Antzerkia eta bertsoa sormen bideak kitzikatuz

  • Amikuzeko Kitzikazank antzerki taldeak Hernanin eskaini zuen orain aste bi Loreak mendian, ondarkinak lurpean eta bideak gainean antzezlanaren azken emanaldia. Mattin Irigoienek idatzi eta zuzendutako lan honetan Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak izan zituzten bidelagun taldeko aktore gazteek eta, besteak beste, aldaketa klimatikoaren inguruko kezka helarazi zieten ikusleei umorez eta poesiaz zipriztindurik.
Kitzikazank
KitzikazankHernaniko Kronika
Sartuko zara aretora eta Mattin Irigoien topatuko duzu ikusleak eserlekuetan banatzen. Zer edo zer diferentea jasotzeko atarian zaudeneko lehen seinalea. Hernaniko Biteri kultur etxean zegoen jarrita hitzordua, eta espazioaren ezohiko moldaketak egin zien ikusleei harrera: aretoko eskenatoki txukuna baztertu eta lurrean finkatu zuten jokatzeko espazioa, publikoaren pare, aulkiak zirkuluan eta erdian aktoreentzat espazio txiki bat. Amateurtasunak, azpiegitura handietatik egotzia izanagatik, esperimentatzeko gaitasuna eta borondatea badituenaren seinale? Argiak itzali, eta etorri ziren erantzunak.

Zortzi agerraldi ziren hitzartutakoak, aktoreek rolak banatzen zituzten haien artean, eta baita gaia puntuz puntu arakatu ere, ironia lagun. Agerraldi bakoitzean fokoa hartzen ez zuten aktoreek ikusleen artean nahastuta espero zuten euren txanda, erdian gauzatzen zen akzio nagusia noiz edo noiz soinuekin, musika ttipiekin, presentzia fisikoarekin lagunduz. Eta agerraldien trantsizioetan bertsolarien tartea, aktoreek egin eta esandakoa jaso eta publikoari barneratzen laguntzeko. Bertsoa eta antzerkia lanabesetan pareko: dela ironia, dela poesia, dela erritmoa, dela zorroztasuna.

Oholtza gaineko emanaldi oro izan ohi da ezberdin antzezlana bera izanik ere, aldatzen delako publikoa, edo oholtza bera, edo jokalariak duen eguna, edo ustekabeen eragina… Kitzikazank taldekoek beste urrats bat eman dute emanaldi bakoitzaren berezitasuna azpimarratze aldera, izan ere emanaldiro bertsolari ezberdinek hartu izan baitute parte. Beñat eta Unai Gaztelumendiren aurretik izan zituzten bide lagun Xan Alkate, Joanes Etxeberria, Jon Martin, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio… eta abar.

Mattin Irigoienek gogoratzen duenez “interesantea duk guretzat ere, ez delako errepikapen hutsean erortzen, badelako beti erronka, ea hauek zer aterako duten; beti baduk deskubritze bat eta hori biziki interesantea duk gu ere aldian jokalari eta aldian publiko bilakatzen garelako”.

Edukiari dagokionez Irigoienek berak idatzitako testua hartu dute oinarri, eta talde lanean landu dute ostera. Testuak klima aldaketaren arazoa moda bilakatu izana salatzen du –eta are negozio edo norbanakoaren kontzientzia garbitze soil–, naturarekiko harremana eta birziklapena bezalako hitzen haritik. Ironia handiz gai horren inguruan guztiok izan ditzakegun kontraesanak eta hipokrisiak gelditzen dira agerian zortzi ataletan, eta bada intimotasunerako, aktorearen zintzotasunerako eta une poetikoentzako tarterik ere. Sortze prozesuaren inguruan Irigoienek aipatu duenez “nik testua sortu eta taldera ekarri diat. Gero irakurketa eta diskusio luzeak izan ditugu, forma orokorra bazian aurretik baina gero zuzendaritzak taldean sortu dik taula jokoa, espazioan kokatzea eta pertsonaien sortzea. Emeki-emeki testuan ahots solte direnak pertsonaia bilakatu dituzte jokalariek; testu bati edo erreferentzia bati, galde, arrapostu edo esaldi batzuei edukia eta gorputza eman diete”.

Esperimentazioa bide

Kitzikazank taldean aktoreak gazteak dira, eta zenbaitetan lantzen ari diren antzezlana aztertzeaz gain antzerkia bera ere deskubritzen dute. Baina ez kasu guztietan, izan ere tartean badira Antton Lukurekin Hiru Punttu taldean aritutako zenbait, eta Kitzikazank taldeak berak bigarren ekoizpena du aurten aurkeztutakoa. “Talde honekin egin genuen antzerki bat orain bi urte, eta jadanik nabari duk beste heldutasun bat”. Taldea sortzearen garrantzia azpimarratu du Irigoienek, baita zuzendariaren erronken artean kokatu ere: “Menturaz taldea baduk edo ez duk, baina proiektuak antzezlana bera sortu ahala taldea ere sortzen dik, eta erronka gurea duk, denona. Denon artean egiten dugu lan gauza hau gero ikusleekin komunikazio izan dadin. Taula zuzendaritzaren beste erronka bat ere badela uste dut taldea sortzea, proiektu bat denon erronka bilakatzea eta ez bakarrik batena”.

Esperimentazioaz ari garela bertsolariekin sortzen den harremanak eta publikoa espazioan banatzeko moduak berak pisu handia dute lan honen planteamenduan. “Forma hori nonbait jadanik esperimentatua izan duk Iparraldean. Azken esperimentazioak beti Antton Lukuren eskutik etorri dituk, Hiru Puntturekin egin dutenean. Hori plaza antzerkia duk guretzat, tobera, libertimendua edo maskaradatik arras sortzen dugun gertutasun bat. Jadanik herri antzerkian diren forma batzuk, baina nola fosilizatuak-edo heldu zaizkigun, errepikapen hutsean geldituak, guk forma horren hurbiltasun naturalari erreparatzen diogu. Hori duk deskubritzea ikusleak partaide direla, eta bertsolariak emango dik bere lekua horretarako”. Urrun dago ordea uztarketa hauek egiteko gogoa nahaste hutsetik. “Ez duk instituzioetan edo profesional munduan kultura administratzen duen jendeak bultzatzen duten espresabideak uztartu eta nahasi eta holako performanceak, ez dugu egiten nahasteko, naturalki gauza bera baita guretzat”.

Amateurtasuna jarrera

Amateurtasuna zenbaitetan ez da egoera, jarrera baizik. Hau da, batzuetan amateurra izateak ez du zertan diru faltaren pareko izan behar, edo esperientzia faltaren pareko, edo ideia ausart eta interesgarriak ez izatearen pareko. Batzuetan amateurra izatea profesionalek erdiesten ez duten arriskua eta esperimentazioa baliatzeko aukera da, edo hori suma liteke bederen Mattin Irigoienek “amateur” hitza eta haren ingurukoak ahotan hartzen dituenean.

Amateur izaeraz ari garela “profesionaltasuna” hitzaren aldean egon daitezkeen muga lausoak hartu ditu hizpide Irigoienek. “Amateurtasunak ez dik definitzen antzerki mota bat eta profesionaltasunak ere ez. Nik uste diat jendeak biltzen direla proiektu batzuen inguruan, eta profesionala izateak edo amateurra izateak baldintzatzen dik biziki inpaktu eremua, hedapena.

Amateurtasunaren barruan ere ikusi ditut gauza batzuk antzerki deitura merezi ez dutenak menturaz”. Hedapenean izan ditzaketen mugak gorabehera, antzerkiaren balioa bestelakoa da. “Gu saiatzen gaituk antzerkia egiten nahiz eta amateurrak izan, gure mugekin kontziente gaituk. Guk egin dugun antzerki honek posible zuen gehiago ibili, baina jadanik nahi zuenak ikusteko posibilitatea izan dik, badakigu publiko guztiarentzat ez dela eta egitea jada garaipena duk”.

Profesionalen mundua bere tranpa propioetan sartua da apika, administrazioarekiko lotura lotesleen eraginez sarri. “Profesional munduko lanak ere ikusten dira oso antzuak antzerki aldetik, eta uste diat badela beti ere administrazio hizkuntzak arrunt kutsatua duela kultur hizkera, kultura merkatu bilakatu duela, kontsumismoak gaina hartu duela oroz bat. Aisialdia jendea okupatzeko gauza batzuk bezala pentsatzen da, eta hor jendea ari duk dirua biltzeko txostenak egiten, edo beren lanpostua justifikatzeko. Eta azkenean txostenen hiztegi hori bilakatzen duk denen hiztegia. Gaur egun prentsak orokorrean ere ez du bere lana egiten, eta zenbait media bilakatu dira, kultur arloan bederen, sorkuntza-difusio tresnak, bai taldeek bai instituzioek prentsa arduradunak dituztenez”.

Kultura arlo gisa eta sorkuntza aldentzen ari ahal diren garaiotan, Iparraldean sortuak dira beste korronte bat jarraitzen duten erreferentzia ttipiak. “Nik ez dut uste profesional arloan egiten diren lan asko kreazioak direnik, errepikapen huts batzuk dituk edo gauza berdinak moldatuak. Hori sortu egin den diskurtso bat duk, nehork ez dik pentsatzen zer den sortzea, zer den funtsa, zertarako egiten dugun gauza hori. Hemen antzerki amateurrean bagaituk zenbait horrela pentsatzen dugunak, nonbait ez gaudelako korronte horretan, nonbait aparte gaudelako, hizkuntza ere baztertua delako, euskaraz pentsatzea ere ia ezinezkoa delako, gure artean minoriaren minorian gaudelako”.

Amateurtasunak izan ditzakeen muga guztien gainetik, euskara hutsean lan egin ahal izateko edo aldaketa klimatikoaren gaiaren inguruan sortzen ahal den hipokrisiaz hitz egin ahal izateko bidea behintzat eman die Kitzikazank taldekoei. “Horrela sortzen duk proiektu bat. Talde bat biltzen bada horren inguruan gero hori bururaino eramaitea da pozik handiena”. Antzerkia datuen zenbaketa soila baino, bidea bera ere izan daitekeelako.

ASTEKARIA
2008ko ekainaren 29a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude