argia.eus
INPRIMATU
Europaren traizioa
Aitor Zabaleta 2013ko maiatzaren 02a
Aitor Zabaleta
Aitor Zabaleta
Sekula ez zaizkit begirada haiek ahaztuko. Laurogei inguru ziren, denak beltzak, gazteak, atleten gorpuzkerakoak, atentzioa emateko moduko mutilak. Komisariako kanpoaldean zeuden, elkarren ondoan lurrean eserita, isil-isilik, inguruan bueltaka polizia nazionalak zituztela. Aurreko egunean heldu nintzen Melillara. Esnatu bezain laster jakin nuen etorkin talde handi batek alanbrezko hesia pasa zuela, goizeko zortzietan komisariaren atarian nengoen, telebistan eta argazkietan horrenbeste aldiz ikusitakoa aurrez aurre nuen.

Hala ere, guztiz irreala iruditu zitzaidan egoera, lekuz eta denboraz kanpo Mediterraneoko udazken goiz eguzkitsu hartan. Zuzeneko lekuko pribilegiatu barik, beste mundu batean ikusi nuen neure burua, egiazkoa ezin zitekeen esklabuen pelikuletako eszena baten ikusle, beltz gizajoak zuri ahaltsuen eskuetan.

Hogei urte daramazkit kazetari lanetan, eta sekula ez dut orduko zirrara sentitu beste inon. Lur jota zeuden etorkin afrikarrak, nekeak eta tentsioak leher eginda. Ez zuten hitz egiteko indarrik ere, arropak apurtuta, zangoak eta besoak zauriz beteta. Lehorrera arrastaka heldutako naufragoak ziruditen, edo tortura gelatik atera berriak.

Tente egoteko ere ez ziren gai, baina niri heroiak iruditu zitzaizkidan, epopeia moderno bateko titan menderaezinak. Hil edo biziko bidaiaren helmugan zeuden behingoz, baina han ez zegoen alaitasunik, sufrimendua baizik, sekula ikusi ditudan begirada triste eta hunkigarrienak.

Ordutik hiru urte pasa badira ere, askotan ditut gogoan etorkin haiek. Non egongo ote diren, zer bizimodu izango duten... Azken egunotan berriz etorri zaizkit burura, Europar Batasunak immigrazioa arautzeko neurri berriak hartu dituela eta.

Paperik gabekoak hamazortzi hilabetera arte eduki ditzakete “erretenituta”, nahiz eta deliturik egotzi ez, edo epaileen erabakirik ez egon. Kanporatu arteko bitarte horretan, ez dute defentsarako aukerarik izango, legearen pisua tonaka eroriko zaie gainera.
Eskuindarren eta liberalen asmoa uste baino errazago onartu du Europako Parlamentuak, espainiar sozialista moderno eta sinpatikoen babesarekin. Zeinek eta Europak, milioika etorkin munduan barreiatu dituenak, bere burua traizionatu du, eta gaizkiletzat hartu ditu aukera hobeen bila datozenak. Aberats berrien Europak azkar ahaztu du nondik datorren, zelakoa den bere historia.

Ez du gogoratu nahi belaunaldi bakar batek banatzen gaituela gerratik eta gosetik. Duela 50 urte Alemaniara eta Suitzara emigratu zuten hiruzpalau milioi espainiarretatik gehienek ez zeukaten paperik, turista modura sartu ziren. Nahi nuke jakin zelan iritsi ziren Ameriketara milioika irlandar eta italiar. Melillan ikusi nituen afrikarren antzera, seguruenik. Paperik gabe.

Ez zait ahaztuko haietako batek esan zidana: “Zure etxea sutan badago, ez duzu baimenik eskatzen atetik ateratzeko edo leihotik salto egiteko. Horixe gertatu zaigu guri”.