"Euskara abkhaziera eta txetxenieraren ahaide izan daiteke"

  • Euskara-abkhaziera hiztegiaren egilea dugu abkhaziar ikerlari hau. Hori gutxi ez eta, euskara eta ipar-Kaukasoko hizkuntzen arteko lotura aztertzen dihardu. Bere teoria frogatzekotan, abkhaziera eta txetxeniera ahaide izango lituzke euskarak.
Viatxeslav Chirikba
Karlos Zurutuza

Zerk piztu zuen euskararekiko zure interesa?


Abkhazieraren (nire hizkuntzaren) kanpoko konexioak ikertu nahi nituen eta euskararekin egin nuen topo. Hizkuntza isolatua denez, oso interesgarria iruditu zitzaidan. Aldi berean, hainbat ikerlarik euskara Kaukasotik etor zitekeela zioten eta abkhaziera eta euskararen arteko ustezko lotura hori oso erakargarria iruditzen zitzaidan.

Erraz lortu al zenuen euskarazko materiala hemen, Abkhazian?


Imagina dezakezunez, ez zegoen ezer. Zorionez, Yuri Zytsarrekin kontaktatu nuen unibertsitateko azken urteetan. Sobiet Batasuneko euskaltzale bakarra zen eta euskarari buruz galdetzen nion eskutitzen bidez. Gero Tbilisiko (Georgia) unibertsitatean hasi zen euskara irakasten, eta bertan bisitatu nuen 1975ean. Bi urte geroago Abkhazian bisitatu ninduen, eta orduan eman zidan eskuz idatzitako errusiera-euskara hiztegi hau.

Horren laguntzaz osatu al zenuen euskara-abkhaziera lehen hiztegia?


Hala da, bai. Abkhaziako akademia konbentzitzen saiatu ginen publikatzeko baina, alferrik jakina. Nork behar zuen orduan euskara-abkhaziera hiztegia? Eta gaur? Nolanahi ere, hiztegia egin izanak poz handia ematen dit maila pertsonalean.

Hiztegia osatu ez ezik, euskara eta ipar Kaukasoko hizkuntzak konparatu zenituen gero.


Esan bezala, XX. mende hasieran hainbat ikerlarik euskara kaukasiar talde osoarekin konparatu zuen: Trombetti, Bouda, Marr, Bruan… denek akats bera egin zuten! Izan ere, sekulako desberdintasuna dago ipar eta hego Kaukasoko hizkuntzen artean. Gauzak honela, ikerlariak bietako bat aukeratu beharko luke ikerketa konparatiboa burutzeko. Bestalde, beste metodologi akatsetako bat egungo kaukasiar hizkuntzak konparatzea da, eta ez antzina zuten eredua; ikerlariok pauta batzuk jarraituz berreraikitakoak. Ni izan nintzen lehena euskara eta ipar kaukasiera konparatzen.

Zein izan zen horren emaitza?


Nire ekimena Bengstonek, Blazek-ek eta beste hizkuntzalari batzuek aintzat hartu zuten eta paralelismo ugari aurkitu genituen lexikoaren eremuan. Nolanahi ere, horrekin ez dugu ezer demostratzen. Euskara Kaukasotik etorri bada, oso antzina izango zen eta nekez aurki dezakegu egun bi hizkuntzon arteko lotura. Nire jarrera ez da lotura horretan sinestea edo ez sinestea baizik eta sakontzen jarraitzea, emaitza edozein izanda ere.

Zeintzuk dira horretarako oztoporik handienak?


Euskara beste hizkuntzekin lotzen dituen hipotesien artean (berberea eta abar), ipar Kaukasoko teoria da indartsuena, nire ustez. Tamalez, euskara oso hizkuntza arkaikoa edo kontserbadorea den arren, ezer gutxi dakigu euskararen historiaz. Oso zaila da egungo euskara eta egungo abkhaziera konparatzea. Akitaniako inskripzioak edo Iruña-Veleian aurkitutakoek egungo euskararen antza handia daukate, eta honek ez digu zentzu horretan asko laguntzen, ezin dezakegu aztertu euskararen eboluzioa. Hizkuntzen garapena aztertu behar dugu antzinako forma berreraiki ahal izateko. Agian, euskalkiei arreta handiagoa eskaini beharko litzaieke, iparretik mendebaldera asko aldatzen baita zuen hizkuntza. Euskalkien arteko ikerketa konparatiboa egin beharko litzateke, eta handik protoeuskara, antzinako euskara, berreraiki gero.

Zein bideri ekin zion euskarak Kaukasotik?


Nire ustez historiaurrean izan zen: ekialdetik, Kaukasotik, iparrera mugitu zen, eta handik hegoalderantz. Frantziarren zenbatzeko era horren adibide garbia da; eredu euskalduna da baita kaukasiarra ere, baina inolaz ere ez indoeuroparra. Distantziak ez dira oztopo migrazioentzako. Gaztelania eta indiera enbor indoeuroparrekoak dira biak, eta elkarrengandik urrutiago daude Euskal Herria eta Kaukaso baino. Gauzak horrela, ez litzateke harritzekoa euskara abkhazieraren eta txetxenieraren ahaide izatea.

Bi hizkuntzon eta hiztunen egungo egoera konpara al daitezke?


Euskal eredua aztertu nahi dut guk abkhaziera berpiztu ahal izateko. Abkhaziera egoera larrian dago gaur egun, bizirauteko borroka baino ez da oraingoa. Abkhazieraz hitz egitea harro egoteko arrazoi bilakatu behar da, baina egungo gazteek errusiera nahiago dute abkhaziera baino. Irlandako gaelikoaren egoera ere ikertu dut. Euren estatua duten arren, bertako hizkuntz politikak porrot egin du. Zoritxarrez gu Irlandaren bide beretik goaz.

Non dago konponbidea?


Irlandan frogatu da estatua izatea ez dela hizkuntza bizirik mantentzeko nahikoa berme. Beste muturrean juduen kasua dago: XX. mende hasieran 10 familiak baino ez zuten hebraieraz egiten Palestinan. 1947an, aldiz, 30.000k. Georgiar, armeniar edo txetxeniarrentzat hizkuntza euren nortasunaren zati da, baina abkhaziarrok garrantzi handiagoa eman diogu gure antzinako portaerari. Abkhaziera bizirik mantendu nahi bada, gure nortasunaren zati bilakatu behar dugu.
 
Informazio gehiago Europako gatazka izoztuak kanalean
Abkhaziera, euskararen ahaide ote?
Benetan bitxia da Kaukasoko hizkuntza hori. Antza, abkhazierak 58 kontsonante ditu eta apenas hiru bokal. Lexikoaren ia %90 “a” hizkiaz hasten da, esaterako, atsa (“zaldia”), apsadz (“arraina”), arasa (“intxaurra”)… Eta berdin gertatzen da beste hizkuntzetatik jasotako maileguekin: “akafe”, “arespublika”, “arestorant”… eta abar. Euskararekin gertatu bezala, aditza esaldiaren bukaeran joan ohi da. Abkhaziera idazteko alfabeto zirilikoan oinarritutako eredua erabiltzen da, baina hiztun askok ez daki bere hizkuntzan idazten. Abkhazian 100.000 lagun inguruk hitz egiten du abkhazieraz eta 50.000k Turkian. Azken horiek diasporako abkhaziarrak dira.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abkhazia
2017-10-22 | Ibai Trebiño
Kan Taniya, Abkhaziako atzerri ministro ordea
"Aldebakarreko independentzia aldarrikapena borroka berri baten hasiera baino ez da"

Kataluniako afera “arretaz” eta “interes handiz” jarraitzen ari dela aitortu digu Kan Taniya Abkhaziako atzerri ministro ordeak (Sukhumi, 1987). Abkhaziak aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen 1992an eta Georgiarekin izandako gerraren ostean,... [+]


2017-06-30 | ARGIA
Abkhazia Donostian: aitortu gabeko estatu bat, hango Atzerri ministro ohiaren begietatik

Maxim Gvinjia Abkhaziako Atzerri gaietarako ministro ohiak enbaxada berezia eduki du aste honetan Tabakalera Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunean. Ostiral honetan Xabier Madariaga kazetariak elkarrizketatuko du jendaurrean.


Kaukasoko lezioak
 
Pena handia eman dit Kaukasoko gerrak. Abkhaziar eta georgiarren kasuan bereziki, oso tamalgarria da: elkarren etsai bezain euskaldunen ahaide sentitzen dira biak, gurekiko estima sinestezina da. Han euskal kaukasiartasuna ez da teoria, zalantzarik gabeko egitatea baino... [+]

Eguneraketa berriak daude