ARGIA.eus

2022ko maiatzaren 24a
Eusko Ikaskuntzaren sorrera

Ikertzaileen ernamuinera bidaia

  • Eusko Ikaskuntzaren sorrerak badu ekimenetik asko eta akordiotik gehiago. 1918ko Kongresuak euskal ikasketen etxe izango zenaren zutoina jarri zuen eta lehen aldiz erakunde ofizial batek komunitate zientifikoa batu zuen.
Eusko Ikaskuntzaren sorrera
2008ko irailaren 07a
Eusko Ikaskuntza euskal komunitate akademikoaren erreferentzia nagusietakoa izan da 90 urtetan. Gaur egun hamaika sail eta fundazio ditu bere baitan eta kontaezinak dira arlo zientifikoan aurrera eraman izan dituen egitasmoak. Nola, nondik eta zergatik sortu zen erakundea? Urte askoan beratutako kongresu anitz batetik jaio zen, 1918an; XIX. mendeko euskaltzaletasunean zimendaturiko etxea baita Eusko Ikaskuntza.

1869an Gasteizen Unibertsitate Librea sortu zuten. Aurrekari zuzena, alegia. Sasoi hartan, Arabako hiriburua euskaltasun kultural eta akademikoaren isla bihurtu zen, batik bat errepublikano eta liberalen ekimenez. Mateo Benigno Moraza izan zen Unibertsitatearen lehen errektore eta Apraiz sendia ere tartean zen jadanik. Bestetik, Bilbon Unibertsitate katolikoa sortu nahian zebiltzan bitartean, beste katoliko batzuk –karlistak bereziki– borroka armatua prestatzen ari ziren. Bigarren Gerra Karlistaren amaieran Foruak desegin zirenean (1876), hizkuntza eta kulturgintzaren pizkundea etorri zen “euskal” izaerako egitasmoekin: Iruñean Sociedad Euskara gorpuztu zen, Anton Abaddiak antolatutako Lore Jokoak Iparraldetik Hegoaldera igaro ziren –Elizondoko guduan Felipe Arrese Beitiak ederki laburbildu zuen mezu berria Ama euskeriari azken agurrak bertso sorta irabazlean– eta Bilbon Euskalerria elkarte politikoaren sorrerari heldu zitzaion.

Hala ere, bilkura akademiko zientifikoen aldi berria 1900ean hasi zen, Pariseko Unibertsitatean egindako Congrès d’Études Basques-rekin. Hain zuzen, bertan izan zen Telesforo Aranzadi naturalista, orduko euskal ikerlari handienetakoa. Beraz, XX. mendearekin euskaltzaletasunaren aldeko elkarteak eta ikerketak sustatzeko egitasmoak sortu ziren han eta hemen –Espainiako Gobernu liberalak Oñatiko Unibertsitatea itxi zuen arren–. Esaterako, hizkuntzalariak Hendaian bildu ziren euskararen egoeraz hitz egiteko, bilkura ezagun bezain eztabaidatsua hura. 1908an berriz, Euskal Esnalea elkartea sortu zen eta Julio Urquijok Revista Internacional de Estudios Vascos ernaldu zuen. Horrez gain, 1911n Baiona-Biarritzen Euskal Biltzar garrantzitsua burutu zen. Baina gaurko hitzak erabiliz, Euskal Herriko aldundien zerbitzuko lehen think tank-a (ideien biltegia) 1918ko Oñatiko Kongresuan sortu zen, euskal gizartearen premiak ikerketa zientifikoekin aztertzeko Eusko Ikaskuntza, alegia.

Ereduen eta adostasunaren bila

Anjel Apraiz gasteiztarrak Salamancan katedra lortu ondoren, ibilaldia egin zuen 1914an Europa eta Ameriketan barrena. Bidaia horrekin unibertsitate erakundeen eraketa aztertu nahi zuen eta hainbat eredu ikusi zituen bertatik bertara. Horren ostean, Euskal Herrirako erakunde berritzailea eraikitzeko asmoari ekin zion. Bilbon, goi mailako eskola teknikoak eta merkataritzarako ekimen publikoko eskola bereziak indarrean zeuden jadanik; Deustuko Unibertsitate Kolegioan ere ekimen berritzaileak asmatzen ari ziren katolikoen eskutik. Baina beste unibertsitate baten beharra zegoen euskal ikasketak aurrera eramateko. 1918ko urtarrilaren 5ean, Apraizek euskal unibertsitatearen aldeko hitzaldia eman zuen Bilbon, eta lehen urrats gisa, Eusko Ikaskuntzen Kongresua burutzea proposatu zuen. Bizkaiko Aldundiko presidente Ramon de la Sotak egin zion sarrera aurkezpena. Berehala, Gipuzkoako Aldundiko presidenteak, Ladislao Zavalak, bat egin zuen ideiarekin eta Eusko Ikaskuntzen Kongresua Oñatin antolatzea proposatu zuen, lau aldundien artean.

Sasoi horretan, Mancomunitat delakoak Institut d’Estudis Catalans sortu zuen Katalunian, eta zenbaitzuk eredutzat hartu zuten elkarte hura, besteak beste, Ramon de la Sotak –Bizkaiko Diputazioko lehen presidente jeltzalea–. Enpresari bizkaitarrak katalanismoaren ildoari eutsi zion eta horregatik Francesc Cambó ministro katalanaren laguntza izan zuen hauteskunde aurreko ekitaldietan. Baina garai horretan katalanismo politikoak mesfidantzak eragiten zituen katolikoen artean eta ez zen erraza proiektu horren inguruan indarrak batzea. Hala ere, hiru aldundik –Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak– bat egin zuten eta gutxieneko egitasmo politikoa adostu zuten Gasteizen: Foruen berreskurapenaren alde lan egitea eta besterik ezean, autonomia estatutua lortzea. Bilera Iruñean egitekoa zen baina Nafarroako Diputazioak ez zuen aldeko jarrerarik azaldu eta Gasteizko bilkuran begirale gisa baino ez zen izan. Gipuzkoako presidente Ladislao Zavala, katolikoa zen, integrista joerakoa, eta Arabakoa, Domingo Aldama, Urquijo jauntxoaren harikoa, kontserbadorea beraz. Horra bada, hiru presidente eta hiru joera politiko desberdin.

Nafarroan, ekimen politiko komunaren aldekoak –karlistak eta katolikoak– gutxiengoan zeuden eta manifestuarekin bat egin ez arren, ekimen zientifiko kulturalera behintzat, bai bildu ziren.

1918: Eusko Ikaskuntzen Kongresua Oñatin

1918ko lehen hiletan autonomiaren aldeko ekimena moteldu zen bitartean, zientziaren aldekoak indarra hartu zuen. Aldundietako lau presidenteak Kongresua antolatzeko Patronatua sortu zuten eta Iruñea, Baiona nahiz Gasteizko apezpikuei ere erakunde berera biltzeko gonbitea luzatu zieten. Batzorde antolatzaileko buru Julian Elorza zen eta idazkaria Gregorio Mujika –Serapio Mujika kronistaren semea–. Bizkaiko Aldundikoak Kongresuaren edukietaz arduratu ziren, Gipuzkoakoak idazkaritza eta zabalkundeaz –batez ere Oñatin egingo ziren erakusketa artistiko, kultur ekitaldi eta ospakizunetaz– eta Arabakoek Kongresuko barne arautegia burutzeko ardura hartu zuten.

Baina zein ziren horrelako Kongresu baten helburuak? Arautegiaren lehen artikuluan aurkitzen da erantzuna. Alde batetik, euskal kultura zabaltzea, Euskal Herriko arazoak aztertzea eta soluziobideak proposatzea arazo horien aurrean; eta bestetik, erakunde iraunkorra sortzea helburu horiek lortzeko. Zazpi sail nagusitan banatu ziren arakatu beharreko gaiak, ikastaro eta hitzaldien bidez: Euskal Herriko zientzia politiko eta sozialak, arraza –antropologiaren zentzuan–, hizkuntza, historia, artea, irakaskuntza eta eusko ikaskuntzak. Sail bakoitzean mahai-inguruak antolatu ziren eta ondorioak onartzeko unean, bozketa ere aurreikusi zuten.

Laburbilduz, Kongresuaren asmoak handiak eta berritzaileak ziren eta garaiko Euskal Herriko komunitate zientifikoa antolatzea zuen helburu nagusitzat. Zertarako? Euskal unibertsitatea aldarrikatzeko eta aldi berean Euskal Herrian goi mailako ikerlarien talde sendoa zegoela adierazteko. Kongresuak eskari zehatzak egin zituen, besteak beste, unibertsitatearen sorrera.

Euskal unibertsitatearen aldarrikapena

Gregorio Mujikak idatzi zuen kronika zehatza. Euskalerriaren alde aldizkariaren zuzendaria zen bera, batzorde antolatzaileko idazkaria eta euskaltzalea. Kongresuaren berri aldizkarian emateaz gain, haren ekarpenak 1.000 orriko liburu mardulean bildu zituen.

Oñatiko herriak ez zuen azpiegitura berezirik baina Unibertsitate historikoaren egoitza zen. Brinkola eta Bergarako tren geltokietatik autobusak antolatu zituzten eta Garayren pospolo lantegia Kongresuko egoitza nagusia bihurtu zuten. Ondoan jantokia jarri zuten eta musika taldeak ere ekarri zituzten otorduak girotzeko. Bai ikuspuntu sozialetik eta bai zientifikotik, arrakastatsua izan zen oso biltzar hura. Guztira 900 kongresista baino gehiago elkartu ziren. Eta etorkizunera begira ondorio jakingarriak lortu ziren Mujikaren hitzetan: “Oñatiko batzarretan egin zan lanik ederrena, izkutuan dagola, ez dala liburuan agiri. Euskaldunen arteko maitetasuna bizkortzea izan zan lan ori. An egin zan guzia, an esan zan guzia, naitasun-indarrez jaio zan”.

Irailaren 1ean, igandez, jendea eta agintariak biltzen hasi ziren Oñatin: Victor Pierre Dubarat Paueko Zientzia eta Letretako elkarteko burua, Daranatz Euskalduna astekariko zuzendaria, Lacombe RIEV aldizkarikoa, Etienne Decrept Maitena pastoralaren autorea, apezpikuak, diputatuak... Oñatiko Udaletxean hartu zituzten horiek guztiak. Eta azkenik, arratsaldeko 5etan, Alfonso XIII. erregea azaldu zen. Hasierako hitzaldia euskaraz egin zuen Oñatiko alkateak. Ondoren hitz egin zuten Gipuzkoako Aldundiko presidenteak, Valdespinako markesak –errege karlistaren aldekoa–, Gasteizko gotzainak eta azkenik erregeak. Alfonso XIII.ak adierazi zuen bera izango zela Eusko Ikaskuntzako lehen bazkidea. Beraz, euskal kultura ez zen euskaltzaleen arazoa soilik, eta erakunde berriak nolabaiteko ofizialtasuna lortu zuen. Horrela hasi zen Kongresua. Jaiak, dantzariak, kantariak eta antzerkiak hitzaldien artean tartekatu ziren egunez egun, eta azken egunean, hiru aldundietako diputatuek –nafarrak ez baitziren azaldu– aurreskua dantzatu zuten.

Era guztietako partaideak izan ziren, baina errepublikano girokorik gutxi. Katolikotasuna euskal nortasunaren oinarritzat hartzen bide zen, nahiz eta guztiak horrela ez pentsatu. Dena dela, garaiko prentsan oihartzun handia izan zuen Kongresuak eta aurrerantzean euskal unibertsitatearen premia eztabaida publikoan sartu zen. Jakina, eredu eta asmo desberdinez.
Euskaltzaindia
Hizkuntzalarien artean mesfidantza ugari zegoen, baina azkenik, Gregorio Mujikaren iritziz, Oñatiko Kongresuan urrats garrantzitsuak eman ziren hizkuntzaren arloan, besteak beste ortografia batzeko eta euskal akademia sortzeko. Lehen euskaltzainak ere aukeratu ziren eta urtebeteren buruan, 1919ko urrian, Euskaltzaindia jaio zen.

Azkenak
2022-05-24 | ARGIA
Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote Miren Larrioni, koalizioko kide baten identitatea ordezteagatik

Hiru urteko espetxe zigorra eta 2.835 euroko isuna ezarri dizkio epaileak EH Bilduko eledun ohi Miren Larrioni. Ikusteke dago ebazpena bere horretan aplikatuko den, ala espetxe zigorra gizartearentzako lanengatik trukatzeko aukera aztertuko den.


Jakintza esparru ugaritako bideo pedagogikoak, euskaraz eta libreak

Filosofia, ekonomia, historia, matematika eta beste hainbat arlori lotutako bideo pedagogikoak zabalduko ditu Ikusgela proiektuak, euskaraz eta modu askean partekatzeko. Jakintza “narratiba berrietara” egokitzea helburu, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak... [+]


2022-05-24 | Peru Iparragirre
Dramaturgia berrien burrunbari begiratuko dio Eztena jaialdiak

Arte-eszenikoen programazioetan ohikoak ez diren obren erakustoki eta laborategi bilakatuko da Errenteria-Orereta ekainaren 5etik 12ra egingo duten Eztena jaialdian. Askotarikotasunari eta arriskuari begiratzeko parada izango da.


2022-05-24 | ARGIA
Monarkiaren kontrako adierazpenak ez zigortzea eskatu dute EH Bilduk eta ERCk

Espainiako monarkia iraintzeagatik se hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra aurreikusten du zigor kodeak. Lege hori bertan behera uzteko eskatu dute EH Bilduk eta ERCk.


2022-05-24 | ARGIA
Tolosaldean Lurtaro denda kooperatiboa jartzeko bazkide kanpaina hasi dute

Lurtaro elkarteak "Egungo elikadura errealitatetik agroekologiarantz" mahai-ingurua antolatu du Tolosan, maiatzaren 26an. Bere esperientziatik mintzatuko dira zereal ekoizlea, fruitu ekoizlea, abeltzainak eta gaztagileak. Lurtaro elkarteak 300 bazkide lortu nahi ditu... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2008ko irailaren 07a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude