Nolakoa da zure poesia?
Autentizitatea gogoko dut, idatzitakoak bizi eta sentitu izandakoa behar du-eta. Bakarrik literarioki perfektuak diren poema liburuak ez zaizkit interesatzen, ezta jolas hutsarekin loturiko poesia ere. Honetaz gain, poesia gauean sartzea dela eta ez dela komunikazioa, komunikatu nahia baino, erantsiko nuke, eta esperientziarik gabe ez dagoela poesiarik, esperientzia dela poesiaren giltzarria eta hori norberarena dela, poesia bakardadea dela. Nire poesia barne tentsioz beterik dago eta ikuspegi desberdinez. Ametsa, mina eta oroimena dira nire poesiaren gai nagusiak.
Zeren bila zabiltza idazterakoan?
Poesian humanismoa bilatzen dut, tradizioa eta abangoardia uztartuz. Horrez gain, poema liburu bat hasi aurretik, beti dago azpian pintura niregan.
Labirintoaren orduak-en esplizituki Menchu Gal agertzen da, baina inplizituki ere badaude beste pintura zantzu batzuk.
Eta zer gehiago aurkituko du irakurleak bertan?
Nire poesia bide bakar batekoa ez denez, joera askotariko topagunea da
Labirintoaren orduak. Ironia dago, poema narratiboak daude, eta soilak ere bai. Era berean, eremu bisuala dago, baina horrekin batera eza, ikusten ez dena. Gaiei dagokienez, denbora igarotzearekin batera, krudeltasuna, halabeharra eta heriotza ere badaude. Paisaiaz, bideez eta izadiaz gogoratu naiz; gauaz eta tristuraz ere jardun dut. Gauari atal oso bat eskaini diot. Gau desberdinak agertzen dira edota, nahi baldin bada, gauari buruzko ikuspegi anitzak.