Zergatik igotzen da petrolioaren prezioa?

  • Petrolioaren prezioa izugarri igo da azken urteetan, baina bereziki nabarmen azken urtean, eta horrek munduko ekonomian eragina du, euskal ekonomia barne. Zergatik igotzen da petrolioaren prezioa? Nork igoarazten du?
Urre beltza
1970. urtean Brent petrolio upela 10 dolarren azpitik zegoen. 1980an, upeleko 39,5 dolar ziren. 1991ko irailean, upeleko 40,15ean zen prezioa. 2000ko urriaren 12an 43,59an zen. 2007ko urtarrilaren 11n upeleko 51,7 dolarretara iritsi zen. Urtebete pasata, prezioak upeleko 103 dolarretaraino egin du jauzi. Logikoa al da bereziki 2007ko urtarrilean hasi eta gaur arteko igoera azkar eta progresiboa? Zergatik egiten du gora petrolioak? Nork edo zerk igoarazten du petrolioaren prezioa? Mundu osoan baina bereziki Txina, India eta gainerako herrialde emergenteetan hazten ari den eskaeragatik al da? Halako eskaeraren aurrean eskaintza eskasia dagoelako ote da? Ala, alderantziz, petrolioaren eskaria hazi arren, eskaintza ez da eskasa, baina finantza sektorean hainbatek petrolioaren prezioarekin espekulatzen du, beste hainbat lehengaiekin egin bezala?

Denetariko iritziak daude. Petrolioaren eskaera hazteak eragina badu ere, gordinarekin zerikusia duten adituen eta elkarteen iritzi kualifikatuek diote petrolioaren prezioak gora egitearen erantzukizunaren zati handi bat finantza espekulazioari egotzi behar zaiola. Bada zifra zehatza ematen duenik ere: petrolioaren prezioaren eboluzioaren erantzukizuna finantza espekulazioari dagokio % 80an.
Finantza espekulazioa

Orain dela bi hilabete Madrilen burututako petrolioaren Munduko Kongresuak garbi esan zuen petrolio horniduraren faltarik ez dela. Alegia, ez dago eskaintza eskasiarik eta, beraz, ez da horixe petrolioaren prezioaren hazkundearen arrazoia, mendebaldeko zenbait multinazionalek eta gobernuk esaten duten moduan. Hortaz, LPEEko (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) idazkari nagusi Abadia Salem El Bradik Madrilen zera esan zuen publikoki: “Asko eta asko aberasten ari dira petrolioa falta deneko mitoari esker”. Hain zuzen, hauxe gaineratu zuen: “Merkatuak berriro eskaera eta eskaintzaren arteko harremanaren arabera jokatuko balu, prezioek behera egingo lukete”.

Testuinguru honetan, nazioarteko ekonomian prestigioa duen George Soros aberats okituak publikoki zera aitortu du: “Espekulazioak gero eta eragin handia du petrolioaren prezioan eta honek burbuilen ohiko itxura parabolikoa du”. Ildo berean, Oppenheimer & Co-ko zuzendari gerente Fadel Gheit-ek dio eskaera eta eskaintzaren jokoak ezin duela azaldu prezioa, % 60 baino gehiago haztea, sei hilabete baino tarte laburragoan. Robert Mabro, Oxford Institute of Energy Studies-eko presidenteak eta zuzendari ohiak dio “etorkizunen merkatua”n jokatzen diren produktuen artean bat gehiago baino ez dela petrolioa.

Etorkizunen merkatua finantza tresnen merkatua da, “petrolioaren etorkizunen kontratua” izenekoa. Etorkizunen kontratuak, bi urtean 1,7tik 8 bilioi dolarretara iritsi dira. Energiaren prezioaren eboluzioari lotutako 630 funts daude. Zer egiten dute mota honetako funtsek? Espekulatu. Etorkizunen kontratu bat erosten edo saltzen dutenek ez dute (salbuespenak salbuespen) fisikoki benetako petrolio upel bat eman edo hartu nahi. Inbertitzaile horiek kontratu horiekin jokatzen dute erosi eta gero prezio altuagoan salduta etekina lortzeko itxaropena dutelako; edo, alderantziz, tartea egiteko asmoa dute prezio batean saldu eta geroago prezio baxuagoan erosiz. Beraz, ez dute petrolioaren prezioan interesik, une batetik bestera prezioek duten aldean baizik. Eta nork menderatzen ditu etorkizunen merkatu horiek? Betikoek. Bankak eta finantza erakundeek edo estaldura funtsek. Horiexek dira petrolioaren prezioarekin espekulatzen dutenak eta prezioak gora bultzatzen dituen esku “ikusezina”.

Horrenbestez, AEBetako Kongresuan herrialde horretako etorkizunen finantza merkatuen ikuskatzaileak berriki esandakoarekin bat gatoz: “Petrolio gordinaren negozioaren %70 espekulazioa da gaur egun”. Alderdi Demokratako ordezkariak, iritzi horren berri izan eta gero, hauxe esan zuen: “Honek galdearazten digu petrolioaren etorkizuneko prezioak ez ote diren azpian dagoen horniduratik eta eskariaren oinarritik bereizi, eta lehengaien merkatuak ez ote diren bihurtu herritar amerikarren kontura aberasten diren eskrupulurik gabeko espekulatzaileentzat kasino…”

NEA: eskaintza eta eskaria

Nazioarteko Energi Agentziak, NEAk, petrolio gordinaren merkatuak gutxienez 2013 arte tentsioak jasango dituela dio. Petrolioaren prezioaren igoeraren arrazoiei dagokienez, agentziaren ikerketa zuzendari Lawrence Eagles ez dator bat erantzukizuna finantza espekulazioari egozten diotenekin.

Zentzu horretan, Eaglesek esan zuen petrolioaren prezioaren igoera espekulazioaren ondorio dela adierazten duten “zeinu nabarmenik” ez dagoela, biltegiratze mailak (stock-ak) ez baitu islatzen espekulazioa helburu duen metatzerik. NEAren esanetan, prezio altuak, batez ere, eskaintza eta eskaeraren jokoaren eta horniduraren behin-behineko mozketaren ondorio dira.
Zer da petrolio upela?
Petrolio upela 159 litroren balioa duen neurri unitatea da eta munduko merkaturik sentikorrenean saldu eta erosteko erabiltzen da.
Zer lortzen da petrolio upel batetik?

%45 produktu ertainak: %38,2 gasolioa eta %6,5 kerosenoa.

%34 produktu astunak: %17,8 asfaltoa eta %16,2 fuela.

%21 produktu arinak: %18,5 nafta eta gasolina, eta % 2,7 GLP.

Petrolioaren prezioaren kotizazioa ezagutzeko orduan bi erreferentzia erabiltzen dira: Brent upela, Europarako, eta Texas upela Amerikarako. Hortaz, munduan petrolioaren prezioaren kontratazioak eta negoziazioak bi bide dituzte. Bata, Amerikako Estatu Batuetan, New York Mercantile Exchange-ren, NIMEXen bidez, non West Texas izenez ezagutzen den petrolioa kontratatzen den. Eta bestea, Londresen, Intercontinental Exchange-ren, ICEren bidez, non Europarako Brent izena duen petrolioa negoziatu eta kontratatzen baita. Beraz, Brent erreferentziazko petrolioa da Europan, eta Texas, Amerikan.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude