Bizi al zara Gabriel?

  • Haurrak lehenengo negarra egin du. Bilbo, urriak 14, 1933. Gabriel jarriko diote izena gurasoek eta, oraindik ez dakiten arren, poeta izango da. Gainera jaustekoa zaien Francoren diktadurapeko euskal poeta handiena beharbada. 75 urte joan dira lehen malko haietatik. Aresti 1975ean hil zen. Horregatik jarraitzen dugu bizi ote den galdezka.

Gabriel Aresti.
Gabriel Aresti.

Erreportaje honek ez du hil kanta izan nahi, ez garai zaharren nostalgia, ezta efemeride baten aitzakian betetako orri sorta ere. Biografia bat kontatzea baino, Arestik gaur egungo irakurle eta idazleengan daukan itzalaz jardutea egokiago iruditu zaigu. Literaturaren historia arotan eraikitzen bada, aro berri bakoitza etxe-aldaketa baten tankerakoa da; eta denok noizbait frogatuko genuenez, liburuak izaten dira edozein traste-garraioren biktima kutunenak. Ezinbestekoa ez dena, nahita edo nahi gabe, ahaztu egiten da. Beraz: ahaztu egin al dugu Aresti, aitaren etxe zaharrean? Alokairuan daukagun pisu berri honetara ekartzen asmatu al dugu?

Erantzunen bila Angel Zelaietarengana jo dugu. Berea da Gabriel Arestiren biografia, 2000. urtean Susa argitaletxeak kaleratua. Derioko Seminarioan ikasten ari zeneko garaietara eraman gaitu solasak: sinadura bat zen Gabriel Aresti, luma madarikatu bat, ikasle euskaltzaleen artean interesa pizten zuena. Zelaietak Juan San Martinen bidez ezagutu zuen izenaren atzean zegoen gizona. Uda batez izan zen, Eibarren. Aresti han ari zen lanean eta afaltzera joan ziren hirurak. Afalostean Lambretta batean eraman zuen poeta Zelaieta gazteak. “Oso pakete gaiztoa zen, nonbait bizikletan gutxi zekien”. Menderakaitza, baita motor gainean ere.

Gaurko betaurrekoak jantzita, Zelaietak Aitor eta Pedro Zuberogoitiaren Bertan Bilbo (Bilboko Udala, 2008) liburua zabaldu du. XX. mendeko historia ardatz duen lan horretan Bilbo eta euskara besarkatuta ageri zaizkigu; hiria eta hizkuntza estu elkartzen ari diren besoen artean, noski, Arestirenak. Bilbori euskaraz idatzi zion, kale kaletik, eta bidea urratu zuen atzetik etorri diren bilbotar euskaldunentzako. “Ez hori bakarrik. Arestik Bilbo euskalduntzen lagundu zuen, baina gehiago ere bai: euskaldun moduan eramaten dute bera ere edozein lekutara” dio Zelaietak. Iruñeko Biurdana institutuan aurten poetaren omenez ospatu duten eguna ere nabarmendu du. “Edozein tokitan, une honetan, Aresti ondo sartzen da”.

Baina jakina da bilbotarra ez zela mundu guztia ados jartzen zuen pertsona –ezta nahi ere–; horregatik, bizi izan balitz noren alde lerratuko zen galdetu diogu Zelaietari: frontean, borrokan egongo litzatekeela uste du, “ez ezkutaturik, ‘literatura literatura da’ edo ‘lanean denbora asko behar dut’ esanez”. Hierro egunkarian argitaratu zituen artikuluak gomutatuz, kultur gaietan bere iritzia ematen ariko zela uste du; eta politikan, orduko antzera, ez zela sigla batzuen pean mugituko. “Ez dut uste” dio Zelaietak “horrelakoa zen”.

Ereindako harriak fruitua ematen du

Urteak gorabehera, Angel Zelaieta Arestiren belaunaldi berekotzat jo dezakegu. Horregatik hurrengo sabelaldiko poeta batengana ere jo dugu Arestiz galdezka. Harri eta herri-ko poemek idazle lanetan aurreneko urratsak ematen ari zela harrapatu zuten Jose Luis Otamendi azpeitiarra. Formazio urteetan irakurritako liburua izanda “debozio bereziarekin” hartu zuen, Artzerenak, Azurmendirenak edo Miranderenak ere hartu zituen legez.

Urte batzuk joan dira hastapen haietatik. Mundua aldatu da, poesia kanbiatu, Otamendi bera ere bai; horregatik gaur egun Arestiren poemak irakurri eta zer sentsazio izan duen galdetu diogu. Ea poesia paper gaineko tinta bihurtu den, mailu bat izaten jarraitzen al duen. Bilbotarraren lanetara sarriago itzuli nahi lukeela azaldu du, Harri eta herri berriro esku artean hartuta “guztiz sinagarria” iruditu zaiola. Koldo Izagirrek liburuaren azken edizioari egindako hitzaurrera bideratu gaitu ondoren: han esaten denez, bizitzaren eta literaturaren arteko muga haustea lortu zuen bilbotarrak. Otamendiren ustez horretara iristen den idazle batek, beharbada eternitatea ez, baina luzaroan irauteko arriskua du. “Arestiren karga humanoak hurbilarazten zaitu; testuinguru historikoa aldatuko da, baina sakonean esaten dizuna oso erraz iristeko modukoa da”.

Arestik hurrengo belaunaldian lur gozoa aurkitu zuen bere harria ereiteko. Eta erlojuaren buelta batzuekin mugarria jaio zen. “Zordun garbiak gara” dio Otamendik “Arestik beste Euskal Herri baterako oinarriak jartzen ditu: idazle erdaldun bat, Bilbon jaioa, ari zaigu ez den, edo bere burua denik ere ez dakien herri batekin amets egiten”.

Post-Aresti

Poetak –sortzaileak oro– ez dira hiltzen inork gogoratzen dituen bitartean. Baudelaire edo Whitman biziago daude literaturzaleen memorian azken eztula egin ez duten hamaika poeta baino. Aresti, ikusi dugu, belaunaldikoen gogoan da, atzetik etorri zen generazioaren aitortza du. Jakitea falta zaiguna zera da: idazlearen heriotza fisikoaren ondotik jaiotakoek ba al dakite nor den? Zer garrantzia eman diote?

Etxeko apaletan begiratu azkarra botata arrapostua ukan dezakezu. Ariketa sinplea da: 1970 eta 1980ko hamarkadetan jaiotako euskal poeten liburuak hartu esku artean, hostokatu itzazu. Bost minutu baino lehen Arestiren erreferentziaren bat aurkitzen ez baduzu –edo horrelako ariketetarako gogo faltan bazabiltza– guk lagunduko dizugu.

Belaunaldi post-arestiarreko idazleek aldarrikapen berrietarako erabili dute hark sortutako sinbologia: etxebizitzaren arazoaz hitz egiteko erabili zuen adibidez Urtzi Urrutikoetxeak. Auzoak-en (Susa, 2005) gazte batzuk azaltzen dira pintadak egiten. Horietako batek honela dio: “Nire aitaren etxea defendatuko dut, ze nirea daukadanerako... Gabriel: lehen hobea zen etorkizuna”. Asmo diferenteko berrirakurketak ere egin dizkiote, batzuetan zeharka ukituz –Jainkoa harrapatzeko tranpa (Pamiela, 2007) liburuan Jon Gerediagak Zorrotzako portuko Anton eta Gilen aipatzen dituenean bezala–, besteetan motibo propio batean txertatuz –Aritz Gorrotxategik Zaldi hustuak (Erein, 2007) liburuko kapitulu bati Harrizko zaldi hau jarri dio–; arrazoia eman dio Ignazio Aiestaranek, Munstro abertzalea (Elkar, 2003) liburuko Harrijasotzaile-herrijasotzaile poeman; Kirmen Uribek Marcel Duchampekin xakean jokatzen jarri du Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) liburuan; eta bada hil zela ukatzen (edo) duenik ere: Gabriel Aresti bizirik da zioen Beñat Sarasolak Kaxa huts bat-en (Susa, 2007), bere gaur egungo jarrera politikoaz espekulatzearekin batera. Helduleku ugari, poeta bakarrarentzako.

Pentsatzekoa da jatorrizko testuingurutik urrundu ahala Arestiren poesiaren berrinterpretazio, transformazio eta –zergatik ez– prostituzio berriak sortzen joango direla. Lekuko izango gara. Erreportaje hasieran jaiotzen ikusi dugun haurra euskal letra modernoen aitona bihurtu da, bilobek egiten dizkioten bihurrikeriei irribarrez. Bizi ote den galdetzen genuen hasieran. Ez, Aresti ez da bizi. Guk bizi dugu.

Biografia braillez eta hainbat ekitaldi
Urteurrenarekin batera braillez irakurtzeko moduan jarri dute Arestiren biografia. ONCEko Inma Arrieta arduratu da horretaz. “Braillez irakurtzen duen jende gutxi dagoenez, saiatzen gara eurek behar duten guztia itzultzen” azaldu du. Euskaraz argitaratutako liburuen artetik braillera pasa den aurreneko biografia da hau, eta euskarazko liburu batean aurreneko aldiz, irakurtzeko zulo-hutsuneak orriaren bi aldeetatik egin dizkiote. Bolumen apur bat kendu diote horrela. “Ikusten duzu tintazko liburua nolakoa den?” galdetu digu eta Zelaietarena liburuxka iruditu zaigu alboko braillezko orri mordoarekin alderatuta “bada, biografia osoa horrelako lau liburuki dira”.

Biografia mundu guztiak irakurtzeko moduan jartzeaz gainera, Arestiren jaiotzaren 75. urteurren honetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte poetaren omenez. Urriaren 14an Bilboko Bidebarrieta liburutegian Erika Lagomak eta Uxue Alberdik bere bertsoak abestuko dituzte; Hedoi Etxartek eta Igor Estankonak berriz, poemak errezitatuko dituzte. Egun berean Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean Gabriel Arestiren poesiaz jardungo du Koldo Izagirrek eta Joseba Tapiak haren kantuak abestuko ditu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (II)
Zer diosku kilkerrak belarrira?

Uxue Alberdiren ibilbide literarioa aztertu genuen aurreko artikuluan. Helduen prosazko literaturaz aritu ginen orduan, eta gaurkoan, liburu hibridoez arituko gara, album ilustratuez, bertso ilustratuez eta komikiez. Sarritan, helduak aurreiritziei emanda bizi gara eta, material... [+]


Gure ardura

Emazteen eskubideen aldeko egunaren bezperan idazten ari naizenez zutabe hau, zenbait gogoeta heldu zaizkit burura. Aitzinamendurik izan dela ez da dudarik (azkenetarik izan daiteke Frantziako Gobernuak abortua konstituzioan sarrarazteko erabakia), baina kezkatzekoa ere badugu,... [+]


Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


Beldurra gogoko

Beldurrak airean
Aitor Arana
Ibaizabal, 2023

--------------------------------------------------

Zazpi ipuinek osatzen dute Aitor Aranak gazteentzako idatzi duen liburu hau. Ugaria eta ezaguna da Aranaren produkzioa; 125 liburutik gora idatzi ditu, horietako zenbait... [+]


2024-03-17 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


Eguneraketa berriak daude