"Semeari txirrindulari izaten lagako nioke. Dena esana dago horrekin"

  • Fin dago Aitor. Lasterketa asko korritu omen ditu orain daukana baino pisu gehiagorekin. Askoz lasaiago bizi dela dio, erlaxatuta, goizean jaiki eta zer eguraldi dagoen ikusteko premiarik gabe.
Aitor Osa

Eskolan, jolas-orduko txirrinak jotzen duenean, patioan ez da bizikletarik ageri, gehienak baloiaren atzetik ibiltzen dira.


Ni futbolaren kontrakoa izan naiz beti. Bai lehen eta bai orain. Txikitan, Itziartik Debara joaten ginen eskolara, eta han ere denak baloiaren atzetik. Baina niri ez zidan grazia zipitzik egiten, nahiago nuen mendian ibili edo bizikletan bueltaxka bat eman. Etxera itzulita, etxeko lanak egin –ez pentsa asko egiten nituenik... kar, kar, kar–, eta beti aurkitzen genuen zertan ibilia, baina futbolean gutxi!

Itziarren jaio beharrean Deban jaio izan bazina, akaso…


Berdin-berdin izango nintzen txirrindularia, ez futbolaria. Afizioa dohain fisikoa bezalakoa da, badaukazu ala ez daukazu. Ez pentsa mendi puntan jaiotzeagatik igotzaile sortzen zarenik. Gorputza zaildu dezakezu baina beti ere jaiotzez zarenetik abiatuta. Jakina, berezko gorputz egokia baldin baduzu, eta egunero gora eta behera ibiltzen bazara, igotzaile ona izan zaitezke, baina ez jaio zaren tokian jaio zarelako.

Jaiotzen zaren inguruak erakusten dizu sufritzen? Ikasi daitekeen zerbait da?


Anaia eta biok txikitatik ohitu gara. Mendira ateratzen ginenean aita bezain azkar igo nahi izaten genuen, eta hantxe ibiltzen ginen ezin segika. Gure artean ere, auzotik herrira joateko, beti izaten zen pikea, eta horrek asko zailtzen zaitu. Oinarri handia ematen dizu. Gaur egungo gaztea oso eroso bizi da, apenas dakien zer den bere burua fisikoki mugara eramatea, eta ez harritu etorkizuneko txirrindularigaietan hori antzematen bada.

Zer esan nahi duzu, sufritu den etxeetatik txirrindulari gehiago ateratzen direla?


Gure kasuan ez da hala izan. Guk ziklismoan jarduteko behar izan dugun guztia izan dugu eskura. Gurasoek behar genuena eman izan digute beti. Gure aitak beti esan du bi anaietako bat profesionaletara pasata konformatzen zela, sakrifizio horrek merezi zuela. Zorionez, bi anaiak pasa ginen. Nik beti eduki dut garbi samar ahal izanez gero profesionaletara iritsi behar nuela. Bizikletaren aldeko erabateko apustua egin nuen. Jubeniletatik afizionatuetara igaro nintzenean, beste dena laga nuen, entrenatu eta deskantsatu baino ez nuen egiten. Arriskutsua zen baina etxean ez zidaten ezer esan. Hori bai, ikusten nuen gurasoentzat ere ahalegina zela, eta horrek gauzak ondo egiteko ardura ematen zidan. Banekien ezin nintzela txorakerietan ibili, bestela...


Behin profesionaletara igarota dena eginda dagoela uste dute askok, baina hortik pasa denak badaki, aprobetxatu ezean, aukerak ez duela ezertarako balio.


Hiru urte neramatzan afizionatuetan eta urtetik urtera hobeto nenbilen. Ikusten zen banentorrela, baina deiak sekulako poza eta lasaitua eman zizkidan. Irailean debutatu nuen Kataluniako Itzulian. Orduan, Espainiako Buelta beste urte sasoi batean izaten zen, eta ordurako profesionalak hanka altxatuta ibiltzen ziren. Katalunian oso buelta ona egin nuen, eta “irailean hola banabil gero ondo ibiliko naiz” pentsatuz bukatu nuen denboraldia. Gerora konturatu nintzen, ordea, sekulako saltoa zegoela. Aldapa arruntena iristen zenean jende askok uzten ninduen atzean, eta hori irenstea ez da erraza. Hasieran gaizki pasa nuen, kosta egin zitzaidan, baina urteak aurrera joan ahala eskailera mailak banaka-banaka igotzen joan nintzen, eta azkenean...

Taldeetan oso markatua egoten da eskaileran bakoitzak duen lekua. Oso hierarkikoa da txirrindularitza mundua.


Bakoitzak jakin behar du taldean eta tropelean bere lekua zein den. Bizitzan bezala, bakoitzak jakin behar du zer egin dezakeen eta zer ez. Hasiera batean, garbi neukan karrerak irabazteko ez nuela balio eta besteei lagunduz eta lana beltz eginez erakutsi behar nuela nire balioa. Banekien, nire lana ondo eginez gero eta liderrari gogotik lagunduz gero ondo ordainduko zidatela, ez nindutela taldetik botako. Oso garrantzitsua da gauzak garbi izatea. Gauzak garbi badauzkazu, eta errealista bazara, askoz etekin hobea ateratzen diozu zure esfortzuari, zure jardunari, eta ondorioz, zure ibilbideari.

Eskailerak mailaz maila igotzeak laguntzen du gora iritsitakoan errealista izaten?


Bai, izugarri. Zu larre motzean ohituta bazaude, badakizu besteek zugatik egiten dutena zenbat kostatzen den. Gainera, eskailerak mailaz maila eta pausoz pauso igotzen joan bazara, erortzerakoan askoz min gutxiago hartzen duzu. Gertatzen dena da batzuk goitik hasten direla eta erortzen direnean ez direla larre motzera ohitzeko gai, edo ez dutela ohitu nahi...


Hierarkiaz ari gareno, zuzendariari beti obeditu behar zaio?


Beti, nahiz eta arrazoirik ez izan. Berak ordaintzen du eta bera da nagusia. Batzuetan gogorra da zuk sinesten ez duzun zerbaiten alde gibela bota beharra. Gerta liteke egunero zurekin entrenatzen duen baina talde desberdinekoa den lagunaren kontra tiratu beharra zuzendariaren aginduz. Baina ez dago beste erremediorik. Nagusiari obeditzen ez dionak badaki zer daukan.


Jende askok txirrindulariek obeditzeko lain kobratzen dutela uste du.


Denetik dago, asko irabazten dutenak, erdi mailakoak, eta miseria bat kobratzen dutenak. Askok uste dute profesionala izanda dirua irabazten dela baina ez da horrela. Pasatzen zarenean langile askok baino diru gutxiago irabazten duzu. Pentsa, gaur egun gauzak dauden bezala egonda, bakarren batek pagatu ere bai korritzearren. Kobratu beharrean pagatu. Hori bai dela tristea!


Hain beltza al da panorama?


Oso. Ez diot argi printzarik bilatzen. Beltza baino ilunago dago dena, sponsor gutxi, diru gutxi, eta dagoen gutxi hori manager eta zuzendariek hartzen dute, eta txirrindularientzat... Ni ziur nago nahi izan bagenu taldea aurkituko genuela. Baina zer baldintzetan? Garbi geneukan ez genuela bi pezetaren truke korrituko. Berdin-berdin entrenatu eta sakrifikatu behar duzu bi edo lau pezeta irabazteko. Gertatzen dena da gazte asko harrapatuta daudela. Askok nik adinako ikasketak dauzkate, alegia bat ere ez, bizitza guztian pedalei baino ez diete eragin, eta lanari beldurra diote. Orduan, nahiago dute miseria horretan ibili bizimodu normalari aurre egin baino. Baina alferrik da hola ibiltzea. Hola ibiltzea baino askoz hobea da gerora izango duzun bizimoduari lehenbailehen ekitea.


Miseria hori kobratzen dabilenak ere zabaldu dezake egunkaria, eta bere izena dopinaren aurkako auzi batean nahastuta ikusi. Zuk prentsaren bidez jakin zenuen Puerto aferan zure izena zegoela.


Ez zait ahaztuko. Galdararentzako gasolio bila ari nintzela deitu zidan anaiak Girotik, eta Manolo Saiz eraman zutela jakin nuenean denetik pasa zitzaidan burutik. Ez nekien zer pentsatu. Uste dut parean neukanak ere antzeman egin zidala. Handik bost minutura hasi zen prentsa deika. Eskerrak ez niola telefonoari kasu handirik egin. Gauza bat da beti zurekin egon diren eta jarraitu zaituzten kazetariek hots egitea, hortik bizi dira eta oso ondo ulertzen dut. Baina ordura arte inoiz kasurik egin ez zidatenak ere hasi ziren hoska, Tele5-koak, Antena3-ekoak... Horiei zer esan behar nien? Prentsatik enteratu nintzela? Ez nekiela haiek baino ezer gehiago? Alferrik, inoiz deitu ez dizunak holako egun batean deitzen badizu pozoia baizik ez duen seinale.

Handik puska batera prentsaren bidez jakin zenuen auzi horretan ez zela zure izenik ageri.


Baina zer inporta dit orain zerrenda horretan egoteak ala ez egoteak? Mina eginda dago, zauri hori ez digu inork itxiko. Kontratu gabe geratu ginen, korritzeko aukerarik gabe, izena zikinduta, ordura arte guretzat dena izan zen mundutik atzeko atetik ateratzera behartuta. Nazka ematen dit ibilbide oso bat egun batean nola zapuztu litekeen ikusteak. Nazka, batzuk nola libratu ziren eta beste batzuek dena nola irentsi behar izan genuen ikusteak. Harrigarria da batzuena, beti aurkitzen dute entxuferen bat, eta guk sekula eduki ez dugunez, ba… Nazka!

Nola heldu gara jendea prebentiboki kondenatzera?


Gurean erruduna zara kontrakoa frogatzen duzun arte! Horretan kulpa handia daukagu txirrindulariok. Pixkanaka-pixkanaka dena irensten joan gara, guztiari esan diogu amen, eta orain burutik behera egiten digute kaka. Gainera, jendea ez da konturatzen gaur bati tokatzen zaiona bihar berari toka dakiokeela. Ez dakit noraino iritsiko garen. Entrenatzera 10:00etan irteten zarela esaten baldin baduzu ezin zara 9:30ean atera, bitarte horretan UCIkoak etorriz gero, zigortu zaitzaketelako. Non bizi gara? Laster zenbat lo ordu egin behar dituzten ere esan beharko dute aurrez! Nora goaz? Beste kirol denak hola zainduko balituzte azalduko lirateke galantak!


Zer geratzen da bizikleta eskegitakoan?


Pozak, lagunak, anekdotak, disgustuak, erorketak, lesioak... Baina gehienbat pozak. Hasieran zulo bihurtzen den hutsunea ere bai. Lehenengo urtean zure buruari kontra egin eta bizimodua beste era batera ikusten ikasi behar duzu. Ni dudan egon nintzen segi ala ez, baina egun batez emazteari esan nion “kito, hau bukatu da eta ahaztu”. Orduan, lagun bati deitu nion ea niretzako lanik bazuen galdezka, berdin zitzaidala zer. “Baita urdaiazpiko hankak mozten ere?” esan zidan berak eta nik baietz. Berdin zitzaidan. Zerbait behar nuen presioa uxatu, ziklista etapa itxi, eta bizimodu normala hasteko.


Zuk zezenari adarretatik heldu zenion, baina asko zezenak harrapatuta geratu dira.


Normala da. Egun batetik bestera dena aldatzen zaizu. Burbuila batean bizitzetik errealitate gordinenera itzultzen zara. Profesionala zaren bitartean, egun osoa antolatuta daukazu, uneoro dakizu zer egin behar duzun. Baina bukatzen denean dena da hutsunea, eta hor, inor gutxi akordatzen da zutaz. Ordura arte deitzen zizutenek ez dizute deitzen. Eta lehen nioena, lanari beldurra baldin badiozu eta eguneroko bizimoduari aurre egiteko kapaz ez bazara basamortu batean sartu zintezke.

Nola nahi zenuke pelotoia zutaz oroitzea?


Pertsona ondradu bezala. Lasterketak irabazi ditudanean eta besteentzat lanean ibili naizenean beti antzekoa izan naizela uste dut, ez dut batzuek izan duten gorabeherarik eduki. Ez zait gustatzen batzuek izaten duten aldaketa hori. Pertsonak den bezalakoa izan behar du beti. Ni horretan ahalegintzen naiz behintzat, nahiz eta bizimodu honetan pentsatzen den guztia esaterik ez dagoen.


Seme-alabek txirrindulari izan nahi dutela esango balizute...


Alabari ez nioke lagako, semeari bai. Emakumeen txirrindularitzan ez dago dirurik eta sufrimendu hori ez diot inori opa sosik ez ateratzekotan. Baina pentsa, kirol honek daukan drogazale famarekin ere, semeari ez nioke trabarik jarriko. Seme-alabentzat onena nahi izaten da eta uste dut horrekin dena esan dudala.
Nortasun agiria
1973ko irailaren 9an jaio zen Itziarren (Gipuzkoa). Txirrindulari profesionala izatea amets, bereak eta bi egin zituen bete ahal izateko, 1995ean Euskadi taldearekin debutatu zuen arte. Handik Banestora egin zuen salto, eta 2006an Libertyn zebilela gogoz kontra erretiratu behar izan zuen. Garaipen eta postu on andana lortutakoa, 2002ko Euskal Herriko itzulia da agian bere lorpenik handiena. Egun, urdaiazpikoak saltzen dituen enpresa batentzat egiten du lan.
Patxi Vila
“Patxi Vila oso laguna dut eta sekulako pena eman zidan bere positiboaren albisteak. Ez diot inori halakorik desio, are gutxiago lagun bati. Gogorra da lagun bati egun batetik bestera mundua gainera nola erortzen zaion ikustea”.
Bigarren
“Ez zait sekula ahaztuko Espainiako Bueltako etapa batean bigarren egin nuen hura. Joaquín Rodríguez neraman gurpilean, zuzendariaren aginduz ez zidan errelebo bakar bat ere ematen, eta nik ezin atzean utzi. Nire txardade eta malezia guztia jarri nuen, baina noski, esprintean irabazi egin zidan. Hurrengo egunean berriz jo nuen, eta kasualitatea, berak jarraitu zidan. Bezperakoa gogoan, lasai egoteko esan zidan, iristen baginen ez zidala esprintatuko. Lotsatu egin zen eta ez da gutxi. Izan ere, batzuk...”.
Esatari
“Eroso nago. Kanpotik gauzak ezberdin ikusten dira, baina badakit bizikleta gainean doazenak nola doazen, zenbat sufritzen duten. Bizikleta sufrimendu handia da, baina gustura ikusten dut”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude