Askatasunaren fetitxea

  • Cassamance ofizialki Senegalen hegoaldean dagoen eskualdea da. Diola etnia da nagusi bertan, fetitxearen kultura bizi duen herria. 1982. urtetik gatazka armatua egon da Cassamancen, independentzia eta nortasun propioarekiko errespetua aldarri, eta orain hiru bat urte su-etena indarrean jarri eta negoziazio prozesua abiatu zuten.
Cassamanceko emakumeak
Oihana Aranburu / Allende Arnaiz
Afrikako estatuek oro har bizi duten errealitate irrealaren isla eskaintzen du Senegalek, kolonialismoaren ondorioz oraindik indarrean dagoen estatuen egitura: lekuan lekuko kulturak, etniak eta egoerak aintzat hartzen ez dituena, mapa inposatuen indarrarekin herrien errealitateak alderik alde zeharkatzen dituena.

Senegalen hamalau etnia aurki daitezke, hamaika eskualde administratibotan banatuak. Hamar milioi pertsona inguru dira, horietatik lau Dakarren soilik kokatuak. Senegalen frantsesa da hizkuntza koloniala, eta Senegal kasik erdibitu egiten duen Gambia estatu txikian ingelesa. Ofizialki Senegal hegoaldean, Gambiaren azpian, dago Cassamance. Bertan diolak dira nagusi, Cassamanceren kostaldean batik bat, eta Gambian eta Guinea Bissaun ere aurki litezke.

Cassamance Portugalen menpeko kolonia izan zen lehenik, Frantziarena izatera pasa zen ondoren. Ugari dira oraindik topa daitezkeen kolonialisten arrastoak, etxeak eta herri egiturak, eta baita esklaboentzat sortutako kartzelak ere. Cassamanceko Carabane irla ederrean dago bat, eta iparraldera begiratuz gero, Dakarren pare dagoen Goree irlan beste bat. Egun, artistak eta artisauak topa daitezke batean zein bestean, kanpoko bisitariari begira bizi direnak, baina garai batean handik abiatzen ziren esklaboz betetako itsasontziak. Carabane ingurutik ateratzen dira patera asko, garai batean ez bezala askeak baitira egun diolak, askeak esklabo izateko.

Gatazka armatua

Denbora gutxi da Cassamanceren independentziaren aldeko gatazka armatua bake bidean jarri dela. Abagune honen aurretik zaila zen Cassamancera gerturatzea, eta nazioartean ezezagun samarra zen diolen borroka. Hala ere, kataluniar talde bat aspalditik ari da lanean, proiektuak garatzen laguntzeaz gain Cassamanceko errealitatearen berri zabaltzen, eta asko izan dira haiei esker bideratu diren kooperazio lankidetzak, baita Euskal Herritik ere.

2001. urtean Cassamancera jo zuen euskaldun taldean zegoen Jose Ramon Gurrutxaga: “Guk Cassamanceren berri bagenuen han ziren katalanen eskutik. Behin eta berriz esaten ziguten merezi zuela hara joateak. Euskal Herritik atera baino egun batzuk lehenago egunkarian berri bat agertu zen: berrogeita hamar gerrillari inguru hil omen zituen ejertzitoak. Bidaia-agentziek ez zuten gomendatzen hara joatea. Katalanek berriz ez zela egia, gobernutik tarteka zabaltzen dituzten berri faltsuetako bat baino ez. Dakarrera jo genuen lehenik, eta han inork gutxik lagundu nahi zigun Cassamancera, tabua zen gainera hura aipatzea ere.

Azkenean Dakarretik hegazkinez joan ginen Ziguinchorrera, eta handik Oussouyera”. Aipatu bi herriak lotzen dituen errepidea ez da oso luzea, baina bost bat kontrol pairatu behar izan zituzten iristeko, kontrol zorrotzak, bortitzak: tankeak errepide bazterrean eta armaz josiriko militarrak. Azkenean baina, iritsi ziren Oussouyera, “eta merezi izan zuen. Normalean Senegal aipatzean Dakarren irudia datorkigu batik bat burura, iparraldekoa, baina Cassamancen beste paisaia bat dago, beste hizkuntza bat, beste kultura bat, beste errealitate bat”.

Ez da erraza gatazkaren berri izatea diolen artean ere, ez behintzat egun batetik bestera. Pierre Diatta gaztea Oussouyeko fetitxearen buruaren semea da, eta egun gida lanak betetzen dihardu. Bere hitzetan, Dakarreko Gobernuak baztertu egiten zuen Cassamanceren garapena. 1982. urtean manifestazioa burutu zen Ziguinchorren, errespetua eta justizia eskatzeko.

Manifestazioari errepresio bortitzaren bidez egin zitzaion aurre, eta orduan sortu zen gerrilla, Cassamanceko Indar Demokratikoen Mugimendua (MFDC) delakoa. Gatazkak 2004. urteko abenduan hartu zuen norabide berria, gerrillak su-etena aldarrikatu eta Gobernuarekin negoziazio prozesuari ekin zionean. “Egun hori iritsi artean denetik egon da; lasaitasun handiko momentuak, eta baita tentsio handikoak ere”, dio Diattak.

Zaila da neurtzen gerrillaren aldeko mugimenduak herritarren artean duen babesa, estatistika zehatzenei ihes egiten baitie Cassamanceko bizimoduak eta herriek duten izaera sakabanatuak. Diattaren arabera, gatazka Cassamance birbaloratzeko positiboa izan da, “baina zaila ikusten dut independentzia, herritarrentzat baliabideak izateko herri txikia baita gurea”.

Egun, militarren presioa malguagoa da, eta denbora gutxian izugarri sumatu da kanpoko turista eta bisitarien kopuruak gora egin duela. Oussouyen bertan denbora gutxian aterpetxe bakar bat izatetik lau edukitzera pasa dira. Eta ez da kasualitatea, izan ere Cassamance berde, eder eta kulturalki aberatsak ez baitu zerikusirik Dakarreko kaosarekin eta paisaia lehorrarekin. Ez dira gutxi “fetitxeen ibilbidea” saltzen hasi diren turismo agentziak, ezta Cassamanceko kostalde ederra zatitzen eta erosten hasi diren kanpotarrak ere.
Joolaren mamua

Cassamancen ohikoa zen beren baliabide naturalak, mangoak kasu, bide bazterretan usteltzen ikustea, blokeo egoeragatik. Gatazkak iraun duen artean Dakarren blokeo politiko eta batez ere ekonomikoa gainditzeko izugarri garrantzitsua izan da Cassamanceko biztanleentzat Le Joola itsasontziak jokatutako papera. Le Joola itsasontziak Cassamanceko Ziguinchor eta Carabane irla ttipitik hartzen zituen bidaiariak, eta Dakarreko bidea egiten zuen gau osoz. Dakarren baliabideak saltzeko funtsezko bidea. Errepidea oso txarra eta luzea da bestela, Gambia zeharkatu behar da oraindik luzeagoa izan ez dadin, eta hegazkina bertakoentzat garestiegia da. 2003. urtean hondoratu egin zen Le Joola, irailean, eta ehunka pertsona hil ziren. Ahal baino askoz jende gehiago zeraman: 550 bidaiarirentzako lekua zuen ontziak 1.035 bidaiari zeramatzan ofizialki, aintzat hartu gabe ordaintzen ez zuten haurrak, militarrak eta doan sartzen ziren haien lagunak. Horrez gain, orduak pasa ziren Dakarrek laguntza bidali zion arte hondoratzen ari zen itsasontziari. Pertsona asko igerian zain, akiturik, ito ziren; beste asko ordu luzez buelta emanda gelditutako itsasontzitik irten ezinik.

Afrikako Titanic-a izan zitekeenaren hondoratze lazgarriak oihartzuna izan zuen Europako hedabideetan bizpahiru egunez, eta gero kito, ahanztura. Cassamancen baina, Oussouyen bertan, une oro sumatzen da familia ugari suntsitu zuen itsasontziaren mamua. Elkarrizketa orotan. Izan ere, komertzioa Dakarrera eramateko modu kasik bakarra izanik, bertako jende ugari zihoan bertan, eta haiekin batera ikasturtea hasi behar zuten ikasle ugari.

Jose Ramon Gurrutxagak 2001.ean Cassamancetik Dakarrera itzultzeko Le Joola ontzia hartu zuen Carabanetik: “Berezia izan zen, polita. Carabanek ez du porturik eta txalupa txikietatik igo behar ginen Joolara. Bertan oro kaosa zen. Jende piloa ezein bazterretan botata, merkantzia sotoan arraiarekin batera usteltzen, leporaino armaz josiriko militarrak denari so. Dakarren itsasontzitik jaistea kaos horren parekoa izan zen, bertako langile bat sobornatu behar izan genuen, goiz osoa zain eman eta gero, gure ekipajea berreskuratu ahal izateko”.

Joxe Mikel Gorostidik 2003an egin zuen bidaia Cassamancera: “Berez guk ere ontzia hartu behar genuen, baina Oussouyen errege aldaketaren jaialdia zegoela eta, egun batzuk gehiago gelditzea erabaki genuen”. Ontzia Carabane irlatik ateratzen ikusi zuten berak eta bere lagunek, eta bideokamerarekin grabatu zuten, baina ez zuten hondamenaren berri izan ordu dezente pasa arte. Jendea Oussouyen negar batean oihuka hasi zenean “guk ez genuen ulertzen hizkuntza, baina sumatzen zen han oso-oso larria zen zerbait gertatu zela”. Hondamendia gertatuta komunikabide oro eten zuten eta bi egun eman zituzten etxekoei onik zeudela jakinarazi ahal izan zieten arte. “Madrilgo familia bat ezagutu genuen, beraiek bai hartu zuten barkua. Guk zorte handia izan genuen, urpean egongo ginateke festagatik izan ez balitz”, dio Gorostidik. Biziki gogoratzen ditu joan aurretik utzi zuten Oussouye mindu hura: “Berria jaso eta gutxira zerua estali eta sekulako euri zaparrada hasi zen, haurrak negarrez bazterretan... Dena madarikatua zegoela ematen zuen”.

Egun beste itsasontzi batek betetzen du Joola haren funtzioa. Kontrolatuagoa, txikiagoa, Ziguinchorretik ateratzen da soilik. Baina 2003ko irailetik Le Joolako hildakoen mamua gehitu zaie pateratan atera eta itsasoan ito izan direnei, batzuek zein besteek nabarmen asaldatzen baitute diolen eguneroko bizitza.

Itsasontzia hondoratu eta gutxira, lerro hauek idatzi zituen egun ere Oussouyen bizi den Joan Solá katalanak, Europan lau haizetara zabaldutako gutun hunkigarrian: “Ez dakit zer ondorio izango dituen drama honek, baina badirudi ez dela ezer sekula berdina izango. Eta ez soilik etxe bakoitzean itsasontzian zihoan senide edo lagun bat galdu dutelako; jendeak ezin du jada egoera hau gehiago jasan. Ezin dutelako jasan bertan gertatzen dena axola ez zaion estatu baten parte izatea, eskualdean inbertitzen ez duen estatu baten parte; guztia Dakarrera desbideratzen duen herria, bertako jendearen autogestioa saihestuz, ekoizten duten horretatik eta ordaintzen dituzten zergetatik bizitzea galarazten duen herria... Nekatuta nago, atseden hartzen saiatuko naiz. Kasumai (kaixo) bat edo irribarre bat eskainiko ez digun jendearen mamuek uzten badidate. Jakin badakit behar ez luketenek lasai egingo dutela lo. Agian noizbait elkar ikusiko dute, aurrez aurre, heriotzatik harago”.

Fetitxearen kultura

Fetitxearen kulturak definitzen du batik bat diolen mundu ikuskera. Baina fetitxe hitzaren inguruan ugari dira gaizki ulertuak eta handia da kanpotarrok dugun ezjakintasuna. Fetitxearen erlijioan ez da objektua gurtzen dena, gehienetan esan ohi denaren kontra. Diolek jainko bakarra dute, Atemi, “zerukoa” esan nahi du hitz horrek. Fetitxea jainko bakar horren eta pertsonen arteko espiritu-bitartekaria da. Fetitxea oinarri hartuta eskaintzen diote otoitza beraiek espiritu gorena deitzen duten horri. Oussouyek zehazki baditu bere berezitasunak Cassamanceren barruan, musulman gutxi batzuk ikus baitaitezke, baina gehiengo osoa fetitxearen kulturakoa da.

Fetitxeak mota askotakoak izan daitezke: herrikoa, eskualdekoa, auzokoa, pertsona batena... Euria erakarri eta uzta ona edukitzekoa, etxearena, ezkontzarena, gerrakoa... Herriko fetitxeak adibidez bizitzaren arlo guztiak hartzen ditu bere gain. Herri bezala egin daiteke otoitz, edo familia moduan, edo baita bakarka ere. Fetitxea jainkoarekin harremanetan jartzeko bitartekaria da eta objektu baten moduan irudikatzen da, espiritu hori hor dagoela adieraziz. Espiritua non dagoen modu ezberdinetan adieraz daiteke: txabola batekin, zuhaitz batekin, eta abar.

Diolen gizarte antolakuntza ere fetitxearen araberakoa da. Fetitxe nagusiek zaindari bat dute eta fetitxe hori kudeatzeaz arduratzen dira. Fetitxearen garrantziaren araberakoa izango da zaindariaren garrantzia ere. Guztien gainetik Cassamanceko erregea dago. Diolen arteko bost familien artean aukeratzen da, eta ezein pertsona suerta liteke errege. Egun dagoen erregea mekanikaria izan zen aurretik. Hori bai, kargua ez da hereditarioa, beste familia batek hartu behar du ardura erregetza amaitu eta gero.

Erregeak justizia hartzen du bere gain. Fetitxeen buruek ez badute lortzen auziren bat konpontzea, erregea izango da diolen azken baliabidea. Dakarretik inposatutako egitura administratiboarekin talka egiten du sarri justizia propioa gauzatzeko joera horrek, eta Dakarreko Gobernuko ordezkariek onartu behar izan dute errealitate hori. Erregeak ere ez badu lortuko auzia konpontzea, orduan epaitegietara jotzeko aukera dago. Erregeak lur komunalak zaintzeko ardura du gainera, eta herrian zailtasunak dituztenen beharrak asetzekoa (medikazioak, ikasketak, jatekoa...).

Herri bizia da diolena. Azalpen sakona baino, bertara gerturatzeko gonbita izan liteke honakoa. Gatazka armatua konpontzeko bidean egonda, gizarte kapitalisten eragina denbora gutxian gero eta nabarmenagoa egin den arren.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude