Andoni Perez Cuadrado

«ETAko lehen taldea neuk sortu nuen, ezjakinean»

  • Katebegia da Andoni Perez Cuadrado. Gerra osteko giro makurrean zaildu zen, polizia buru zitalak txakurra baino lotsagabeago jaun eta jabe zebiltzanean Gasteizko kalean. Zaparradari eutsi zion orduan, eta erauntsiari eusten irauten du gaur egun, bizkarrean laurogeitaka urte dituenean…
Miel Anjel Elustondo
2008ko irailaren 21a
Andoni Perez Cuadrado
Dani Blanco

Lehenago ere hitz eginda nago zurekin, Gasteizen gerra ostean izan zen giroaz. Dena dela, oraindik orain jakin ditudanak izu-ikaratan utzi naute: Meliton Manzanasek torturatutakoa zaitugu…


Bai, 1961ean, atxilotu ninduten azkeneko aldian. Tinpanoa hautsi zidan, halako zartakoa eman zidan! Besteak beste, harri punta zorrotzen gainean belauniko jarrarazi ninduen; gero, ostikoka eraso zidaten, mina areagotzeko. Poliziak bere onetik irteten ziren, patxada galtzen ez nuelako. Eutsi egiten nien, eta nire ama eta andrea zergatik iraintzen zituzten galdetzen nien. Horrexek egiten zidan minik handiena, nik maite nituenen izenak haiek horrela erabiltzea. Gainerakoan, jakinekoak dira haren metodoak: deskarga elektrikoak, zigarroarekin egindako erredurak, atxilotuen loa galaraztea, biluzgorritzea, sexu harremanak izatera bultzatzea, kandelak erabiliz behatz mamiak erretzea, eskuetan egur zotzak sartu eta su ematea… Andrezkoak, berriz, “puta” gora eta “puta” behera erabiltzen zituen.

1968an ETAk hil egin zuen Meliton Manzanas.


Bai, baina nik ez nuen ospatu, askok egin zuen bezala. Ez diot heriotza inori opa, baina Meliton Manzanas ez zen benetako gizakia. Odolzale ankerra zen.

Zeure larruan bizi izan zenuen hura. Zer ari zara, hortaz, polizia ergela dela esanez? Behin baino gehiagotan entzun dizut horixe esaten.


Ergela da-eta polizia. Eztabaida handiak izan ditut lagunekin. “Polizia? Ergel galantak!” esaten diet nik. Hogei urtean hamalau aldiz atxilotu ninduten. Bada, behin bakarrik prozesatu ninduten, 1951n, grebaren kontuagatik. Poliziak hartu eta eramaten ninduenean, nire buruarekin hasten nintzen: “Halakorengatik izango duk!”. Hasten ziren itaunketan eta: “Orain ere ez ditek asmatu!”. Gainerakoan, Meliton Manzanasen eskuetan erori nintzenean ibili ziren hurrena, atxilotu zutenetako batek nire izena aitatu zuelako, ez besterik.


Hamaika aldiz atxilotu zintuzten...


Bai, eta egundo ez zidaten ezer leporatu. Zer edo zer harrapatu izan banindute, puska baterako baneukan! Behin, lan egiten nuen banketxeko zuzendariari esan ere egin zion Manuel Cabezas poliziak: “Hobe duzu honi ordezko bat bilatzen hasi! Hamar urtean ez zaizu itzuliko!”. Horiexek izan ziren poliziaren hitzak. Nik ez nuen denbora askorik behar izan erantzuteko: “Hori epaileak esan beharko du, ala?”. Ostegun batez izan zen. Bada, hurrengo astelehenean kalean nenbilen, familiarekin paseoan. Halako batean, Cabezas hura bestaldeko espaloian guri begira zegoela konturatu ginen. Etorri ere egin zitzaigun: “Zer zabiltza zu kalean?”. “Ni? Non da kalean familiarekin paseoan ibil nadin galarazten duen legea? Epaileak libre utzi nau!”. Poliziara eramaten nindutenean zera bat agintzen nion beti nire buruari, ez zidatela izenik aterako. Nik ez nuen txintik esaten. Ezer esan nuen aldian, berriz, hebain-hebain egin ninduten. 1961eko atxiloketan izan zen. Itaunketak psikologikoak ohi ziren, edo inor gutxiestekoak.


Itaunketak psikologikoak, orduan izango ziren. Bestelako kontuak entzuten ditugu behin eta berriz. Eta polizia ergela, gaur egun?


Gaur egun… ez dakit. Oraingoak ez ditut ezagutzen. Gaur egun, orduan ez bezalako bitartekoak dituzte. Orduan, gainera, oso harroputz jokatzen zuten. Diktadura gorrienean, ez zuten uste inor mugitzeko gauza izango zenik. Garai hura aztertua duen zenbait historialarik ere horixe bera dio, alegia, lau oilo ginela, ez ginela nor, ez genuela baliabiderik… Eta egia da, ez genuen baliabiderik, ez diru ez ibilgailurik, baina poliziaren harropuzkeria hark berak gure alde jokatzen zuen, jokoz kanpo harrapatzen genituen beti edo gehienetan. 61eko aldi hartan, atxilotu eta autoz eraman ninduten Donostiara. Ordu bat eta bost minutu behar izan zituzten! Ziztuan joan ginen, gau hartan bertan hasi nahi zutelako itaunketa egiten. Harrapatu zizkiguten paperak pila batean zeuzkaten. Liburuak, paperak… Denetatik zegoen han. Polizia burua paper haiek gainbegiratzen hasi eta, tartean, Falangearenak zeuden. “Zer arraio ekarri digute, ordea!”. Halako abade baten homilia, Jose Antonio Agirreren heriotza oroigarria… Horrelakoak! Horregatik diot, bada, ergelak zirela!

Madrilen izana zara berrikitan, 18/98 auzia tarteko.


Defentsaren lekuko gisa joan naiz, bai. Epaileek, lehengo lepotik burua. Ez ditut ezagutzen, baina iruditzen zait bat baino gehiago Frankismotik bizirik irtendakoa izango dela. Diktaduraren legeen arabera jardundako epaileek orain demokraziaren arabera ari direla sinetsi beharra ere… 1951ko greba gogorarazten dit egoera horrek.


Lehen ere aipatu duzu. Zertan izan zen 1951ko greba?


1946an greba handi xamarra egin zen Euskal Herrian, Katalunian eta bestetan, baina 1951koa greba orokorra izan zen eta, batez ere, egoera Araban bihurritu zen. Gipuzkoan irten ziren greban lehenengo, eta Arabako gobernadore Luis Martin Ballesterosek –zorigaiztokoak–, ez zuen prentsan agertu baino ideia hobea izan. Arabak ez omen zion probokazioari kasurik egingo, ez zuela grebarik egingo, Arabak bat egiten omen zuen “erregimenarekin”… Gure herriari ez zitzaion hura gustatu. “Ez dugula grebarik egingo? Ikusiko dik horrek!”. Eta fabrikarik handienetan –Ajuria, Aranzabal eta horietan–, emakumeak lantegi atarira joan zitzaizkien gizonei, lanari utzi ziezaioten. Arto eta gari aleak bota zituzten zenbait fabrika ataritan, lanean ari zirenak oilo hutsak zirela adieraziz. EAJ eta ELA ibili ziren, batez ere, greba haren atzean. Ondorioz, EAJren kupula osoa atxilotu zuten, eta mandatariok: Manuel Andoin eta biok; gazteak, alegia. Huraxe izan zen nire “ibilaldiaren” hasiera… Ikusi egin behar zen gobernadorearen haserrea! Polizia bat izan zen bere lana utzi zuena, kideek erabili zituzten metodoak ikusita. Prozesatu gintuztenean, hilabete eduki gintuzten, bakartuta, ilea hondo-hondotik moztuta. Azkeneko egunean, ate hotsa, burrunba, eta gure izenak esaten zituztela. Uste genuen paseoan atera behar gintuztela, gerra ostean fusilatu zituzten haiek bezala… Epaileak erabat errugabe ginela adierazi zuen. Hiru kargu egotzi zizkiguten: legez kanpoko propaganda, legez kanpoko elkartea, eta errebelatze militarra. Libre irten ginen. Gasteizen polizia konforme ez eta Burgosa jo zuen, baina han ere ez zieten kasurik egin. Epaileak, berriz, Corniero deiturakoa, Briviescakoa (Espainia), falangista, gerra elbarria… ados ez hemengo poliziak eta jendailak zerabiltzan metodoekin eta utzi egin zuen judikatura.


Zure “ibilaldiaren” hasieraz jardun duzu. 1951n atxilotu al zintuzten estreinakoz?


Ez, lehenago, 1948an, soldadutzan nengoela, Aberri Egunean Karmengo elizara joan ginen, mezatara. Handik irten eta Floridako txurro-dendara joan ginen, gosaltzera. Ordurako, Apodacak elizan ikusiak gintuen. Leku guztietan zegoen Apodaca hura. Pello Romarategi eta Jabier Olano, meza esaten. Atzera kuartelera joan nintzenean, agintarien deia, bi polizia etorri zitzaizkidala, atxilotzera. Militarrak esan zidan: “Soldadu zara, nire agindupean zaude. Zoaz, baina hemen nahi zaitut ordu laurden barru! Eta, argi!, ez zaitzatela ukitu!”. Poliziek eraman ninduten, eta hantxe nire kide guztiak! Barrez hasi nintzen haiek denak han ikusita. Deklarazioa hartu zidaten eta atzera kuartelera. Polizia nire atzetik zer zebilen galdetu zidanean, mezatara joan nintzela-eta, erantzun nion. “Hori duk ergelkeria! Mezatara joateagatik hainbeste istilu!”.

Handik urte batzuetara, ETA.


ETAko lehen taldea neuk sortu nuen, ezjakinean. Nirekin harremanetan sartu ziren. Madariaga, Benito del Valle, Agirre… Hamabosten bat lagun izango ziren, bilerak egiten zituzten gure etxean, urtea pasa, astero! Bosgarrenean bizi ginen, igogailurik gabe. Poliziak inoiz ere ez zidan haren gainean galderarik egin. Horregatik diot, bada, ergelak zirela… Gauza asko egokitu zait nire bizian. Hara, aita-amaginarrebak eskuin muturrekoak nituen. Esan ere egiten zuen aitaginarrebak: “Hau ere baduk! Alaba bakarra izan diagu eta nazionalista batekin ezkondu behar!”. Eskuin muturreko giroan hezi zuten nire emaztea izango zena, baina, gero, berak aurreratu ninduen ezkerretik! Beti lagundu ninduen eta, estuasunean, esan izan zuen: “Baina, orain ere zuk egin behar al duzu hori?... Tira, horrela beharko du, hori ere baten batek egin beharko du eta!”.


Gutxik bezala ezagutzen duzu garai hartako gerra osteko Gasteizko giroa. Askotariko agiri eta dokumentuak bildu dituzu.


Aita Morenoren egunerokoa daukat, adibidez. Banco Vizcaya-n lan egin nuenean, Julian Moreno zen zuzendaria, josulagunaren anaia, nazionalistak biak. Adiskide handiak gintuzten. Gure aita banketxeko langilea zen, eta konfiantza handia ziguten. Zorigaitzez, Julian Moreno gazterik hil zen. Bada, gerra osteko giro hits hartatik urteetara, behin, zuzendaritzara joateko deia egin ziguten aitari eta bioi: han ziren zuzendaria, zuzendariordea, eta aita Moreno. Oso agur beroa egin zigun, eta galdera egin ere bai. “Zer, Apodacaren berririk ba al da?”. Eta zuzendariordeak orduan: “Baina, gizon hori, esaten den beste al da?”. Han hasi zen aita Moreno, hizketan, eta zuzendaria –epel xamarra zen, izan ere–, jarri egin behar izan zen, josulagunak esaten zituenak entzun ahala, hau da, aita Morenok berak bertatik bertara ezagutu zituen kasuetako batzuk entzunda...


Zer dago aita Morenoren egunerokoan?


Bada, horixe, nola lagundu izan zien fusilatuei heriotzara zeramatzatenean… Esate baterako, kontatzen du nola bi lagun harrapatu zituzten, eta zuzenean fusilatzera eraman zituzten. Bata, zeharo histeriko jarri omen zen, orroka, sakelan begiratzeko hari, begiratzeko sakelan hari… Soltxaga jeneralaren eskutitza zeraman, kaixo eta agurka, eta paper hari esker libratu zen. Horrela egiten zituzten gauzak. Gogoratzen naiz beste baten kasua, Gorrotxategi batena, Argantzunen fusilatu zutena. Kontratista zen, Sevillan. Aita Moreno harengana eraman zutenean eskuak lotuta eta guztiz zarpailduta zegoen Gorrotxategi hura. Lehenengo, askatzeko agindu zien aita Morenok zaindariei. “Zer egin behar didate, ordea?”. “Hauek, edozer gauza, okerrena! Eman dezagun teila erori zaizula buru gainera eta ordu gutxi geratzen zaizkizula”. Fusilatzera zeramatela, Gorrotxategik aita Morenori: “Badakit euskaldunek atxikimendu berezia diotela txapelari. Nik, txapela jantzita hil nahiko nuke”. Eta aita Morenok hari txapela eman eta halaxe hil omen zen Gorrotxategi. Gero, Zadorra ibaira botako zuten, egin ohi zutenez. Askotan, binaka eramaten zituzten fusilatzera. Bata tirokatzen zuten, eta bestea harekin batera botatzen zuten ibaira. Lehenaren pisuak hondora eramaten zuen bigarrena ere… Horrela egin ohi zuten Ebroko Conchas de Haron, adibidez. Han ez zen Apodacarik izan, baina Lukun bai… Lukun zazpi-zortziren bat gorpu egon behar dira oraindik! Aita Morenok baso bazterrera bidea ere deskribatzen du. Kontatzen du nola, lehenengo, nori bere zuloa eginarazi zioten, eta hiltzera zihoazen momentuan, esan zuela Apodacak: “Ho-ho-hori utzi niri!”. Totela baitzen! Jarriko zion pistola lokian eta esango zion: “Ha-ha-hasi hadi ‘Jesu Kristo e-e-ene Jauna’ e-e-e-rrezatzen, bahoake-eta beste aldera!”. Eta lurperatu zituztenean, esan omen zuen Apodacak: “Ez dakit ha-ha-hau guztia oso kris-s-s-taua den, baina beharrezkoa da”. Horiexek izan omen ziren haren hitzak.


Aita Anituak ere antzeko lekukotasunak utzi zituen idatzirik Azazetan fusilatuta hil zituztenei buruz.


Izan ere, aita Anitua arduratu zen Gasteizen fusilatu zituzten lehen hiru lagunez: Mendizabal, Estabillo eta beste bat, abertzaleak hirurak, mendigoizaleak. Gorbeian harrapatu zituzten. Gasteiza ekarri, espioiak omen ziren… Lauaxeta, Lurgorri, Markiegi, Galarza, Luis Alava… Oilo-ipurdia egiten zait, haien sosegua, hil hurren egonagatik! Eta ondoan eduki zituzten apaizen lana? Eliza bera ere ez zen horretaz kezkatu. Kontu horiek ez dira kontatu, eta kontatu beharrekoak dira.

Laburtzen zaila, zuk bizi-ikusitakoak…


Ez ezazu uste. Azken finean, bi ardatz baino ez ditut izan nire bizian: eliza eta aberria, eta bi horien inguruan mugitu diren hariak. Aberriaren gainean askok galdetzen didate. Elizari buruz, aldiz, interesik ez dagoela ematen du. Nork bere norberekeriak ditu, eta kito!
Nortasun agiria
Andoni Perez Cuadrado (Gasteiz, 1926). Banco Vizcaya-n, Lan Kide Aurrezkian eta Orona enpresan lan egina.

Eliza, politika eta gizartea, hiru hitzok definitzen dute Andoniren jarduna. Politika… Gerra ostean abertzaletasunak Araban izan zuen historiaren lekuko bizia da. Eliza… Arabako Gazteria Katolikoaren lehendakariorde izan zen. Konpromisoaren sinonimo ditu eliza eta ebanjelioa: “Ahularen aldeko borroka, horixe, nahiz eta eskuina saiatu den ebanjelioa Alizia herrialde miresgarrian izan dadin”. Gizartea… Hainbat elkarte eta institututako kide da, noiz hirugarren adinekoak, noiz buru osasunekoak.

Gudarien ondoko belaunaldikoa dela dio, haiengandik edan duela. Haiek utzitako ilintia gori iraunarazten lan egin zuen. 1956tik 1961era, EAJk Araban izan zuen militante bakarrenetakoa izan zen, buru denak atxiloturik. “Laudioko Errazti eta besteren bat, Araban alderdiak ez zuen beste militanterik. EGI, ETA zein ELAkoa izan, bost urte haietan denek niregana jotzen zuten”. EAko militante da haustura gertatu zenetik, Euskaria Fundazioko kide, Andoniren memoriak idazten hasita daude bertan, herri honen historiaren atal bizia betiko gal ez dadin.
Meliton Manzanas
“Jakin nuenez, behin, Irungo polizia-etxean lapurreta egin zuen bertako poliziaren batek. Egin zuten batzarra eta lapurra bota egin behar zutela zioten batzuek. Melitonek: ‘Tira, bota ez. Ezkondurik dago… Zigortu bai, ikas dezan’. Itaunketa gelara sartu eta sekulako lixiba eman zioten. Hiru hilabete egin omen zituen ospitalean, bateko hautsia eta besteko isuria, hilzorian. Egun batean bisitan joan omen zitzaion Meliton. ‘Hori egin dian aluak ere!...’. Eta ohean zetzanak: ‘Hurrena, itaundu behar banauk, erantzi ezak hire eraztun hori, nik ez ezagutzeko!’. Hori zen Meliton Manzanas”.
AZKEN HITZA
Lo trongo
“1961ean, azkeneko atxiloketaren ostean, Juan Ajuriagerrak esan zidan erreta nengoela. ‘Ezertan hasi orduko, egurtu egiten haute. Hemendik atzera, utzi Arabako Buru Batzarraren kontuak, eta Eusko Jaurlaritzak Araban izango duen ordezkaria izango zara’. Nik ez nuen horrelakorik eskatu, ezta asmorik ere. Lehengo bideari segitu nion, ordu arte egiten nuena eginez. Saltsa guztietan sartuta, batetik eta bestetik jipoituta, baina zoriontsu. Lo trongo egiten dut”.
Bruno Ruiz de Apodaca
“Bruno Ruiz de Apodaca… Gaiztoa zen hura! Kideek ere ez zuten begien bistan ikusi nahi. Baina berak agintzen zuen! Zapataria izana zen, ez zuen polizia izateko aparteko jakituriarik. Horretan, nik beti esan izan dut, eta idatzi ere egin dut, koldarrak direla zitalenak. Horietakoak dira salatariak, begiluzeak, txibatoak. Jende izua, azkenean, munstro bihurtu ohi da. Estuasunean, beren burua besterik ez dute ikusten”.
Ramon Narbaiza-eta
“Nik ez dakit behin ere behar bezala aintzat hartuko den apaiz askok egin zuten lana. Asko lagundu ziguten, baita ezkutuko propaganda batera edo bestera helarazten ere. Adibidez, niri, Ramon Narbaizak esan izan zidan: ‘Andoni, benetan estuasunen batean zarenean, eman nire izena!’. Eta, haren izena poliziari emanez gero, esaten zuten: “Alu hori ere hemen edukiko dut, zure ondoan, itaunketan!”. Baina 50eko hamarkadan ez ziren kleroaren kontra jotzen ausartzen, ez zen 1936an bezala. Ez gogorik ez zutelako, horratik!”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Giza Eskubideen Batzordera eraman nahi dute eskola-segregazioaren gaia

Eskola-segregazioa hezkuntzatik harago gizarte osoa inplikatzen duen gaia dela eta giza-eskubideak urratzen direla sinetsita, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia eskatuko du Steilas sindikatuak.


2018-10-15 | ARGIA
Bederatzi hilabeteren buruan, erretretadunek mobilizatzen segitzen dute astelehenero

Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan milaka pentsiodun mobilizatu dira beste astelehen bat gehiagoz bizi baldintza eta pentsio duinak aldarrikatzen. Gaurko mobilizazioekin bederatzi hilabete osatu dituzte, astelehenik huts egin barik.


2018-10-15 | Errigora | ARGIA
Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara

"Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren bidez, Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Errigoraren sorreratik bost urte igarota, atzera begiratu nahi izan du diru horrek zertarako balio izan duen ikusteko. Bideo honetan jasotzen da ibilbidea:


2018-10-15 | Iigo Igartua
Bestelako Bilbo aldarrikatu dute Hamaika Botxo egunean

Bilboko herri mugimenduek indar erakustaldia egin du asteburuan udaletxe parean, udalaren hiri hegemonikoaren ereduari aurre egiteko. Argazki galeria osatu dugu honako albistean.


2018-10-15 | Gorka Peagarikano
Altsasuko liskarretik bi urte igaro dira

Jada 700 egun daramatzate preso Adur, Jokin eta Oihanek, eta preso dauden zazpiei omenaldia egin zaie asteburuan.


2018-10-15 | Zero Zabor
Eskandalua Paris-Ivryko erraustegian: baimena eman duen ministrordea erraustegien patronalekoa da

La France Insoumise mugimendukoa Mathilde Panot diputatuak salatu du: Paris metropoliaren XIII. eremuan Ivryn dagoen erraustegia –Europako handiena– zaharberritzeko baimena eman duen ministroa Veolia errausketa eta hondakinen kudeaketako konpainia erraldoiaren zuzendaritzan egon da Emmanuel Macronek Trantsisio Ekologikoko estatu idazkari izendatu artean.


2018-10-15 | ARGIA
Errefuxiatuen aldeko kanpaldiarekin jarraitzea erabaki dute Bilbon, Udaltzaingoak igandean hustu arren

Astelehen goizean egindako prentsaurrekoan jakinarazi dute kanpaldiarekin jarraituko dutela asteazkena arte, nahiz eta igande gauean Bilboko Udaltzaingoak hau hustu. "Kanpingak berriro ere kentzen badizkigute, herritarrei eskatuko dizkiegu". Igande gauez hustu zuen gunea Bilboko Udaltzaingoak, 22:00 aldera. OEEk (Ongi Etorri Errefuxiatuak) jakinarazi duenez, Hiritarren Segurtasun zinegotzi Tomas del Hierroren aginduz esku-hartu dute agenteek, nahiz eta deialdia legezkoa izan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude