Larrea divaricata
Larrea ez da bazka. Larrea tridentata ez behintzat. Jariatzen dituen gai kimikoak medio ez du auzokorik ametitzen, eta inork jateko modukoak ez diren hostoak ditu. Mexikon “gobernadora” deitzen diote, basamortuko nagusia. Bere burua babesteko sortzen dituen gai kimiko pozoitsuak aski ikertuak dira; agi denean, gustura zirri egingo lioketen animalia eta landareak uxatzeko beste, gaitzak eta izurriteak dakarzkien intsektu, onddo eta enparatuak arrastoan sartuta edukitzeko balio omen diote. Gaitasun hori ez da makala, eta lantzen diren bestelako uztak babesteko nola erabili aztertzen ari dira. Dirudienez, lore-pipittetan ez du horrelakorik, Capparis spinosa kaparraren ordezko, lasai asko jaten baitituzte.
Badu, jakina, arerio azkarretik... Basamortuko untxia, bat. Hostoak hozkitu egiten dute, baina ez adarrek. Zarba lehor zakarrak inoren gustuko bazka ezin izan daitekeelakoan, nonbait, adarjean ez du pozoirik, eta untxiak, besterik ezean haiei kosk.
Landare hau ez da, ez, kazetariaren parteko doministikua! Bere basamortuan egin izan diren proba militarretako erreakzio termonuklearren ondoren, lur gaineko landarea guztiz erre eta ipurditik osorik berritzeko gaitasuna izan du. Txundigarria eta ondo zaildua, demontrea!
Ameriketan iparreko basamortutik hego aldekora joanez gero gobernadoraren lehengusinak topatuko ditugu. Larrea divaricata eta Larrea cuneifolia, tartean. Lehenaren loreak ere jaten omen dituzte eta bere zuretik larruak ontzeko gaiak sortzen dituzte. Bigarrena, bitxia, ertza iparra-hegoa lerroaren zentzuan dutela ipintzen ditu hostoak, honela, erreko luketen eguerdi aldeko eguzki izpi zakarrenak saihesten ditu. Noraezeanekoentzat iparrorratz ederra. Iparra galduta dabilenarentzako ederki erakusten dio landare honek. Landarearen beraren iparra, noski...