ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 29a
Urriaren 25eko Herri kontsulta

Kontsulta Legea: aurten txupinazoa EHAKren esku

  • Astebete falta da Eusko Legebiltzarraren gainean zerua jausiko den ala ez jakin dezagun. Seguruenik halakorik ez da gertatuko, fisikoki bederen, eta bertan izango direnek lasai egin ahalko dute lo. Guztiek? Guztiek ez, Ibarretxe lehendakariak behintzat ez, eta berarekin batera Jaurlaritza osatzen duten EA eta Ezker Batuko kideek ere ez. Orrialdeotan, halaber, euskal kultura eta gizarteko zortzi herritar ezagunek Jaurlaritzak proposatutako kontsultaz duten iritziak bildu ditu Mikel Asurmendik.
Xabier Letona Biteri @xletona
2008ko ekainaren 22a
Zapatero eta Ibarretxe
Zapatero eta Ibarretxe
Hilaren 27an bozkatuko da Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzak aurkeztutako Kontsulta Legea. Hartu edo utzi, bai ala ez. Aurrera atera dadin, tarteko bideak ez du balio. Ezezkoaren aldean dira PSEren (18) eta PPren (15) parlamentariak, konstituzio harresiaren ostean ondo babestuak. Hirukoak 31 eta Aralarko boto bakarrarekin 32, eta PSEk eta PPk beste 32. Parra. Hori da ezagutzen dugun emaitza. EHAK-ko 9 legebiltzarkideen esku dago balantzak zanga handiaren alde batera edo bestera egitea.

Baiezkoa aterako balitz, teorian herritarrek jadanik aski ezagunak diren bi galderak erantzun beharko lituzkete datorren urriaren 25ean: lehena ETArekiko elkarrizketari buruzkoa eta bigarrena erabaki eskubidea egituratuko duen akordioa lantzeari buruzkoa. Kontsentsu nahiko zabala dago zerbaiten inguruan: galderek EHAKren baiezkorako atea zabaltzen dutela, besterik ez bada, 2004ko abenduan Estatutu Berriaren proposamenarekin Batasunak egin zuen bezala, baiezko kritikoa eskainiz.

Baiezkoarekin ezker abertzaleak badaki ondoren Espainiako Gobernuaren helegitea etorriko dela, eta badaki kasu horretan bere botoak jeltzale eta hirukoaren hauteskunde lasterketa sendotzeko erabiliko direla, ez baitu uste kontsultarik egingo denik, gainerako gehienek bezala. Baina badaki, halaber, horrek kontraesanak sor ditzakeela jeltzaleen artean, hirukoan edota Moncloa eta Ajuria Eneko harremanetan.

Ezezkoak Ibarretxe lehendakaria eta hirukoa oso egoera gaitzean jarriko lituzke, hauteskundeak aurreratuko lirateke berehalakoan –iazko irailean lehendakariak esandakoaren arabera behintzat– eta bere etorkizun politikoa erabat kolokan legoke. Euskal gizarteak ekimen honi sostengurik eman ezean etxera joango dela iragarri du, eta Eusko Legebiltzarra EAEko herritarren ordezkari den heinean, ondorioa begi bistakoa da. Edozein modutan, ez dago argi dimisioa kontsultako balizko ezezkoaren ondorio litzatekeen edo Legebiltzarraren ezetza ere etxera joateko aintzat hartuko lukeen.

Baina osoko bilkurara iritsi aurretik ere, proiektua zangotrabatzeko ahaleginen artean PPrena nabarmendu behar. 1998an Unidad Alavesako Enriqueta Benitok Arabarako egin zuen erreferendum proposamena ekarri dute mahai gainera, eta azpimarratzen dutenez, orduan abertzaleek Gernikako Estatutuak kontsultarako eskumenik ez zuela argudiatu zuten proposamenari ezezkoa emateko.

Horrez gain, Legebiltzarreko Mahaiak Kontsulta Legea bigarrengoz onesten badu, PPk agian helegitea jarriko dio Auzitegi Konstituzionalean, zuzenketarako eskubiderik ez dutela izan argudiatuz. Mahaiak, ordea, egin dezake horrelakorik, bai erabakia aho batez onartuz, bai gaiaren berezitasunak hala eskatzen duenean. Eta hirukoaren aburuz, gaiak badu nahiko berezitasun horrela bideratzeko. El Correo-k, adibidez, PPren jokaldi honek 27ko osoko bilkura bera uda ostera arte atzerarazi lezakeela aipatzen zuen duela bi aste. El País-ek, aldiz, joan den astean zioen Zapatero bera ari zela pentsatzen helegitea noiz aurkeztu, orain ala uda ostean, horretarako hiru hilabete ditu eta.

Madrilgo helegitearen funtsa

Argi dago arazoa ez dela juridikoa edo behintzat hori ez dela arlorik garrantzitsuena. Borondate politikorik balitz, arazo juridikoa bigarren mailakoa litzateke, eta dauden ikuspegi kontrajarriak eztabaida politikoaren eremuan jorratuko lirateke. Hori da azken finean urriaren 25eko kontsultarako eskatzen dena. Madrilek auzi juridikoa erabiltzen du arma gisa eta Jaurlaritzak balizko kontsultaren indarra. Legearen indarra versus zuzenean adierazitako herritarren borondatea.

Edozein modutan, honakoa da auzi juridikoaren muinean dagoen ideia borroka. PSOEren Gobernuaren ustez, lege proposamenak Konstituzioa urratzen du, erreferendumak Estatuko gobernuaren eskumena direlako eta, edozein kasutan, autonomia batek herri kontsulta bidez bideratutako erreferendumak Espainiako Gobernuko lehendakariaren baimena behar duelako. Konstituzioaren hainbat artikulu erabili ditzake horretarako, bai 92.a edota 149.1.32.a.

Eusko Jaurlaritzak, aldiz, Gernikako Estatutuaren 9.2 artikulua atera du kapelatik eta honen arabera, “Eusko Jaurlaritzak erraztu beharko luke bere herritarrek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzea”. Kontsulta ez dela loteslea argudiatzen da eta, beraz, erabat zilegi eta legezkoa. 2010erako proposatzen dena bai, hori loteslea litzateke eta ETAren biolentziarik gabeko testuinguruan gauzatzekoa.

Ez da burua asko berotu behar Auzitegi Konstituzionalak zer egingo duen edo arrazoia nori emango dion asmatzeko. Ondorengoak dira prozeduraren tempusak: Espainiako Gobernuak hiru hilabete ditu helegitea aurkezteko eta bere egutegirako gehien komeni zaionean egingo du. Konstituzionalak bost hilabete ditu erantzuteko eta, beraz, horrek esan nahi du baiezkoaren hipotesian, hauteskunde autonomikoak 2009ko urtarrilean edo otsailean izan daitezkeela.

Kontsultak Espainian eta munduan

Konstituzionalak hainbat arrazoi izan dezake Kontsulta Legea atzera botatzeko, baina ez da samurra izango ulertzea nola izan daitekeen zerbait konstituzionala Katalunia eta Andaluzian –hango estatutu berrien eskuduntzetan da herri kontsultarena– eta EAEn ez. Edozein modutan, Katalunian ere ez dago argi bertako gobernu autonomikoak edozer jarri dezakeen kontsultara Espainiako Gobernuko lehendakariaren baimenik barik. Apirilaren bukaeran bukatu zuen aurreproiektu legea Generalitateak eta datozen hilabeteetan Zapateroren jarrera ikusteko aukera izango da. Gaiaren zeruertzean da 2014rako Josep-Lluis Carod-Rovirak autodeterminazio erreferendumaz egin duen proposamena.

Gainean dagoena 2010. urtea da, eta hori da Eskoziako SNP alderdi abertzaleak independentzia erreferendumerako jarritako data. Funtsean, gizarte eskoziarrak begirunez ikusten du erreferenduma, eta inork gutxik jarriko du zalantzan horretarako eskubiderik badenik. Eskozian oposizioan dagoen alderdi laborista berak ere –independentziaren aurkakoa– ez du halakorik buruan. Laboristek erreferenduma ahalik eta lasterren egitea nahi dute, besteak beste ikusten ari direlako gero eta herritar gehiago ari dela independentziaren aldeko gurdi gainera igotzen.

Ezaguna da Suedian, Suitzan eta Amerikako Estatu Batuetan, besteak beste, maiz erabiltzen dela herri kontsultaren tresna. AEBetan legebiltzarrak onartutako edozein lege erreferendumera eraman daiteke herritar kopuru batek hala eskatzen badu: Kalifornian, adibidez, gobernadorearen azken hauteskundeetako boto emaileen %5ek. 26 estatutan herritarrek eska dezakete hautetsiak erreferendumez aldatzea, baldin eta azken hauteskunde egunean botoa emandakoen %25ek hala eskatzen badu. Suitzan edozein lege eraman daiteke erreferendumera, baldin eta legea onartu eta ehun egun baino lehen 50.000 herritarrek hala eskatzen badute.

EAJren baitako tentsioak

Baina tentsio guztiak ez dira alderdi abertzale eta ez abertzaleen artean. Jeltzaleen baitan ere ez dira gutxi izan tirabirak eta Ibarretxerekiko desberdintasunak. Esanguratsuena 2007ko uztailean Josu Jon Imaz artean EBBko lehendakari zela idatzitako “Ez inposatu, ez eragotzi” artikulua, su-etenaren ostean kontsulta egitea guztiz desegokia zela azalduz. Geroxeago ere, urrian, Bilboko alkateak argi adierazi zuen Radio Euskadin egindako elkarrizketan proposamenak ez ziola kilima berezirik egiten, besteak beste, akordio zabalagoen aldekoa delako eta EHAKren balizko sostenguarekin ateratzeak tripako mina emango liokeelako.

Azkenetakoa duela gutxi izan da, eta sonatua, Bilboko hitzaldi batean Jose Luis Bilbaok EAJ-PSE akordioaren aldeko apustu tinkoa egin zuen eta Jaurlaritzako hiruko gobernua agortutzat eman. Ezin esan Ibarretxe-Zapateroren bileraren ia bezperan halakoak adieraztea lehendakariari besarkada beroa ematea denik. Baina barne mailan desadostasunak eta eztabaidak dezente gehiago izan dira, eta sarritan hainbat buruzagi publikoren adierazpenetan ere azaleratu dira. EBBk ezin izan dio eutsi Ibarretxe lehendakariaren bultzadari eta, azkenean, honen lidergoa gailendu da. Eta horretan lagun izan du sektore soberanistena. Arriskuaren aldeko apustua egin du jeltzaleen egungo lider eztabaidaezinak eta emaitzak laster izango dira ikusgai.
Herriak, hitza eta bakea (Marije Arregi)
Bakea eta hitza zor zaizkio herriari. Ni horretan nago. Ibarretxe lehendakariak Jaurlaritzarekin Legebiltzarrean aurkeztu eta gizarteratu duen ekimenak herriari bakea ekartzeko urratsa izan nahi du. Inor zokoratu gabe, bakeranzko erabakia guztion artean eta guztiontzako hartzea du xede. Egon gaitezke nekatuta, aspertuta. Baina ez etsita. Hamaika hitz jaten dugu komunikabideen eltzetik. Orain, gure ordua da. Geuk hitz egin behar dugu esanez bakea benetako elkarrizketaren bidez egin behar dela, bai ETAri dagokionean bai Euskal Herri barruko harremanean bai Espainiarekikoan. Auzi honetan dena ez da libre. Luzamendutan ibiltzeak sufrimendu handiegia ekarri digu denoi. Galde diezagutela, eta herri-ordezkariek bete dezatela herriaren esana. Munduko beste aldeetan hala egiten da egiazko bakea. Eta gurean ere bai.
Giro politikoak landuago behar luke (Erramun Landa)
Galdeketak egitearekin ados nago, baina gauza normala izatea nahi nuke, erreferendumen falta dago. Adibidez, AHTz ere galdetu beharko litzateke. Galdetzeak ekimen normalizatua izan behar luke, ez gauza berezia. Galdeketaren normalkuntza gizarteratu behar da.

Garaia da denok apur bat emankorragoak izateko, baina tamalez elkarren aurka ari gara. Ez dago debaterik. Egungo giro politikoa botereak inposatua da. Esaterako, ematen du EAJk ez duela guztiz babesten Jaurlaritzaren ekimena, Ajuria Enetik bultzatutako betebeharra ikusten dut. Galdeketa egin ezean Ibarretxerenak egin duela dirudi: “Ez ahaztu nitaz, hau azken aukera da”. Galdeketa baldintza demokratikoak eta eztabaida politikoa zabaltzeko balitz, nik baietz esango nioke galdeketari. Galdeketak gogoetarako abiapuntua izan behar luke, galdeketaren kultura gizarteratzeko, baina giroa gizarteko beste esparrutan dago, politika oso geldoa ikusten dut, eta pena ematen dit. Giro politikoak landuago izan behar luke adierazpen askatasuna gauzatu dadin.
Konplotaren teorian sinesten dut (Anuntxi Arana)
Ibarretxeren kontsultako galdera nahasia iruditu zitzaidan; oso argia, aldiz, Espainiako Gobernuaren arbuioa: “non mina han mihia”. Handik laster Bordeleko atxiloketak gertatu ziren eta orduan zalantzarik ez: mihia ez zen aski eta minari enplastoa ezarri behar.

Ageri zen ETA tresna gisa erabili zuela Estatuak, ez da lehen aldia. Konplotaren teorian sinesten dut engoitik. Estatuak ETAk segi dezala nahia du, ez sobera indartsu, bistan da; eta halere ETA aitzina jotzeko prest.

Gerla txiki baino odoltsu horretan, euskaldun askok geure burua tinkaturik sentitzen dugu, intxaur bat bezala kraskagailuaren bi adarren artean. Badakigu zer kaltegarri zaigun holako borroka, baina beligerante bat pozik da eta besteari bost axola.

Jaurlaritzaren proposamena zentzuduna da eta baietza ematen diot, kraskagailua laxa dezakeelakoan. Lastima, beligerante batek edo besteak oztopatuko du.

Edo intxaur paranoiadun baten zinkuriak baizik ez dira hauek?
Herri hau ez dute politikariek eraikiko (Aitor Sarasua)
Urrun gelditzen dira bai Ibarretxe eta bai Jaurlaritza. Han, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba punta horretan. Eni, egia erran, egun guziz Berria irakurri eta Euskadi Irratiko berriak entzuten ditudan honi, hurbilago, baina oso gutxiengoa naiz Itsasun eta bere inguru hauetan.

Ilusio pixkat sortzen dit Euskal Herriaren zati bati autogobernuaz galdetzeak, beste bi zati nagusientzat erreferentzia izan daitekeelako, eta hemengo agintarien inkontzienteetan bederen eragin baikorra sortuko lukeelako balizko autogobernu nahiak. Baina garai hauetan, deskonfiantza ere sortzen dit Jaurlaritzak, EAJk, eta orain arte bezala bere interesak herri honen interesen aitzinetik ez ote dituen jartzen pentsatzen dut, ez ote diren hauek denak Ibarretxek eta EAJk protagonismoa ez galtzeko jukutriak.

Gainera, herri hau ez dute politikariek eraikiko, guk herritarrok eraikiko dugu.
Hauteskunde interesak alboratzeko ordua da (Sonia Gonzalez)
Euskal kulturak herri oso bat batzen du, ez da komunitate autonomo deritzon entelekia batena, ezta beste herri guztiz ezberdin bateko adierazpen folkloriko hutsa. Euskara eta euskal kulturaren biziraupena, gure herriaren garapen sozial eta ekonomikoa bezala, ezin dira erabaki eta egituraketa politikoetatik banandu. Euskal Herria nazioa dela denok gara jakitun, eta nazioa garen heinean, erabakitzeko eskubidea eduki beharko genuke, ezelango baldintza barik.

Baina erabakitzeko eskubidea ez da galdeketa hutsean hasten eta amaitzen, are gutxiago horren atzean negoziaziorik ez badago, helburu argirik ez badauka, Euskal Herri osoa kontuan hartzen ez badu eta, debekuen aurrean, aurrera egiteko benetako borondaterik ez badago. Amarru, koiuntura eta hauteskunde interesak alboratu eta gatazka politikoari behingoz ekingo dion konponbidea behar dugu. Arduraz jokatzeko sasoia da.
Abenturari beldur? (Elixabete Garmendia)
Badira aste batzuk gure lantokiko jangelan, bazkal garaian, kontsultaren gaiarekin trabatzen garela. Eta gure sesio horietan –sesio, euskarazko adieran– hedabide handienek aireratzen dituzten argudio guztiak entzuten dira, nork bere eginda: kontsultaren ilegaltasuna, momentu desegokia, elektoralismo hutsa, zehaztasun falta, gizartea zatitu besterik ez duela egiten halako kinkan jartzeak...

Xehetasun ideologikoetan sartu gabe, ezaugarri batek berdintzen ditu jarrera horiek denak: bertan-goxokeria, inmobilismoa.

Zapaterok mespretxuz erabili zuen “abentura” hitza Ibarretxeren proposamena izendatzeko. Ez dakit ez ote dugun aldarrikatu behar, ze badirudi, askorentzat, paint-ballera mugatzen dela abenturarako aukera bakarra.
Demokrazian herriak erabakitzen du (Filgi Claverie Michelena)
Kulturaren sektorean historikoki erne gara politiko edo gizarte gaiekin: gizartearen mirailaren ofizioa usu izaten ahal dira sortzaileen obrak. Beraz nahiz eta maiz beste lur batean izatea diruditen, kultur eragileek Euskal Herriko gorabeherak beren auzokoak bezala bizitzen dituzte.

Orduan, Eusko Jaurlaritzaren ekimena gure solasaldietako gai bat izan da ere, eta pentsatzen ahal den bezala, iritzi desberdinak sortu dira. Baina nire ingurukoekin bat egon gara funtsezko argudio batekin: demokrazian herriak erabakitzen du. Demokrazia modernoaren oinarria herriari bere iritzia eskatzea da. Hastapen hori ez errespetatzea, demokraziaren lehen printzipioa istikatzea da.
Bi trenen arteko talka dator (Mikel Iturria)
Inoiz baino urrunago sentitu dut Ibarretxek proposaturiko bi galderak direla-eta sortu den burrunba, gero eta gehiago baitut gustuko offean egotea.

1998ko urrian eginiko hauteskundeen ondoren lortu zuen Ibarretxek lehendakari izatea eta urte bereko irailean hildako Poch musikari donostiarrak egin zuen Dios salve al lendakari kantua, Negu Gorriak-ek euskaratu zuena gero, Jainkoak gorde beza lehendakaria.
Abesti hori jarri zuen blogean Eduardo Madina diputatu sozialistak bi galderak ezagutzera eman zirenean. Patxi Lópezek, berriz, hautagaiaren rolean, balorazioa ipini zuen eta berau ez irakurtzea deliberatu nuen.

Azken finean, Alberto Moyano komentarista (batzuetan) politikoarekin nago ados. Hau da, bi trenen arteko talka datorrela, baina sorginarena dela bata, txu-txu trena dela bestea.

Azkenak
Jokin Bildarratz
"Haurrak ez dira dianan jarri, bilatu da defentsa gutxiago zituztenak babestea"

Pandemia garaiko hezkuntza protokoloen eraginkortasunaz, umeei ezarritako neurriez eta ikastetxeetako lan kargaz galdetu diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. Curriculuma, Euneiz eta konpetentziak ere izan ditugu hizpide, baita Legebiltzarrean egosten ari den... [+]


Nazionalismo espainiarraren armak gerra kulturala irabazteko

Hamarkada hau arma sinboliko berriak karga-karga eginda abiatu du nazionalismo espainiarrak. Sumatzen da. Sentitzen da. Zenbatu daiteke. Baina nola lortu dute eztabaida publikoan horrela eragitea? Pablo Batalla Cueto historialari eta idazle asturiarrak iaz argitaratu zuen Los... [+]


2022-01-30 | Julen Azpitarte
David Wojnarowicz
Rimbaud-en mozorropean hazitako artista disidentea

David Wojnarowicz (New Jersey, 1954 - New York, 1992) artista estatubatuarrak  hizkuntza, baliabide eta egiteko moduen arteko mugak hautsi zituen bere obran, zeina 1980ko hamarkadan garatu zen. Diziplina anitzeko sortzaile, artista bisual, poeta, idazle, musikari,... [+]


Ezetz astea ondo bukatu
Eskandaluak eta balizko maniobrak

Goiko esferetan mugitzen diren gizaseme zoriontsu guztiak antzekoak dira, eta egin behar ez luketen zerbait egiten atzematen dituzten guztiak berriz, bakoitza bere modukoa. Boris Johnson eta Iñaki Urdangarin, BoJo eta Besoluze –horrela deitzen omen dio Juan Karlos... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2008ko ekainaren 22a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude