Daniel Calparsoro

«Biolentziak erakartzen nau, bere horretan esanahi bat gordetzen du»

  • Sarerik gabeko jauzia egin eta ondo atera zitzaion: Najwa Nimri aktorea bere musa bilakatu eta irudi bortitzez eta plano motzez betetako filmarekin arrakasta lortu zuen. Kritikariek maitatua eta gorrotatua, berari ez zaio asko axola eta esploratzen jarraitzen du pelikula bakoitzarekin.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2008ko uztailaren 13a
Daniel Calparsoro
Daniel CalparsoroDani Blanco

Maitasuna, sexua eta biolentzia; hori da zure film askoren motorra. Bizitzaren motorra dira?


Niretzako bai, batez ere oso dinamikoak direlako eta niri beti dinamika interesatu zait. Izan ere, zinema oso gauza plastikoa da, eta literaturan ez bezala, non norberak imajinatzen dituen pertsonaiak eta munduak, zineman imajinazio hori estimulatzeko sentsazioak irudikatu behar direla uste dut, sentsazio grafikoak, eta ez dute zergatik intelektualki literaturan bezain modu zehatzean lotuta egon behar. Zinemaren lengoaia oso emozionala da, ez hain zerebrala; beraz bai, sexua, biolentzia, akzioa… garrantzitsuak dira.


Eta plastikotasun horren aurrean zein garrantzi du kontatzen den istorioak?


Istorioa oinarrizkoa da beti, baina zer da istorioa zineman? Literatura hutsa bada –eta ez dut modu txarrean esaten– lengoaia desberdina da, teatralagoa, eta agian zinema neurri batean oraindik lotuta dago literatura eta antzerkira, gauzen ulermen literariora, baina zinemaren lengoaiak nire ustez askoz gehiagorako ematen du, edo niri behintzat alde emozionala gehiago esploratzea gustatzen zait, ez istorioan eta ikuslearen buruan garatzen den kontzeptuaren bidez, baizik eta ikusten dituzun irudiek sortzen duten emozioen bidez. Emozio eta sentsazio batzuetara iritsi zaitezke soilik ikusizko eta entzunezko bidea erabiliz; modu literarioagoan ez zara horietara iristen, beste emozio batzuetara baizik. Zinema ikus-entzunezko lengoaiaren zati bat baino ez da –telebista, mugikorrak, bideojokoak, Internet… barne–, baina oraindik asko dago esploratzeko eta ez dut uste lengoaia literarioari lotuta gailurrera iritsiko denik.


Irudien bidezko inpaktu horiengatik Quentin Tarantinorekin konparatzen zintuzten garai batean. Ondoren, –Ausentes filmaren harira– baita M. Night Shyamalan zuzendariarekin ere. Baten batekin identifikatzen duzu zure burua?


Ez, beraiek berdingabeak dira euren esparruan eta ni batik bat esploratzailea naiz; generoak asko aldatzen ditut eta zentzu horretan ez dut inongo konplexurik.


Dena den, Tarantino aipatu dut biok darabilzuen irudien inpaktu horrengatik, biolentziaren erabileragatik…


Tarantinok oinarrian komediak egiten ditu eta nik ez. Berak biolentzia erabiltzen du komedia gisa eta beraz guztiz desberdina da. Halere, egia da niri ere biolentziak erakartzen nauela, ez dakit oso ongi zergatik, inpaktantea delako, biolentziaren plasmazioa oso grafikoa, oso dinamikoa delako, bere horretan esanahi bat gordetzen duelako… eta nire ustez biolentzia bera lengoaia mota bat da bizi garen gizartean, zentzu txarrean har badaiteke ere.


Dinamismo hori bilatuz hautatzen dituzu muturreko pertsonaiak, muturreko egoeratara eramanak?


Hori egin dut orain arte, ez zitzaidalako hainbeste interesatzen jende arruntaren bizimodua, ezta nirea ere, baizik eta gainditzen dituen egoerei aurre egin behar dieten pertsonaiak. Dinamikoagoa da, eta gainera gauzak askoz haratago eraman ditzakezu eta fikzioaren esparruan sar zaitezke, modu horretan sentimendu eta emozioen munduan guztiz barneratuz.


Hortik familia desegituratu eta ama drogazale, alkoholiko, desorekatu… horienganako obsesioa?


Familia hartzen dut gizartearen isla edo metafora bezala eta gizartea desegituratua dago. Familiako kideen arteko harremanak laguntza, kanibalismo, bazterketa… harremanak dira, gizartean aurki daitezkeenak.

Zonalde industrialak, asfalto lehorra eta oro har ingurua oso esanguratsua da zure lanetan, pertsonaien patua baldintzatzeraino. Zer transmititzen dizu zuri inguruak?


Ingurua oso garrantzitsua da beti, bizitzan ere oso inportantea delako. Bizi zaren lekuaren arabera bizimodu desberdina daramazu. Pantailara eramateko orduan oso komiki zalea izan naiz txikitatik, eta komikian ingurua bera pertsonaia bat gehiago da, protagonismoa duena –ez hainbeste literaturan–. Zineman ere asko gustatzen zait inguruarekin pertsonaia bat gehiago sortzea eta inguru horren arabera oso desberdinak dira nire filmak.


Inguruaz ari garela, ez zen samurra izango Guerreros pelikularako Kosovo eta Montenegro arteko mugan errodatzea.


Guerreros pelikula ikaragarria izan zen, gatazka gertatu berria zen zonalde batean errodatzeko aukera eman zigulako eta dena oso freskoa zen, oso erreala. Pelikularekin oso gustura nago, istorioarekin, baina berau egiteko bizi izan genuen atzeko abentura guztiak, albaniar-kosovoarrekin eta gerrillarekin baimenak lortzea eta abar, pelikula zirraragarriagoa egiteko materiala eman zigun. Nahiko babestua dagoen Mendebaldean bizi garenok urruti ikusten ditugu gudak, baina munduaren %35-40 inguru gudan bizi da beti, nahiz eta ez garen kontziente. Konturatzen zara daukazun baloreen eskala guztiz aldatzen dela han. Kosovon izan ginenean atentzioa ematen zuen jendeak, oso gaizki pasatzen egon arren, hainbeste sufritu arren, pentsamendu baikorrak zituela beti. Geopolitikaz gain, hori ere gakoa izango zen independentzia lortzeko: oso modu baikorrean egin dute, aurrera begiratzen jakin dute, atzera begira geratu gabe. Pelikula bakoitza abentura berri bat da eta Guerrerosen kasuan askoz handiagoa.


Teknikoki ere ez zen erraza izango halako pelikula egitea.


Zuzendari teknikoarekin hitz egin nuen eta esan nion: “Zuk eta biok Kosovoko tabernetara joan behar dugu eta gerrilla eta kultur munduko jendearekin harremanetan jarri. Ados baldin badaude errodatu ahal izango dugu, bestela ezinezkoa izango da”. Herritarren lagun egin ginen eta lanerako ere bertako askorekin aritu ginen. Harrera oso ona egin ziguten –euskaldunak ginelako, besteak beste–, sustoren bat edo beste izan genuen arren.


Darabilzun musika ere garrantzitsua da filmaren erritmoa markatzeko garaian. Irudietan pentsatuz entzuten duzu musika?


Normalean filma sortzeko irudietan eta sentsazioren batean pentsatzen dut. Batzuetan musikak sentsazio horretara iristen laguntzen dit eta beste batzuetan ez, baina musika pelikula errodatu ostean sartzen dut. Irudien kontrapuntu edo osagarri bezala erabiltzen dut, baina inoiz ez dut irudikatu pelikula bat musika batetik abiatuta. Egia da musika inspirazio iturri ikaragarria dela, baina nik ez dut horrela lan egiten. Eta egia da baita ere musikak nire pelikuletan izugarrizko garrantzia duela, oinarrizko elementua da pelikula osatzeko garaian, filmaren %30-40.


Gidoilari bezala ere aritu zara. Normalean elkarrizketa gogorrak, lehorrak, zuzenak… dituzte zure pertsonaiek.


Gidoilari lana da gehien kostatu zaidana. Nire lehen filmean, dirurik ez genuelako gidoi erdia errodatu behar izan genuen eta egindakoa ondo geratu zenez, lanean jarraitu nuen pentsatuz gidoiak berdin zuela. Eta ez da egia, gidoia oso garrantzitsua da. Elkarrizketak pertsonaien araberakoak dira, beti ez dira zuzenak eta lehorrak, ez dago araurik niretzako, ikertzen jarraitzen dut, esploratzaile bat naiz, denaren gainetik.

Azkenean ingurua, musika, gidoia… Dena prozesu sortzaile bat da eta bide ezberdinetatik helburu bakarra bilatzen dut: sentsazio batzuk, emozio batzuk irudikatzea eta transmititzea, ikusleari galderak planteatuko dizkiotenak. Eta horrek denak gozatzeko moduko akabera izatea, entretenigarria izan dadila.

Gatozen orainaldira. Brooklynen eta New Yorken ikasten aritu zinen gaztetan, 90eko hamarkadan, eta orain AEBetara itzuli zara film bat zuzentzeko proiektuarekin. Nola aurkitu dituzu AEBak eta estatubatuarrak?


Estatubatuarrek oso industria definitua dute –industriaren baitan dagoen kontraindustriarekin– eta batzuek zinema komertziala egiten dute, besteek independenteagoa, baina oso argi daukate zer egiten duten eta zertarako, badakite zertan ari diren. Garbi daukate pelikulak erakutsi behar duen jarrera eta Europan duda gehiagorekin egiten da lan; han barneratuagoa dute medio manipulatzailea dela. Gehien inpresionatzen nauena lanerako duten gaitasuna da. Asko dakite zinemaz, odolean daramate, nolabait. Hemen joera handia dago AEBetako zinema kritikatzeko, baina hango zinema, beste lekuetakoa bezala, pertsonek egina da eta nire ustez pelikula interesgarrienen %80a AEBetatik edo euren orbitatik dator.

Ausentes pelikularen remake-agatik joan zinen AEBetara, baina azkenean bestelakoa da han hitzartu duzun proiektua. Zer aurreratu diezagukezu?


Remakearen proiektua hor dago, baina nik ez dut zuzendu nahi, berriz pelikula bera errodatzea nahiko absurdoa delako. Sam Raimi (Spiderman) zuzendariaren produkzio-etxearekin ari naiz lanean eta bi urte daramatzat gidoi batean lan egiten, aktoreak eta lekuak hautatzen, eta bilera amaigabeak egiten, benetan amaigabeak! Urte honen bukaera eta hurrengoaren hasiera artean errodatzea da asmoa. Zientzia fikziozko istorioa izango da, gizarte estatubatuarrari buruzko mezu oso interesgarria bidaltzen duena: inbadituta sentitzen direnean, elkartu beharrean elkarri erasotuko diote, etsaia euren artean bilatuko dutelako. Beldurrezkoa da eta elur ekaitz batean gertatuko da istorioa… baina ezin dizut informazio gehiago aurreratu.


Eta zuri zerk ematen dizu beldurra?


Oraintxe bertan, nire semeari ezer txarrik gertatzea, ni baino urte gehiago bizi dadila nahi dut.


Hollywooden globalizazio nahiak ez al zaitu beldurtzen?


Ez, zergatik? Globalizazioa kezkatzekoa iruditzen zait desberdintasun sozialak handitzen eta orokortzen joan daitezkeen heinean, baina informazioa orokortzea eta gauzetara iristeko erraztasun gehiago egotea oso ona iruditzen zait.


Espainian beste proiekturen batean ere bazaude murgilduta.


Bai, uztailaren 28an hasiko gara errodatzen. Errealitatean gertatu den historia da, arazoak dituzten klase ertain eta altuko gazteentzako Guantanamo antzeko batean girotua. Bost gazte Europan existitzen diren landetxe horietako batera bidaliko dituzte, erreformatorio alegalen antzekoak. Antena3 telebista kateak eskatutako proiektua da.


Halakoetan, komertzialtasunaren eta sormen artistikoaren arteko oreka bilatu behar al da?


Lehen aldia da hain modu zuzenean telebistarako lan egiten dudana eta niretzako erronka da, telebistak lengoaia askoz zuzenagoa duelako eta audientziak askoz handiagoak dira. Istorio gogorra da eta mezua iristeko moduan kontatu behar dut, baina aldi berean gaueko 22:00etan jartzeko modukoa izan behar du. Mundu berria da niretzat, baina oso interesgarria.


Hollywooden ere komertzialtasuna bilatuko dute…


Bai, beste inon baino gehiago. Oreka bilatzearena bakoitzaren hautua da. Zure bide propioa egiten ari bazara bide hori jarrai dezakezu eta ez duzu zertan oreka batera iritsi beharrik. Norbaitentzat ari bazara lanean ere, jarraitzea edo uztea zure erabakia da, baina beti ona da oreka bat aurkitzea, zuk nahi dituzun gauzak kontatu ahal izateko ahalik eta jende kopuru handienera iritsiz.


Zer eskatzen diozu pelikula bati?


Nirea bada, aurrekoa baino hobea izan dadila, nahiz eta ez den beti hala gertatzen, kar, kar, kar. Zinera baldin banoa, film bati emozioz beteriko zaku bat eskatzen diot. Eta gainera emozio horiek nire baitan geratzen badira, hau da, iraunkorrak badira, hobe. Ez daitezela soilik su artifizialak izan, horrek aspertu egiten nauelako. Batzuetan 9 areto dituen zine batera joaten naiz, sarrera bat ordaindu, azken aretora joan eta film bakoitzetik 10 bat minutu ikusten ditut, baten batek engantxatzen nauen arte.


Komedia batekin hasi zinen. Itzuliko zinateke komedia egitera?


Bai, asko gustatuko litzaidake egitea eta ziur egingo dudala. Urte pare bat daramatzat komedia batean pentsatzen, baina oraindik ez dut aurkitu ideia bat komedia egiteko bezain indartsua denik. Komedia ona oso genero zaila da.


Baina etiketa gainetik kentzea zaila al da, aktoreen kasuan bezala, zuzendarientzat?


Badaude etiketak, baina zu zeu zara horren egilea eta etiketa jartzen duzun moduan kendu ere egin dezakezu. Beste proiektu batzuk prestatu, pelikula desberdinak egin… eta etiketa kenduko dizute.

Elkarrizketa batean irakurria: zaletasunak dituzu ehiza, emakumeak, ardoa, liburuak eta diskotekak. Berriren bat gehituko zenioke zerrendari?


Oraintxe bertan, nire zaletasun handienak semea eta emaztea ditut. Mendia eta ehiza betitik gustatu zaizkit baina orain haurraren gainean egon behar da eta ahaztuxeago dauzkat. Diskotekara aspaldi ez noala eta ardoa aldiz, bai, pila bat gustatzen zait, kar, kar, kar. Ondo jatea eta edatea atsegin dut.


Esan izan duzu euskal zinema ez dela existitzen.


Hori esan nuen Euskal Herriko zuzendari batzuk baginelako, baina ez zegoen euskal zinemarik, suposatzen delako zinema txinatarra dela txinatarrei buruz hitz egiten duten txinatarrak; eta ez zegoen euskaldunei buruz hitz egiten zuen euskal zinemarik. Euskalmedia egin zenean, ekoizle bati diru asko eman zitzaion, ekoizle hori Euskal Herrian egiten zena sustatu beharrean Hego Amerikan pelikulak egiten jardun zen eta Urbizu, Medem, Alex de la Iglesia, Bajo Ulloa, ni neu… Madrilera joan behar izan ginen, Euskal Herrian ez genuelako ekoizterik lortzen. Hori asko aldatzen ari dela egia da, baina nik nire lehenengo pelikulak han errodatu nituen, eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bakar bat ere ez nuen jaso.


Euskal gatazka zeharka ukitzen duen film bat badaukazu (A ciegas) eta besteren batzuk ere egin dira, baina nire ustetan gehienak nahiko artifizialak. Bereziki gai zaila al da jorratzeko?


Nik pelikula buñueliarra egin nuen, ez zuen errealista izan nahi. Baina betitik asko erakarri nauen gaia da. Ikuspuntuarekin asmatu behar da eta hori argi daukadanean terrorismoari buruzko pelikula egiten saiatuko naiz, lehenago ez.


Eta nolako filma izango litzateke? Nola ikusten duzu euskal gatazka?


Enkistatua ikusten dut. Treguarekin pentsatu nuen nonbaitera irits zitekeela, baina badirudi ezetz. Egoera oso enkistatua dago, hori da hitza. Ez doa inora eta inora joateko itxurarik ere ez dauka. Baina etorkizunak esango du. Gauzak azkenean edo zentzua daukate edo beren kabuz hiltzen dira; iruditzen zait dagoen ikuspuntua nahiko anakronikoa dela.
Nortasun agiria
Guraso euskaldunekoa, Bartzelonan jaio zen arren Hondarribian (Gipuzkoa) eman zituen haurtzaroa eta nerabezaroa, eta “Aiako Harri ingurua, Artikutza, Bianditz…” oso gogoko ditu, mendiaren eta ehizaren zale baita betitik. Gaztetan AEBetara joan zen beka batekin, Brooklyngo Prat Arte Eder Institutuan eta New Yorkeko Zine Unibertsitatean ikastera. Hainbat film labur eta bideoklipen –Ruper Ordorikaren bat tartean– ostean, Salto al vacío film luzea zuzendu zuen 1995ean. Barakaldo inguruko gazte marjinal batzuen bizitza gogorra kontatzen duen pelikula horrekin sari ugari jaso zuen eta lan oso pertsonalez betetako ibilbidea abiatu zuen: Pasajes, A ciegas, Asfalto, Guerreros eta Ausentes zuzendu ditu ordutik.
Coca-Cola Hollywooden
“AEBetan, azken bederatzi hilabeteotan gidoiko aldaketekin egin dugu lan, bilera asko antolatzen dituzte eta horietan nahi dutena da zuk zure ukitu pertsonala ekartzea. Asmoa da euren marka egiten jarraitzea, baina zapore bereziekin. Coca-Cola 0, Coca-Cola light, kafeina gabeko Coca-Cola… balitz bezala, beti Coca-Cola, baina zapore desberdinekoa, horregatik daramate kanpoko jendea, ukitu berrien bila”.
Najwa Nimri
“Elkarrekin lan egiten genuenean nahi nuena imajinatzeko aukera ematen zidan: pertsonaia oso desberdinak antzezteko gai da, transformatzeko erraztasuna du, eta erosotasun kontua zen, Sestaoko giro marjinaletako neska bat edo Madrilgo emakume sexy bat antzezteko gauza zelako”.
Kritiken mozkorra
“Kritika oso onak eta oso txarrak izan ditut, baina kritika beti baikorra iruditu zait, baita oso txarra izan denean ere. Hain justu, kritika ezkorretik gehiago ikasten da –inteligentea bada eta ez kritika gaiztoa eta mingarria–. Izan ere, arrakastek mozkortu egiten zaituzte, ikuspegia ez da guztiz garbia”.
AZKEN HITZA
Diskoloa
“Sariak oso ondo daude, batez ere hasten ari zarenean. Gero bakoitzak bere bidea egin behar du. Nik ez ditut sari gehiegi jaso, jaialdi askotan egon banaiz ere oso diskoloa izan naizelako eta jendeari gustatzen zaio saritzea ongi portatzen dena; oso ongi portatzen ez bazara zailago jartzen dizute”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Zinema

Zinema kanaletik interesatuko zaizu...
Helena Taberna
"Nire herrian oinarritutako zinema egitea gustatzen zait"

Euskadiko Filmategiak Helena Tabena zinemagile altsasuarraren inguruko liburua argitaratu du, eta haren lanaren atzera begirakoa antolatu du Donostian eta Bilbon.


2018-10-09 | Uztarria
Xanti Rodriguez zuzendari azpeitiarraren 'Lekaime' film laburra, Sitges-eko festibalean

Sail ofizialaren barruan film laburren atalean lehiatuko diren hamar lanak eman dituzte asteburuan Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdia, tartean azpeitiarrarena.


Maider Oleagaren 'Verabredung': Berlinen gurutzatzen diren historiak

Verabredung filmaren kritika. Zuzendaria: Maider Oleaga. Urriaren 6an Lekeitioko zinema aretoan eman zuten, 41. Euskal Zine Bileraren irekiera ekitaldian.


Oreinako zubia

Hor egon behar zuen Khalil eta Martinen aurrean baina ez dago, zorionez. Pelix Bereziartua eta Maria Luisa San Sebastianen Uriberri baserrian zaude, ongi etorria paradisuaren atari honetara. Laulad Ahmed Salehren ezkerreko sorbaldaren parean ageri den kainaberadia da hasi, aurreratu baina bukatu ez zuten zubiak utzitako arrastoa, justuan huts egindako krimenaren froga: Oria ibaiak bere bidea aldatu zuen zubia eraikitzeko bete-lanaren eraginez.


2018-10-08 | ARGIA
'Oreina' filmaren emanaldi bereziak antolatu dituzte urrian

Donostiako Zinemaldian euskal film onenaren saria eskuratu eta Euskal Herriko aretoetan estreinatu ondoren, nazioarteko jaialdietara begira jarri da Koldo Almandozen Oreina filma. Gainera, zenbait emanaldi berezi prestatu dituzte hilabete honetan, Euskal Herriko aretoetan.


Katti Pochelu. Zine geletan eragin nahian
"Badakigu euskal zinemak publikoa duela Ipar Euskal Herrian"

Gastibeltza Filmak, euskal zinema ekoizteko eta banatzeko helburuarekin sorturiko enpresa berriaren langilea dugu Katti Pochelu hazpandarra. Maiatzean aurkeztu zuten egitura berria eta buru-belarri dabiltza orduz geroztik, Senperen kokaturiko bulegoan: “Behintzat alde horretatik ez gara pobre, lana badugu”, dio irriz. Euskal zinemagintzaz aritu gara hazpandarrarekin, gaur egungo egoeraz zein biharko nahi lukeen errealitate kulturalaz.


Esperimentu bat irabazle, erraldoi digitalak sumatzen hasi diren edizioan

Zarata handirik egin gabe, Isaki Lacuestak dagoeneko bi Urrezko Maskor eskuratu ditu Donostiako Zinemaldian hamarkada honetan. Lehenbizikoa aski eztabaidagarria iruditu zitzaidan, 2011n Sail Ofizialera ekarri zuen Los pasos dobles-i asmo handi samarreko lana izatearen traza hartu bainion; intentzio puztu samarrak, gero zehazgabetasunean itotzen zen pelikula batentzat.

Justu kontrakoa esan behar dut, ordea, aurten podiumera eraman duen Entre dos aguas filmaz, zeina adibide bikaina den... [+]


Kapuscinski garaile

Ez da ohikoena animaziozko dokumental batek lortzea publikoaren saria. Baina Another Day of Life ere ez da ohiko animazio lana. Hasteko, Ryszard Kapuściński gerra-kazetari handia duelako abiapuntu (haren Egun bat gehiago bizirik liburua eta hitzak ditu oinarri pelikulak), eta gainera, Raúl de la Fuente nafarrak eta Damian Nenowk zuzendutako obra gai delako, animazio bidez, ikuslea hasieratik amaierara harrapatzeko eta Angolako gerran bete-betean sartzeko; gerraren horrorea,... [+]


2018-10-04 | ARGIA
Transformatuta abiatuko du 41. edizioa Lekeitioko Euskal Zine Bilerak

Indarberrituta hasiko da Lekeitioko Euskal Zine Bilera larunbat honetan: iaz 40. Urteurrena bete ondoren, 40+1 edizioan “Euskal Herrian euskaraz egiten den zine bileraren berrinterpretazioa” prestatu dutela iragarri dute antolatzaileek. Urriaren 6tik 12ra bitartean ospatuko da.


Analisia
Esperimentu bat irabazle, erraldoi digitalak sumatzen hasi diren edizioan

Zarata handirik egin gabe, Isaki Lacuestak dagoeneko bi urrezko maskor eskuratu ditu Donostiako Zinemaldian hamarkada honetan. Lehenbizikoa aski eztabaidagarria iruditu zitzaidan, 2011n Sail Ofizialera ekarri zuen Los pasos dobles-i asmo handi samarreko lana izatearen traza hartu bainion; intentzio puztu samarrak, gero zehazgabetasunean itotzen zen pelikula batentzat. Justu kontrakoa esan behar dut, ordea, aurten podiumera eraman duen Entre dos aguas filmaz, zeina adibide bikaina den erakusteko... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude