«Literaturan handikeriak barregura ematen du»

  • Garraiolaria hilda dago, zerbitzugune batean aurkitu dute. Martini eskatu diote haren kamioia hartzeko eta bidaia bukatzeko. Zaratarik gabeko autobidea eraiki dio Pello Lizarraldek (Zumarraga, 1956) Iragaitzaz –ilunbistan– nobelan. Istripurik izaten ez duen narratzailea da, helmugara konturatu gabe eramango zaituena. Liburua sinetsi egingo duzulako. Oso gertakari “normalak” kontatzen dituelako, kontu “interesgarriak” bide bazterrean utzita.
Pello Lizarralde
Pello LizarraldeJosu Santesteban

Bitxikeria gutxi nobela honetan. Kendu egin al dituzu?


Kendu baino, hasi aurretik badakit zer ez dudan sartu behar, eta gainera ez zait batere kostatzen kentzea. Dena dela, esango nuke sintesi lana egiten dudala gehiago, hasiera hasieratik muinera joan; horrela ez da bitxikerian erortzeko tentaldirik izaten. Niri istorio “interesgarriak” ez zaizkit batere interesatzen; afalosterako ongi daude, denoi gustatzen zaizkigu txisteak eta gertakari xelebreak, baina niri interesatzen zaidan literatur lanak ez dezake horrelakorik sartu. Interesatzen ez zaidan leku batera eramango ninduke horrek.

Funtsa ateratzea interesatzen zait. Askok esan izan didate nire liburuez, “hau bizi dugunetik oso hurbil dago”. Baina horretarako funtsezkoenera jo behar duzu, bestela adornoetan eta efektuetan galtzen zara. Horiek ez dute zirrararik eragiten, deigarriak dira eta irakurtzen duenak harritu aurpegia jartzen du, baina etorri bezalaxe joan egiten dira. Nik irakurtzerako orduan esperientzia bat sentitu nahi dut eta irakurleek esaten didatenean horrelako zerbait sentitu dutela konturatzen naiz nahi nuena lortu dudala. Irakurlea zegoen lekutik pixka bat ateratzea agian asmo handiegia da, baina, nik uste, horretaz konbentzituta hasten naizela idazten.


Idazleak bere esperientzia pertsonaletik idatzi behar duela esan zenuen Volgako Batelariak blogean duela urte batzuk. Garraiolaria da liburu honetako protagonista; garraiolaria zeure aita ere. Zenbat dago nobelan esperientzia pertsonaletik?


Egin nezakeen, oso erraz gainera, nostalgiaren bidetik aitarekin bizi izan nituenen kontakizuna. Ez ahaztu gainera autoestopista izandakoa naizela: milaka kilometro egin izan ditut eta herri askotako garraiolariak ezagutu ditut. Horiek hartu, bildu eta kontatzen hasi nintekeen. Ez dut bide hori hartu; hortik urruntzen saiatu naiz eta esfortzua egin behar izan dut istorioa gaur gaurkora ekartzeko. Alde horretatik autobiografiatik gutxi dauka, ez du jasotzen niri gertatua; baina, aldi berean, hori esatea gezurra da: bizi izan dudanak balio izan dit hau idazteko, baina ez hala gertatu delako, hala jaso dudalako baizik.

Dena da beti autobiografikoa, bestela gezurretan ari zara. Eta gezurretan ari zara ustez oso gauza interesgarriak kontatu nahi dituzunean baina zugandik oso aparte daudenean. Horregatik ez dut sinesten idazle konprometituan: idazle engaiatua askotan burgesa izaten da, urrundu eta ez dakit zeren edo noren alde egin nahian. Neure buruari egin diezaiokedan mesederik handiena naizen bezala agertzea da. Ez dut inoren eta ezeren errebindikaziorik egingo. Ahaleginduko naiz nire bizitzatik besteenetara joaten, baita alderantzizko bidea egiten ere. Egiatasuna bilatu behar dut eta horretarako ezin naiz bestela agertu; ezagutu izan ditut garraiolariak, ezagutzen ditut orain ere batzuk, eta pentsatu nahi dut haiekin nagoenean zerbait banaizela. Liburuan dagoen guztia kezkatzen nauelako dago, ikusi, entzun eta sentitzen dudalako; ez naiz inoren alde ateratzen, ez dut erretraturik egin nahi; nire kezkak ere badituen norbait jarri nahi dut, egiazko norbait.

Liburuak Martin protagonistaren bidaia kontatzen du; heriotza batek eragiten du berak bidaia hori egin behar izatea, eta amaieran beste heriotza bat azaltzen da. Horrela esanda road movie bat espero liteke, bidaiaren esanahi iniziatiko eta guzti. Ez dut sentsazio hori izan. Zein da bidaia honen zentzua?


Hemen dagoen errepidea ez da Jack Kerouac-ena. Asko interesatu zait beti Ipar Amerikako errepidearen mitoa, gainera uste dut hanka bat testu klasikoetan duela, western generoak bezalaxe. Oraindik ere western-ak kontatzen dira nahiz eta beste itxura bat eman, eta nahi baduzu liburu hau izan liteke western triste bat. Genero horretan nik uste bilaketa bat dagoela: protagonista abiatzen da nora doan oso ondo jakin gabe, baina susmoa du bukaeran zer edo zer izango duela eta bidean argi pixka bat aurkituko duela. Martinen bidea aldiz, laberintikoa da: galduta dago, badaki nonbait sartu dela galdera ikaragarri batek bultzatuta, baina ez daki aterako ote den. Heriotza batek bere heriotzaren kontzientzia ekarri dio. Maite duzun norbait hiltzen zaizunean haren hutsunea sumatzen duzu eta horregatik sufritzen duzu; baina, nik uste, benetako oinazea, kezka eta ardura izaten dela haren heriotzak jartzen dizula zurea begien aurrean. Heriotza oso tarteka egiten zaigu kontziente, gordin. Martinek hildako bat hartzen du, heriotza bera begien aurrean edukitzeko.

Martinek bestearen kamioia entregatzen duenean, hildakoaren zirkulua ixten du eta beste bat hasten du: berea. Hori inork ez daki nola bukatuko den, berak ere ez. Labirinto horretan dabil galduta.


Elkarrizketek arreta deitu didate. Pertsonaiek ez dute pisuzko ezer esaten...


... hutsalak ematen dute, transzendentziarik gabeak.


... bai, baina era berean, horren atzean iradokitzeko aukera asko utzi dituzu. Nola egiten da hori?


Askotan galdetzen didate. Ez dakit, ez dago teknikarik horretarako. Ez zaizkit gauza transzendentalak gustatzen. Letra larriak ez du eguneroko bizitzarako balio. Heavy musikarekin horixe gertatzen zait: gitarra jole horiek ez dakite zer jo nahi duten, hatzak oso azkar mugitzen dituzte, baina ez dute niri gustatzen zaidan ezer jotzen, mezan baleude bezala ari dira. Horrek barregura ematen du. Literaturan handikeriak barregura ematen du. Konbentzitu nahi baduzu, txikitik egin behar duzu; txikitik harrapatu dezakezu irakurlea lepotik eta nahi duzun tokira eraman. Beste batzuetan ez duzu lortzen, dudarik gabe. Emozio ikaragarriak eta bitxikeriak nahi dituena, xelebrekeriak gustuko dituena, gertaera harrigarrietan murgiltzea gustuko duena, aurreneko lerrotik aspertuko da hemen eta liburu hau somnifero bezala erabiliko du.


Arrisku hori aurreikusia duzu beraz; alegia, irakurketa oso testuala egiten duenak ez duela gustuko izango.


Dudarik gabe, baina ni galtzaile ona naiz. Badakit zer arrisku hartzen ditudan eta norbaitek esaten badit seko aspertu dela eta ez duela orri bat pasatzerik izan, arrazoia emango diot, horretarako bidea badagoelako. Idaztean arriskuak hartzen dira. Txikitik konbentzitu nahiak horrelakoak ditu. Heavy zale asko dago, eta folk-rocka eta country-rocka gustatzen zaigunoi detaile txikiekin konbentzitzea gustatzen zaigunez... baina ez dakit konparazioak balio duen.

Bai, jarrai dezagun ildo horretatik: kamioi eta errepide giroko nobelan isiltasun sentsazioa nagusi. Esan, zer musika jarriko zenioke nobelari?


Ez nioke musikarik jarriko, ze nik honekin egin nezake film bat; norbaitek hartuko balu eta esan film bat egingo duela debekatu egingo nioke musika sartzea, ez bada zuzenekoa. Zinema modernoan Wim Wendersek-eta esaten zuten “zuzeneko musika ez bada, ez ezer sartu”. Pertsonaia autoan doala irratia piztu eta musika entzuten bada, hura jasoko du pelikulak, baina soinu bandarik ez du izango. Musika irudi hutsak lortu ezin izan duena betetzeko eta markatzeko erabiltzen da. Isiltasuna oso astuna egiten da, azken batean, barruan daukagun galdera ikaragarri horrek beste erantzunik ez duelako: isilik egotea. Film asko jarri nitzake adibide gisa, baina Jaime Rosalesen La soledad aipatuko dizut. Hor badago atentatu bat oso modu harrigarrian eta soilean kontatua...

... autobus bat lehertzen da...


... horixe. Hurrengo sekuentzian bazkaritan ari da ama hori, semea galdu berri duena, beste birekin, eta esaten duten guztia da “entsaladak badu gatzik?”. Baina ongi pentsatuz gero, horrelako gauza ikaragarri bat gertatu eta gero zertaz hitz egiten duzu? Atentatua analizatzen hasiko al zara? Edo ez dakit zer arrazoi pertsonal eta politiko ematen? Ez. Ez daukazu hitzik horretan sartzeko. Oinazea eta harridura hain dira handiak, esaten duzula “gatza falta zaiola uste duzu?”. Besteak burua mugitzen du, eta ez da besterik. Etxea hutsa dago, argia sartzen da leihotik eta ez dago beste hitzik. Ez dago bestela hurbiltzeko modurik. Horrelako egoeran ez dago hitz egiteko gogorik, ez ahalmenik, ez ezer. Norbait hiltzen denean zer gertatzen da? Edo egiten duzu gauza bat oso parodikoa eta oso barregarria, edo jo behar duzu erabateko kontentziora, ia mututasunera. Handiagora joko banu, ziur nago gorrotatzen ditudan beste bi gauza egingo nituzkeela: zerbait sentimentala, eta gorroto dut sentimentalismoa; edo melodrama, eta horiek hamar minutuz negar egiteko eta gero ahazteko balio dute, baina konbentzitzeko eta asaldatzeko ez. Eta nik hori eragin nahi dut.


Martin pertsona bakartia da, zure beste pertsonaia asko ere bai.


Azkenean denok bakarrik gaude gauza batzuen aurrean, eta jendez inguratuta gaudenean ere galdera garrantzitsuei guk eman behar diegu erantzuna. Heriotzaren aurreko hausnarketarik egin ez baduzu eta ez badakizu prestatua zauden edo ez, inork ez dizu lagunduko. Azkenean zu bakarrik hilko zara. Denok bakarrik hiltzen gara. Besteek laguntzen digute, dudarik gabe, elkarrekin egotea eta elkarrekin pentsatzea da gizakiak daukan salbazio bakarrenetakoa. Liburuaren sarreran dagoen Albert Caracoren aipuak horixe dio: “Hil behar duen jendea maite dugu, eta maite dugu soilik hilkorrak izanik mehatxatuta sentitzen garelako”.

Larrepetit-ekin Euskadi Saria eta Kritika Saria irabazi zenituenean esan zenuen kazetariok lehen ez bezalako arreta eskaini genizula. Hau idaztean presioa sentitu al duzu?


Niri beste jende guztiari bezala gustatzen zait kasu egiten didatenean, baina kasu gehiegi egiten didatenean ezinegona eragiten dit, ez zait gustatzen hainbeste jende gainean egotea denbora puska batean. Hilabete batzuk iraun zuen horrek eta azkenerako burua nahi ez duzun toki batean jartzen zaizu. Txorakerietan pentsatzen hasten zara, idazte hutsarekin zerikusirik ez duten gauzak dituzu buruan eta horrek aztoratu egiten nau. Beraz, liburu berriarekin hasi nintzenetan konturatu nintzen inoiz baino lasaiago egon behar nuela, bestela txorakeria handiren bat egingo nuelako. Inoiz baino ahalegin handiagoa egin behar izan nuen, harik eta jakin arte zer idatzi behar nuen eta ez zer idatz nezakeen. Bihar bertan idatz dezaket liburu bat eta desastre hutsa izango da; orduan nire buruari esan nion: “egon hadi lasai eta ez ezak idatzi konbentzituta egon arte”. Itzultzeak eta irakurtzeak lagundu zidan. Badakizu bizitza normala egiten duenak, burua hor daukanak eta literaturaren harrak jota dagoenak azkenean zerbait bota beharko duela. Oso-oso gaztea zarenean odola borbor hasten zaizu eta egin behar ez direnak egiten dituzu, baina zorionez niri honek guztiak adin batekin harrapatu nau. Horrek ere lagundu egiten du.

Behin baino gehiagotan esan izan duzu interesa pizten dizuten euskal idazle gutxi ikusten duzula. Zer irakurtzen du Pello Lizarraldek?


Gauza asko, baina ez dizkizut izenak emango memoria oso ona dudalako eta zerrenda luzea bota nezake. Astero inguratzen naiz liburu dendetara, jakin min handia dut. Badira txorakeria asko esaten dituztenak, “40 urtetik aurrera nobela irakurtzen duena ez da irakurle heldua” eta horrelakoak; ni oso nobelazalea naiz, saiakera ere irakurtzen dut baina gutxiago; eta poesia garai batean asko, baina orain askoz gutxiago. Irakurzale naizen aldetik idazle asko nahi nituzke gustuko izan, euskaraz ala erdaraz. Baina ez ditut topatzen, ez bakarrik euskaraz, bestela ere ez. Seguruenik bizi dugun mundu honek krisi latz bat ekarri du sormenean. Arrazoietan ez naiz sartuko, ez dakit analizatzen. Mina ematen dit, euskaraz ari diren idazle asko ikusi nahi nituzke, gazteak, berriak eta interesatzen zaizkidanak, baina oso gutxi daude. Badira bakan batzuk baina...

Adibidez?


Ez dizut izenik emango. Aitortu behar dut nire ustez euskaraz izan den idazlerik handiena Ramon Saizarbitoria dela. Ez daukat zalantzarik, idazle handia da eta bere izena lasai botako dut. Gazteak badira batzuk, baita aspaldi ezer idatzi ez dutenak ere. Poz handia eman zidan, esate baterako, Sautrelako grabaketa egitera joan, Xabier Gantzarainekin eta Jon Benitorekin hitz egin eta ikustea ze literaturzaleak diren. Azken batean nik uste dut literaturaren gaitz hauek guztiak irakurzaletasuna gutxitzetik datozela. Oso idazle gutxi dago oso gutxi irakurtzen delako, besteak beste. Eta argitaratzen duten horietako asko nire ustez oso irakurle kaxkarrak dira, oso gauza gutxi irakurtzen dute edo gehien saltzen dena. Normalean, ez beti; salbuespenak badaude. Irakurzaletasunik ez dagoen honetan normala da idazle ikaragarririk ez ateratzea. Adinean behera egin ahala irakurle kaxkarragoak daudela uste dut. Askotan aipatzen dut: orain oso ezagunak diren obrak euskal idazle askok 20 urte inguru zituztenean idatzi zituztela, eta ez ziren edozein gauza. Berehala ikasi zuten, urte asko zeramatzatelako irakurtzen. Irakurritakoa beren iragazkitik pasa zuten eta denok ikasi dugu hortik, baita imitatu ere. Uste dut William Faulknerrek esan zuela “imita ezazu gelditu gabe harik eta zurea topatu arte”. Baina hori bukatu behar da, behin urte batzuk beteta ezin da behin eta berriz errepikatu.
Hego Amerikako literatura
“Ez zait batere interesatzen. Garai batean asko irakurri nuen baina gero nire bizitzatik oso aparte ikusi nuen, hori da Hego Amerikako estilo batzuen gaitzik handienetakoa. Hainbeste arrakasta izan duten mundu fantastiko horiek literatura plazebo bat ekarri dute. Istorio gustagarriak, ‘ai, ze bitxia’, batez ere istorio sentimentalak, istorio edulkoratuak, istorio penagarriak”
Exotismoa
“Oso indarrean dago eta oso kaltegarria da literaturan. Imitatzen da ulertzen ez dena, hain zuzen exotikoa delako, harritzen zaituena baina zuk bizi ez duzuna. Literatura erabili daiteke ebasiorako, urruntzeko... Baina nik inguratu egin nahi dut garen –edo naizen– horretara. Horretan Txekhovek edo Carverrek laguntzen didate, baina ez García Márquezek. García Márquez maisu handia izan da, baina ez da nire maisua izan”
Sei urteko sendaldia
Sei urte pasa ditu Lizarraldek nobelarik argitaratu gabe. Zertan aritu den? Sendatzen. “Sendaldia” behar izaten du liburu artean. “Zorionez batere estutzen ez nauten editoreak izan ditut, oso editore diskretoak, sekula ‘zertan ari haiz?’ edo ‘zer asmo dituk?’ galdetzen ez dizutenak”.

Baina eskuak ez ditu inoiz geldi izan. Natalia Ginzburgen Arratseko ahotsak (Igela 2003) eta Giani Celatiren Denak hasperenka (Igela 2005) itzuli zituen. Eta irakurri egin du, noski. Idaztea baino askoz hobea iruditzen zaio, kargatu egiten du. Ez du tesietan oinarritutako literatura idatzi orain arte, “ezta sekula idatziko ere”, erantzunen ordez galderak etortzen baitzaizkio gogora; horietako batean murgiltzen da ondoren.

Orduan, irudia etortzen da: Larrepetit-en gizon bat zen, zubi gainean euripean, ibaira eroritako auto bati begira. Txikitatik zuen buruan. Oraingoan albiste batetik etorri zaio, berarentzat ezohikoa den bidetik: garraiolari bat hilda agertu da zerbitzugune batean. Ia bederatzi hilabeteren ondoren erabaki zuen hor liburu bat zegoela. Horixe Iragaitzaz –Ilunbistan– nobelaren istorioaurrea.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude