sheet Microscope) sisteman oinarrituz. Epe horretan enbrioia zelula bakarra izatetik 20.000 izatera igaro zen, eta bilakabide horretan animaliaren oinarrizko organoen formazioa ikus daiteke. Orain beste enbrioi batzuekin –sagua, igela eta oilaskoa– saiatu nahi dute, bakoitzaren formazioaren patroiak ezartzeko asmoz.

Orain arteko saiakerak mikroskopio fluoreszenteen bidez egin izan dira, baina sistema horrek kaltetu egiten ditu eratzen ari diren organoak; aldiz, aipatutako laser sistemak ez du arazorik eragiten organo sortu berrietan.