ARGIA.eus

2022ko ekainaren 28a
Jorge Zabalza

Tupamaroen betaurreko gorri-beltz iraultzaileetatik

  • “Uruguaiko ezkerrak, tupamarook bereziki, euskaldunen borroka bidezkotzat jo izan dugu betidanik, nazio askapenerako borroka delako; azken batean, euskal herritarrek aurre egiten diote XIX. mendean Artigas jeneralak hemen izan zuen etsai berari, inperio espainiarrari”, diosku Jorge Zabalza tupamaroak. Hain zuzen, era horretako pasarteak izateagatik polemika handia piztu du Uruguain Zabalzaren biografiak.
Jorge Zabalza
Jorge ZabalzaAlvaro Hilario Perez de San Roman
2008ko ekainaren 15a
“Kezkatuta nago, eskumak eta Frente Amplioko –Gobernuan dagoen koalizio aurrerakoia– hainbatek ukatu egiten dituztelako ETArekin izan genituen harremanak, liburuan azaltzen ditudanak. Lehenengoek terroristatzat jotzen dituzte bai gu eta bai ETA; besteek diote gauza horiek ez nituela kontatu behar”, adierazi du Jorge Zabalzak, bere biografiaren harira. Nazio Askapen Mugimendu-Tupamaroek (MLN-T) Euskal Herriarekin zuen lotura liburuaren lehenengo atalean ageri da: 1985ean, Uruguaik jasandako 13 urteko diktadura latza amaitu zen eta matxinadaren helburuari eutsiz, kalera bueltatu ziren tupamaroak. “ETAk egindakoak behin baino gehiagotan ez genituela ulertzen esan arren eta haiekin bat ez gentozela egia bada ere, talde iraultzaileen arteko elkartasuna ezinbestekoa genuen; Peruko Tupac Amaru Mugimendu Iraultzailearekin (MRTA) edota sandinistekin, esaterako, solidario izan behar genuen, nahiz eta guztian bat ez etorri. Espetxetik irten berriak ginen arren, burges demokraziaren mugetan murgiltzen ginen arren, elkartasunaren oinarrizko printzipioa ezin genuela galdu argi eta garbi genuen. ETAk berdin egin zuen, urte batzuk lehenago, CX 44 Panamericana gure irratiaren zorrak kitatzeko 50.000 dolar eman zizkigunean”. Bere esanetan, eskuindarrentzat ulertezina da hau: “Elkartasuna erosi zigutela esaten dute; hori, beraiek inperioarekin duten tratu mota izan liteke; ez gurea, ez iraultzaileon artean egon ohi dena”.

Hala, 1994ko abuztuaren 24an, MLN-T mugimenduak deituta, jende andana bildu zen Montevideoko Filtro ospitaleko kanpoaldean, gose greban zeuden hiru euskaldunei elkartasuna adierazteko eta Espainiara ez zitzatela eraman eskatzeko. Polizia uruguaiarrak erruki gabe erreprimitu zituen manifestariak: Roberto Facal eta Fernando Morroni gazteek hilda bukatu zuten. Gobernuak gertatutakoa tupamaroei leporatu zien, errepresioa 11 egun lehenago izandako bileran erabakita bazegoen ere. Rafael Vera Espainiako Estatu idazkariak ere parte hartu zuen bilera hartan.

“Presondegitik irtendakoan, matxinada defendatzen segitu genuen; ideiak lantzeari eman genion, gizarte borrokara lotuta, auzoetan lan eginez, lurraldetasunari eutsiz, beste diktadura bat etorriko balitz prest egoteko. Horretan geundela, 1994ko manifestaldia gertatu zen, Uruguain ohikoa ez zena. Harrezkero, indarkeriaren inguruko eztabaidak izan genituen, eta urte hartako hauteskundeetan eskuina garaile atera zenean, Frente Amplioren porrota guregatik, tupamaroengatik, zela esan zuten askok”, dio Zabalzak. Baina bere hitzetan, “gurea ez zen politika, gureak ez ziren erabakiak, gure printzipioen kontra ziren erabakiak hartzera behartu gintuzten Frente Amplioko agintariek. Une haietan, gutariko batzuek bakardadea zer den jakin genuen. Kaleak eta fabrikak ez ziren gehiago politika egiteko gune aproposa, parlamentua baizik; amaieraren hasiera izan zen hura. Botoak lortzen ahalegindu ahala, Frentekoek uko egin zieten tupamaro historikoen printzipioei, orain MLN eta MPP dauden lekura, gobernu eskuindar batera heltzeko”.

Gaur egungo Uruguain, biztanleriaren %43 pobrezian bizi da. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza Ministerioak 2005. urtean emandako datuen arabera, 2.176 enpresa dira lurraren %55aren, aziendaren %40aren eta ardi-aziendaren %37aren jabe. Haur heriotza-tasak beherantz egin duen arren, jaiotzen diren erdia pobrezian jaiotzen dira; horietatik %25 errakitiko eta elikatu gabe. Zabalza kexu mintzo zaigu: “Egun, indarkeriarik gabe eta gobernu aurrerakoiarekin, soldatak 1970ekoak baino txikiagoak dira. Frente Amplioko politikak haustura soziala areagotzen duela onartu berri du Garganok –Gobernuko Atzerri Aferetako lehenengo ministroak–. Gobernutik esaten dute sozialismoa erdiesteko kapitalismoa garatu behar dela; Pepe Mujica senatariak [hau ere, Zabalza eta beste agintari tupamaro guztiak bezala, militarren gerra-bahitua] esaten duenez, kapitalismo serio bat, bihozbera eta eskuzabala, Suedia bailitzan”.

Federico Leichtek Zabalzari buruz idatzitako biografiako epilogoan ditugu tupamaroaren honako lerro hauek: “Epopeiako garaiekin alderatuz, errealitatea erabat aldatu da. Horrek ez du esan nahi munduari eta bizitzari begiratzeko betaurrekoak aldatu behar ditugunik. Ez da zertan kapitalismoa zein burges demokrazia arrosaz ikusi. Tupamaroen betiko betaurreko gorri-beltzek balio dute”. Etorkizun hurbilera begiratuz, baina, aldaketarik ez du ikusten: “Jendeak aldaketa Gobernuak ekartzea espero du; datorren urteko hauteskundeetan Frente Amplio garaile aterako da, ziur asko. Egoera larria izan arren, ilusioa du jendeak. Zaila da, oraindik ere, ibiliak ez diren bideak ibiltzea. Hauteskundeak alboratu ditugu eta ezin dugu erabili jendeak ulertzen ez duen ekintza zuzena. Dena dela, gertatzen ari dena ezbaian jarri dezakegu: kapitalismoa, demokrazia… Nahiz eta bidea argi ez egon, herri boterea, okupazioak, herri irratiak, botere gune txikiak planteatu ditzakegu”.
Gizon 'tamberoa'
Esnegintza izan zen XIX. mendearen amaieran Ameriketara joandako euskaldun askoren ogibidea. Esnetako abeletxeek tambo izena dute. Handik Jorge Zabalza (Minas, 1943) tupamaro historikoaren ezizena: Tambero. Aita, Pedro Zabalza, senatari kontserbadorea zen arren, Jorge eta bere anaia Ricardo goiz sartu ziren Raúl Sendic-ek sortutako Uruguaiko Nazio Askapen Mugimendu-Tupamaroetan. 1969an –Jorge Montevideoko Punta Carretas presondegian zela–, tupamaroek Pando hiria hartu zutenean, ihesean zebilen Ricardo atzeman eta bertan hil zuen poliziak. Urtebete beranduago, 111 tupamarok sekula izan den ihesaldirik arrakastatsuena burutu zuten, Zabalza eta Sendic tartean zirela. Ez zen baina handik alde egingo zuen azken aldia: 1972an, Jorgek zuzendutako planari jarraiki, 15 izan ziren espetxe beretik alde egin zuten tupamaroak. Halere, errepresio gordina zela medio, hurrengo hilabeteetan 2.800 tupamaro atxilotu zituzten.

Jorge Zabalza 1972ko ekainean harrapatu zuten; 11 urte emango zituen kuartelez kuartel, bi metro koadroko kaioletan. 1985ean, diktadura amaituta, tupamaroak zeregin politikoetara bueltatu ziren, matxinada helburuak ahaztu gabe. Zabalza tupamaroen Mate Amargo aldizkariaren zuzendaria izan zen. 1994ko hauteskundeetan, Montevideo Barrutiko Batzorderako zinegotzi hautatu zuten. Ezaguna da Frente Amplio (FA) koalizioak bultzatu zituen pribatizazioen kontrako bere jarrera. Beste agintari tupamaroekin bat ez zetorrelako laga zuen Mugimendua. 2007ko urrian, Federico Leicht kazetariak kaleratu zuen Zabalzaren biografia, Cero a la izquierda, eta ez da Frente Amplioko tupamaroen gogoko izan.
Kanal honetan artxibatua: Uruguai

Uruguai kanaletik interesatuko zaizu...
2022-05-23 | Axier Lopez
Non dira?

Uruguaiko diktadura zibiko-militarrean (1973-1985) desagertutako 197 lagunak kalera atera zituzten milaka lagunek beste hainbeste argazkitan, 27. Isiltasunaren Martxan. Manifestazioa bereziki jendetsua izan da aurten, pandemiagatik bi urtez egin gabe egon ondoren.


2021-12-15 | Ahotsa.info
"Non dago Mikel?" filmak AtlantiDoc Saria irabazi du Uruguaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren jaialdian

Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? filmak Urugaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren festibalaren sari nagusia irabazi du, AtlantiDoc Saria hain zuzen ere, dokumentu-film luzerik onenarentzat.


Kaxa Hutsak proiektuak 'Oroimina loretan' Josu Lariz iheslariaren dokumentala aurkeztu du

Kaxa hutsak proiektuaren baitan, azken hamarkadetan Uruguain bizi den Josu Lariz euskal iheslariaren esperientzia biltzen duen dokumentala estreinatu zen ostegun honetan Iruñeko Katakrak liburudendan: Oroimina loretan


Irakurrienak
ASTEKARIA
2008ko ekainaren 15a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude