Body Mind & Soul

«Voodjazz-ak handi egingo gaitu»

  • Azken asteetan Euskal Herrian Body Mind & Soul talde malawiarra ibili da bere musika euskal ikusleei eskaintzen. 2007an Music Crossroads Southern Africa (MCSA) lehiaketa irabazi, eta ostera Europan barna egiten ari diren biraren baitan egin digute bisita. Zimbawe, Mozambike, Malawi, Tanzania eta Zambiako musikari gazteak bultzatzeko ekimena da MCSA, eta Afrikako gazteen kultura eta gizarte garapenerako proiektu nagusia da. HIESak kontinenteko gazteen esperantzak zapuztu ez ditzan, MCSAk tailer espezializatuak antolatzen ditu; parte hartzaileek lasai hitz egin dezakete sexualitateaz, itxaropenaz eta bizitzako gaiez.
Lander Muagorri
2008ko ekainaren 22a
Body Mind & Soul
Body Mind & Soul
Body Mind & Soul taldeko liderrarekin hitz egin dugu, Davie Luhangarekin, horren ezezagun egiten zaigun panorama musikal afrikarra geureganatzeko. Izan ere, malawiar hauek euren herrian zuzeneko ekitaldiak eskaintzeko instrumentuak eta ekipoa alokatu egin behar izaten dituzte. “Hortaz, zaila suertatzen zaigu geure herrian jotzea, oso garestia baita”.

Davie Luhanga da zeure benetako izena, baina badaukazu izengoiti bat ere, Street rat (kaleko arratoia) hain zuzen. Zer dela-eta jarri zenion zeure buruari halako izengoitia?


Izen hori aukeratzeko garaian hiru arrazoi hartu nituen kontuan; alde batetik, ez nuen pertsona ezagunek erabiltzen dituzten izen harroputz horietako bat erabili nahi, eder eta liraina izan nahi horretan. Nire burua ispiluaren aurrean ikusten dudanean ere, horixe bera ikusten dut, arratoi bat, batez ere nire hortzengatik. Eta kaletik nabilenean ere, azkar ibili ohi naiz, arratoia bezain azkar. Horregatik aukeratu nuen izengoiti hau, deigarria ere badelako.


Noiz eta nola sortu zen taldea?


2005. urtean sortu zen. Beste talde batzuetan ibilia nintzen ni, baina Malawin egiten den musikaz erabat desberdina zen zerbait egin nahi nuen. Afrikako kultura ezberdinetako elementuak bildu, eta jazz ukitua zuen zerbait egin nahi nuen; soinu konkretu bat lortu genuen horrela, voodjazz-a hain zuzen ere. Taldearen lehen urratsak, musika mota hori egiteko gogoa zuten musikarien bila hasi nintzenean eman ziren. Denak topatu nituenean, gustura nengoen, gogobetez; baina teklatua jotzen zuen norbaiten ordez, haizezko instrumentuak joko zituen norbait bilatu behar nuen, eta hori oso zaila da Malawin. Hasieran instrumentu akustikoekin hasi ginen, eta 2006an elektrikoekin.


Malawiar musika tradizionala duzue sustrai; eta afrojazza, soul-a edo reggaea tradizio horrekin fusionatu dituzue. Zer nolako harrera izan duzue zuen herrian, eta nolakoa Europan egiten ari zareten biran?


Malawin bertan, geure herrian, jendeak sekula ez du geurea bezalako musikarik entzun, baina egiten dugun lana esperimentatu eta entzun duten gutxiek geure musika gozatu eta aintzat hartu dute. Europan bestalde, entzuleen erantzuna orain arte oso ona izan da, geure lana eta esfortzua asko baloratzen dituzte.


Nolakoak dira europar ikusleak afrikarrekin alderatuz gero?


Malawin entzuleek ez dute taldearekin horrenbeste kooperatzen, hemen aldiz bai. Europan ikusleak oso animatuta egon ohi dira hasieratik, ekitaldiko parte izateak poza emango balie bezala jokatzen dute.

Zein mezu zabaltzen duzue ikusleengan zuen hitzekin?


Egunerokotasunean oinarritzen dira gure hitzak, arimak uki ditzakeen zentzu ezberdinetan. Azken finean, nire musika eskarmentuaren ondorioz sortu da, bidean aurkitutako zailtasun guztien fruitua da. Mezu ugari zabaltzen dituzte gure hitzek: batez ere Afrikan eta geure herrian ikusten dugunaz hitz egiten dugu. Hala nola, gaixotasunetatik nola babestu, batez ere HIESetik; familia nola babestu eta zaindu; euren etorkizunerako, haurrentzat eskolara joateak daukan garrantziaz; guraso zein edadeko pertsonenganako errespetuaz eta obedientziaz; gainontzekoak errespetatzeaz, era honetan erlazio pertsonal hobeak lortzeko.


Nolakoak dira zuen zuzenekoak? Zein eratako kontzertua espero dezake ezagutzen ez zaituzten pertsona batek?


Ikuslea dantzatzeko prestatu behar da, ahalik eta gehien gozatzeko; baita mezua ulertzen saiatzeko ere.

Music Crossroads Southern Africa (MCSA) jaialdian parte hartu eta irabazle suertatu zarete. Nola jaso zenuten berria?


Ez zen gauza erraza izan, lehiaketan oso onak ziren beste hainbat talde baitzeuden; azkenean saria egokitu zitzaigula jakin genuenean, sekulako poza hartu genuen. Txapelketa hori irabazteak atzetik igarotako nekeak xamurrago bilakatzen ditu. Nik, taldeko lider naizen heinean, argi ikusi nuen proiektu honek etorkizuna izan zezakeela halako sari garrantzitsua irabazi ostean.

MCSA jaialdiak zertan lagundu dizue Afrika Hegoaldeko gazte musikariei? Eta gizarteari orokorrean?


Jaialdi honek gazteoi musikari hobeak izaten laguntzen digu, ikuspegia zabaltzeko aukera eskaintzen du, musika hobeto ulertzen, hobe esanda. Adibidez, talde garaileek coaching berezia daukagu, eta promozio kanpainako materialen produkzioan asko laguntzen digute. Gizarteari orokorrean, asko eskaintzen dio jaialdiak, azken finean musika ona helarazten zaiolako herriari, eta mezu garrantzitsuak iristen zaizkiolako.


Zer nolako maila dago aurkezten diren taldeen artean?


Oso altua, baina denok gara landu gabeko harribitxiak bezalakoak; musika daramagu zainetan, baina ez dugu behar den gisan azaleratzen. Coaching-ak horretan laguntzen digu, geure lana behar bezala lantzen, eta eman dezakegun onena ematen.


Zein egoeratan dago Afrika Hegoaldeko herrialdeetako panorama musikala?


Oso egoera positiboa da, MCSAren laguntzarekin proiektu musikal asko hazten ari da.


Zer etorkizun dauka taldeak? Zein proposamen duzue bira hau amaitzen duzuenerako?


Asmo asko dauzkagu, proiektuak baditugu buruan. Urte batean edo bitan, voodjazz-ak handi egingo gaitu, eta horrela geure bizitzak ez dira horren gogorrak izango. Bira hau amaitzen dugunean, geure instrumentu, ekipo eta furgoneta erosi nahi dugu kontu korronte bat irekitzeaz gain. Grabazio estudio batean sartzea ere helburuen artean dago.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-18 | Iigo Igartua
Garai-Etxaniz eta Etxegarai-Oses bikoteak Emakume Master Cupeko txapeldun

Leire Garai eta Leire Etxanizek nagusitasun osoz irabazi dute lehen mailako txapela (22-5). Promozio mailakoa, Uxue Oses eta Madalen Etxegaraik osaturiko bikoteak eraman du (18-15), partidaren bigarren zatian markagailua irauli eta gero.


Bideobigilantzia ala askatasun politikoen defentsa Eunaten

Datorren martxoaren 21erako baterajotze nazionala deitu du Iruñerriko Autodefentsa Sareak. Euskal Herrian zabaltzen hasia da manifestaziora bertaratzeko deia, eta horrekin batera, Eunate ikastetxetik zein hezigune guztietatik bideobigilantzia kamerak kentzeko beharra. Ikasturte hasieran jarri zituzten kamerak Eunaten, bertako ikasleen, gurasoen eta langileen oniritzi gabe. Gainera, Ikasle Mugimenduak salatu duenez, ikasleen askatasun politikoen –jardun politikoa normaltasunez... [+]


2019-03-17 | ARGIA
Bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak Zarautzen, etxegabeen neguetxea irekitzearen aldeko kontzentrazioan

Manifestari bat eta kazetari bat identifikatu dituzte larunbatean, etxegabeen aterpea ireki ez izana salatzeko udaletxearen aurrean eginiko kontzentrazioan. Udalaren "utzikeria" salatu eta honela adierazi dute igandeko prentsaurrekoan: “Geratzen zaigun aukera bakarra arazoari geuk heltzea eta kolektiboki erantzutea da”.


2019-03-17 | Mikel Asurmendi
Pierre Prouvze
"Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko"

Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.


2019-03-17
Pierre Prouvze (Lyon, 1948)

Marseillarra da. Irakasle aritu da 37 urtez. Irakastea izan da bere leitmotiva. Musikak eman dizkio irakaskuntzaren zentzua eta bizitasuna. Ez du bizitza ulertzen musikarik gabe. Kantuak berriz, Camarade Curé dokumentalaren egilea izatera ekarri du.


2019-03-17
Gazte ikaragarriak

Bertsolarri lelopean, izuaren gaua antolatu zuten 7Katu gaztetxekoek Bertso Erronda txapelketako finalari ongietorri beldurgarria egiteko. Heriotzarekin lotutako mozorroak, armiarma-sareak hormetan behera, soinu misteriotsuak... bederatzi finalista gazteek panorama hori aurkitu zuten agertokira igo eta berehala. Gaitzerdi, beraiek ere mozorrotuta etorri ziren.


Lute como Marielle

Martxoaren 14an urtea bete da Marielle Franco Rio de Janeiron tiroz hil zutela.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude